Zein hedabide gizentzen du Jaurlaritzaren publizitateak?

  • Zortzi milioi euro banatu zituen iaz Eusko Jaurlaritzak hedabideen artean publizitate instituzional eta edukien babesletza kontzeptuetan. Ondorio ugari atera daiteke. Bat: diru publikoz gehien subentzionatutako hedabideak Vocento taldekoak dira eta urtero milioika euro ematen dizkiete erakundeek. Bi: banaketa interes politikoen araberakoa dela ondoriozta daiteke, hedabideen zabalkundea irizpide gisa hartuko balitz boteretik gertu dauden zenbait hedabide-talde puztuta daudela ikus baitaiteke –eta beste batzuek gehiago merezi dutela–. Hiru: euskarazko hedabideei euskara sustatzeagatik Jaurlaritzak eman zien diru-laguntza guztia baino baino diru gehiago banatu zien nagusiki gaztelaniaz diren hedabideei publizitate bidez. Lau: ARGIA berriz ere bazterrean utzi zuten. Eta bost: eskerrak komunitateak eusten dion kazetaritza independenteari, horrelako pastelak mahai gainean jartzen jarraitzeko.

Erakunde publikoek urtero milioiak banatzen dituzte hedabideen artean. Batetik, instituzioek bere kanpainak hedabideetan iragartzeko publizitate kontratuak egiten dituzte: jo dezagun, errenta aitorpenaren, gripearen aurkako txertaketaren, turismoaren sustapenaren edo sexu erasoen aurkako kanpainak zabaltzeko. Bestetik, instituzioek egoki irizten dioten hedabideetako zenbait proiektu babesletza bidez sustatzen dute: Diario Vascoren “San Sebastian Gastronomika” kongresua kasu. Banaketa horretan, Eusko Jaurlaritzak 10.991 euro eman zizkion ARGIAri 2017an. Konparaziorako, EITB hedabide publikoaren ostean, El Correori eman zion diru gehien: 1.253.000 euro eta talde bereko El Diario Vascori 963.751. Grafika nagusian daude datuak hedabidez hedabide.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuak aurkituko ditu irakurleak erreportaje honetan. Bi iturri erabili ditugu horretarako. Batetik, Irekia webguneak, Eusko Jaurlaritzaren gardentasuna eta herritarren parte-hartzerako atariak, eskainitako datuak eta bestetik, Kontratazio Publikoak Euskadin plataforman agertzen direnak. Datu publikoak badira ere, zehatza izatea ez da lan erraza. Kontratu batzuk iturri batean azaltzen dira, beste batzuk bestean eta bietan errepikatzen dira beste batzuk.

Vocento-Cope (bi taldeek akordio estrategikoa egin zuten 2012an) da diru publiko gehien jaso zuena 2017an: 2.300.000 eurotik gora. Ondoren, EITB talde publikoko hedabideak izan ziren: 2.000.000. Noticias taldea osatzen duten Deia, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Alava, Onda Vasca eta Herri Irratia hedabideek orotara 1.200.000 eurotik gora jaso zuten. Laugarren, Prisa taldea: El País, Cadena Ser, Los 40 eta Cadena Dial. Hauek 846.160 euro jaso zituzten. Gara egunkariak 417.313 euro jaso zituen, Berriak 345.838. Taldekako grafikan ikusgai daude banaketaren zenbakiak.

 

Eusko Jaurlaritzak, EITB talde publiko elebiduna kenduta, 2017an publizitate eta babesletzara bideratutako diruaren %92 gaztelaniaz edo nagusiki gaztelaniaz aritzen diren hedabideei eman zien: 5.749.974 euro. Euskarazkoentzat gainerako %8 bideratu zituen: 496.819. Euskal hedabideen multzoan Berria euskarazko egunkari nazional bakarrak jaso zituen kopuru horren bi herenak. Tokikomeko hedabideek 46.447 euro jaso zituzten. Agerikoa da Jaurlaritzaren apustua gaztelaniazko hedabideen aldekoa dela. Konparaziorako, euskarazko hedabide guztiek batera adina diru jaso zuen Deiak bakarrik, baita Cadena Serrek ere. El Diario Vascok euskarazko denek batuta halako bi, eta talde bereko El Correok ia halako hiru.

Irizpide politikoen araberako banaketa

1993an gai honi buruz Eginek argitaratu zuen Evidencias de la sinrazón erreportajea honela hasten zen (euskaratuta): “Nahiz eta erakunde publikoek erretorika bidez justifikaezina dena estali nahi izan, nahiz eta Euskal Herriko gainontzeko hedabideak isileko akordioaren parte izan, organismo publiko baskongadoen partetik ageriko itotze ekonomikoa sufritzen ari da Egin. Nahiz eta Gasteizko Gobernuko bozeramaileek esan boikota egunkariaren arduradunen buruan baino ez dagoela, sinesgarriagoa da Atutxaren Departamentuko prentsa arduradunak emandako azalpen zintzoa: ‘Ez dugu publizitaterik jartzen Eginen, ez dugulako nahi’”. ARGIA ere antzekoak entzuna da. Azkena, ondorengoa esan zioten: “Denok hartzen ditugu erabaki politikoak, bai guk, baita zuek ere. Egoera honen errua ez dago alde bakarrean eta orduan, bakoitzak eman beharko ditu pausoak egoera hau gainditzeko”.

Euskarazko hedabideek diru-laguntzak azken zentimoraino justifikatu behar izateaz gain, subentzionatuaren zama faltsua daramate gainean, gaztelaniazkoek publizitate bidez diru publiko gehiago jasotzen duten bitartean

Gure erantzuna argia izan zen: “Guk ez dugu erruaren kontzeptua erabiltzen. Errespetuzko harremana eskatzen dugu. Gure aldizkariko espazioa ondo balio du publizitatearen prezioak. Eta eskatzen dugun errespetua da, ARGIAn publizitate publikoa jartzeagatik, ez dadila inor saiatu gure ildo editoriala aldatzen”.

Madrilen egoitza duen Oficina de Justificación de la Difusión enpresak –OJD gisa ezaguna– ematen dituen datuen arabera, 2010etik 2017ra El Diario Vascoren ale salmentak etengabe egin du behera. 2010ean egunero 71.948 ale saltzen zituen bataz beste, eta 2017an 48.949, aipatu iturriaren arabera. Diru publikoa banatzeko irizpideaz galdetuta, hedabideen zabalkundea da agintarien ohiko erantzuna. Baina datuak ez datoz bat, ez Eusko Jaurlaritzaren publizitate eta babesletza banaketan, ezta Gipuzkoa edo Arabako Aldundienean ere. Horren froga nagusia da Noticias taldeko hedabideek orohar jasotzen duten kopurua. Adibidez, Noticias de Gipuzkoak (NG) 265.257 euro jaso zituen eta El Diario Vascok (DV) ia lau aldiz gehiago. Baina, CIES enpresako 2017ko datuen arabera, DVren irakurleak Noticiasenak baino 10 aldiz gehiago dira. Are agerikoa da konparaketa ARGIArekin eginez gero: CIESeko datuen arabera, EAEn ARGIAk NGk baino irakurle kopuru bikoitza badu ere, ARGIAri emandakoa baino 25 aldiz diru gehiago eman zion Jaurlaritzak Noticias de Gipuzkoa egunkariari.

Irratien esparruan ere, Cadena 100ek 2017an batez beste 95.000 entzule izan zituela kalkulatu zuen CIESek, eta 24.00 euro jaso zituen. Iturri beraren arabera, Onda Vasca 35.000 lagunek entzuten zuten, baina, halere, Onda Vascari 200.000 euro publiko eman zizkion Jaurlaritzak. Info7 irratiari buruzko datuak ez daude eskuragarri, baina 248 euro jaso zituen iaz. Beraz, jasotako dirua entzule kopuruaren araberakoa balitz, Info7k 43 entzule izan beharko zituzkeen 2017an. Eta hori ez da horrela.

EAEn 52.000 irakurle zituen ARGIAk 2018ko hasieran, CIESen arabera. ARGIAk baino diru gehiago jaso dute ondorengo aldizkariek: Entre Mayores, El Karma, La ría del Ocio edota Dato Económico, baita Alemaniako Der Spiegelek ere, kasik bikoitza.

Gaztelaniazko hedabideak dira “hedabide subentzionatuak”

Euskarazko hedabideei noiz edo noiz maltzurki egotzi izan zaie “diru publikoz puztuak” izatea; euskararen normalizazioaren bidean hedabideek euskara sustatzeko betetzen duten funtzio publikoaren ordainetan instituzioetatik jasotzen duten dirua dela-eta.

