Gaztetxeetan ikusiko dituzu batez ere. Bestela tabernetan, jai-guneetan, herri mugimenduren baten topaketetan, baina literatur zirkuitu ofizialetatik kanpo, betiere. Badira lau urte Aimar eta Eñaut Uribelsalgo anaiak Pobresiak emanaldiarekin hasi zirela. Fanzine eta disko batean bildu zituzten poemak hasieran. Geroztikakoen berri izateko, zuzenekoetara joatea beste modurik ez dago.
“2014ko negua da eta ez gara guztiz zoriontsuak” esanez hasten duzue Zoria poema, fanzineko lehenbizikoa. Lau urte igaro dira ordutik. Ezer aldatu al da?
Antzera jarraitzen du guztiak. Honezkero, inoiz ez gara guztiz zoriontsuak izango, ezta guztiz zoritxarrekoak ere –hori esanez amaitzen da poema–, salbu eta inoiz geure buruaz beste egiteko zorian bagaude. Gauza bat areagotu da ordutik: derrigor zoriontsu izan behar hori. Presio izugarria nabari da.
Eta zuen emanaldiak izan al du aldaketarik lau urteotan?
Gauza batzuetan bai, besteetan ez hainbeste. Musikalki hobetu dugu zer edo zer, anaiak gitarra jotzen ikasi duelako. Estetikaren aldetik, antzera jarraitzen dugu: bera militar sobietar itxurarekin igotzen da eszenatokira eta ni, aldiz, paristarrez mozorrotuta, poeta bohemio bat banintz bezala. Poemak ere aldatu dira, noski. Berri asko sartu ditugu emanaldian. Orain irakurtzen ditugun gehienak ez daude fanzinean sartuta.
“Ez dut poesia askorik jan, baina kaka egitean usain txarra ere egon dadila, mesedez”, diozue Poesia komunetik behera poeman.
“Areagotu egin da derrigor zoriontsu izan behar hori,
presio izugarria
nabari da”
Ez naiz inoiz izan poesia irakurlea. Orain ere ez. Jorge Oteizak zioen arte diziplina batean jarduteko ezinbestekoa dela aurrez besteek egin dutenaren berri izatea, gero norberak horren gainean eraikitzeko edo suntsitzeko. Ez da nire kasua, eta Oteiza haserre neukake, ziur asko. Nik saiakerara jo izan du beti. Zerbait gustatzekotan, gustatzen zaizkit poemei ukitu punkia ematen dieten autoreak. Bukowskik, kasurako, dotore asko kontatzen ditu kontu zakarrak. Poema batek min eman behar du, erraietan zerbait sentiarazi behar dizu. Azaleratu behar dizkizu zure kontraesanak. Atzo batek esan zidan: “Harrigarria duk, hi. Denok kritikatzen aritu haiz oholtzatik, eta hala ere gustatu egin zaiguk, txalo jotzen genian”. Hori da lortu nahi duguna, zerbait ukitzea.
Dena dela, ez nuke esango eztena kanpora bakarrik botatzen duzuenik. Poema guztiak zeharkatzen ditu tonu autokritiko nabarmen samar batek.
Nire eta publikoaren arteko banaketa zera da: nik errezitatzen dudala, eta beraiek entzuten dutela. Hortik kanpora, antzerakoak gara. Antzerako hausnarketak egin ditugu, antzerako mugimenduetan gabiltza, antzeko praktikak ditugu... Zerbait esaten dudanean, denoi buruzko zerbait esaten dut. Gu entzutera datorrenak ez du tximeletei edo loreei buruzko gauza askorik entzungo.
Horien ordez, “patriarkatua”, “kapitalismoa”, “klase-ertaina”...
Ibiltzen garen giroetako ohiko kontzeptuak dira. Hori da gure esparrua, eta hortik datoz gu entzutera gerturatzen direnak. Emanaldi asko egin ditugu, eta ohartzen gara feeling handiena publiko mota horrekin lortzen dugula: herri mugimenduetako jendea, aldaketa sozialekin sentsiblea, parte hartzean eta horizontaltasunean sinesten duena, feminista, nahiko ikasia, unibertsitatetik pasatakoa bada hobe –tira, ingeniaria bada agian ez–, “klase ertainekoa” –komatxo artean, kontzeptu despistagarria da eta–, saiakera liburu batzuk irakurri dituena, euskalduna, batez ere zuria, erosketa ahalmena duena, furgoneteroa, tatuaiaduna eta piercingduna, ezkertiarra...
Literaturzalea?
Inkesta bat eginez gero, nik uste literaturzaleak gutxiengoa liratekeela. Behin emanaldi bat eman genuen Oñatiko Kultur Etxean, liburutegian bertan. Etorri ziren gehienak –ezagun batzuk salbu– andreak ziren. Eta nik uste andre haiek poesia beste zerbaitekin lotzen dutela, ez gure hizkera gordin eta azido honekin... eta, tira, zer esaten ari nintzen?
Literaturzale gutxi dela zuen jarraitzaileen artean.
Tira, literatura ulertuta batez ere nobela, poesia eta gauza horiek bezala. Aldiz, saiakerarik irakurri ez duen batek, hausnarketa politiko-sozial askorik egiten ez duen batek, ez gaitu askorik ulertuko.
Literatur munduko jaialdi eta bestelako ekitaldietan ez zaituztet ikusi izan, horregatik aipatzen nizun.
Egia da, ez nuen sekula pentsatu. Gu aritzen gara gaztetxeetan, tabernetan, jaietan, txosnetan, topaketaren batean... baina literatur jaialdietatik ez digute deitu. Ez dakit zergatik, agian ez dugu enkajatzen.
Fanzinea gainbegiratuz gero, ageri dira izen gehiago ere: Kropotkin, Stalin, Foucault... Bistakoa da tradizio komunistaren eragina.
Bai, besteak beste. Batxillergoan sartzen zara mugimenduetan, irakurtzen dituzu mila mezu kapitalismoaren kontra, ez duzu ezer ulertzen, baina badakizu alternatibak badaudela, izan komunistak, izan anarkistak... Ohartzen nintzen jende bat ari zela hau dena aldatzeko proposamenak egiten, eta izugarrizko gogoa nuen mundu horiek deskubritzeko. Marxisten liburu klasikoak irakurtzen hasi nintzen, anarkistenak... Gero, pixkanaka, beste gauza batzuk ere bai: soziologiako kontuak, historia, filosofia, ekonomia... horretaz elikatu naiz. Oso tipo arrazionala naiz, eta mundu hori da nire mundua. Aldiz, hortik kanpo galdu samar sentitu ohi naiz. Sentimendu kontuetan edo giza harremanei dagokienean, adibidez, sekulako gabeziak ditut. The Big Bang Theory-ko Sheldon Cooperren antza pixka bat daukat.
Ah bai?
Tira, bikoteak esaten dit hori. Sheldon nahiko muturrekoa da, baina bai, baditut bere ukitu batzuk. Azkenaldian saiatzen ari naiz hain arrazionala izan beharrean sentimenduak eta gauza horiek kontuan hartzen. Bihotzari kasu egiten, eta abar. Gaurkoa bezalako jardunaldietara etorri izan naizenetan [Lurralde Askeak antolatutako akanpadaz ari da], jarduera intelektualetara joan ohi nintzen beti: hitzaldietara, mahai-inguruetara... Orain, aldiz, ibiltzen naiz sukaldeko lana egiten, janaria zerbitzatzen eta halako gauzetan. Gauza praktikoetarako oso txarra naiz, baita egunerokotasunean ere. Gizona naiz, eta noski, zentzua dauka. Horretan nabil, eta bikotea asko ari zait laguntzen. Talka bidez, gatazka bidez... asko ikasten da.
Zuen emanaldietan komunitate bat elkartzen da beren eguneroko praktikei eta balioei buruzko poemak entzutera. Izan dezake zer edo zer liturgiatik?
Kontraesan bat dugu, halako emanaldi guztiek duten kontraesan bera: oholtzismoa. Gu oholtza gainean zerbait egiten, eta gainontzekoak begira. Gu aktibo, eta gehiengoa pasibo, txalo eta barre egitera mugatuz. Badira ereduak guztion parte hartzea bermatzen dutenak, eta formatua birpentsatzea ez legoke gaizki. Tarteka sortzen dira une ederrak, publikoarekin hartu-emana dugunean. Atzo, une batean, norbaitek esan zuen “hoi, hoi, hoi!” –Hori, hori, hori!–. eta erantzun nuen “ikusten dut publikoan skinhead-ak ere badaudela... lasai, gu skinhead-en alde gaude. Edo ez”. Eta jendea jokoz kanpo gelditu zen. Gustatzen zaigu entzuleak probokatzea. Adibidez, gure poema batek zalantzan jartzen du txalo egitearen kontzeptua bera. Txaloak gutxiesten ditu, eta bukatzen da esanez “ea orain ausartzen zareten txalo egiten”. Entzuleak zirikatzen ditugu, berez egitea tokatzen zaien hori zalantzan jar dezaten.
Poesia mailu bat da?
“Arteak badu bere garrantzia, baina ez da iraultzarako funtsezkoa”
Ez dizut ezetz esango, baina diskurtso hori egiten dutenen artean badago egoaren osagai garrantzitsu bat. Musikarekin alderatuz: Non Servium-ekoek elkarrizketa batean zioten: “Egiten duguna borrokarako tresna bat da”. Sekulako tontakeria iruditzen zait halakoak esatea. Gustatzen zaie musika egitea, atzetik jendetza daukate kristorenak direla esanez, eta kristorenak sentitzeaz gain, iruditzen zaie hori eginez militatzen ari direla, “begira gu zer ari garen aportatzen”. Ez dut esango artistek ez dutenik ezertarako balio, baina askok esajeratu egiten dute. Arteak badu bere garrantzia, baina ez da iraultzarako funtsezkoa. Garrantzia beste toki batzuetan dago. Batez ere, antolamenduan. Musika eta poesia erradikalarekin bakarrik ez zoaz inora.
Artista asko beren buruari sinetsarazitako pelikulan bizi direla diozu?
Begira, niri punkak asko eragin dit, asko entzuten dut oraindik ere. Baina dena dago egoarekin lotuta. Denok gaude beldurrez josita, denoi gustatzen zaigu identitate bat edukitzea, kolektibo baten parte izatea. Orduan, jende bat sartzen da punk identitate horretan, baina ezerk ez du bermatzen horregatik autokritikoa denik, benetako aldaketarik egingo duenik, pertsonalki garatuko denik... Punkaren zati handi bat kontserbadore bihurtu da, bai edukian eta bai egiteko moduan. Erreparatzen duzu pixka bat, eta pizten da galdera: “ze zentzu dauka egun hori egiteak?”. Hor dabilen jendea gustura dabilela horretan. Gainera, sarri oso matxoa izaten da dena. Batzuk eszenatokian zarata egiten, besteak behean, gure artean ezin komunikatu, eta bitartean drogatu. Eredu horretan badago zer hausnartua.
Irakurri dizuet gehien kontsumitzen den kulturak errealitatea ezkutatzen duela.
Nagusi diren filmek, literaturak, antzezlanek, poesiak, musikak... Ehuneko handi batek balio jakin batzuk erreproduzitzen ditu, egungo gizarte eredu nagusiarekin bat datozenak. Baina tira, oraingo formula errepikatzen jarraitzen badugu, agian guri ere iritsiko zaigu une bat gure apustua kontserbadore bihurtuko dena. Hemendik 30 urtera kazetari belaunaldi berri batek kritikatuko gaitu, kontserbadore garela esanez. Baina oraindik ez gaude hor. Beraz, lasai, ez da ezer pasatzen, dena ondo doa (barrez).
Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]
Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]
Zuk, nik eta inguratzen gaituzten pertsona guztiek partekatzen dugun oinarrira jo du Rakel Pardo Perezek (Urdazubi, 1995) bere lehenengo poesia-liburua ardazteko: gizatasunera. Zer esan nahi du gizaki izateak? Zerk ematen digu existentzia, eta zer egin dezakegu emana datorkigun... [+]
Neguko naretasun hotz eta lur etzearen ostean etor daitekeenaren promes izaten da udaberria, eta hainbatek eta hainbatetan idatzi izan diote lora dadin deika. Promesak promes, ordea: ez da inoiz udaberri ziurrik galbidean den lurrean. Ez behintzat aldaketaz edo, zehazki,... [+]
Maiatzaren 22an, Edu Zelaietak eszenaratze berezia eman dio Presbiziak lagundu omen digu (Pamiela, 2024) bere azken poema liburuaren aurkezpenari. Gasteizko Andre Mari Zuriaren enparantzan izan da, Arabako hiriburuko Poetak Maiatzan poesia-jaialdiaren baitan.
Oihane Jakaren poema liburua ireki eta eskaintza bi aurkituko ditugu. Aitari bata, seme-alabei bestea. Aipagarria da, topatuko ditugun poemekin lotura zuzena baitute.
Liburuaren egiturak hiru atal ditu: Hamaika urte, Hamaika hilabete eta Hamaika egun. Hamaika zenbakia asko... [+]
Balea Zuria argitaletxeak kaleratuko du, ekainean, Arrutiren estreinako literatur lana: Arkeologia haragitan.
Yolanda Castañori Espainiako poesia sari nazionala jaso zuenez geroztik hamaika elkarrizketa egin dizkiote. Horietako baten lerroburua deigarria egin zitzaidan, esaten baitzuen saria irabaztea izan dela egin duen bigarren gauzarik zailena. Eta berehala hasi nintzen... [+]
Mendian, autoz kaletik orduerdira bizi den emakume artzain euskaldun-galegoaren eguneroko bizitzan nola eragiten dute gaurko munduan pil-pilean dauden gaiek? Klima larrialdia, berdez pintatutako kapitalismoa, basogintza, migrazioa, prekaritatea, begano mugimendua, elikadura... [+]
1966an Andima Ibiñagabeitia Idoiaga handiak Unai eta Alor-kantak itzulpena argitaratu zuen (Bucolicon liber eta Georgicon libri), Virgilio (K.a. 70-19) latindar poeta ospetsuenetarikoaren idazlanak osorik bilduz. Izugarrizko saioa egin zuen itzultzaileak kultura klasikoa... [+]
Gidor Bilbao EHUko ikerlariak Grenobleko liburutegian Cobla Berriae liburuaren ale bat topatu du, eta Baionako liburutegikoak baino lau orri gehiago ditu. Bertan daude orain arte ezagutzen ez genituen ahapaldi eta poema berriak.
Ez dut gogoan nori entzun nion hilaren amaierara poesia idazten baino ezin dela iritsi, baldin eta poesia ez bada hilabete amaierara iristeko zure modua. Poesia, zorionez edo zoritxarrez, sistema literarioaren eta industria kulturalaren periferian egon da beti. Nolanahi ere,... [+]
Arkitektura eta poesia uztartu zituen Joan Margaritek. Zenbaitzuek bi diziplinen arteko loturaz galdetzen zioten, bi jardun horiek bateratzea ezohikoa zelakoan. Halakoetan, bi alorrek antzekotasun handiak zituztela erantzuten zuen berak; izan ere, Margariten ustez, egitura... [+]
Hitz esana ikusi ostean, kronika horrela idaztea pentsatu dut. Pentsatu dut, Zergatik [pausa] errezitatu [pausa] behar [pausa] dira [pausa] poemak [pausa] horrela? Nik ere esan diet lagunei banoa poesia-errezitaldi batera. Eta haiek ere esan didate uf, ez dut ulertzen poesia... [+]