Komikia leku bila, hitza nagusi den kulturan

  • Durangoko Azokak euskal kulturaren mundutxoa elkartzen duen egunotan, liburuak, liburuak eta liburuak izango ditugu hizketarako gai, letrak, letrak eta letrak. Eta irudiak zer? Loraldi txiki bat gertatzen ari da euskarazko komikigintzan edo, zabalago esateko, literatura grafikoaren alorrean. Aurtengo zenbait nobedade interesgarri aipatu nahi ditugu ondorengo lerroetan, hizkiak bakarrik erabiliz, hori bai.

Dani Fanoren 'Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak' da aurtengo komiki-uztak utzi duen ale esanguratsuenetako bat.
Dani Fanoren 'Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak' da aurtengo komiki-uztak utzi duen ale esanguratsuenetako bat.

“Komikizaleoi oso gutxitan gertatzen zaigu gustuko ditugun autoreak gure hizkuntzan irakurtzeko aukera izatea eta horregatik, autore interesgarri bat plazaratzen den bakoitzean, eta hura, beste behin ere, frantsesez, edo gaztelaniaz, edo ingelesez, edo beste edozein erdaratan irakurri behar izaten dugun bakoitzean, beti galdera bat eta berbera etortzen zaigu burura: ze astro-gurutzaketa gertatu behar da hemen gu besteen pare jarri ahal izateko eta gure hizkuntzan halako deskubrimenduak egin ahal izateko?”, galdetu zuen Garbiñe Ubeda idazle, kazetari eta Euskal Idazleen Elkarteko presidenteak Zerocalcare komikigile italiarraren Hondamuinean liburuaren aurkezpenean. Kuestioak bi erantzun posible dauzka: bat Ubedak berak eman zion prentsari Donostiako Komikigunean, mahaiaren albo banatan zeuzkalako gurutzatu diren bi astro, David Zapirain eta Koldo Izagirre, zeintzuei esker izan den posible komiki hau italieratik euskarara ekartzea eta publikatzea Farmazia Beltza argitaletxean, gaztelaniazko itzulpenari aurrea hartuz eta ia-ia frantsesezkoaren une berean jarriz euskal irakurlearen eskuetan.

Baina galderak –gogoratu: ze astro-gurutzaketa gertatu behar den komikiak gure hizkuntzan irakurtzeko– eduki zezakeen beste erantzun posible bat gutxienez, kazetariari eskatzen ziona euskal komikigintzaren une honetako argazki bat egiteko; hori bururatu zitzaion prentsaurreko hartan esaten ari zirenak koaderno txikian zirriborratzen ari zen bitartean. Burua altxa zuen, horrek pentsatzen lagunduko balio bezala, eta hara non ikusi zuen Dani Fano ondoko aulkian. Irakurriak zizkion Teleatoi eta Anubis 3.0 eta bazekien argitaratu berria zuela Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak Astiberri argitaletxearen eskutik.

Amua bota zion: “Aizu Dani, zer iruditzen Durangoko Azokaren bueltan publikatuko dugun aldizkarirako galdera batzuk egingo banizkizu?”. Eta hemen gaude, aste pare bat geroago, eguneroko martxa itoari ordu laurden lapurtuta telefonoz hizketan, publikatu berri duen El Salvadorreko iraultzaileari buruzko liburuaz.

Dani Fano:
“Duela gutxi entzun nion Iratxe Retolazari euskal kultura hitzari eta hizkuntzari oso lotuta egon dela, bai ahozkoari eta bai idatziari;
ez horrenbeste irudiari”

Euskaraz eta erdaraz batera

Esplikatu digunez, ozeanoaren bestaldean ere argitaratu da, Hitzaren eta Irudiaren Museo salvadortarrari esker. Esperientzia berria da Fanorentzat, orain arte ia dena euskaraz argitaratu izan baitu. “Oso mundu ezberdina aurkitzen ari naiz”. Adibide bat: liburuaren aurkezpenera Euskal Herrian bizi diren salvadortarrak etortzea, hango pertsonaia historikoa hemendik nola kontatzen dugun jakin nahian edo. “Gainera, Astibe rrik sekulako ahalegina egiten du euren produktuak beste hainbat hizkuntzetan ere saltzeko. Frantsesez, italieraz edo ingelesez mugitzeko aukera handia daukazu, horretan oso trebeak direlako”.

Bi hizkuntzatan argitaratzea eta normalean euskaraz funtzionatzen ez duen argitaletxe baten eskutik: esperientzia horrek badu antzekotasunik Maite Mutuberriak aurten bizi izan duenarekin. Lohia argitaratu zuen udaberrian Errioxako Pepitas de Calabaza editorialarekin, nobela grafiko bat edo, tira, nobela ilustratu bat; baina ez, ez da hori ere, ea, mezu bat bidaliko diogu galdezka, gure azalpena trakets samarra izango da-eta: “Gustatzen zait sailkatzen erraza ez izatea, ez dut uste irakurleek sailkapenik behar dutenik. Agian sailkatzea egileon, liburu-denden eta kazetarien kontua da bakarrik. Krisialdi baten koadernoa da Lohia, koaderno intimoetan jaio zen eta forma hori mantendu du: marrazkiak, zirriborroak, aipuak, ohar txikiak, argi-ilunak…”. Aurtengo nobedadeen artean sorpresetako bat izan da krisi pertsonal baten berri ematen duen lana, rara avis bat euskarazko argitalpenen artean. Eta gaztelaniaz ere plazaratu denez, bakoitzaren harrera nolakoa izan den jakin nahi izan dugu: “Sumatu dut hemen harridura handiagoarekin jaso dela, ziurrenik nire aurreko lana gehiago ezagutzen delako. Hainbatek esan dit ez zutela nigandik horrelako marrazkirik espero, nik ordea, oso nire sentitzen dut liburu hau”.

Bi esperientzia positibo beraz, euskal zirkuitutik kanpoko editorialetan: hori izan daiteke bideetako bat hemengo irudigileek gehiago publikatzeko? Ez dago hain konbentzituta Mikel Begoña: ibilbide luzeko komikigilea da, iaz Bertsolari aldizkariaren eskutik argitaratu zuen Arditutakoak du azken erreferentzia oraingoz, eta azken sei urteetan Komikeri blogean euskarazko ekoizpena gertutik jarraitzen ari da. Paco Rocaren Zimurrak edo Peetersen Pilula urdinak aipatu ditu, Astiberrik argitaratuak biak, baina gaztelaniazko edizioak baino beranduago. “Interesaren parte handi bat galdu egin dute. Lanak ezagunak dira gehienetan”, esplikatu du e-postaz bidali diogun interrogatorioari erantzunez. “Aldi berean kaleratzen direnean ere, uste dut euskarak galdu egiten duela, askoz gehiago promozionatzen direlako gaztelaniazko produktuak. Euskarazko edizioak gaztelaniazkoen suzedaneoak baino ez direla ematen du askotan”.

Apustuak onartzen dira

Maite Mutuberria:
“Marrazkiek aukera eman didate hitzen bidez atera ezin nituenak adierazteko, modu zintzoagoan gainera. Askotan hitz egitean edo idaztean gehiegi pentsatzen dugu; marraztean aldiz, intuitiboagoak gara”

Ikuspegiak ikuspegi, gauza bat dago argi: literatura grafikoan euskal argitaletxe gehienen eskaintza ez da oso zabala, saiakerak egin diren arren. Alberdaniak duela ia hamar urte Ihes ederra (Hedoi Etxarte, Alain Urrutia, 2009) argitaratu zuenean bazirudien ildo baten hasiera izan zitekeela, baina gerora ez zuen jarraipenik izan, argitaletxeak izan zituen gorabeherak tarteko.

Fanoren ustez, Txalaparta argitaletxea izan daiteke salbuespena orokorrean komikiaren alde fitxa askorik jokatzen ez duen erruleta editorialean. “Duela gutxi entzun nion Iratxe Retolazari euskal kultura hitzari eta hizkuntzari oso lotuta egon dela, bai ahozkoari eta bai idatziari; ez horrenbeste irudiari. Ez dakit hori izango den esplikazioa”. Arrazoi ekonomikoak ere ez dira baztertzekoak, Begoñaren arabera: “Komikiak kaleratzeak kostu handiagoa dauka liburu arruntak kaleratzeak baino, eta salmenta baten porrota diru galera handia da argitaletxeentzat”. Hortaz, erronka irakurle-kopurua handitzea da haren ustez.

Eppur si muove

Ei, baina zertan ari gara? Azken urteetan zerbait berria sumatzen hasi garela esan nahi genuen erreportaje honen bidez, lehen ez bezalako dinamismo bat dagoela alor honetan azkenik, eta gure gabeziekin bueltaka hasi gara batere konturatu gabe. Ea, zenbaki batzuk: 2012tik gaur arte komikien ekoizpenak gora egin du, 2017an argitaratutako titulu-kopurua hirukoitza izateraino, Begoñak egindako jarraipenaren arabera. “Aurtengo uzta ere oso ona dator, bai kopuruaren aldetik, baita kalitatearen aldetik ere”. Pozteko moduko kontuak dira, “baina” batzuekin bada ere –beti daukagu halakoren bat, ai–: produkzio horren parte esanguratsu bat Gregorio Muroren Harriet argitaletxeak bultzatu du, aurten bederatzi album publikatuko baititu eta iazko 30 liburuetatik ere zortzi editorial horren lanari zor zaizkio. “Orain arte oztopo guztien gainetik ibili da –eta komikiak merkaturatzeko bidea oztopoz gainezka dago–, baina Harriet Ediciones-ek bere martxa noiz arte mantenduko duen ez dakigu”.

Badaude beste ezaugarri batzuk ordea, pentsatzeko literatura grafikoa azkenaldian indar pixka bat hartuta ibiltzeak badituela oinarri sendo samar batzuk, ez dela kasualitatearen emaitza. Ikastolen Elkartearen ekimenez argitaratzen den Xabiroi aldizkariak irakurle berriak ekarri dizkio euskal komikiari; horiek zenbat diren neurtzen zaila da, baina hori bezain argi dago beste albo-efektu bat ere eragin duela: egileen sare bat antolatu da aldizkariaren inguruan, erregularki elkarren berri dutenak; eta gainera, komikiekin harremanik ez zuten egileak ere ekarri ditu generora. “Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Arantxa Iturbe, Pako Aristi, Iban Zaldua… komikira erakartzeak beste foku bat jarri digu”, Fanoren ustez.

Mikel Begoña:
“Aurreko urteetako tendentziari eutsiz, aurtengo uzta ere oso ona dator, bai kopuruaren aldetik, baita kalitatearen aldetik ere”

Irudiek errealitateaz esan dezaketena

Asmo eta joera desberdinekoak izanik, azkenaldiko zenbait publikazio batzen dituen ezaugarria da errealitateak elikatzen dituela marrazkien bidez kontatzen diren istorioak. Begoñak dio nobela “BIOgrafikoa”-ren alorrean –Adur Larreari zor diogu espresioa– aurten aparteko lanak argitaratu direla, Asisko Urmenetak Agosti Xahoren bizitza kontatuz osatu duen AztiHitza (Erroa) eta Mikel Santos “Belatz”-ek Lucio Urtubia ekintzaile anarkistaren ibileren inguruan osatu duen Gerezi garaia (Txalaparta), adibidez, Fanoren azken lanaz gain.

Autobiografikoa da Mutuberriaren Lohia ere. Zergatik? “Marrazkiek aukera eman didate hitzen bidez atera ezin nituenak adierazteko, modu zintzoagoan gainera. Izan ere, askotan hitz egitean edo idaztean gehiegi pentsatzen dugu; marraztean aldiz, intuitiboagoak gara”, erantzun digu. Badirudi egile askok bat egiten dutela iritzi horrekin, geroz eta gehiagotan ikusten baititugu liburu-dendetan komiki autofikzionatuak, baita bineten bidez kontatutako kronika periodistikoak ere: bizipen pertsonalak, kazetaritza edo historia; fikzio hutsa baino, egilea edo haren inguruko komunitatea lehengai gisa duten narratibak.

Lohia-ren kasuan proiektuaren abiapuntuan zegoen benetako zerbait kontatzeko asmoa, “nire egunerokotasunetik jaio eta aldi berean edonork ulertu eta sentitu zezakeen istorio bat” osatzea zen abiapuntua. Filosofia horren aldekoa da Fano ere: “Oso naturala da zerbait kontatzerako orduan inguratzen zaituzten historiak kontatzea”. Komikigile donostiarraren ustez, denetarik egiten ari da orain komikiaren alorrean eta literatura grafikoa izan daiteke modu bat “eredugarriak edo nobeleskoak iruditzen zaizkigun bizitzak kontatzeko”.

Kazetaria behintzat konbentzitu dute: denbora pixka bat gehixeagorekin ibiliko balitz, erreportaje hau bera ere komiki formatuan publikatuko zuen. Astro batzuk gurutzatu beharko dira oraindik hori gertatu ahal izateko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
‘Gu’-aren inguruan marraztu du Tupust! kolektibo feministak bere hirugarren alea

Bildumako azken alea izango dela jakinarazi dute: lehenbizikoa Ni-ari buruzkoa izan zen, eta bigarrena Zu. Bigarren hura bezala, autoedizioan kaleratu du honakoa ere.


2023-12-15 | ARGIA
‘Ño’ komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


2023-09-27 | ARGIA
‘Ño!’ komikiaren erakusketa inauguratuko dute ostegunean Hernanin

Maitane Gartziandia, Eli Pagola eta Miren Artetxe egileek komikiaren lan prozesua eta mamia azalduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan irailaren 28an, komikiaren marrazki originalez lagunduta. Urriaren 5ean Iruñeko Laban aurkeztuko dute beren lana egileek.


2023-09-01 | Jon Torner Zabala
Nafarroako Komiki Azoka, hiru astez Iruñean eta Lizarran

Tiza elkarteak antolatuta, Nafarroako Komiki Azokaren XVI. edizioa egingo da gaur hasita hilaren 24ra arte, Iruñea eta Lizarrako hainbat lekutan. Mahai-inguruak, tailerrak, bisita gidatuak, erakusketak, topaketak artistekin, auto-edizio eta bigarren eskuko azoka... [+]


2023-08-30 | Jon Torner Zabala
Benetan identifikatutako egoerak

Biga (5 liburu)
Gidoia: Romain Pujol
Ilustrazioak: Vincent Caut
Astiberri

----------------------------------------------------

Hamaika ipuin irakurri dizkiegu  etxean zazpi eta bederatzi urteko seme-alabei, eta esango nuke sekula ez ditudala hain engantxaturik... [+]


Ankerra izan behar

Anker
Gidoia: Gregorio muro harriet
Ilustrazioak: Alex Macho
Kolorea: Garluk Aguirre
Harriet, 2023

 

2019ko urtarrilean dago kokatuta Anker komikia. Errusiako lurraldeetan, Txina eta Ipar Koreako mugetatik gertu. Bertan, Siberiako basoak soiltzen ari diren mafiak... [+]


2023-06-20 | Julen Azpitarte
'El Eternauta' komikia
Eternitatearen nabigatzailea

Hector German Oesterheld (1919 -1978) gidoilari eta Francisco Solano López (1928​ –2011) marrazkilari argentinarrek sortu zuten El Eternauta komiki klasikoa 1957etik 1959ra bitartean, telebistaren eragina txikia zenean, eta komikiaren ospea eta harrera, aldiz,... [+]


2023-06-01 | Jon Torner Zabala
'Ño!' komikia
"Irabazi dugu aukera espazio batzuetan gure umorea egiteko"

Emakume bertsolarien esperientziak erdigunean jarrita, bertso saio baten bueltan gerta daitezkeen hamar eszena jaso dituzte Ño! komikian (ARGIA, 2023) Maitane Gartziandia ilustratzaileak eta testuen egile Miren Artetxek eta Eli Pagolak. Mamuak, trabak, heldulekuak eta... [+]


Superheroiak ez ziren Kryptonen jaio

1929ko krakaren aurrean herritarren aldartea altxatzeko asmoz sortu ziren lehenengo komiki liburuak AEBetan. Gidoilariek eta marrazkilariek ez zeukaten beren lan eskubideak defendatuko zituen superheroirik ordea.


‘?'o!’ komiki liburua kaleratu du ARGIAk

Ziburu da Durango berria. Txikian. Baina hori da maite dugun formatua ere. Abendu hasierarako hamaika idazle eta musikari izan ohi dira lan berriak kaleratzen dituztenak, baina bada ekainaren lehen asteburua ere kontutan hartzen hasi denik. Ño! komikia aurkeztuko dute... [+]


‘Irati’ komikiaren euskarazko bertsioa argitaratu dute

Irati filma egiteko inspirazio iturri izan den izen bereko komikia aurkeztu dute gaur Koldo Mitxelena Kulturunean. Irati komikia, izatez, duela urte asko sortu zuten Juan Luis Landak eta Joxean Muñozek, gaztelaniaz. Orain, ordea, euskaraz ere irakur daiteke, Erein... [+]


Eguneraketa berriak daude