Eusko Jaurlaritzaren publizitatearen banaketa hedabideen hizkuntzaren arabera, 2017ko datuak.

Zenbakiek ordea, kontrakoa diote: 2017an Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideei emandako diru-laguntza 4.875.000 eurokoa izan zen. Horri gehitzen badiogu publizitate instituzionala argitaratzearen truke jaso zituzten 496.819 euroak emaitza, 5.371.819 eurokoa da. Gaztelaniazko hedabideei, aldiz, publizitate instituzional bidez eman zieten diru publikoa 5.749.974 eurokoa izan zen, eta horri gehitu behar zaio euskarazko diru-laguntzetatik, euskaraz artikulu batzuk idazteagatik gaztelaniazko hedabide batzuek jasotzen duten diru kopuru altua. Eta joera bera errepikatzen denez EAEko hiru Aldundien publizitate banaketetan, aldea are handiagoa da. Beraz, hedabide guztiek jasotzen dute diru publikoa, baina euskarazkoek ia dena azken zentimoraino justifikatu beharraz gain, “subentzionatuak izatearen zama” faltsua gainetik kendu behar dute. Aldiz, gaztelaniazko hedabideek orotara diru publiko gehiago jasotzeaz gain, boteretik gertuen dauden komunikabide hauen bideragarritasun ekonomikoaren sostengu nagusia dira instituzioak, eta horrek boterearekiko bezerokeria harremana ekar diezaieke.  

ARGIA berriz ere baztertua

Euskal Herriaren eta euskarazko kazetaritzaren 100 urteko historia bizia daroa ARGIAk orri artean. Gure sustengu ekonomiko nagusia gure komunitatea osatzen duten milaka lagunak dira. Herritar horiek, ARGIAk bezalaxe, hemen ordaintzen dituzte zergak, baina Jaurlaritzaren publizitate banaketak diskriminatu egiten ditu. Jaurlaritzak publizitate eta babesletza gisa 2017an banatu zituen 8 milioiak, 25 sail eta azpi-sailetatik bideratu zituen. Bada, ARGIAko irakurleek hainbat sail eta azpi-sail publikotatik ez zuten batere informaziorik jaso, tartean hauek: Euskadiko Kirol Portuak, Euskal Trenbide Sarea, Ihobe, Ingurumen Saila, IVAP, Ogasuna, Osalan, SPRI, Turismo saila edota Uraren agentzia.

Deiak bakarrik euskarazko hedabide guztiak batuta adina publizitate jaso zuen

Publizitate publikoaren eta hedabideen arteko harremanaren oinarria informatzea behar luke izan. Erakunde publikoek hedabideen espazioa, lana, azpiegitura, banaketa-sistema eta sinesgarritasuna baliatzen dituzte ahalik eta herritar gehienek izan dezaten guztien diruarekin ordaindutako ekimen publikoen berri. Diru publikoz ordaindutako zerbitzu publikoa da informatzea, baina oso tentuz kudeatu eta zaindu behar da, botereak baldintzatutako hedabideen historia luzea bezain iluna baita. Horregatik, publizitate instituzionalean irizpide argiak, parekidetasuna eta gardentasuna ezinbesteko oinarriak dira diru publikoaren erabilera jokoan dagoenean.

Erakunde publikoekin harremanak izateak, izan diru-laguntza, publizitate ala babesletza bidez, ez du ekarri behar prentsa eta iritzi askatasuna baldintzatzea, horrek herritarren informazio eskubidea murrizuko bailuke. Horregatik da kezkagarria, publizitate eta babesletza publikoen banaketa ez bidezkoaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak hedabideen ekosistema baldintzatzea.

Oraindik bide luzea dago egiteko publizitatearen banaketari lotutako gardentasunean eta irizpideen zehaztasunean. Baina erraz konpondu daitezkeen gaiak dira, erakunde publikoen aldetik borondatea baldin badago eta hedabideok diru publikoaren erabileraz gertuko jarraipena eskaintzen badiegu herritarrei.

Iritzi aniztasuna sustatu ala status quoa betikotu

Ondorengo atala, joan den otsailean Gipuzkoako Aldundiaren publizitate banaketari buruz idatzi genuen erreportajean argitaratu genuen. Ia urtebeteren ostean, galderek mahai gainean jarraitzen dute.

Hedabide askoren biziraupenerako ezinbesteko diru-sarrera ekonomikoa da publizitatea, eta gehien bat, babesletza eta publizitate publikoa. Edozein demokraziatan oso tentuz kontrolatu beharreko eremua da botere politikoaren eta enpresa pribatuen arteko harreman ekonomikoa. Eta informazio askatasuna bermatu behar duten hedabideen kasuan, are gehiago. Kazetaritza kazetaritza izan dadin ezinbesteko duen independentzia –ekonomiko eta politikoa– ezbaian jar dezakeen faktorea baita.

“Dirua modu arbitrarioan banatzen baduzu borondateak erosten ari zara, informazio eskubideari kalte egiten ari zara. Adierazpen askatasuna nabarmen kaltetzen da, prentsa askatasunarekin lotuta ez badoa; eta prentsa askatasuna ezin da guztiz garatu joko arau ekitatiborik gabe”. Eldiario.es hedabideko zuzendari Ignacio Escolar Espainiako Estatuko panorama mediatikoaz mintzo da Amnesty Internationalek antolatutako jardunaldi batzuetan. “Prentsa plurala daukagu, beren iritzi eta ikuspegiak partekatzen dituen prentsa aurki dezakete ia espainiar guztiek; baina ez daukaguna da joko zelai justurik prentsarentzat”, zioen aktore politiko eta ekonomikoek informazioaren gainean duten kontrolari erreferentzia eginez. Zehazki, esaldi horrekin publizitate instituzionalari egiten zion erreferentzia, irizpide arbitrario eta opakuekin egiten den diru publikoaren banaketari.

Diru publikoa jasotzeko, maila berean izan behar al dira multinazionalen jabetza duten hedabideak eta jabetza langileena den komunikabideak, ARGIA kasu?

Irismena kalkulatzeko arazoak albo batera utzi gabe, irismena banaketarako irizpide nagusi bilakatzea bide eraginkorra da hedabideen status quoa betikotzeko, baita gaztelaniaren hegemonia ere, euskararen kaltetan. Sare sozialetan hainbat hedabidek egiten duten lana ez kontuan hartuz, hainbat medio handiri egiten diete mesede, eta beste batzuei kalte.

Diru publikoa jasotzeko, maila berean izan behar al dira multinazionalen jabetza duten hedabideak (Vocentoren kasuan adibidez, BBVA bankua da akziodun nagusia) eta jabetza langileena den komunikabideak, ARGIA kasu? Lehia desorekatua da berez, banketxe handi baten babesa daukan hedabidearen eta bere baliabideekin irauten duenaren artean. Lehenbizikoak bermatuta dauka egunero kaleratzea, inbertsoreek haien interesentzat hedabide hori jendartean edukitzea komenigarri jotzen baldin badute, nahiz eta dirua galdu. Bigarrenak aldiz, publikatzen duen zenbaki bakoitzarentzat finantzazioa lortu behar du. Erakundeek pluraltasun informatiboa babestu behar badute, zer zentzu dauka gaur egungo publizitate-politikak?


Turismoa


ASTEKARIA
2018ko abenduaren 02a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Publizitate instituzionalaren banaketa
2024-05-17 | Sustatu
2023ko Jaurlaritzaren publizitate gastua, Gobiernovasco.marketing webgune praktikoan

2023an ireki zuen Jaime Gómez-Obregon programatzaile espainiarrak Gobiernovasco.marketing tresna; Eusko Jaurlaritzak egindako publizitate kanpainen datuak modu ulergarrian azaltzeko, 2018-2022 urte tartekoak. Iazko datuak prozesatu ditu orain, eta berrikus... [+]


2023-12-11 | Axier Lopez
Jaurlaritzaren publizitate banaketa
Botere mediatikoak eskuindarra eta erdalduna izaten jarrai dezan

Euskal Herriko erakunde publikoek urtero milioiak banatzen dituzte hedabideen artean, instituzioen publizitatea zabaltzearen edo hedabideen ekimenak babestearen truke. Oro har, datu publiko horien gardentasun ezak zaildu egiten du argazki osoaren jabe egitea, baina zorionez,... [+]


2023-12-11 | Axier Lopez
Jaime Gómez-Obregón
“Datuak zabaltzen dituzte aho txikiarekin, gardena izatea beste gauza bat da”

