Garabidek Huhezin antolatutako Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroan parte hartzen ari da, bigarrenez, Suna Altun hizkuntzalari kurdua (Adıyaman, 1985). Duela bost urte hemendik eramandako ikaspenak gauzatzeko aukera handirik ez du izan, izan ere, kurduera biziberritzeko 2013 eta 2015 bitartean abiatutako ekimen guztiak zapuztu ditu Turkiako gobernuak azken hiru urteotan.
Kurdueraren alde nola hasi zinen?
Istanbulen, unibertsitateko bigarren urtean nengoela, Europar Batasunean sartu nahian zebilen Turkia eta erreforma batzuk onartu behar izan zituen, besteak beste, kurdueraren irakaskuntza legeztatzea. Istanbuleko Institutu Kurdua eskolak ematen hasi zen eta izena eman nuen bertan. Alfabetatu nahi nuen, irakurtzen eta idazten ikasi. Ondoren, irakasle izateko formakuntza ere hasi ziren ematen, baina urte eta erdi garrenera akademia itxiarazi zuten.
Ama hizkuntza kurduera duzu?
Bai, baina ez dut oroitzen zein hizkuntza ikasi nuen lehenik, turkiera ala kurduera. Sei neba-arreba gara eta neba-arreba nagusiek eskolan ikasi zuten turkiera. Ama gogoz ahalegindu zen eskolara hasi aurretik turkiera ere ikas zezaten. Amonarekin bizi izan ginen, hark ez zekien turkieraz. Aitarekin beti turkieraz ari nintzen, irakaslea zenez harreman formalagoa zelako. Hala ere, gaur egun askoz gehiago mintzo gara kurdueraz gure familian.
Asko egiten da zuenean kurdueraz?
Adiyaman oso asimilatuta dago, horregatik askok ez dute hiri kurdutzat hartzen. Familia barruko transmisioa asko jaitsi da, adineko jende asko hiztunak dira, baina haurrekin mintzatzearen aurkakoak dira. Ahizpa haurrekin kurdueraz berbetan ikusten dutelarik, ea “zergatik egiten dien hori” aurpegiratzen diote.
Ama hizkuntzarekin lotzen da kurdueraren transmisioa. Genero ikuspegitik nola ikusten duzu?
Korapilatsua da gaia. Badago ikuspegi bat hizkuntzaren transmisioaren rola eta ardura emakumeei ematen diena. Aitzitik, emakumea bizitzaren arlo guztietan dagoenean ardura hori banatu egiten da. Kurdistanen emakumea izan ohi da transmititzaile, baina genero rol banaketaren ondorioz. Rol garrantzitsua du emakumeak, baina hizkuntzaren galeraren ardura ezin da bakarrik emakumeongan ezarri. Gure kasuan bitxia da hizkuntzaren galera prozesuak nola eragin dien emakumeei. Adibidez, ikerketa baten arabera, eskolatutako emakume kurdu gehienak egun turkiera hiztun elebakarrak dira; eskolara joan ez zirenak, berriz, egun elebakarrak dira kurdueraz.
Eskolatzeak emakumeen aitzinatzea baina kurdueraren galera ekarri du beraz.
Bai, eta hori gizartean emakumeak duen rolari loturik dago. Kurduera zapaltzen du turkierak, baina emakumea ere bai, turkiar zein kurdua. Emakume askorentzat zapalkuntza horretatik askabide bakarra ikasketak egitea da, burujabetza ekonomikoa lortzeko, beregain izateko. Horrek turkierara pasatzea dakar derrigorrez. Kontua ez da kurduera presio hizkuntza denik, baina askabide horretan kurduera galtzen da, ikasketak kurdueraz ez direlako.
Alevia zara. Zer ezaugarri ditu zure komunitateak?
Erlijio edo sinesmen batzuen inguruko gutxiengoa gara Turkian. Badira alevi kurduak eta alevi turkoak ere. Batzuen arabera musulmanak gara, alevismoak islamaren ezaugarri batzuk dituelako, baina beste batzuentzat ez. Nik ere ez dut uste musulmanak garenik, ez baitugu meskitarik, gure cem-etan gizon eta emakumeok elkarrekin egiten dugu otoitz, dantzan eta kantuan, ez dugu egunero bost aldiz otoitz egiten, ez dugu ramadan egiten, emakumeok ez dugu gure burua erlijioagatik estaltzen, alkohola ez dugu debekaturik…
Errepresio handia pairatu duzue aleviok?
Kurduak onartzen ez dituen bezala, gobernuak ez ditu aleviak onartzen. Eskoletan erlijio islamikoa derrigorrezkoa da, eta guk aspaldiko borroka dugu gure haurrak horretara behartu ez ditzaten. Kristauak eta juduak onartuak daude erlijio moduan, eta salbuetsita daude, baina gu ez.
Zuen egoerarekin antzekotasunik aurkitu duzu Euskal Herrian?
Antzekotasun asko aurkitu ditut gure egoeraren eta euskaldunek hemen bizi izandakoaren artean. Hemen, Francoren garaian euskara zegoen egoeran dago kurduera Turkian, baina hemen diktadurak 40 urte iraun zuen eta guk 100 urteko debekua daukagu. Testuinguru ezberdinak dira, noski, ilegaltasunarena da gure arazo nagusia orain.
Izan ere, zu duela bost urte lehenengoz etorri zinenetik egoerak okerrera egin du.
Erreforma batzuk onartu zituen gobernuak 2013-2015 bitartean, bake prozesuaren garaian. Udalek haurtzaindegiak sortu zituzten, Diyarbakirren lehen hezkuntza eskola sortu zen, antzerki taldeak, emakumeentzako zentroak... Hizkuntzaren inguruko ekintza ugari sortu ziren. 2016an hori guztia moztu zuten. Estatuak udalak interbenitu zituen, alkate guztiak kargugabetu eta hainbat kartzelatu. Hizkuntzari dagokionez, ikastola itxi zuten, haurtzaindegiak turkiera hutsera pasatu, hizkuntzaren aldeko elkarte guztiak itxi dituzte.
30 milioi hiztunekin, arriskuan dago kurdua?
Bai, ez da kopuru kontua. Hizkuntzak nazio mailan presentziarik ez badu, hezkuntzan ez badago, gune publikoetatik debekatua badago… galtzeko arrisku bizian dago. Asko garen arren, desprestigio handia du, kurduera mintzatze hutsagatik jendea atxilotzen dute. Jendea transmititzeari beldur da, ez dutelako nahi beraiek sufritu dutena sufritzea.
Garabideren ikastaroetan beste hizkuntza batzuen errealitateak ezagutu dituzu. Antzeko prozesuak dira?
Kontinente ezberdinetan zapaltzaileek estrategia berak hartu dituzte. Amerikan, adibidez, galbide prozesu berak izan dira, baina egun hizkuntza indigenak onartuta daude. Hala ere, legezkoak izateak ez du arazoa konpondu, hizkuntza horiek izen ona hartu behar dutelako orain, indarra hartu. Kurduek egun legeztatzea eskatzen dute, eskoletan egotea eta abar, baina hemen ikusi dut ez dela horrekin nahikoa. Lan handia egin behar da hizkuntza eskoletan, hedabideetan, unibertsitatean egon dadin.
Arreta deitu dizu euskaldun osoak diren gazteak kalean erdaraz ikusteak.
Bai, euskararen biziberritzeak gauza asko lortu ditu, hasteko, galera gelditu zuen, baina ikusten da prozesua ez dagoela erabat osatuta. Baduzue presentzia hedabideetan, unibertsitatean… Estatistiken arabera, biztanleen %22 da euskalduna. Haurrak euskaraz ikusten ditut, baina nerabeak erdaraz. Agian gero bueltatzen dira euskarara, hizkuntzen ekologiak irakatsi digu hizkuntzak interdependenteak direla. Euskararen biziberritzearen arrakastak oso interesgarriak zaizkigu, baina bere ezintasunak ere bai, eta hemengo gazteei begira nago, izan ere, gu zuen aiton-amonak zeuden egoeran gaude, baina inoiz zuek zaudeten egoerara iristea lortzen badugu, agian, zuen arazo berak izango ditugu.
Zer eman diezaguke euskaldunoi beste esperientziak ezagutzeak?
Hemengo unibertsitate eta ikastegi zenbaitetan izan gara eta, bertako irakasleek esan didatenez, beraiek klasean azalduta baino, gu ekarrita eta guk geuk kontatuta, hobeto konturatzen dira beraien aurrekoek egindako berreskurapen lanaren garrantziaz. Kanpoko batek zurea estimatzen duenean, zeuk ere ikasten duzu estimatzen.
“Amona duela zazpi urte hil zen, bera zen familiako azken elebakarra, ez zuen turkiera ikasi nahi izan eta beti kurdueraz mintzatzeko esaten zigun. Duela lau urte, berriz, nire lehendabiziko iloba jaio zen, familiako lehenengo turkiera hiztun elebakarra. Nebak ondo daki kurdueraz, amonarekin hazi zen, eta nortasun kurdua aldarrikatzen du, baina ez dio alabari transmititu. Oraintsu, berriz, ahizpa nagusiak semea izan du eta kurdueraz baizik ez dio hitz egiten. Lehengusuen artean ez dute elkar ulertuko”.
Korsikako legebiltzarkideek ezin dute Korsikako Asanblean korsikeraz hitz egin, Bastiako Auzitegiaren 2023ko epai baten arabera. Ebazpen horri helegitea jarri zion Asanbleak, baina debekua berretsi du orain auzitegi berak. Epaiak tokiko beste hizkuntzei eragiten diela ohartarazi... [+]
Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]
Alexandru Jerpelea Bukaresteko (Errumania) batxilergoko 17 urteko ikaslea da, eta itzulpen automatikoko lehen sistema neuronala sortu du arrumanorako. Balkanetan 200.000 pertsona inguruk hitz egiten duten hizkuntza erromaniko gutxitua da. Bere tresna berritzaileak, [+]
Hizkuntzen irabazia kongresua izango da azaroaren 26an eta 27an Donostian. Arlo digitalean inglesaren erabilera aregotzen ari den garaietan, kongresuak euskara bezalako hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena agerian utzi nahi du.
Friulieraz egiten duen irrati lokal bat da Suns Europe jaialdiaren antolatzailea eta berak egiten du zuzeneko jarraipena. Miren Narbaiza MICE ariko da oholtza gainean, Euskal Herria ordezkatzen.
Uwa, kamsá, tukuná, uitoto, tikuna, embera, nasa-yuwe, nukak, sikuani, siano, macuna, yuruti, kichwa, achagua, bora, ettenaka. Horiek dira Kolonbian hitz egiten diren hizkuntzetako batzuk. Tamalez, Kolonbian bizi nintzenean, Cundinamarcan, nik ez nuen gure... [+]
Lanopor egun batzuk izan nituen joan den astean. Oporrak ziren, baina ordu batzuk dedikatzen dizkiodan afizio bati emanak izan ziren, biltzar batean inbertituak: hotelean lo eta hotel bereko areto batean jardunaldiak goiz eta arratsaldez. Ordu gutxi batzuk geratzen ziren hiria... [+]
Marfa (AEB), 1954. Texasko basamortuko herri horretako Blackwell lehen hezkuntzako eskolan haurrak zeremonia berezi batean parte hartzera behartu zituzten. Irakasleek paper zatiak banatu zizkieten eta bertan zera idazteko eskatu: “Ez dut espainieraz hitz egingo, ez... [+]
Erreportaje honetako protagonistak Gasteizen bizi dira eta hizkuntza gutxiagotuetan hitz egiten dute: amazigeraz, galegoz, mirpuriz eta guaranieraz, hurrenez hurren. Soumia Berkani Ben Yahia, Toni Cid Armanda, Altaf Hussain, eta Sonia eta Delcy Godoy Bizzozzero dira. Euskal... [+]
Soziolinguistika Klusterrak antolatuta 2024ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin berri da Gasteizen apirilaren 23an. Azken urteetan euskararen eta katalanaren alde eta aurka agertu diren diskurtsoak izan ziren ardatz. Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel Peruarena aritu... [+]
Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]
Carolina Gandulfo doktorea. Argentinan jaioa, Ipar-ekialdeko Unibertsitate Nazionaleko Humanitate Fakultateko irakaslea. Iragan udazkenean Garabidek gonbidaturik egonaldia egin zuen gure artean, eta mintzatu zitzaigun Argentinako guaranieraz. Ikastetxe bateko esperientzia... [+]