“Hiru gobernuek bakarrik, edo gizarte eragileek bakarrik, ezingo genuke hau antolatu”

  • Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea da eta Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. Buru-belarri ari dira lanean Euskaraldiaren sustatzaile nagusiak. Biek azpimarratu dute aurtengoa euskararen erabileran ekiteko entrenamendua baino ez dela izango, hau da, jarraipena izango duela. Maila guztietako erakundeen arteko indar metaketak duen potentzialitatea nabarmendu dute.

Miren Dobaran eta Elena Laka. (Argazkia: Dani Blanco)
Miren Dobaran eta Elena Laka. (Argazkia: Dani Blanco)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zer ez da Euskaraldia?

Elena Laka: Euskaraldia ez da kanpaina bat, momentu batean egingo den ekitaldi bat. Gizarteari proposatzen diogun ariketa soziala da, ohiturak aldatzeko ariketa, arnas luzea eskatzen duena, pausatzea eskatzen duena. Errotzea eskatzen du. Gure artean [Dobarani begiratu dio] barre egiten genuen, eta onartzen badidazu, ez da dieta egitea, elikadura ohiturak aldatzea baizik. Ez da bikini-operazioa. Orain egingo dugu ariketa soziala, baina gerora aztarna uztea nahi duguna.

Miren Dobaran: Guk esaten dugu entrenamendua dela, erabileran eragin nahi badugu magia bidez ez dugu lortuko, batez ere ikusita zeintzuk diren gure hiztunen ezaugarriak. Hiztun berriak daude, bigarren hizkuntza erabiltzeko entrenamendua behar da. Entrenamendua da, eta aurten norbanakoen entrenamenduarekin hasiko gara. Lan ildo horrek jarraituko du. Erabileran eragin nahi badugu hasi behar gara entrenatzen. Amaitu dira atxikimenduak, amaitu dira kanpainak, eta has gaitezen euskaraz egiten.

Euskaraldiak zer lortu nahi du?

E. Laka: Helburu nagusia erabilera bultzatzea da, inertziak apurtzea, ohiturak aldatzea, ez da aldekotasuna agertze kontu bat, argazki bat ateratzea ni Euskaraldiaren alde nagoela esateko. Horrek ondoko helburuak ekartzen ditu: hiztunak ohartaraztea, aktibatzea, ahalduntzea. Euskaraldia oso inportantea da, baina baita nola dihardugun bidea egiten ere: kohesio sozialaren bitartez, elkarlanaren bitartez, erakundeak, gainerako eragileak, mugimendu soziala… Sortzen ari den elkarlana, energia, bultzada… bide hori ere helburu da.

Miren Dobaran: “Aurpegi berriak ikusten ari dira lehenengo herri batzarretatik”

M. Dobaran: Oinarria sendotu eta antolatu, erabilera bultzatzeko egongo diren ekintza eta ekimen guztietarako. Alde batetik, norbanakoa hasi entrenatzen, ingurune ahalik eta abegikorrena eta erosoena sortu beraientzako. Beste aldetik, erakundeen eta gizarte eragileen arteko elkarlanean entrenatu. Batez ere konturatu garelako orain arteko mugimenduan indar metaketak zer eragin eta indar daukan. Nik ez dut uste hau gobernutik bakarrik antolatu daitekeenik.

E. Laka: Ezta gizarte mugimendutik bakarrik ere. Hanka biak gehi gainerako eragile eta erakunde guztiak behar ditugu. Erakunde diodanean ez bainaiz ari Eusko Jaurlaritzaz soilik, Euskal Herriko erakundeak daude hemen. Ezingo litzateke planteatu beste modu batera guk buruan daukagun halako tamainako ariketa soziala.

M. Dobaran: Euskal Herri osoan. Hiru gobernuek bakarrik, edo erakundeek, edo gizarte eragileek bakarrik,ezingo genuke, oso ahulak gara. Hau entrenamendua izango da, gero lan ildo bat izateko.

Hemendik aurrera Euskaraldia moduko beste aukera batzuk sortzeko, ulertzen dut.

E. Laka: Ez bakarrik aukerak, bide bat, jarduteko modu bat. Erakundeak, eragileak, mugimendu sozialak… Lanerako bide hau emankorra eta eraginkorra izaten ari da, orduan segi dezagun bide honekin. Bada giro bat. Bide honi eustea da helburua.

M. Dobaran: Eusko Jaurlaritzak hausnarketa hori egina dauka. Bide bat zabaldu behar da, atzerapausorik ez daukana, eta euskararen biziberritze prozesuan ez badugu horrelako indar metaketa bat egiten, oraintxe bertan gauden momentuan zaila izango da aurrerapausoak egitea. Atxikimendua lortu da, baina orain jendea aktibatu beharra dago, hau da, euskaraz bizi. Dekretu bidez arautu dezakezu lantokian: “Jaurlaritzan euskaraz lan egiten da”, bai, baina kafe makinan gazteleraz egiten dute. Bizitza pribatuan eragiteko dekretu batek ez dauka indarrik, baina bai halako ariketa sozial batek.

Argazkia: Dani Blanco.

Herriz herriko lankidetza dinamikak bultzatu dira, udalek eta gizarte eragileek izan euskalgintzari zuzenean lotutakoak edo bestelakoak elkarrekin egin dute lan. Zer moduzko harremanak izan dira?

E. Laka: Oso esperientzia desberdinak daude. Herri batzuetan Euskaraldirako batzordeak sortu dira eta batzorde horien erdigunean euskara elkarteak daude. Beste askotan nukleo hori geruzetan zabaldu da, herriko gainerako eragileek, enpresek... hartu dute parte. Ohituta geunden nukleo horretatik kanpo askoz jende gehiagok hartu du parte. Oro har 400 udalerritik gora dira parte hartzen dihardutenak eta pozik gaude. Herri batzuetan udalak tiratu du gehiago, beste batzuetan herriko mugimenduek. Herri bakoitzak bilatu du bere formula, eta hori ere garrantzitsua da. Ez da goitik behera aginduta etorri den formula. Herriei proposatu zaie modu bat eta bakoitza egokitu da.

M. Dobaran: Ikusi dudanagatik gizarte eragileek ere erakutsi dute barneratu dutela ardura konpartitua dela, hau ez dela euskara elkarteen kontua, “horrek, euskarakoak…”, edo hau ez dela hizkuntza politikaren kontua, “erakundeek egin behar dute”. Gutxienez hausnarketa egin da: “Nik zer egin dezaket?”. Norberak hartu behar du erabakia… Guretzat oso zaila zen horra heltzea, jendeari esatea zer egin behar duen. Gobernuak ahalik eta ingururik erosoena jarri ahal dizu, baina ikastolako guraso taldean denak belarriprest edo ahobizi badira eta denek erdaraz egiten badute, hor zaila zen eragitea, eta gutxienez orain ikusten da jendeak baduela asmo bat hizkuntza ohiturak aldatzeko. Dena dela, ikusiko dugu zertan gauzatzen den.

Euskalgintzak geldialdi urteak izan ditu. Euskaraldia prestatzeko bideak balio izan al du eremu hori aktibatzeko?

E. Laka: Euskara elkarteez ari bagara, duda barik bai, balio izan du elkarteak biziberritzeko. Ez zehatz-mehatz elkarteko bazkide direnak edo inguruan dabilen jendea, baizik eta ingurua asko zabaldu da. Orain arte horren aktibatuta edo euskalgintzan horrenbeste parte hartu ez duen jendea ari da parte hartzen.

M. Dobaran: Aurpegi berriak ikusten ari dira lehenengo batzarretatik eta adin guztietakoak gainera, ez gazteak bakarrik. Gaur egun jendea erakartzea zaila da eta beraz pozgarria da.

Elena Laka: “Ez da dieta egitea, elikadura ohiturak aldatzea baizik”

E. Laka: Ez gara eskatzen ari agerraldi batean parte hartzeko, manifestazio batera joateko eta gero etxera itzultzeko. Hamaika egunez norberaren bizitzan eragingo duen zerbait egiteko eskatzen ari gara.

M. Dobaran: Ahalegin bat.

E. Laka: Eta jendea ondo erantzuten ari da.

M. Dobaran: Ez da ariketa egitea bakarrik, ariketa baino lehen prestatu ezazu zure ingurua, hitz egin ezazu datorrenaren inguruan, hau da, prestatu ahalik eta egoera egonkorrena gero ariketa egin ahal izateko. Esan nahi dut zaila dela eskatzen ari garena eta jendea ondo erantzuten ari dela. Susmoa da entrenamendua egiteko gogoa dagoela eta alde positiboa da hiztun berri asko ikusten ari garela. Hiztun berrien ezaugarriak desberdinak dira. Hiztun berri gazte askok euskara eskolan edo ikastolan ikasi dute, ez dute horrenbesteko aukerarik izan bere inguruan edo familian euskaraz egiteko. Euskara eskolako hizkuntza dute eta eremu informalean ez daude erabiltzen ohituta, gaitasun arazoak dituzte. Ez zaie burutik pasa euskaraz bizi behar dutenik. Bat-batean euskaraz egiteko eskatzen diegu. Eta orain Euskaraldian sartzen ari dira.

Ezkerraldea esaterako, han dagoen mugimendua ez da normala. Hor benetan ikerketa egin behar da. Sestaon euskaldunen eta ia euskaldunen portzentajea hain txikia denean, zelako mugimendua dagoen, oso kontuan hartzekoa da. Badago nahi bat, gogo bat, beste pauso bat emateko.

Euskaraldiaren mezua ondo zabaltzen ari dela uste al duzue? Sestao aipatu duzu Miren. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herrietan ariketa erraza dela ez ote duten irudikatzen, euskaraz bizi direlakoan.

E. Laka: Azkeneko ikerketak ari dira esaten arnasguneetan badirela arrakalak, gero eta gehiago. Jendea agian ez da horretaz jabetzen. Aurreko batean Azpeitian ari nintzen Euskaraldia azaltzen eta emakume batek esan zidan: “Guk egunero hitz egiten dugu”. Horrela egiten baduzue segi horrela, baina jabetu horretaz. Zeren askotan gertatzen da euskaldunen artean euskaraz ari direlakoan aldatu egiten dute hizkuntza eta ez dira jabetzen aldaketaz. UEMA, hala ere, bestelako lanketa bat egiten ari da. Kontzientzia hartzeak berdin balio du Sestaorako, Agurainerako edo Tuterarako, eta baita ere Azpeitirako edo Zestoarako.

M. Dobaran: Gehien kostatu zaigun eskualdea izan da Lea Artibai, euskaraz bizi direlako eta ez dutelako beharrik ikusten. Nik beti esaten dut Lea Artibaiko jendea Bilbora datorrenean izugarrizko eragina daukala. Seguru hamaika egun horietan Bilbora-edo unibertsitatera-edo joango direla. Horiek dira gure enbaxadoreak, beste batzuei begiak zabaltzen dizkiete, hiztun berriek ikusten dute euskaraz bizi daitekeela. Lea Artibaikook zuen herrian ez duzue premiarik ikusiko, baina zuek ere egin behar duzue ahalduntze prozesua eta jakin oso garrantzitsuak zaretela euskara biziberritzeko zuen herrian eta zuen herritik kanpo.

Argazkia: Dani Blanco.

Euskaraldia proposamen zehatza da. Eragileek izan dute marjinarik moldaketak egiteko? Ariketa mota egokia ez dela iruditu zaienak izan al dira?

E. Laka: Euskaraldiak marko bat ematen dio Euskal Herri osorako ariketa horri. Herri batzuetan egina dute. Egian [Donostiako auzoa], Lasarte-Orian, Agurainen oso ondo dakite zer den dinamika hori eta orain beste herrietara zabalduko dugu. Inork ez digu adierazi ez dagoela eroso modu horretan edo beste modu batean egingo luketela.

M. Dobaran: Tokian tokiko ezaugarrietara egokitu da. Getxon irribizi figura sortu dute. Herrian hiztun berri pilo bat dago, adin bateko gurasoek apustu sendoa egin zutelako haurrak ikastolara bidaltzeko. Gurasoei omenaldia egitea pentsatu dute. Ez dira belarriprest izatera ere iristen, baina uste dute giro eroso eta abegikorra sortzeko oso garrantzitsuak direla.

Tokian tokiko egokitzapenak oso onak dira, UEMAk egin duen moduan ahalduntzearekin. Euskal Herria anitza da.

Ariketa babestua da, adostua, giro goxoa sortuko da, parte-hartzaileek elkar identifikatuko dute. Errealitatean, zoritxarrez, egoera gatazkatsuak bizi behar izaten dira euskaraz egiten saiatutako aldi batzuetan. Ariketa ausartagorik ez zenuten planteatu?

E. Laka: Euskaraldia errealitateari oso lotuta dago. Jendeari ariketa eguneroko errealitatean egitea proposatzen diogu. Marko bat ematen dugu, non egongo den gizarte hitzarmen bat. Gizarte hitzarmen hori zein da? Nik euskaraz dakit, bada lehenengo hitza euskaraz egingo dizut. Ez badakizu konpondu beharko dugu. Eta zu belarriprest bazara onartuko duzu nik zuri euskaraz hitz egitea. Eguneroko bizitzan izango da, nire kuadrillan, nire lantokian, eta nire kasuan Bilbora banoa baita epaitegian, medikuarenean edo erosketak egiterakoan ere. Azken horiek nire inguru goxotik kanpo daude. Zuk hartuko duzu parte edo ez, baina jakin dezazun Euskal Herri osoan hamaika egunetan Euskaraldian dihardugula eta esaten dizut nik txapa bat badaramat izango naizela ahobizi edo belarriprest eta arauak hauexek direla.

Miren Dobaran: “Aurtengoa ahalegin indibiduala izan bada, planteatu beharko da ahalegin kolektiboa ere”

Ezingo dugula leku guztietara iritsi? Nekez iristen da gauza bat gizartearen geruza guztietara baina gure asmoa da leku gehienetara iristea. Horrek ez dituela euskararen inguruko arazo guztiak konponduko? Jakina, Euskaraldia ez da magia, Mirenek esan duen moduan, baina oinarriak ipiniko ditugu gizarte hitzarmenerako, non adostuko dugun zein hizkuntzatan hitz egingo dugun. Uste dut horretarako habe sendoak ipintzen dihardugula.

M. Dobaran: Helburua izango litzateke entrenamendua arau bihurtzea, modan jartzea. Normala izango litzateke belarriprestak niri gaztelaniaz egitea eta nik berari euskaraz egitea. Zergatik ez dugu normaltzat hartzen? Behar dugu entrenamendua, egia da, gauza berria da, eta deserosoa da. Kultura horretatik gatozelako. Beste herrialde batzuetan ere hau gertatzen da. Ez dakit nork esaten zigun Europan: “Zergatik ikusten duzue hain arraroa? Normala da, negozioetan eta denean”. Baina hemen ez da sekula egin eta figura oso arrotza da belarriprestarena. Entrenatu eta ikusten denean ez dela ezer gertatzen arau bihur daiteke apurka-apurka. Bestalde, gure asmoa ez da belarriprest beti belarriprest izatea. Erabilerak erabilera dakar. Elkarrizketa elebidunak bihur daitezela arau. Bidea hori da. Zeren gure herri guztietan %90 euskalduna izan arte itxaron behar dugu? Horrek ez dauka zentzurik.

Euskaraldiak erakunde publikoen ardura isildu dezake eta herritarrei euskara biziberritzearen zama jarri bizkar gainean?

E. Laka: Guk pentsatzen dugu alderantziz gertatuko dela. Herritar ahaldunduak bere eskubideen eta nortasunaren jabe izanda, edozein tokitara joan eta lehenengo hitza euskaraz egingo du, baita erakunde batera joanda ere. Azkenean, horrek beste dinamika batzuk sortuko ditu. Hiztun ahaldunduak ez dira egongo mahaiaren alde batean, barruan ere egongo dira. Gauza bat da erakundea, eta bestea bertan lan egiten dutenak. Aurreko esperientziak egin diren herrietan horrela gertatu da. Erakundeek ikusi dute premia, baztertu barik areagotu egin da premia.

M. Dobaran: Presio handiagoa egongo da, eskari handiagoa, gehiago mugitu beharko dugu. Baina bai, ulertzen dut lidergoa hartu beharko dugula gauza berriak esploratzeko. Guraso gehienek aukeratu dute D eredua, baina gurasoek era masiboan erabaki dute bere seme-alabek euskaraz jakitea, ez euskaraz bizitzea. Bada, kontuz. Pauso hori eman dugu. Europan hau esaten duzunean ez dute ulertzen. Halako aurreratua den gizarte batean zelan erabaki dezaketen gurasoek seme-alabek hizkuntza gutxitu batean ikastea. Titulua badute, baina orain eskatzen duguna da, euskaraz bizi ahal direla. Horretarako zein dekretu ateratzen duzu? Gaztelera eta ingelesa dira ondoan dauzkaten hizkuntzak, hizkuntza oso potenteak. Ingurune digitalean dena daukate hizkuntza bi horietan. Oso ahulak gara.

Erabileran eragitea ez da hain erraza. Esploratu behar ditugu bide berriak, eta adituek esaten digute erabileran eragiteko emozioekin, motibazioarekin lotu behar dugula hizkuntza, hau da, debekuekin eta derrigortuta ez dugula erakarriko jendea.

2019an erakundeetan eragin nahi duzuela esana duzue. Erakunde horiek zein funtzio beteko dute aurtengo Euskaraldian?

E. Laka: Aurten herri batzordeetan norbanakoek, eragileek, elkarteek hartu dute parte, baina baita enpresek, dendariek eta merkatariek ere. Enpresa batzuk eragile moduan ari dira jokatzen, hau da, lantoki barnean ari dira bultzatzen ahobiziak eta belarriprestak.

Datorren urtean zer egingo dugun? Lehenengo aurtengoa neurtu beharko dugu. Hurrengo urtetako ekitaldietan eta ariketetan berriro enpresak, norbanakoak… nola txertatuko ditugun oraindik zehatz-mehatz ikusteke dago.

M. Dobaran: Konpromiso handiak hartzen ari dira batzuk. Esate baterako, lehengo egunean azalera handiko enpresa ia gehienekin izan ginen Jaurlaritzan eta ikusi genuen haientzat Euskaraldiaren marka oso positiboa dela. Ez da normala azalera handiko hainbeste enpresa etortzea gurekin hitz egitera eta esatea, “guk Euskaraldian parte hartu nahi dugu”. Euskara planak ere badituzte, ez da bat-bateko gauza ere. Guk esan genien: badakizue zuen langileek seguruenik parte hartuko dutela Euskaraldian, bada utzi txapak jarrita lan egiten. Eta beraiek baietz.

Bihar edo etzi egin beharko da, aurtengoa izan bada ahalegin indibiduala, planteatu beharko da ahalegin kolektiboa ere. Hartu beharko dira bestelako erabaki batzuk, lan munduan, horretarako giroa oso ona da.

Badakite Euskaraldia ontzat hartzeak zer esan nahi duen? Alegia, kontua ez dela Euskaraldiko kartelak jartzea? Bezeroak euskaraz artatu behar dira eta ez badute horrela egiten kexak izango dituzte.

M. Dobaran: Erantzun beharko dute, ikusten badute pertsonentzako hizkuntzarena gauza serioa dela eta kontuan hartu beharrekoa. Mila supermerkatu dauzkagu aukeratzeko. Horretaz jabetu beharra daukate. Beraien aldetik badago aldaketa bat eta ariketa kolektiboa egitera goazenerako ematen du badagoela abiapuntu on bat. Ez da zerotik hasi behar. Ariketa serioa egiteko aukera dago.

Elena Laka: "Herritar ahaldunduak bere eskubideen eta nortasunaren jabe izanda, edozein tokitara joan eta lehenengo hitza euskaraz egingo du, baita erakunde batera joanda ere"

Euskaraldian zer izango litzateke arrakasta?

E. Laka: Guk ez dugu nahi arrakasta, guk nahi dugu ahalik eta jende gehienak parte hartzea, oinarriak ipintzea, errotzea, ez dugu trending topic bat nahi. Ariketak halako hondarra lagatzea nahi dugu, hizkuntza ohiturak aldatzea eta horiekin aurrera jarraitzea.

M. Dobaran: Arrakasta ariketa soziala ondo egitea da. Niri berdin zait 75.000 izatea 100.000 edo 200.000. Kontua da ondo ulertzea ariketa zein den, bakoitzak ondo prestatzea bere eremua, ingurukoak aktibatzen ohitzea, ondo egitea hamaika egunetakoa eta hamabigarren egunetik aurrera zer? Hori da arrakasta. Hiztun bakoitzak lortuko balu ohitura batzuk aldatzea. Nire buruari galdezka hasita, lortuko banu hemendik aurrera farmaziakoarekin euskaraz egitea? Zeren konturatu naiz ulertzen duela. Horrek aldaketa txikiak arrakasta dira, zeren badakigu ohiturak aldatzea gure inguru pribatuan kostatzen dela gehien.

E. Laka: Ez dakit elkarrizketan nahikoa indar eman diogun, baina ariketa Euskal Herri osoan da. Sekula ez da egin.

M. Dobaran: Erakundeen arteko elkarlana izan da eta horrek ikaragarrizko indarra dauka. Esate baterako hiruko ituna egin dugu, Nafarroako Gobernuarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin. Nafarroan sartzea euskara sustatzeko programa batekin, Iparraldekoak etortzea. Hori ez dakigu zer den. Orain dela urte bi ezinezkoa zen. Euskalgintzarekin eta gizarte eragileekin lortu dugun harremana, aitortza hori egitea. Gu apur bat gorago egon gara, baina udaletan ere lan handia egin da. Udalak eta gizarte eragileak batera aritu dira eta mesfidantzak gainditu behar izan dituzte. Orduak eta orduak daude hor, ordu boluntarioak, norbanakoenak eta bestelakoak.

Lortu dugun koordinazioa apurtzeak pena ikaragarria emango lidake. Ikusiko dugu zer gertatzen den datozen hainbat hauteskundetan. Aldaketak badaude, konformatzen gara harremanak mantentzearekin eta bidea elkarrekin urratzen jarraitzearekin, zeren indar metaketa honekin ez dakit nora heldu gaitezkeen, baina gauza handiak egin daitezke.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaraldia
2024-11-07 | Leire Ibar
Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu dute, “bati esaten zaiona hamaikak jakiten duelako”

Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako euskaldunekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.


2024-10-25 | Leire Ibar
Euskaraldiaren edizio berria aurkeztu dute: maiatzaren 15etik 25era izango da

Aurreko edizioetako esperientziak oinarri hartuta, antolatzaileek “Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” egitea proposatu dute. Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan, aurkeztu dute 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren laugarren edizioa.


2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da hurrengo Euskaraldia

Antolatzaileen ustez hizkuntza ohituretan eraginkorra da Euskaraldia eta horregatik laugarren edizioa ere antolatzen ari dira. Hori bai, aurrekoak udazkenean egin dira eta hurrengoa udaberrian izango da.


2022-12-14 | Bea Salaberri
Euskalwashing

Euskaraldia bukatzear da lerro hauek idazten ditudan orduan, oraindik bukaera argazkiak eskas dira. Ez da dudarik ederrak izanen direla, besta handi batean hartutakoen antzekoak.

Bizkitartean, artoski irakurri ditut, hemen edo beste zenbait agerkaritan, ni baino adituagoak... [+]


Kike Amonarriz. Euskaltzaleen Topagunearen lehendakaria
“Ahalduntzea ez dadila Euskaraldiarekin amaitu”

Hitzaldiak, prentsaurrekoak, elkarrizketak eta bilerak kontuan hartuta, egunean hiruzpalau hitzorduri erantzuten die egunotan Euskal Herriaren geografia luze-zabalean Kike Amonarrizek (Tolosa, 1961). Umoregilearen aldartearekin, komunikatzailearen argitasunaz, soziolinguistaren... [+]


2022-11-21 | Sustatu
Hikaldia ere martxan da Goierrin Euskaraldiarekin batera

Euskaraldiarekin batera, Goierri aldean Gipuzkoan beste ekimen batean ari dira egun hauetan: Hikaldia. Aittu euskara elkarteak antolatzen du, bikoteka aritzeko lehiaketa bezala. Hitanoz egiteko ariketa batzuk proposatu dira, eta audio bidez grabatu behar dituzte... [+]


Hasi da Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa

Abenduaren 2a arte iraunen du Ahobizi-ak eta Belarriprest-ak protagonista dituen ekimenak. Antolatzaileek herritarrei gomita luzatu eta abiatzea ospatu zuten ostegun gauean Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Baionan.


2022-11-15 | Ahotsa.info
Errigorak txanda pasa dio Euskaraldiari kanpaina arrakastatsu berri bat amaitu ondoren

“Bat egiteko garaia da” lelopean burututako kanpainari esker 13.000 saski banatuko dira hurrengo egunetan eta 200.000 euroko ekarpen ekonomikoa bideratuko du Ager zonaldeko euskalgintzaren egitasmoetara. Euskaraldia azaroaren 18an hasiko da, eta ariketa sozial masibo... [+]


2022-11-09 | Hala Bedi
Oihane Camon (Gazte Euskaltzaleen Sarea)
“Egiturazko mugak daude, ekintzekin eraldatu behar direnak”

Ariketa kolektibo bat egingo du Gazte Euskaltzaleen sareak azaroaren 14tik 18ra, gazteen artean euskaraz bizitzeko hautua bultzatzeko eta horretarako oztopo diren "egiturazko baldintzak" azaleratzeko.


2022-11-09 | Sustatu
Zapla!: podkast soziolinguistikoa Euskaraldiaren harira

Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskaraldiak sortu dute EITB podkast atariarentzat Zapla! podkast berria. Hizkuntza ohiturak aldatu eta Euskarazko praktika linguistikoak indartzeko tresna da. Belarriprest eta Ahobizi guztientzat lagungarri izan nahi du produktu berriak,... [+]


2022-11-09 | ARGIA
Euskaraldiko izen ematea “erritmo onean” doala nabarmendu dute egun gutxiren faltan

Euskaraldia hasteko egun gutxi falta direla, koordinatzaileek gomendioak eman dituzte: rol bakoitzaren txapak erabili eta erronka zehatzak hartu. Kaleak berotzen hasteko ehunka ekitaldi antolatu dituzte Euskal Herri osoko herrietan.


Eguneraketa berriak daude