Tolesdurarik gabeko izara zuriak eta garbiak ohe gainean, usain goxoa, norbere etxean topatzea zaila den txukuntasuna. Halako ezaugarriak dituzte sarri hoteletako gelek, baina zer ezkutatzen da irudi horren atzean? Feminizazioa eta prekarietatea. Hala uste dute Mari Cruz Elkoro (Durango, 1969) ELAko zerbitzu federazioetako idazkari nagusiak eta Sonia San Vicente (Bilbo, 1968) Constant enpresarentzat hoteletako gelak garbitzen dituen langileak.
Hoteletako gelak garbitzen lan egiten duten pisuko zerbitzarien egoera gero eta okerragoa da. Azken urteetan nabarmen egin du gora azpikontratatutako langileen kopuruak. Lehen hotelak berak kontratatutako langileek azpikontratatutako enpresentzat egiten dute lan orain: lan berbera, baldintza okerragoetan. 2,5 euro kobratzen dituzte garbitzen duten logela bakoitzeko eta 800 euroko soldata jasotzen dute hilero, kasurik onenetan, aparteko ordainsariak barne. Trukean, urtean 1.800 ordu lan egiten dituzte.
“Orain dela gutxi patronalak ateratako txosten baten arabera, laster estatuko hotelen %60 azpikontratatuta egongo da”, azaldu du Mari Cruz Elkorok. Datua kezkatzekoa iruditzen zaio: “Modu horretan enpresek gastuak gutxitzea lortzen dute. Jendearen lan baldintzak ikaragarri okertu dituzte”. Garbitzaileak azpikontratatzea “oso merke” ateratzen zaiela uste du Sonia San Vicentek: “Derrigorrezko gutxieneko soldatatik oso hurbil dagoen ordainsariaren truke pertsona bakar bat jartzen dute bi edo hiru lagunen lana egiten”. Elkorok gaineratu du desegonkortasun handiko kontratuak edukitzen dituztela, “orduka eta eguneko ematen dituzte altak eta bajak eta kasu batzuetan garbitutako logelako ordaintzen dute”.
Azpikontratatutako enpresek negozio handia sortu dutela ohartarazi du ELAko ordezkariak: “Azken finean, Ostalaritzako Hitzarmena inon ez aplikatzea lortzen dute, izan ere, garbitzaileenaz gain hoteletako beste lanpostu batzuk ere azpikontratatu nahian ari dira, adibidez, jatetxean edo harreran lan egiten duten langileak”. Donostian, esaterako, badaude zerbitzu guztiak azpikontratatuta dituzten hotelak.
Sonia San Vicente, langilea:
“Langileak lekuz asko aldatzen dituzte beraien arteko sarerik ez sortzeko. Gu leku berean mantendu gintuzten, eta elkartu eta gure eskubideen alde borrokatu ginen. Orain akats horretatik ikasi dute eta ez dut uste gehiago langileen sareak osatzen utziko dutenik”
Ostalaritza Hitzarmena bermatzea ezinbestekoa dela uste du Elkorok, baina horretarako aurre egin behar zaio enpresari eta langileak egoera ahulean daudenez ez da erraza: “Familia monoparentalak, migranteak edo egoera ekonomiko larrian dagoen jendea kontratatzen dute batik bat”.
Bestalde, gaineratu du ez dela ahaztu behar sektore honetan lan egiten duen gehiengoa emakumezkoa dela: “Horrek ere zerikusi zuzena du lanbidearen baldintza txarretan”. Dena den, San Vicentek dio beraien enpresan, esaterako, geroz eta gehiago direla gizonezko migranteak: “Lehen emakumeak baino ez ginen lekuan orain gizonezko migranteak ere badaude, baina langileen ezaugarri komuna da gehienak egoera ahulean egotea”. Baldintzak txarrak izanagatik lana uzteko zailtasunak dituzte beharginek: “Nolabait harrapatu egiten dituzte”.
Egoera salatzeko asmoz, Espainiako Estatuan lan egiten duen Las Kellys elkartea sortu zuten hoteletako hainbat langilek 2014an. “Estatuko sindikatuek ez zituzten aintzat hartu hoteletako garbitzaileen eskari eta aldarriak eta horregatik sortu zen Las Kellys elkartea”, dio Elkorok. Gipuzkoan eta Bizkaian hoteletako langileen gehiengo sindikala dauka ELAk eta hemen beraiek ari dira negoziazioetan. ELAko ordezkariak nabarmendu du Las Kellys elkarteak kontzientziazioan eta ikusgarritasuna lortzen lan ikaragarria egin badu ere, zailtasun handiak dituela bere aldarrikapenak negoziazio mailara eramateko: “Ez dira sindikatu bat, elkarte bat dira eta horrek gauzak asko mugatzen ditu. Bestalde, hemen negoziazio mahaietan egunean hamalau edo hamasei gela garbitzearen inguruan eztabaidatzen ari gara, hor jarri ditugu mugak. Las Kellys elkartea, aldiz, 25 eta 30 gela inguruko ratio minimoak eztabaidatzen ari da. Egoera oso larria da”.
Langileen baldintzak hobetzeko bideetako bat azpikontratatutako enpresei Ostalaritza Hitzarmena betearaztea da: “Azpikontratatutako langileek hotelak berak kontratatutakoen moduko baldintzak edukiz gero, hotelari garestiago egingo zaio azpikontratatzea langileak berak kontratatzea baino”. Horixe da azpikontratazioaren arrazoi nagusia: gastuak gutxitzea. “Enpresa bat kontratatzen baduzu hoteletako gelak garbitzeko eta honek garbitzaileei miseria bat ordaintzen badie, eta gainera, pertsonako gela mordoa garbitzen badute, gastuak murrizten dituzu”.
Mari Cruz Elkoro, ELA:
“Azkenean Ostalaritzako Hitzarmena inon ez aplikatzea lortzen dute”
Gutxi batzuek Ostalaritza Hitzarmena aplikatzea lortu dute
Duela lau urte hasi ziren San Vicente eta bere lankideak sindikatuarekin harremanetan. Hainbat negoziazioren ondoren, aurrerapausoak lortu dituztela dio: “Ostalaritzako Hitzarmena aplikatuko digute eta noizbait enpresak hotela utziko balu, hoteleko langile zuzenak izatera igaroko gara”. Pozik dago lortutakoarekin, halako lorpen bat irudikatzea beraientzat ezinezkoa zatekeen lehen: “Duela lau urtera arte enpresak ez zigun sindikatuetan izena ematen uzten, ezta inori gure lan kontratua erakusten ere, orduan ohartu ginen gure eskubidea zela eta saretu eta sindikatuarekin harremanak egiten hasi ginen”. Hala ere, badaki egoera ez dela berbera langile guztientzat: “Langileak lekuz asko aldatzen dituzte beraien arteko sarerik ez sortzeko. Gu leku berean mantendu gintuzten, eta elkartu eta gure eskubideen alde borrokatu ginen, orain akats horretatik ikasi dute, eta ez dut uste gehiago langileen sareak osatzen utziko dutenik”. Bat dator horretan ELA sindikatua ere: “Constant enpresak langileak zentroz aldatzen ditu lan-harremana finkatu ez dadin. Adibidez, Barceló hotelak 350 gela garbitzeko lau langile zituen kontratu finkoarekin. Greba bezperan Constant enpresak aldi baterako kontratu batzuk mugagabe bihurtu zituen, baina oraindik ere egoera irregularrean daude beste asko”.
Dena den, lan baldintzak hobetzea soldata igotzea baino askoz gehiago dela dio San Vicentek: “Gure lana oso gogorra da. Egunean hemezortzi logela inguru garbitzen ditugu eta zama handia jaso behar izaten dugu. Gainera, baditut lankideak 25 edo 30 gela ere garbitzen dituztenak egunean, onartezina da”. Elkorok dio hori dela sindikatuak landu nahi duen hurrengo puntua: langileen osasuna. Mutualitatera joatea edo baja hartzea oso gaizki ikusita dago: “Gainera, lana galtzeko arriskua daukazu”. Azken hilabeteetan lortu dituzten aurrerapenekin pozik dago San Vicente, baina badaki lanean jarraitu beharko dutela: “Ostalaritzako Hitzarmena sinatzea lortu dugu, orain betearaztea falta da”.
Horren adibide izan zen azaroaren 2an Bilboko NH eta Barceló hoteletako logelak garbitzeaz arduratzen diren langileek hasi zuten greba mugagabea. Bi hoteletako zuzendaritzek beharginen grebarako eskubideari muzin eginez, kanpoko enpresa baten zerbitzua kontratatu zuten grebalariak ordezkatzeko. Onartezina, ELAren ustez: “Langileak defentsarik gabe uzten dituzte eta Lan Zuzendaritzak eta Ikuskaritzak ez dute neurririk hartzen”.
Hoteletako jabeen eta erabiltzaileen kontzientziazioa garrantzitsua dela uste dute. Elkorok dio hotelek ez dutela azpikontratatutako enpresek langileei jartzen dizkieten baldintza txarren arduradun izan nahi: “Esaten digute beraiek ez dutela horretan zerikusirik”. Erakunde publikoei dagokienez kritiko azaldu da ELA: “Eusko Jaurlaritzaren arduradun baten ustez greba kutrea da, MTV-Bilboren irudia zatartu zuelako. Agian, horregatik, Eusko Jaurlaritzak ez du azkar esku hartzen hotel horiek grebalariak ordezkatu eta greba eskubidea urratzen dutenean. Gure agintarientzat sobera dagoena ez da esplotazioa, jendea antolatzea eta protesta kalera eramatea baizik”.
Erabiltzaileei dagokienez aldiz, San Vicentek uste du denetik dagoela: “Las Kellys elkartearen borroka puri-purian egon zen garaian animo mezuak uzten zizkiguten erabiltzaile batzuek, beste batzuei, noski, ez zaie batere inporta”. Baina hotel bat aukeratzerakoan erabiltzaileek kontuan izaten al dituzte langileen baldintzak? Elkorok azaldu du Las Kellys elkarteak proiektu bat zuela esku artean: “Aplikazio bat sortu nahi zuten agerian uzteko zein hotelek betetzen zituzten gutxieneko eskubide ekonomiko, sozial eta moralak eta zeintzuk ez”. Ideia ona iruditzen zaio San Vicenteri, nahiz eta seguru dagoen ez dietela hori egiten utziko. Elkarte espainiarrak dokumental bat ere osatu du: Hotel Explotación: Las Kellys. Georgina Cisquella da egilea eta hoteletako pisuko zerbitzarien errealitatea ikusaraztea eta kontzientziatzea da helburua. Ikusteko irrikan daude Elkoro eta San Vicente. Bitartean, kalean jarraituko dute euren eskubideen alde borrokan.
Garraio sektorean aritzen diren hamabi behargin hil dira aurten. LABek azaldu du garraio sektorean gertatzen diren heriotzak “erabat saihesteko modukoak” direla, eta horretarako borondate politikoa “besterik ez” dela behar, bai erakunde publikoen eta bai... [+]
Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]
Lanbidek Diru-sarrera Bermatzeko Errentetako iruzurraren aurkako kanpaina jarri du martxan, eta salaketetarako buzoi anonimoa sortu du. Jaso dituen kritikei erantzunez, adierazi du buzoi hau salaketak eta jakinarazpenak ordenatzeko tresna huts bat dela. Ez du ez klase... [+]
Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.
Astelehen honetan zendu da langilea Muskizeko enpresan, mantentze lanak egiten zituen bitartean. Zerbitzu medikuek berehala esku hartu bazuten ere, ez zuten lortu suspertzea. UGT sindikatuak lan istripu honen arrazoiak ikertzea exijitu du.
56 urteko garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans enpresako langilea zen. Aurten 11 garraiolari hil dira lanean, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota LAB sindikatuak ohar batean jakinarazi duen bezala... [+]
Geltokiko kafetegi bateko kristalak garbitzen ari zela, hiru metroko altueratik erorita zendu da 55 urteko gizona. Aurten Euskal Herrian lan istrupuengatik hil den 54. langilea izan da.
Langilea eskualdekoa zen eta Zamalloa enpresa azpi-kontratatuarentzat egiten zuen lan.
Ezbeharretatik egun gutxitara zendu dira langile biak. LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek osatutako intersindikalak kontzentrazioa egingo du urriaren 31an Bilbon Confebask patronalaren egoitzaren aurrean heriotza biak salatzearren. Aurten 50 dira jada... [+]
56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.
LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu dituzte Nafarroan altueratik erorita hil diren hamar langileen kasuak.
Loiun (Bizkaia) eta Olletan (Nafarroa) hil dira langileak, astearte goizean, biak erorikoen ondorioz. Aurten Euskal Herrian 47 behargin hil dira laneko istripuetan. Nafarroan hamabi lan istripu izan dira aurtengo lehen seihilekoan, eta lan istripuen intzidentzia tasan datu... [+]
Lan-istripu larria izan zen igandean Funesen (Nafarroa), Elaborados Naturales de la Ribera del Ebro elikagai-enpresan. 29 urteko gizona gauean bertan erietxean hil zela jakinarazi zuen Foruzaingoak.
LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxealde eta Hiru sindikatuek Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dute Lodosan lan-istripu hilgarria izan zuen garraiolariaren heriotza salatzeko. Sektorean lan-baldintza duinak galdegin dituzte patronalak eta instituzioek gaixotu eta... [+]
Egun alokairuak hipotekak baino 60 euro garestiagoak dira, eta gazte askok euren diru sarreren %40 baino gehiago bideratzen dute errenta ordaintzeko, Jaurlaritzaren azken txostenaren arabera. Honen aurrean, etxebizitza-premia duten gazteen gehiengoek Gobernuak babesturiko... [+]