Gogoeta egina du gure solaskideak, idatziz. “Euskararen erabilera eskasa euskaldun berri baten ikuspuntutik Bilbon”, dio. Baikor da, nahiz ezkor jardun duen behin baino gehiagotan elkarrizketan zehar, euskaraz bizi nahi eta ezinean.
Ingeniaritza ikasketak egina. Gorabeheraz betea du euskararekiko bidea. Donostian hasi zen euskara ikasten, Bilbon eman dio errematea, 2003an, euskaltegira itzulita. 2013an minbiziak jo zuen, eta lanerako ezindua, euskal kulturaren munduan murgildu zen. Berbalagun eta Mintzaneteko kide, ARGIA, Berria, eta Jakin jasotzen ditu etxean, irakurle klub bateko partaide... euskaraz bizi nahiz bizi da, eguneroko bizimodukoak ez diren bestelako bideetan, euskara erabili nahiz. On Kixote bat, Eremuko Simon bat, Txema Aizpurua.
Nondik sortu da zure gogoeta?
Mintzanet egitasmoan ari naiz, eta astean behin bi lagunekin biltzen naiz. Asteartero, Baranbion bizi den neska batekin. Asteazkenero, Algortan bizi den gizonezko batekin. Iaz, foro bat sortu zuten Mintzaneten, gure iritziak plazaratzeko eta beste. Baina foroak ez zuen harrera berorik izan, eta orduan, zer edo zer idazteko eskatu zidaten egitasmoaren arduradunek. Baina ordurako gogoeta egina nuen nik, eta nire kolkokoak paperean jarri besterik ez nuen egin behar izan. Gogoeta eginagatik, ordea, erantzunik ez dut kasik batere izan.
Euskararen erabilera eskasaz ari zara zure gogoetan.
Bai, oso eskasa, erabilera Bilbon. Donostiarrak gara senar-emazteok, baina Bilbora bizitzera etorri ginen 1997an, lan kontuengatik. Eta, hain zuzen, hemen hasi nintzen seriotasunez euskara ikasten, 2003an. Handik bi urtera, EGA atera nuen. Hala ere, euskara erabiltzeko aukerarik ez nuen lanean. Gero, gaitzak jo ninduen, eta lanerako gai ez nintzenez, tarte handiagoa izan nuen euskarari eskaintzeko.
“Euskaldun berri” definitu duzu zeure burua, zure gogoeta idatzizkoaren goiburuan.
Kalean bolo-bolo dabil izen hori, “euskaldun berri”, eta neuretzat hartu dut. Baina ez dakit noiz arte izango naizen euskaldun berri. 55 urte betetzeko, oso berri ezin izan! Kar, kar... Euskaldun ikasia, bestela. Baina hori ere ez da oso erabatekoa. “Euskara ikasitakoa”, esan beharko nuke. Alegia, ez zidan amak irakatsi, ez nuen etxean jaso. Euskaldun berri... On Kixote moduko bat, edo Eremuko Simon bat.
Euskalduna bere bakardadean, zu.
Irakurle klub bateko kide naiz, foru liburutegiak antolatua da, Julen Gabiria gidari dugula. Oraindik orain, Clarice Lispector-en Zorion klandestinoa irakurri dugu. Ez nuen idazle hori ezagutzen, eta estimatu nion Juleni haren liburua aukeratu izana. Lispectorrek dio ez duela arrazoimenean sinesten, animalien bizitza miresten duela dio, animalietan buru-arimek bat egiten dutela. Aldiz, gizakiok urteen poderioz hainbat maskara eta estalki asmatzen ditugula, gure burua ezkutatzeko, batetik, eta bestetik, berriz, gizarteak nahi gaituen moduan azaltzearren: estalki bat erabiltzen dugu lanean, beste bat etxean, hirugarren bat kaleko lagunartean. Alde horretatik, gaixotasunak erakutsi dit barruko izaera, benetakoa, erakutsi beharra dagoela zoriontsu izan ahal izateko. Ez dago beste bizipozik. Estalkiekin baldin bagabiltza, gure barrua bigarren planoan geratuko da, ezin aterata. Etsigarria da.
Etsigarria zaizu euskararen erabilera eskasa?
Guztiz etsigarria. Euskaldun izan ahal izateko lan egiten dut, gustura, baina ondokoarekin komunikatzeko da hizkuntza, harremanetarakoa, eta Bilbon aukera gutxi ditugu. Kalera irten eta nekez entzungo duzu euskararik. Beharbada, jolas-parkean, gurasoak euskaraz ariko dira beren haurrekin, eta gainerakoan, euskaraz ariko dira zenbait puntu jakinetan, dela Kafe Antzokian, dela Parte zaharrean AEKren euskaltegiaren inguruan, Somera kaleko Bira elkartean, Arriaga antzokiko euskarazko bazterreko ekitaldietan... Gune jakinak dira. Zer edo zer da, ezin da ukatu. Horiei esker bizi gara, edo bizi ahal dugu, euskaraz.
Euskaltegiak hor dira, ikasle gehienak ere bai, D ereduan gehienak, baina eremu guztiz erdaldunduan direnez, harako gure oroitzapenak bezala dabiltza...
Egiten dugun lanak ez dakar ekarri beharko lukeen emaitzarik. Ezta pentsatu ere. Esango nuke, askotan lan horiek guztiek kontrako efektua ere eragiten dutela. Ez dakit, esate baterako, euskara behartuta ikasten dutenek ez ote diren, neurri batean, euskara gorrotatzera iristen. Gorrotatzera, edo ezinikusia izatera. Hainbeste oposizio, perfil, berridazketa eta bestelako. Lan nekea da, batere ez erakargarria. Maite ez baduzu, kontrako efektua lortzen da. Eta, gainera, ikaste prozesua amaitu eta gero, erabiltzeko aukerarik ez baduzu, akabo! Zaila da egoera. Euskara tresna huts gisa ikusten badugu, ez du balio, ez dugu ezer egingo, hor dugu-eta beti gaztelania, guztion artean komunikatzeko. Euskara erabiltzeko, berriz, beharrezkoa da lotura afektiboa, halako gogo bat, halako bultzada bat. Zergatik hautatzen dugu euskara, euskara hautatzen dugunok? Maite dugulako! Maitasunari lotua dago. Izan liteke militantzia, izan liteke lagunarte giroa... baina nahitaezkoa da lotura afektibo hori. Euskara etxean jaso baduzu, hor duzu lotura, amarekiko nahiz gurasoekikoa. Bilbo honetan, gutxi dira euskara amarengandik jaso dutenak.
Euskal kulturaren ezagutzan sakontzeko proposamena ere egin duzu zure gogoetan.
Bai, bada. Hizkuntzarekin batera, historia, kultura, zinema, kirolak, jolasak, literatura... erakustea. Izan ere, hizkuntzari zerk ematen dio garrantzia? Zerk ematen dio prestigioa? Hizkuntza horretan produzitzen denak. Alemanez ikasiko bagenu, Goethe, Kant edo Hegel zein izan ziren eta zer idatzi zuten jakingo ez banu, oso gauza eskasa litzateke. Axolagabekeria handia litzateke frantsesez ikastea eta Truffaut, Jacques Brel, Edith Piaf eta gainerako autoreen lana ez ezagutzea. Sortzaile horiek egin duten lana ezagutuz gero, hizkuntza horretan datorren kultura maitatzera irits naiteke, eta horrela askoz ere erakargarriagoa da hizkuntzak ikastea.
Horixe egin beharko litzateke euskararen kasuan, zure ustez.
Jakina. Lotura afektiboak bilatu behar dira, gurasoek erakutsi ez dizuten hizkuntza erabili ahal izateko. Horrelakorik ez bada, kanpoko eragileak beharko dira, euskaraz dakigunok euskaraz hitz egiteko. Bilbon, ordea, kanpoko eragileek, kaleko giroak eta bestelakoek ez zaituzte bultzatzen euskaraz hitz egitera, guztiz kontrakora baizik, euskara ez erabiltzera. Euskara erabiltzeak arazoak ekartzen dizkizu Bilbon. Inoiz, borrokalari jaikiz gero, zeure buruari esan diezaiokezu: “Gaur euskaraz hitz egingo dut!”. Kalera irten, dendara joan eta hasi zaitezke euskaraz eskatzen, baina jasoko duzun erantzuna oso ezkorra izango da askotan. “Zer ari da hau, ordea!”. Euskal Herrian gaude, baina Madrilen egongo bagina bezala. Azkenean, oso ezatsegina da.
Semeekin hitz egin omen duzu gurekin aritu baino lehen.
Galdetu nien zergatik ez zuten euskara erabiltzen. Errieta gabe, beti. Zu zentozela esan nien, eta haien egia jakin nahi nuela, alegia, ni haiekin euskaraz hitz egiten saiatzen nintzenean ere, gaztelaniaz erantzuten zidatela. Haiek batere zalantzarik gabe erantzun zidaten, eta iritzi bera zuten bi semeek ere: “Erosoago delako”. Kalean gaztelania dela nagusi esan zidaten, eta bestalde, ez zutela euskaraz hitz egiteko behar besteko trebetasunik, kosta egiten zitzaiela, eta egokieran, gaztelaniara jotzen dutela. Neurri batean, ulertzekoa da haien jarrera, gauzak ahalik eta modurik errazenean egiteko joera baitu gizakiak. Emazteak eta biok ere gaztelaniaz ari ginela ezagutu genuen elkar, eta gaur egun, nire temaren ondorioz, saiatzen gara batzuetan euskaraz hitz egiten.
Gizarteak antolatu egin behar duela idatzi duzu zure gogoetan.
Bai, komunitateak sortu. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskararen ezagutza maila handia da Bilbon. Erabilera, berriz, hutsaren hurrena. Bilboko euskaldunok oso sakabanatuta gaude, loturarik ez dugu. Gizartearen isla gara horretan, nor bere zuloan sartuta bizi gara, interneti katigatuta. Eta, horrela, erraztasun handiagoa dugu AEBetan bizi den batekin hitz egiteko, Bermeon bizi den batekin baino. Horixe da gure bizimodua. Horregatik diot benetazko komunitateak sortu beharko genituzkeela, eta horretarako aitzakia ezin hobea iruditzen zait euskara. Komunitateak izan litezke fisikoak nahiz birtualak, baina harreman fisikoa ezinbestekoa da, nire ustez, hurbiltasun fisikoa nahitaezkoa baita enpatiarik sortuko bada. Harreman fisikoa sendotuz gero, era birtualean eman lekioke jarraipena, skyp, whatsapp edo dena delakoaren bidez.
Bateko eta besteko euskalkiak hitz egiten diren guneetan egonaldiak egitea proposatzen duzu. Eta ez zara lehena.
Egonaldi luzeak, tokian tokiko euskalkiak ulertzeko, eta benetan euskaldun bizi garela, bizi gaitezkeela, sentitu ahal izateko. Zaila da ulertzea, baina hemendik hogei minutura Bermeora joan, edo Ondarroara, edo Ipar Euskal Herrira, eta ahaleginak eta bi egin behar izaten ditugu bertakoei euskaraz ulertzeko. Euskalkiak arautu egin behar direla diote, esaten du Koldo Zuazok, adibidez, eta ados nago. Baina, bestalde, zer esan nahi dugu, euskaldun osokoak izateko euskalki guztiak ikasi behar ditugula? Eta, horrez gainera, hitanoa? Eta bailara bakoitzeko berezko esapideak? Gogoan dut emakume bat, Lasturkoa [Debako auzoa], euskaraz ikasi behar genuela esaten ziguna. Ikasi genuen noizbait, eta emakume harekin euskaraz hasi orduko, gaztelaniara jotzen zuen berak!
Hara, bestea!
Bai, bada! Hark bere euskara hitz egiten zuen, ez zen eskolatua, gure euskara batua, batzuetan perfektua eta besteetan ez hain perfektua, arrotza zitzaion. Eta mendira noala, tontorrera igotzeko bideari buruz euskaraz galdetu, eta gaztelaniaz erantzuten didate. Euskalki arraroren bat hitz egiten dudala pentsatzen dute, nonbait. Ez dakit, bada, baina euskaldun berri guztioi gertatu zaigula horrelakorik esango nuke. Kontzientzia hartu behar dugu, egoera horretan gaudela kontziente izan, arnasguneetan bizi direnek haietatik kanpo bizi garenoi harrera hobea egin diezaguten. Azken finean, ahaleginak egiten ari garenoi erraztasunak ematea litzateke kontua, besterik ez. Euskaraldian bezala.
Euskaraldian?
Zer egin behar du, bada, Belarriprestak? Ahobizi denari erraztasunak eman, euskaraz hitz egin dezan. Espero dezagun apurka-apurka egoera aldatzea.
Espero. Zer espero duzu Euskaralditik?
Gauza gutxi... Baikorra naiz, izatez, eta ez nuke honetan ezkor azaldu nahi. Espero dut kanpaina eraginkorra izatea, baina gaurko egoera kontuan, ez dakit oso urrun iritsiko ote garen. Badakigu ezagutza zabalduta dagoela, badakigu ez dugula gure arteko harremanetan euskaraz hitz egiteko ohiturarik, eta gainera, badakigu ez dugula euskal kulturaren gaineko berririk. Orduan, hitz egiten hasita ere, zertaz hitz egin behar dugu? Mamirik gabeko elkarrizketak egin behar ote ditugu, bada? Horixe da nire kezka.
Euskaldun berria zu, Txema, nola iritsi zinen euskararen mundura?
Txikitan ez nuen euskararik jaso etxean. Hala ere, gogoratzen naiz, ama bisitan joaten zitzaion amonari, Zarautzera. Mintzaira arrotz batean mintzatzen ziren, ez nuen tutik ulertzen. Handik urte batzuetara, eskolan, frantses irakasleak –Etxeberri, Iparraldekoa–, zuzendu egin zidan deitura. Azterketan, ohi nuenez idatzi nuen nire izena: “Jesus Mari Aizpurua Echaniz”. Itzuli zidanean, deitura ere zuzendua zidan: “Etxaniz”, jarri zidan. “Zer da hau, ordea?”. Eta xehetasun hori, eta amak amonarekin ibiltzen zuen hizkera hura lotu, eta asmatu nuen: “Euskara da!”. Handik laster hasi ziren manifestazioak, batzarrak, poliziaren aurrean lasterka ibili beharra... Nerabezaro betean harrapatu ninduen mugimenduak, eta militantzia piztu zen nire barruan, eta bizipenen bidez euskararekiko lotura afektiboa egin nuen.
Lehen ere horixe esan duzu, lotura afektiboa.
Begira, gogoratzen naiz, txikitan, Donostiako estropadetan ginela. Jokatu zen estropada, eta hiriko bandera eman zioten irabazleari. Aldi berean, baten batek ikurrina zabaldu zuen, eta Eusko gudariak abesten hasi zen jendea. Eta, orduan, gure aitaren aldeko amona negarrez hasi zen. Eta ni, harrituta. Gero, amona hura euskalduna zela jakin nuen, nahiz eta nik bizian ez nion euskaraz hitzik entzun. Donostiara etorritakoa zen, baina lotsagatik, debekuagatik edo dena delakoagatik, galdu edo ezkutatu egin zuten euskara, beren mintzairak hirian bizitzeko ez zuela balio ikusi zuten. Horrelako bizipenek euskararekiko lotura afektiboa egiten laguntzen dute. Gaur egun, ez dago era horretako lotura afektiborik. Maitasun kontua da euskara. Maite ez baduzu, ez dauka zentzurik, ez du merezi.
“Bilboko leku euskaldunetako bat da Kafe Antzokia. Han inguruan bai, entzuten da euskara, baina baita gaztelania ere. Asko, gainera. Ostiral eta larunbat gauetan, gehiago entzuten da gaztelania, euskara baino. Nik esatera, gehienbat bertako euskaltegiko irakasle-ikasleek erabiltzen dute”.
“15 urte nituela, gurasoek euskara akademia batera bultzatu ninduten. Betebehartzat hartu nuen euskaraz ikasi beharra. Gogoz kontra joaten hasi nintzen, harik eta joateari utzi nion arte”.
“Emaztearen eraginez, mendi ibilaldiak egiten hasi ginen Mendiak eta Herriak-ekin. Han ziren Felipe Uriarte, Xabier Erro, Martin Zabaleta! Nire heroiak, garai hartan. Euskaldunak ziren, gainera. Ahal nuen moduan egiten nuen haiekin euskaraz, eta okerrak egin arren, berdin onartzen zuten nire euskara. Handik lasterrera, Lesakako barnetegira joan nintzen”.
Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]
Argantzonera (Araba) iritsiko da asteazkenean Euskarabentura espedizioa, Gesaltz-Añanatik pasa ostean aurreko egunean. Hamar egun dira espedizioa hasi zela Atharratzen (Zuberoa). 15-17 urte bitarteko 125 Jzioquitar (Euskarabenturako parte-hartzaileek jasotzen duten izena... [+]
Erripako kaian euskaltzale ugari bildu dira euskaraz libre aritu ahal izateko sortu den mugimenduaren aurkezpenean. “Urte luzez bilbotarrek egindako lan ikaragarriaren ondorio eta ondorengo” izango dela adierazi dute.
Inoiz baino jende gehiago bildu da Iruñerriko III. Mintzodromoan. 180 pertsona inguru aritu dira euskara praktikatzen eta sare euskalduna zabaltzen.
Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]
Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.
Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]
Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]
Umap Twitterreko euskarazko jardunaren biltegia 2010eko urrian hasi zen martxan, CodeSyntax-en eskutik. 2023an, hil egin da. Elon Musk-ek hil du, berak zer garen eta nor garen ez dakien arren. Umap-en hainbat zerbitzuren oinarri izan da, euskarazko txiolarien, hedabideen eta... [+]
Ekainaren 24an bigarrenez egingo da Euskara jalgi hadi plazara lagunarteko futbol txapelketa Lezaman. Euskal Herri osoko lau kirol elkartek hartuko dute parte, eta helburua kirolean ere euskararen erabilera sustatzea izango da.
Erronkaribarreko ehunka lagun biltzen duen urteroko zita ospatuko dute maiatzaren 20an Erronkariko herrian bertan. Uskararen Egunak 26. edizioa du aurtengoa, eta ibarreko herritarrak kohesionatzeko eta jendartea biziberritzeko ezinbesteko ekimena bihurtu da.
Errealitatea eraldatzeko, gauzak ahalik eta zehatzen ezagutu behar direla sinetsita dago Iñaki Iurrebaso Biteri (Legazpi, 1967). Soziologoa ikasketaz, ofizio horretan aritu izan da beti, hasi Donostiako Udalean, Aztikerren ondoren, eta bere kabuz gero. Azken zortzi urteak... [+]
Nafarroako 7. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak eman ditu jakitera Euskarabideak, Nafarroako Gobernuaren euskara zerbitzuak. 2021ekoak dira neurketak, eta bertan jasotako datuak laburbilduz, Kike Amonarriz soziolinguistak egin duen bezala, "ezagutzan irabaziak, erabileran... [+]
Amikuzeko Zabalik elkarteak aste honetan ekingo dio euskara hutsezko Otsail Ostegunak hitzaldi zikloen 26. edizioari. Aurtengoan, gainera, ekitaldia otsailetik martxora zabaldurik lau ez baina bost ostegunez burutuko dira hitzaldiak Donapaleuko Bideak gunean, duela gutxi arte... [+]