Berrikitan Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazia du Yemenen 13 milioi pertsona daudela goseak eta gerra laster ez baretzekotan egoerak ekar dezakeela “munduak 100 urteotan ezagutu duen goseterik larriena”. Aldi berean, NBE bera ez da gai hasieran Yemeneko barne gatazka zen eta Saudi Arabiak nazioartekotu duen gerrari irtenbide diplomatikorik aurkitzeko, saudiei bezala Emirerri Arabiarrei armak saltzen dizkiegun europar eta iparramerikarren negozioen zorionik urratu gabe.
Mekkia Mahdi anderea mediku ari da Aslamen, Yemeneko ipar-ekialdean. Der Spiegeleko Christoph Reuter galdezka doakionean, doktorea aurkitu du salbatu nahian 11 urte eduki arren ume jaioberri baten pisua daukan mutiko bat: “Ez dut ulertzen munduan zer nolako zalaparta piztu duen Jamal Kaxoggiren hilketak, zeren eta bitarte horretan milioika haur yemendar sufritzen ari dira haietaz inoren kezka piztu barik”. Aste horretan bertan egunero hil zaio haur bat egoera ikaragarri horretan.
Gatazken kontaketan iturri fidagarrienetakoa den Wikipediak azaro erdian zioen 2015etik gaurdaino Yemengo gerran denetara 57.538–80.000 pertsona hil direla. Kopuru horretan kontatuta daude borroketan eroritako militar eta gudariez gain eraso militarrek jotako 6.592 zibil eta Saudi Arabian Yemenetik egindako erasoek eragindako 500. 2017rako bakarrik Save the Children GKEaren arabera goseak hildako 50.000 haur eta kolerak hildako 2.310 pertsonak ere bai. Baina azaroaren 21ean Save the Childrenek hildako haurren kopurua berrikusi eta 85.000taraino igo du, 30.000 gehiago. Hildakoez gain, 49.960 dira zaurituak eta 3.154.000 beren etxeetatik ihesi joanak, 24 milioi biztanle dauzkan Yemenen.
Yemen barruko gatazka armatuak 2004an hasi ziren arren, 2015ean bihurtu zen benetako gerra zibil nazioartekotua, huthi matxinoek Sanaa hiriburua berenganatu eta horiek kanporatutako Mansur Hadi lehendakariaren alde Saudi Arabiak esku hartu zuenean, atzetik lorrean zekartzala Emirerri Arabiarrak, Senegal, Maroko, Sudan eta Qatar, AEBetako Academi gerra kontratista pribatuaz gain. Yemenen Ansar Al-Shariako islamistak ere indar hartzen ari zirela eta, hegazkinak eta tropak bidali zituzten gero Britainia Handiak, AEBek eta Frantziak. Saudiek eta bere sozioek, bestalde, salatzen dute huthi xiitek Iranen laguntza jasotzen dutela.
Ororen buru, geopolitikaren hari nahasiek konpongaitz bilakatzen dute Yemenen gerra zibil hasi zena. Xehetasun garrantzitsu bat: Nazio Batuen Erakundeak agintari legitimotzat dauka saudiek babestutako Mansur Hadi ren gobernua. Orain arte egindako negoziaketa saioek porrot egin dute. Azkena, irailean Martin Griffiths NBEak jarritako bitartekariak Yemeneko emakumeen mobilizazioa aprobetxatuz antolatu zuen Suitzako Geneban. Porrotarekin berriro: Hadik mesprezu egin zion Griffithen eskaintzari –nahiz eta ordezkaritza zabala bidali zuen Suitzara–, huthiak ez ziren azaldu NBEk ez zielako osorik etxeratzeko segurtasunik bermatzen... eta Yemenetik Genebaraino iritsitako emakumeak bazter batean eduki zituzten.
Itsas bazterreko basamortu yemendarrak zeukan landaredia urriari gerrak kalte handiak eragin dizkio. Batetik nekazaritzaren hondoratzea dago, hein batean bi aldeetako militar eta gudariek ahalegin berezia egin dutelako aurkariek kontrolatutako eremuetako soroak hondatzeko. Eta bestetik, elikagaien %90 kanpotik ekarri behar duen Yemen blokeaturik dago lur, aire eta itsasoz.... Guztiaren ondorioz 24 milioi yemendarretatik 13 milioik gosea pasatzen dute eta hauetatik 6 milioi daude batere elikagairik gabe geratzeko arriskuan.
Urik eza da beste arazo larri bat. Berez oso idorra den lurraldean, gurpil zoro baten moduan doaz beren eraginak metatuz klimaren berotzea, euri faltagatik akuiferoak agortzea eta lurpeko uren gazitzea. Gerran, gainera, urtegi eta biltegi asko suntsitu dituzte, ura urritzeaz gain garestituz. Nazioarteko erakundeek ez dute lortzen gabezia hori arintzerik: 20 milioi jendek daukate segurtatu gabea bai ur garbia eta bai estolderia txukun bat.
Ez mediku, ez botika... norengana jo?
Asko aipatu da AEBek Yemeneko hondamendian daukaten erantzukizuna, baina europarrok ere bagenuke loa galtzeko motiborik: Europar Batasunako herrialdeek Saudi Arabiari eta Emirerri Arabiar Batuei 2015etik hona saldu dizkiete 76.062 milioi euroko balioa duten armak, Middle East Eye behatokiaren arabera. Kopuru horrek 55 aldiz biderkatzen du herrialdeok Nazio Batuen Yemenerako laguntza planari eman dioten dirutza.
Zenbait gobernu europarrek agindu duen arren saudientzako armen salmenta gelditzea, Alemania eta Danimarka dira hori egin duten bakarrak orain artean. Britainia Handiak, Frantziak eta Espainiak business as usual egiten darraite; esan nahi baita, armagintzako euskal konpainiek ere jarraitzen dutela Yemeneko gerra sugai berriz elikatzen, hala nola Sener eta SAPA konpainiek.
Herritarren egoera are gehiago okertzeko, Yemeneko txanponaren baliogabetze izugarriak –rialak 2015ean balio zuenaren laurdena balio du gaur– asko garestitu ditu janariak, erregaiak, ura eta botikak. Hein handi batean gertatu da Hadi presidenteak –saudiek lagunduta– osorik bereganatzeko aitzakiarekin desegin zuelako Yemeneko Banku Zentrala. Gezurra dirudien arren, ordura arte banku publikoak bermatzen zituen 1,2 milioi funtzionarioen soldatak, esan nahi baita sei milioi jenderen bizimodua. Bankua zen herrialdea erabat hondoratu barik atxikitzen zuen azken erakundea. Eta lehertu zuten.
Orain Yemendik GKEetako kideek bezala kazetariek ohartarazten dute, herritarrek ez daukatela nora jo gaixo eta zaurituak artatzeko. Middle East Eye-ko korrespontsalak azaroaren 5ean kronika gordina bidali du Hodeidah hiritik: “Yemendar desesperatuek beren haur traumatizatuak burdina gorituz markatzen dituzte”.
Hana Absi, 12 urte, etxera zetorren eskolatik urriaren 14an obus batek eztanda egin zionean inguruan. Hilotz odolduz inguratuta, konortea galdu zuen. Geroztik trauma psikologiko gogor baten mende bizi da. Aita maisuak ez du soldatarik kobratu azken bi urteotan; dirurik ez dute txukun jateko, are gutxiago urrutiko ospitaleren bateraino bidaiatzeko. Ama Walaak, beste askok bezala, azken aukeratzat jo du haurra burdinaz markatzera, arabiar esaera zaharrari jarraituz: “Azken erremedioa, burdinaz markatzea”.
“Emakume zaharrak –dio amak– goritzeraino berotu du burdina eta alabari ezarri dio sabel gainean. Anak gogor egin du negar eta niri errukia ematen zidan. Gero hortzetako krema ezarri dio oinazea arintzeko. (...) Ez dut uste markatzea tratamendu bat denik, gehiago da lehengo oinazeari bigarren gogorrago bat gaineratzea, haurrei pentsamendu beltzak kentzeko burutik”.
Yemeneko medikuek ohartarazi dute antzinako metodoon arriskuez. Walaak ere arren eta arren eskatzen du haur traumatizatuak medikuek artatu ditzaten. Baina ez berak eta beste askok ez daukate beste aukerarik eskueran.
Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]
Israel Katz da Defentsa ministro berria, orain arte Atzerri ministro izandakoa. Erabakiak israeldarren kexua eragin du eta milaka dira karriketara atera. Israelgo Gobernuko oposizioko ordezkariek prentsaurreko bateratua eskainiko dute azaroaren 6 honetan. Bizkitartean, Israelen... [+]
“Proposamen ausart, integral eta prestuen tenorea etorri zaigu (…) Euskal Herria munduko altxamenduen artean sar dadin berriro”, bota zuen Hartzea Lopez Arana adiskideak ARGIA aldizkarian 2018ko uztailean argitaratu zuen “Oldartze eraginkor baten... [+]
Japonia, 1945eko abuztuaren 6a eta 9a. AEBek bonba atomiko bana bota zuten Hiroshima eta Nagasaki hirietan milaka eta milaka hildako eraginez; kopuru zehatzik ez dagoen arren, urte horren bukaeran hildakoak gutxienez 210.000 inguru izan zirela diote kalkulu zuhurrenek. Baina... [+]
Kontatu –ezta iradoki ere– ez digutenez, imajinatu egin beharko dugu. Gertatu, halatsu gertatuko zelako, gutxi gora behera.
Domeka euritsu honetan, arduraz bizi dugu munduan dauden gatazka askotarikoak direla ezinegonean bizi diren pertsonen zoria. Urrunetik, badirudi boterera jokatzen duen hainbat agintariren eskuetatik ezin garela askatu. Beti bere burua babestu behar duen susmoarekin bizi da... [+]
2022an, urteko aurrekontuan onartutakoa baino %20 handiagoa izan zen inbertsio militarra; 2023an, %30 handiagoa. Europako herrialdeen gastu militarra Gerra Hotzaren amaierakoa baino handiagoa da une honetan.
Bigarren Intifadaz geroztik ikusi gabeko eraso "antiterroristari" ekin dio Israelek Zisjordanian. Jenin, Tulkarm eta Tubas hiriak izan ditu jomuga drone, helikoptero eta batailoi militarren bidez, eta gutxienez bederatzi lagun hil ditu jadanik. Hainbat iturriren... [+]
Haurra nintzenean, etxean ohitura zen arratsaldeko zortzietan egiten ari ginen hori albo batera utzi, telebista piztu eta ETB1eko albistegia ikustea. Hasieran sekulako amorrazioa sentitzen nuen gaueroko kate aldaketa bidegabe horien aurrean, eta gurasoei galdetzen nien ea nola... [+]
Munduko erakunde militar suntsitzaileenak 75 urte bete ditu, eta eztei horiek behar bezala ospatzeko, esan du bere kideek gehiago gastatu beharko dutela armetan. Gainera, urtemugaren goi bileran beste potentzien kontrako gerra hauspotu du NATOk, Txinaren eta Errusiaren kontrako... [+]
1415eko udazkenean Agrincourteko gudua lehertu zen Ingalaterra eta Frantziaren artean, Ehun Urteko Gerraren gudu erabakiorrenetakoa. Horretarako, Henrike V.a Ingalaterrako errege eta Irlandako jaunak uda horretan bere ejertzitoa Frantziara bidaltzea erabaki zuenean, soldaduak... [+]
“Si vis pacem, para bellum” kantatzen genuen laurogeiko hamarkadan orduko gazte euskaldunok. Bakea nahi baduzu, prestatu gerrarako, oihukatzen genuen latinez, ulertu barik oso ondo esaldiaren esanahia.
Sasoi hartan, euskal gatazka gori-gori zegoen, eta munduak... [+]
Genozidioa zoritxarrez modan dagoen hitza da. Rafael Lemkinek 1946an egin zuen definizioaren arabera, “talde nazional, etniko, arrazazko edo erlijioso bat erabat edo partzialki suntsitzeko asmoz egindako ekintzak” dira genozidioa. Ekintza horiek “taldeko kideak... [+]