Jaime Gómez-Obregón ingeniariak oso tresna baliagarria sortu du Jaurlaritzaren diru publikoaren erabileraz gehiago jakiteko. 2018tik 2022ra erakunde horrek hedabideen artean banatu dituen publizitate kanpaina guztien datuak prozesatu, aletu eta era ulergarrian... [+]


Daniel Grabner, ikerlaria
“Egunkari nagusi gehienak erabat menpeko dira publizitate instituzionalarekiko, desagertu egingo lirateke gabe”

Hitzarmena iragarkien truke - hedabideen eta Austriako Estatuaren arteko menpekotasunak. Izenburu hori dauka Daniel Grabner ikerlariak (Austria, 1990) KriKoWi konferentzian egindako aurkezpenak. Bertan xehe azaldu du publizitate instituzionala nola banatzen den herrialde... [+]


2021eko datuak
Donostiako Udalak ia milioi erdi bat euro banatu dizkie gaztelaniazko hedabideei, publizitate instituzional kontzeptuan

Ia milioi erdi bat euro ordaindu zizkien gaztelania hutsez edo nagusiki hala diren hedabideei Donostiako Udalak publizitate instituzionalaren bidez, eta euskarazkoei, kontrara, 32.000 euro. El Diario Vasco eta Ser Irrati kateak diru-poltsaren ia erdia jaso dute, eta euskarazko... [+]


2021-04-13 | ARGIA
Iruñeko Udalak euskarazko hedabideak publizitate instituzionaletik kanpo utzi ditu

Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu duenez, Iruñeko Udalak 2020. urtetik publizitate instituzionaletik kanpo utzi ditu euskarazko hedabideak, ez dutelako audientzia osoaren %10. Euskararen aldeko taldeak oroitarazi du 2016ko inkesta soziologikoaren arabera,... [+]


2020-07-15 | ARGIA
Nafarroako Gobernuak gaztelaniazko hedabideak bultzatzen ditu publizitate instituzionalarekin

2019an publizitate instituzionaleko gastuak zein hedabidetan egin dituen argitara eman du Nafarroako Gobernuak: Diario de Navarra eta Diario de Noticias dira Chiviteren Gobernuaren iragarkien onuradun nagusiak. Euskarazko hedabideek bide horretatik jasotzen duten dirua ere... [+]


2018-03-15 | Hala Bedi
Arabako Aldundiaren publizitatea: nora doa diru publikoa?

Zein dira publizitate bidez diru publiko gehien jasotzen duten hedabideak? Arabako Aldundiak publizitatea zein mediotan inbertitzen duen aztertu du Hala Bedik. El Correo de Álava da jaun eta jabe, publizitatearen %31,8a jasotzen baitu; nagusiki euskaraz aritzen diren... [+]


Publizitate eta babesletza instituzionala Gipuzkoako Aldundian
Hedabideetan eragiteko tresna politikoa

Publizitate instituzionalen eta babesletzen bidez, zein komunikabidek jasotzen du diru gehien eta zein dira bazterrean geratzen direnak? Zein dira banaketarako irizpideak? Gipuzkoako Aldundiaren kasua aztertu du ARGIAk, datu publikoak ematen hasi baita –bera da... [+]


2017-06-05 | Xalba Ramirez
Espainiako gobernuko zortzi ministeriok ez dute publizitatean gastatutakoaren daturik eman nahi

Espainiako Gardentasun Kontseiluak zortzi ministeriori iragarkien datuak publiko egin behar dituztela exijitu ostean, salaketa jarri dute Auzitegi Nazionalean erabakia ez betetzeko.

 


2016-04-27 | ARGIA
Publizitate beherakada dela-eta, bilera eskatu dute euskal hedabideek Gipuzkoako Aldundian

Hedabide euskaldunak biltzen dituen Hekimen elkarteak bilera eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, erakunde horrek iragarritako publizitate instituzionalaren beherakada aztertzeko. 2015eko aurrekontuarekin alderatuta, erdira jaitsiko du euskarazko hedabideetako publizitatea... [+]


Publizitate instituzionala
Gaztelaniazkoei %97, euskarazkoei %3

Erakunde publikoek milaka euro bideratzen dituzte publizitate instituzionalera. Euskal Autonomia Erkidegoan, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak hainbat publizitate eta informazio ekintza mota bideratzen dituzte hedabideetara, hala nola, kanpainak, iragarki ofizialak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude