“Iraultzaileon porrot nagusia ez da materiala izan, mentala baizik”

  • Barbara Balzerani Italiako Brigada Gorriak talde armatu komunistako buruzagia izan zen. Aldo Moro Kristau Demokraziako presidentearen bahiketan parte hartu zuen 1978an. 21 urte eman ditu espetxean. Bartzelonan izan berri da L’ho sempre saputo (“Beti jakin dut”) eleberriaren katalaneko bertsioa aurkezten. 1998an Compañera luna liburu ezaguna argitaratu zuen, 2016an Txalapartak gaztelaniaratua.

Argazkia: Oriol Clavera
Argazkia: Oriol Clavera

Zerk eraman zintuen Brigada Gorrietan militatzera?
1970eko hamarkadan antagonismo sozialeko mugimendu gogor eta indartsua izan genuen Italian, iparraldeko fabrika handietako langileek eta ikasleek bat egin zutenean. Parlamentuz kanpoko ezkerreko taldeek borroka handiak egin zituzten hobekuntza sozialak eskatzeko eta errepresio bortitza jasan zuten. 1969an inoizko greba-ordu gehien egin zen fabriketan: bi milioi. Urte hartan bertan lehergailu batek hamasei hildako eragin zituen Milaneko banku batean, mugimendua beldurrarazi eta estrategiaz aldatzera behartzeko asmo garbiarekin. Anarkistei leporatu nahi izan zieten ekintza hura, nahiz eta argi zegoen faxistek egin zutela, Estatuko instituzioen aginduei jarraiki. Horrek guztiak areago sendotu zituen gure usteak: ezin zela demokrazia burgesean sinestu hiltzaile hutsak zirelako. Lehergailu gehiago etorri ziren: Brescian, batzar sindikal batean, trenetan… Jende arruntari zuzendutako terrorismoa zen hura.

Bestalde, Alderdi Komunista aliatu zen Demokrazia Kristauarekin, alegia, patronalaren alderdiarekin eta, horren ondorioz, mugimendu iraultzailea gero eta jazarpen handiagoa jasaten ari zen (heriotza-mehatxuak, hilketak…) eta oposizioa egiteko bide guztiak itxi zitzaizkion. Hortik borroka armaturako jauzia.

Nola gertatu zen jauzi hori?
1970ean Brigada Gorriak (BG) fabriketako arduradunen aurkako ekintzak egiten hasi ziren. Parlamentuz kanpoko ezkerreko beste talde batzuk ere hasiak ziren borroka armatuaren beharraz eztabaidatzen. 1973an Potere Operaio, nik militatzen nuen taldea, desegin egin zen, talde legal batek jarduteko esparru guztiak agortuta zeudela ikusteak eragindako kontraesanen ondorioz. Gauza bera gertatu zen Lotta Continua-rekin. 1974an, Brigada Gorriek estrategian jauzi bat egin eta Mario Sossi epailea bahitu zuten. Jendeak gorroto handia zion oso espetxe-zigor gogorrak jartzen zituelako delitu arrunt nahiz politikoengatik. Ekintza harekin “Estatuaren bihotzera zuzendutako erasoaldia” delako fasea hasi zen. Fabriketako langileak ziren estrategia iraultzaile horren protagonistak, iraultza egiteko ardatz nagusia Estatuari eraso egitea zen. Orduan erabaki nuen nik BGetan sartzea.

“Aberastasunen metaketaren eta beharrizan gero eta handiagoen logika irentsi dugu, ahazturik kapitalistak ez ziren herrien lapurreta eta esplotazioaren kontura egiten dela, gutxi batzuren onerako eta gehiengoaren kalterako”

Eta borrokatzera bultzatu zintuzten arrazoiek indarrean jarraitzen al dute?
Arrazoiak are sendoagoak dira, egoera ordukoa baino okerragoa baita orain. Baina orduan genuen zerbait falta da orain: jendea eta erakundeak batzen dituen helburu iraultzaile bat. Joan den mendeko porrota ez baitzen gurea izan bakarrik, iraultza egin zuten guztiena baizik (Vietnam, Txina, Sobiet Batasuna…). Eta orain ikusten dugu egoera politikoa eta soziala okerrera doala, baina ez daukagu aurre egiteko indar politikorik, berriro elkartuko gaituen elkar-ulertzerik gabe.

Ez al zaizu iruditzen XX. mendeko porrotik handiena ez zela hainbeste izan erakunde eta proiektu iraultzaileen desegitea baizik eta bestelako mundu bat posible ez dela onartu eta dena aldatu nahi izatetik hobekuntza ñimiñoen eskean ibiltzera pasa izana?
Erabat. Porrot nagusia ez da materiala izan, mentala baizik. Ezinezkoa da iraultzarako biderik zabaltzea buruan ez badaukazu argi beste mundu bat posible dela, eta beste mundu hori sozialismoaren eraikuntza zen guretzat. Bide horrek huts egin du, bai, eta orain atzera begiratu behar dugu okerrak non egin ziren jakiteko. Eta sortu nahi dugun gizarte-ereduaz ari naiz hemen. Linealki garatzen den historiaren kontzeptuaren eraginpean jardun baitugu, pentsaturik gero datorrena hobea izango dela aurrekoa baino. Ikuspegi lineal horrekin aurrerabidearen logika kapitalista irentsi dugu, aberastasunen metaketaren eta beharrizan gero eta handiagoen logika, ahazturik metaketa hori kapitalistak ez ziren herrien lapurreta eta esplotazioaren kontura egiten dela, gutxi batzuren onerako eta gehiengoaren kalterako. Mendebaldean aurrerabideaz daukagun ikuspegia aldatu behar dugu, beraz, Walter Benjaminek esan zuenaren ildotik: posible zela historian gertatutako gauza batzuk ez gertatu izatea eta posible dela gertatu ez zirenak aurrerago gertatzea.

Argazkia: Oriol Clavera

Erakunde armatu bateko buruzagia izan zinen, emakumeek gaur egun baino askoz presentzia gutxiago zeukaten garai batean.
Brigada Gorrietan sartu nintzenean mugimendu feministaren loraldia gertatzen ari zen Italian eta urte luzez ezkerreko taldeetan militatzen aritutako emakume asko talde feministetara joan zen. Nik asko kritikatu nuen bide hori, borroka interklasista, bakezalea eta elitista iruditzen zitzaidalako. Traizio moduko bat iruditu zitzaidan harreman estua neukan kide batzuen aldetik.

Nire esperientzia borroka armatuan emakume gisa oso ona izan zen. Ez Brigadak hobeak zirelako, baizik eta bizia jokoan jartzera daraman egoera batean zaudenean rolek askoz eragin apalagoa daukate. Eta oso adierazgarria da Brigadetan izandako emakumezko militanteen kopuru handia. Borroka armatuan parte hartu zuten emakumeen ehunekoa askoz handiagoa zen politika instituzionalean baino, bere genero-kuotak eta guzti, borroka armatuan emakumeek sentitzen zutelako politika zuzenean egitea zeukatela, gizonen menpe eta bigarren lerroan egon gabe.

Espetxean ere gertatzen da hori. Preso daudenean, emakumeek ez dute amaren edo emaztearen rola jokatu behar eta, paradoxikoki, halako askapen bat bizitzen dute eta hasten dira lehen egiten ez zituzten gauzak egiten.

“Borroka armatuan parte hartu zuten emakumeen ehunekoa askoz handiagoa zen politika instituzionalean baino, bere genero-kuotak eta guzti”

Biktimei buruzko artikulu batean zenioen “biktimen kontua ogibide zentsuratzaile bat bihurtzen ari da. Biktimen eta borreroen kontrajartze metahistorikoa egiteko testuingurua ukatu eta beretzat nahi du hitzaren eta historiaren berreraikuntzaren monopolioa”. Zer diozu subjektu politiko bihurtu diren biktimez?
Aldo Mororen bahiketaren 40. urteurrena dugu aurten eta berrogei urteotan kontakizun berri bat sortu da Italian eta munduko beste bazter batzuetan, iturrietara eta dokumentuetara joz landutako historiografia baztertu eta oroimen indibiduala jarri duena erdigunean. Oroimen indibiduala oso interesgarria da, ez delako abstraktua eta berreraikuntza historikoaren muga zurrunak gainditzen dituelako. Baina egia da, halaber, historia ezin dela soilik biktimek sentitutako minarekin, hutsunearekin-eta osatu, fenomenoez hitz egiteari uzten baitzaio, norberak sentitutakoaz hitz egiteko. Foko guztia ondorioetan jartzen da eta ezkutatu egiten dira kausak, dena ongiaren eta gaizkiaren arteko plano moral batera eramanez, gertakarien testuingurua guztiz alboratzen da.

Zure liburuan diozu “Asko ginen eta ez geunden bakarrik”. Subjektu kolektibo batetik hitz egiten duzu, kolektibitate bat osatzearen kontzientziaz. Nola ikusten duzu egun gailendu den subjektu indibidualizatu atomizatua?
Oso fenomeno bitxia gertatu zen 1960ko hamarkadan: Italiako hegoaldeko langile asko eta asko iritsi ziren iparraldeko fabriketara lanera, alderdi eta sindikatu handiekin loturarik ez eta bitartekaritzaren kulturarik ez zeukatenak. Horrekin batera, langileen seme-alabak unibertsitatera iristen hasi ziren modu masiboan. Eta haien helburua ez zen karrera egitea, hezkuntza beren klasearen askapenerako erabiltzea baizik. Bi indar horien arteko bat-egiteak eman zion indarra mugimenduari eta horri esker iraun zuen hainbeste Italian eta izan zuen halako itzal luzea. Gaur egun, ordea, 68a aurkezten digute gazte, lore eta musika kontu bat balitz bezala, eta ez zinez izan zena: klase-gatazka bat. Guk argi genuen klase batekoak ginela eta klase horren izenean eta alde borrokatzen ginen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Italia
MICEk ordezkatuko du Euskal Herria hizkuntza gutxituen ‘Eurovision’ moduko jaialdiaren finalean

Friulieraz egiten duen irrati lokal bat da Suns Europe jaialdiaren antolatzailea eta berak egiten du zuzeneko jarraipena. Miren Narbaiza MICE ariko da oholtza gainean, Euskal Herria ordezkatzen.


2024-10-16 | Julene Flamarique
Italiak lehen migratzaileak deportatu ditu Albaniara eta Von der Leyenek ekimena Europa osora zabaltzea proposatu du

Kritiken artean deportatu ditu Italiak hamasei errefuxiatu Albanian eraiki duen "harrera-zentro" batera. Proiektua 2023. urtean erabaki zen Meloniren Italiaren eta Albaniako Ramaren arteko akordio bat izan zela eta, eta "migrazio-kudeaketak bizkortzea" du... [+]


Erromatar kartzela Korinton

Erromatar Inperioko hiri gehienetan kartzelak zeudela pentsatu arren, garai hartako espetxeen arrastorik ia ez da aurkitu  aztarnategietan.

Berriki, ordea,  Matthew Larsen Kopenhageko Unibertsitateko arkeologoak Korintoko erromatar espetxea identifikatu du. 424... [+]


La Fábrica Bonita: energia eta elkar-laguntzari buruzko istorio txiki bat

"Ez dugu aukerarik, hauxe da gure lantokia. Eusten saiatuko gara ". Itxiera eragozteko, Italiako fabrika bateko langileek "industria behetik birmoldatzearen" aldeko apustua egin dute, ekoizpen-bitartekoak beraiek kontrolatuta. Kanarietako energia-komunitate... [+]


Milioika migratzaile esplotazioaren eta eskubide gehiegikerien biktima, Europako nekazaritza-sektorean

Langile migratzaileek indarkeria, lanaldi luzeak eta ordainketa eskasak modu ohikoan jasaten dituzte, Europako bederatzi estatutan egindako ikerketa baten arabera. Gutxienekoa baino soldata baxuagoak jaso ohi dituzte ia estatu guztietan, eta emakumeek are soldata baxuagoak.


Aita Mari ontziak 34 pertsona salbatu ditu Mediterraneoan

Igandean egin du erreskatea  Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]


Gutxienez hamaika hildako eta 64 desagertu Mediterraneoan astelehenean bi ontzik izandako ezbeharretan

Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.


Ötziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Fra Mauroren mundu zehatzagoa

Venezia, 1459ko apirilaren 24a. Fra Mauro monje eta kartografoak bere munduko mapa amaitu zuen San Michele de Murano monasterioan zeukan kartografia tailerrean. Portugalgo errege Alfontso V.aren enkarguz egin zuen lan hura, eta, mapa amaitu bezain pronto, Portugalera bidali... [+]


4.000 urteko ezpain-margoa

Paduako (Italia) unibertsitateko ikerlari talde batek Iranen 2001ean aurkitutako harrizko ontzi txiki bat aztertu du. Zehazki, flasko  barruan zeuden arrastoak aztertu dituzte, eta hainbat osagai dituela ikusi dute: hematita xehetua –kolore gorri biziko mineral... [+]


Harakin eta zirujau

Erroma, 1215eko apirila. Laterango IV. Kontzilioan, Eliza Katolikoak apaiz eta monjeei kirurgia egitea debekatu zien, besteak beste. Aurreko kontzilioetan ere, Reimsen eta Toursen, gaia landu zuten, lekaideek soilik arimak salbatzeaz arduratu behar zutela eta gorpuen salbazioa... [+]


Etruriar emakumeak greziarren begietan

Grezia, K.a. IV. mendea. Hainbat greziar pentsalarik, esaterako, Aristotelesek edo Heraklidesek, etruriarrei buruz idatzi zuten, Italiar penintsularen erdialdean eta iparraldean bizi zen herriari buruzko iritzi negatiboa jasoz. Etruriar emakumeak kritikatu zituzten bereziki, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude