Frantziak munduaren jendarme izan nahi du, NATOko beste estatuekin batera. Herrialde batzuetako baliabide naturalak ustiatuz, kolonizazioaren ondorioetan sakonduz, bere egiteko historikoa atxiki nahi du. Gerra inperialistak sekulako negozioak dira. Frantziak Zerbitzu Nazional Unibertsala (SNU frantzesezko sigletan) jarriko du abian 2019 urtean. Ipar Euskal Herriko gazteria ez da geldirik horregatik. Aitzina gazte mugimenduaren jarduera lekuko.
Frantziako Estatuan 2001ean desagertu zen derrigorrezko soldadutza. Harrezkero, gazteak, neskak nahiz mutilak, Lizeo garaian, egun bateko zerbitzua betetzen dute. JDC deitu eguna (Journée défense et citoyenneté–Defentsa eta herritartasunaren eguna). Egun horretan parte hartu behar dute nahitaez. Alabaina, 2019ko urtarrilaz geroztik, Frantziako Gobernuak SNU (Service National Universel–Zerbitzu Nazional Unibertsala) delakoa indarrean jarriko du.
15 eta 18 urte arteko gazteek barnetegi-zerbitzu bat egin beharko dute derrigor. Hasteko, hamabost eguneko ikastaro bat bete beharko dute, eta ondoren, beste hamabost egunez, arlo zibikoan eta militarrean prestatzeko “engaiatu”. Hilabeteko aldi horren ostean, hiru hilabeteko jarraipena egitera behartu ahalko dituzte gazteak. Oraingoz, solas-lekuetan diotenez, “boluntarioa” izan liteke.
Gobernuarekin kritiko diren hainbat sektorek proiektuaren megalomania salatu dute. Derrigorrezko soldadutzaren zerbitzua egokia denentz sakon aztertu gabe, zerbitzua ezartzeko presa eta era ezbaian jarri dituzte. 800.000 ikasle ari dira lizeoetan uneon. Gobernuak, lizeotako barnetegiak erabili nahi ditu ikastaroak antolatzeko. Une honetan 230.000 toki baino ez daude prest gazteak hartzeko.
Gobernuaren egitasmoaren arabera, SNU zerbitzuak “Errepublikaren balore klasikoak berreskuratzeko” balio behar du. Gazteen iletrismoa detektatzeko ikastaro gisa aurkeztu du ekimena, baita hauen osasunaren bilana edo balantzea egiteko ere. Erran gabe doa, egitasmoak “nazioaren defentsa erronkarekin sentsibilitzatzea” dauka xede.
Frantziako Legebiltzarrean Emmanuel Macronen Gobernuaren lehen Lurraldearen Ituna aurkeztu zen egunean, Édouard Philippe Lehen ministroak hitz hauek erabili zituen SNUren funtsa azaltzeko: “Izanaren gainean lan egin behar dugu, egitearen gainean ongi ariko bagara”. Hitz hutsalak inondik ere. Diskurtsoan erran zuenez, lizeo garaira iritsi orduko, hamabost urte betetzean, gazteek bideratuta eta barneratuta izan behar dituzten ikaspenak eta baloreak indartzeko balio behar du soldadutzak. Besteak beste: SNUn odola ematearen beharraz kontzientzia izan behar dute, ibilgailuen gida-baimena eskuratu aurretiko lezioak eta “beharrezko sentiberatasuna” jasoko dituzte, eta horiek gutxi bailiran, sexu-bortxaketei aurre egiteko prestatuko dituztela diote. Horiek eta beste ideia anitzez gain, Lehen ministroak “ideia guztiak ongi etorri” direla gehitu zuen. Esaterako, askoren harridurarako, “gazte autista direnei buruzko aktibitate ziklo bat ere ‘imajinatu’ daiteke SNUren barnean”, gehitu zuen. Gobernuaren oposizioan dauden alderdietan nahiz gobernuaren inguruetan, ekimenak harriduraz gainera, kezka ere sorrarazi du. Ménaouine txostenak dioenez (Armadako Daniel Ménaouine jenerala da SNUren ardura nagusia duen taldeko burua), egitasmoak hiru milioi euroko kostua izanen du urteko. Anartean, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak iragarri du 1.800 lanpostu kenduko dituztela irakaskuntzan. Proiektua hasi baino ez da egin, baina hiruhilabete gehiago luzatuko balute, egitasmoak kostu are handiagoa ekarriko luke. Betiere, bistan da, Hezkuntza Sailaren kaltetan.
Frantziako hedabide aurrerazaleek “bufoikeria”-tzat jo dute egitasmoa, SNU proiektuak, funtsean, derrigorrezko soldadutza ezartzeko xedez antolatu baita. Macronen gobernua “gizarte txunditzea”, “askotarikoen gizarte” edo “elkarrekin bizitzea” terminoak erabiltzen ari da ekimenaren gibelean dagoen asmoa itxuratzeko. Funtsean, hilabeteko barnetegi behartu horretan ezkutatu nahi dena hauxe da: ikasleek hamabost urtera bitartean bere egin ez dituzten “balore sozial eta gizalegekoak” hilabete bateko ikastaldian nahi dituzte txertatu. Nahitaezko zerbitzu horretan, gazteek gizartean jasotzen ez duten “bizitzaren gaineko ikasketa” eman nahi du gobernuak. Gizarte arauak ezarri nahi ditu soldadutzak, helduek berek betetzen ez dituzten arauak gazteek bete ditzaten.
Gobernuaren egitasmoaren arabera, SNU zerbitzuak ‘Errepublikaren balore klasikoak berreskuratzeko’ balio behar du. Gazteen iletrismoa detektatzeko ikastaro gisa aurkeztu du ekimena, baita hauen osasunaren balantzea egiteko ere
SNU lantzen ari den batzordeko eledunak –parlamentariak berak– ezaugarri edo tasun sorta hau zerrendatu zuen Asanblea Nazionalaren aitzinean: “Kohesioa, kemena, onginahia, askatasuna, errespetua, oroimen lanketa, eredugarritasuna, apaltasuna, prestutasuna, atxikimendua, elkartasuna, erantzukizuna, betebeharrerako sena, erresilientzia, esfortzuaren gustua...”. SNUk horiek guztiak “txertatu” nahi ditu gazteengan. Badira ordea, SNU ezbaian jarri, eta “ba al dago parlamentarien artean ezaugarri horiek guztiak biltzen dituen inor?”, galdetu dutenak.
Izanez ere, ez dira gutxi “Frantzia ezberdintasunak direla medio odolusten ari dela” pentsatzen dutena. Hots, Askatasuna, berdintasuna, senidetasuna goiburuko lematzat duen nazioak “berdintasun” printzipioa urratzen ari da egunero. Macronek “senidetasuna” aldarrikatzen du, baina finean gazteak gerrara bideratu nahi ditu. Hori gutxi bailitzan, “askatasuna” ere urratzen du, SNU ez baita hautazko zerbitzua. Philippe Meirieu pedagogoa da horrela pentsatzen duenetako bat. Hauxe eman du publikoki aditzera berriki: “REPeko (klase sozial guztietako ikasleei aukera bera emateko lehentasuneko hezkuntza instituzioa) ikasle batek, zailtasun sozial handiak dituenak, 6.000 euroren kostua dauka urtean. Aldiz, eskola handietarako prestatzen ari den ikaslea, klase sozial lagundutako hiritarra, 14.000 euro kostatzen zaio nazioari”.
Édouard Philippe Lehen ministroaren hitzetan, SNUren bidez ez dago “zerbitzu militarra bisortzeko xederik”. Alabaina, Ménaouine txostena Armadako jeneral batek kudeatuta dago, eta proiektuak militarren agindu ukaezinak barnebiltzen ditu. Hiritar askoren gogoan daude Macronen eledunak presidentzialetarako kanpainan erabili zituen hitzak: “Frantziako lehentasunak bi dira: diziplina sarrarazi eta agintaritza ezarri”. Macronek Armadako goi-agintarien oniritzia behar zuen boterea lortzeko, baita lortu ere. Florence Parly da gaur egungo Armadaren ministroa. Goi-mailako funtzionario, enpresa publikoan jardundakoa, SNCF eta Air France-n, besteak beste. Alderdi Sozialistako (PS) Lionel Jospin Lehen ministro izan zen garaian, Estatuaren aurrekontuen idazkaria izan zen. SNU egitasmoa ez da bideratua izan, bere oniritzia aintzat hartu gabe: “Frantziako armada guztiek, historikoki bete duten tokia berrartu behar dute”.
Behin eta hasteko, oraindik nerabe diren gazteak barnetegian –funtsean kasernan– hezi nahi dituzte. Lehenik, gobernu berriaren iritziz, egitasmoa emeki zabaldu nahi dute, baina segidan, kritiko diren sektoreen –egiari zor, gizartearen gutxiengoa– harridurarako, ikasi beharreko printzipioak militarren pentsamenduak markatuta izanen dira. SNU edo soldadutza gisako hau apurka-apurka ofizialtzen joanen den zerbitzua legez aurreikusten da. Izan ere, egungo munduaren testuinguruak iraganeko logika militarra sustatzen laguntzen du. Logika eta osagai militarrak ari dira berriz ere sarrarazten jendartean. Estatuko botereek “nostalgiazko” dei gisako bat hedatu dute gazteen artean azken hamarkada honetan. Konparazio baterako, jihadisten atentatu terrorristek iraganeko gerren nostalgia elikatu dute. Desabantailan bizi diren klase sozialen seme-alabak kanoi-bazkarako aproposenak bihurtu dira, Estatuaren nahikeriak bete ahal izateko. Macronek Frantziako presidentzia eskuratu aurretik, Asanblea Nazionalean lege proposamen ugari aurkeztu ziren derrigorrezko zerbitzua ezartzeko. Macron aurreko gobernuen asmoak betetzera heldu da orain. SNU egitasmoa gauzatuz doan heinean, Macronen helburu behinena hiru eta sei hilabeteko derrigorrezko zerbitzu militarra posible eginen duen legea onetsia izatea da.
SNUk izaera militarra sarrarazi nahi du gazteengan. Estatuak izaera hori Hezkuntza Nazionalaren baitan integratu nahi du, itxuraz hautazko pausoa balitz bezala hasieran, eta gero, lege berria onartua izan ondoren, modu behartuan. SNU lehen ekimena besterik ez da. Gobernuak “hiritarren ibilbidea” kontrolatu nahi du nerabeen eskolarizatze garaitik beretik. Hamabost urteko gazteak EMC programaren (Heziketa Moral eta Zibikoa) jarraibideetan hezten hasten dira. Areago, hezkuntzaz arduratzen diren sektore aurrerazaleek, azken urteetan, Lehen mailako eskoletan gazteen identitatean noraeza militarra ezartzen ari ote den susmoa daukate. Historiaren ikasgaia eleberri frantziar nazional ospetsuaren ildoan ari da gogo biziz irakasten berriz ere. Ospakizun patriotikoek, hots, militarrek, ereiten dute bidea, sinbolo nazionalei kultua egiten zaie gero eta era bereziagoan. Bigarren mailan jada, kolegioetan, Nazio Defentsaren Heziketa ikasgaiaren baitan dago. Ikasleek ez dute inolako aukerarik beren ikusmoldeak agertzeko. “Gerra, bakea, bonba atomikoa, gatazkak konpontzeko bortxa bitartekoa, nazioarteko harremanak, armen merkataritza edota estatuaren segurtasuna” bezalako gaiak, oinarrizkoak egungo heziketa libre eta egokia garatu ahal izateko, eztabaidaezinak bihurtu dira. EMC programaren lehenbiziko lemak honela diktatzen du: “Armadak nazioa zerbitzen duela ulertarazi behar zaie ikasleei”.
SNU egitasmoa gauzatuz doan heinean, Macronen helburu behinena hiru
eta sei hilabeteko derri-
gorrezko zerbitzu militarra posible eginen duen legea onetsia izatea da
Bere bultzatzaileek besterik esanda ere, SNUren behin behineko printzipioa zerbitzu militarra berrezartzea da: ikasleak kasernara eramatea, uniformea jantzaraztea, gazteak militarren markoan ezartzea eta hertsatzea. Estatuak gazteei kontrol hertsagarria ezarri nahi die nerabezarotik beretik, gaztaroan heldutasunera iristeko bidea ixten die nerabeei. Estatuko hezkuntza erakundeetan heldutasunik gabeko herritarra ari da hezten. Etorkizun askerik ez dago. Herritarrek auzitan ezarri ezin duten ordenu politiko eta sozial baten onarpena bilatzen du Estatuak. Kritika egitetik kanpo egongo den hiritarra hezten ari da Frantziako Estatuan.
Frantziako Legebiltzarrean aldaketarik ezean, 2019ko urtarriletik aurrera SNU abian ezarriko da. Aitzina mugimenduko Aitor Servierren hitzetan “Gobernuak kontsulta gisako sasi-inkesta bat antolatu du irakaskuntza sektore batzuen artean, eta oro har, ez da gazteriaren aurkakotasunik agertu, Frantzian ez da ikusten inolako erresistentziarik ikastetxetan, ezta gazteriaren munduan ere”.
Frantziako ezkerrak ere ez du ahalmenik egungo gazteen sektoretan eragiteko. Servierrek ez du uste, egun nagusi den egoera horri aurre egiteko deus sortuko denik: “Bi gai ageri dira hor, ezkerraren porrota eta gazteriak antolatzeko daukan ahalmen eza. Halaber, prekarietatearen gaia ere hor dago, gazteriak bigarren mailakotzat jotzen du, baita ezkerrak ere”.
Frantzia inperialista kritikatzeko ahalmenik ez da antzematen frantziar jendartean. Ipar Euskal Herriko gazteria, bere txikian bada ere, salbuespena da Hexagonoan. Aitzinako gazteek horrela diote: “Konstituzioan aldaketarik egin ezean, zerbitzu nazionalak ez du derrigorrezkoa izaterik oraingoz. Macronen erranen arabera, ez litzateke beraz intsumiturik egonen; berdintasunaren eta senidetasunaren ideia barneratzea lortu ez duten gazteak baizik. Menturaz, arrazoia dauka. Ez ditugu barneratu gu makurtzea helburu duten Errepublikaren baloreak. Euskal gazteria, askapen prozesu ororen hauspoa izan da eta izanen da. Ez dugu zerbitzu nazionalik behar engaiamendua zer den ikasteko”.
* * * * * * * * * *
Frantziako Gobernuak soldadutza zerbitzua ezarri nahi du berriz ere. Aitzina mugimendua adi-adi dago.
Bistan da. Presidente denetik, Emmanuel Macron segurtasun ordena bermatzeko ahaleginean ikusi dugu. Salbuespen Legea jarri zutenez geroztik are eta nabarmenago ageri da Frantziako Konstituzioaren espiritua. “Legeak Frantziako soldadutzaren nostalgia bati erantzun behar dio”, erran ohi du Macronek. Estatuak nostalgia horrek balore zenbait transmititzeko baliatu du belaunaldiz belaunaldi. Iraganean gizon egiteko funtsezko zerbitzu eta urratsa izan omen zen. Orain, berriz ere, hainbestetan aipatu ohi duen Batasun Nazionala bermatzeko ezarri nahi du zerbitzu hori.
Nola hartu duzue Gobernuaren egitasmoa?
Ez dugu harriduraz hartu. Azken urteetako Estatuaren logika politikoaren jarraipena da. Segurtasuna eta Batasun nazionala areago bermatzeko ekimena da. Jihadistek iragan urteetan Parisen eta orobat Frantzian egindako atentatuen testuinguruan abiatu zen egitasmo hori. Soldadutza egiteko molde berria Estatuaren egituraren arazoei heltzeko modu bat da. Errepublikaren baloreen defentsa sustatu dute sutsuki. Telebista, irrati eta egunkarien bidez kanpainak zabaldu dituzte gazteak armadan sar daitezen.
Estatuak zerbitzu hori nola zabaldu duen aztertu duzue.
Bai, zerbitzurako deiak arriskua ekarri baitu, eta baliatu nahi dute derrigorrezko zerbitzua ezartzeko, asimilazioaren bidean, besteak beste. Herritar heziketa deitzen duten hori Kolegioan eta Lizeoan ezagutu dugu gazteok. Errepublikaren seme-alaba otzanak hezteko baliatzen duten ikasgaia da. Armadaren inguruko hainbat kontu zabaltzen dute, horien artean Frantziako ikur patriotikoen berri ematen digute. Horretaz gainera, JDC delakoan (Defentsa eta Herritartasunerako eguna) parte hartzera behartuta gaude. Egun horretan, Frantziak munduan barrena egiten dituen eraso inperialistak heziketa onaren eredu gisa jasan behar izaten du gazteak. Armada, munduaren segurtasunaren eredu gisa azaltzen digute, hainbat herrialdek jasaten duten “terrorismoa”-ren aitzakian. Hexagonoan eta itsasoz harandiko eskualdeetan armadak daraman jardueraz gain, poliziarena ere aipatzen digute eskolan, berebiziko ekimen gisara.
Euskal Herrian gatazka armatuaren aroa iragan ondoren, Estatuarekiko konfrontazio apaltze gisako bat izan da. Zer sentsibilitate maila dago jendartean, armadaren aferekiko?
Gure belaunaldiko kideok, agian, ez dugu ezagutu euskal gatazkaren fase gordinena, baina gatazkaren ondorioak hor daude, eta horiek pairatzen segitzen dugu. Presoak daude eta hainbat jende ihesean eta sasitan. Konfrontazioaren apaltze bat aipatu duzu, baina Aitzinako gazte antolatuoi dagokigu konfrontazio hori berpiztea eta Estatuarekiko talka hori gure heinean agerraraztea. Zerbitzu nazionala eta militar behartu honen aurrean kontzientzia sustatzeko borondatea dugu. Gai horren inguruan gazteria antolatzea eta borrokatzeko moldea lantzea da gure betebeharra.
Zein dira egungo bitartekoak edo borroka moldeak?
Horrelako inposizioari aitzina egiteko bitartekoak ez dira iragan garaiko berak, kontziente gara horretaz. Iraganean intsumisioa landu zen, eta intsumisioei kartzela zigorra handiak ezarri zizkieten. Gaur egun halako zigorrik ez badago ere, Zerbitzu Nazional Unibertsalean parte hartu ezean, autoaren gida baimena pasatzea debeka diezaiekete gazteei, Baxoa pasatzeko aukera kentzen ahal zaie, beste neurriren artean. Gure planteamendua hau da: euskal gazteriak ez dauka zerbitzu hori betetzeko inolako beharrik. Macronek “elkartasuna, auzolana, ardura hartzea, errespetua, askatasuna eta beste…” aldarrikatzen du Errepublikaren balioen ildoan. Aldiz, hemengo gazteriaren sektore bat gaztetxeetan, kultur taldeetan eta gizarte elkarteetan ari gara gure proiektuen ildoan, horietan sinesten dugu. Gure bitartekoak edo borroka moldeak egunero lantzen ditugun ekimenen baitan daude. Zerbitzu nazionala delakoan parte hartzeko behartu izanda ere, euskal gazteriari ez dizkigute sinetsaraziko beren hitz horien gibelean dauden baloreak.
* * * * * * * * * *
Léon Duguitek 1927an zioen bezala, Estatua indar harremanen produktua da. Horren harira, armada jendartearen ezberdintasunen itxuratzea izan daiteke. Indar militarra izateaz gain, armada gorpu antolatua da. “Estatu bat Estatuan”, definitzen da maiz; nahiz eta Frantziako Estatuan presidentea armaden buruzagia izan. Gainera, armaden buruzagiak zuzenki harremanetan dira presidentearekin edo Lehen ministroarekin –eskumen ezberdinen arabera– eta beraien politika propioa ere aplikarazten dute. Sekulako boterea du armadak Frantziako Estatuan, erran daiteke ideologia propioa eraikitzen duela Nazioaren zerbitzuko, baina Estatuaren paraleloan.
Armadak bere komunikazio sarea du Frantziako Estatuan. Urte osoan SIRPA zerbitzuak (Armaden Harreman Publiko eta Informazio Zerbitzua) kanpainak koordinatzen ditu. Horrez gain, armada eta hedabide ezberdinen arteko lotura bermatzen du. Hori guzia aski ez bailitzan, aldizkariak ere baditu. 2018an, Defentsarako Sostengu Politiko Sailak 22.985,70 milioi euro zituen; jakinez parte handi bat komunikaziora joaten dela. Hots, defentsaren aurrekontu kredituen parte handiena da. Horrek erakusten digu armadaren boterea; jakinez gure jendartean komunikabideen eta hedabideen kontrolatzeak zein eragin duen. 1990 urtetik aitzina armada “feminizatu” zuten, erreklutamendu kanpaina handi bat eginez. Emmanuel Macron-en programan den hilabete bateko SNU (Zerbitzu Nazional Unibertsala) delakoa, armada indartzeko baizik ez da izanen. Herritar guziak soldaduak bilakaraziz.
Alta, Estatua eta Armada ezberdintasun sozialen erreprodukzioa baldin bada, emazteen presentzia aipa daiteke. 2014n, atera zen La guerre invisible: révélations sur les violences sexuelles dans l’armée française (Gerla ikusezina: bortizkeria sexualen salaketak frantses armadan) Leila Milano eta Julia Pascualen eskutik. Liburu honetan, 50 kasu aztertu zituzten: jazarpen sexualak, bortizkeria sexualak, bortxaketak eta eguneroko bortizkeria sexistak. Bi kazetarien analisiak frogatzen zuen armadatik kanpo baino salaketa guttiago gertatzen zirela armadan –jadanik zifrak apalak direlarik–. Fenomeno horren esplikazioa, hierarkia eta kideen zapalkuntza da. Alabaina, salaketak pausatzen dituzten emazteak gehienetan beste leku batera izendatuak, gaztigatuak edo atxilotuak dira.
Zerbitzu Nazional Unibertsalak saldu nahi digu berdintasun irudi bat. Nahiz eta frantses armadaren %15 osatzen duten emazteek, ez du erran nahi berdintasuna eragiten duela emazte eta gizonen arteko harremanetan. Gaia hori baino piesagoa edo potologoa da. Kontrako efektua eragiten du. Forma ezberdin bat hartzen badu ere, Estatua eta Armadaren arteko joerak erakusten digu jendarte patriarkalaren sendotze proiektua. Euskal herritar eta emazte gisa, zerbitzu unibertsala gu gabe eginen da.
* * * * * * * * * *
– Oxfam GKEren arabera, 640 milioi arma arin daude munduan, arma bat hamar pertsonako. Arma astunak bestalde.
– Munduan 1.249 arma enpresa daude, 90 estatuk ekoizten dituzte armak.
– 2014an armen aurrekontua 1.800.000.000.000 dolarrekoa izan zen (1,8 bilioi dolar ).
– 2009tik 2013 bitartean, Frantzia munduko 5garren postuan egon da armen esportatzaileen rankingean. Frantziak armen %5 saldu du. AEBek %29. Errusiak %27. Alemaniak %6 eta Espainiak %3 (ideia bat egin aldera).
Arabia Saudiarekiko armen aferak:
– Frantziak 11 miliar edo bilioi (bilioia = 1.000.000.000.000) euroko armamentua saldu dio Saudi Arabiarrari 2010az geroztik.
– Saudi Arabiarri saldutako armamentuaren %60 Europan ekoitzia da.
– Europako enpresek, armez gainera, 57 milioi euroko kargamendua esportatu zuten Saudi Arabiara 2001eta 2015 urte artean.
– Frantziako Aireko Armadak lagundurik,Saudia Arabiarrak eta Arabiar Emiratuek 10.000 pertsona hil zuten Yemen-en 2015n. 9.500 herritarrak ziren, hots, zibilak.
– Frantziak Arabia Saudiri ekipamendu militarretan eurotan saldua, armez beste:
643,70 millioi. (2014)
899,80 millioi. (2015)
1.086,00 milioi. (2016)
1.382,00 milioi. (2017)
Munduko gastu militarrak lehenbizikoz gainditu du bi bilioi dolarreko langa. 2021ean 2,11 bilioi dolar xahutu dira, 1,97 bilioi euro, 2020an baino %0,7 gehiago, balio errealei erreparatuta. Aintzat hartuta pandemia betean egindako gastuez ari garela, eta Ukrainako gerra... [+]
Azken egunetan frantziar militarrak han eta hemen ikusi izan dira Hendaian zenbait tokitan. "Indar okupatzaileen" kontra manifestazioa deitu dute herrian otsailaren 20an.
Frantziako Estatuan, hilabete bateko Zerbitzu Nazional Unibertsala derrigorrezkoa izango da 16 urteko gazteentzat eta nahi duenak, beste hiru hilabetez (edo denbora gehiagoz) luzatu ahal izango du zerbitzua, 25 urte bete arte. Frantses sentimendua berpizteko Gobernuak duen asmo... [+]