“Euskalduntasuna noraezean dago”

  • Iruñea, 1940. Folklorista. Euskal dantza eta musika tradizionalean aritua eta aditua. Donostian eman du ia bizitza osoa, aurten zendu den Marian Arregi emazte eta musikariarekin batera. Goizaldi taldean aritu zen 1958an eta Argia taldean ari da 2018an. Dantza ikertzaile porrokatua. Lan frankoren egile saritua. Gipuzkoako dantzak liburuaren egile Juan Ignacio de Iztuetaren figura “dantza”-n jarri du, Juan Ignacio de Iztueta y yo liburua (Txertoa, 2018) argitaratu ondoren. Elkarrizketan pluralean aritu zaigu: “Marian eta bion izenean mintzo naiz, bizitzan egindako guztia elkarrekin egin baitugu”.   

Argazkia: DANI BLANCO.

Zein da Juan Ignacio de Iztueta y yo liburuaren helburua?     

Juan Ignacio de Iztuetaren ezagueran urrats bat gehiago aurrera ematea, haren izaera eta aiurria argitzea. Mundu apologetiko zalantzazko batek “gure pertsonaia”-ren errealitate historikoa –haren jatorria– nahastu baino ez du egin. Horrexek dantzei buruzko haren liburuan ikerketa-alor berri bat zabaltzera “behartu” gaitu; Iztuetak idatzi zituen edukiak eta formak aztertu ditugu, azaldu zituen gai guztien iturburuak ikertu, esan zuen guztia kontuan hartu, baita isildu zuena ere. Horiexek dira gure peskizek argitzea bilatu dutena.  

Liburuak zer berri ekarri dio dantza alorrean zuk egindako lan eskergari?

Honezkero nahikotxo urte bete dut, beraz, euskal dantzaren aztertzeari eskaini diogun bizialdia ixteko modu egokia da. Ahantzi gabe, gaiaren beraren zabalerak Europako inauteriak eta beste dantza tradizionalak ikertzera eraman gaituela ezinbestean. Areago, Iztuetaren adiurrea dela eta, baita eman zaion garrantzia soziala ere kontuan hartuta, berebiziko betebeharra iruditu zaigu berari buruz izan diren balorazioen gaineko kontrako posizioetatik pertsona hori aztertzea. Iztuetaren biografia “garbitu” beharra zegoen, bere gogoak, aldarteak eta munduan egoteko bere modu erabatekoak azterketa historiko zorrotzaren galbahetik pasa behar zuten.

“Iztuetaren biografia ‘garbitu’ beharra zegoen, bere gogoak, aldarteak eta munduan egoteko bere modu erabatekoak azterketa historiko zorrotzaren galbahetik pasa behar zuten”
 

Nor izan zen Juan Ignazio de Iztueta?

Zaldibian jaio zen 1767an. Iztueta pertsona berezia izan zen, berezitasun hori bizitza osoan pairatu zuen psikopatia edo soziopatiaren ondoriozkoa izan zen, Nortasun antisozialaren gaitza bezala ezagutua. Gaitz eta desoreka hori pairatzen dutenek inguru hurbilekoen aurka jo ohi dute. Iztueta [Gipuzkoako] Gaintzako Martín Antonio de Aldasoro eskribauaren etxean egindako lapurretagatik auzipetua izan zen lehen aldikoz, Zaldibiako José Ignacio de Echave bikarioaren eskariz. Inkisizioaren Tribunalak zabaldutako lehen prozesuan bere gaitasun manipulatzailea agerian jarri zuen, baita María Joaquina de Linzoain bere emaztearekiko izan zuen joera krudela eta indiferentea ere. Epaitua eta espetxeratua izan zen, baina ez zuen inolako alhadura edo errurik azaldu bere jokaerengatik, hau da, ez zeukan portaera arduratsu izatearen inolako ideiarik, arduragabe totala zen.    

Hori konstatatzeko oinarri sendoak behar dira.

Noski. Gaitz edo trastorno horren pairatzaileak planteatu dezakeen ekibokoa Robert D. Hare doktore kanadiarrak azaltzen du. Espezialista horren arabera, 40 urte bete ondorenean, zenbait kasutan joera psikopatikoa gutxitu daiteke, baldin eta ez baditu muturreko ekintza bortitzak egin izan. Hasi berria duten “heldutasun” horrek laguntzen dio gaixoari, jendeak pertsona hori beste gisa batez ikusten eta hartzen. Horregatik baina, gaixo horiek ez diote direna izateari uzten. Zaldibiarraren kasuan, hamalau urteko kartzela zigorra bete zuen bitartean, beta izan zuen bere nortasuna “egokitzeko”. Areago, bigarrenez ezkondu zen, Kontxsehi-rekin, [Concepción de Bengoechea] eta horrek bizitzan hartu zuen norabidean eragin izan zukeen. Kontxsehi-k, nolabaiteko oreka eman zion aldez edo moldez. Hala ere, Hare doktoreak dioenez, pertsona horien nortasuna ez da funtsean aldatzen.   

Gipuzkoako dantzak liburuaren kritika laburra egin duzu. Zein da kritikaren funtsa?

Iztuetak doinu zaharrei buruz egiten duen azalpena ez dagokio Gipuzkoan behiala dantzan egiten zen ondareari. Gure ustez, bere ekarpenak haren aurreko Danzas de cuenta-ko maisu batenak dira, ziur aski, Jesusen Lagundiko ikastetxe batean irakatsi zuen maisu batenak. Agian, ikasketa haiek ez zeuden araututa, baina maisu hura Azpeitian jardun zatekeen Jesusen Lagundia kanporatu zuten urte berean; 1767an, Iztueta jaio zen urtean. Jesusen Lagundiko ikastetxeak, XVI.etik XIX.era bitartean, Europa eta Amerikako elite intelektual guztien hezitzaileak izan ziren. Euren ikasgaien artean Dantza zegoen, Erretorika ikasgaiaren barnean egon ere. Dantzaren trebakuntza danzas de cuenta delakoetan espezialistak zirenen esku zegoen. Ikasgai horren adibide oso interesgarria da Juan Esquivel Navarroren Discursos sobre el Arte del Dançado (Sevilla,1642) eskuko liburutxoa. Berean, besteak beste, dantzen pausoak daude, cuatropeados izenekoak. Iztuetaren liburuan dauden cuatro pelos pausoen antzekoak.    

Zein balore du Iztuetaren Gipuzkoako dantzak liburuak?

Apartekoa. Liburuak Danzas de cuenta metodoa jasotzea ahalbideratu zuen, liburu bikaina da. Iztuetaren edizio hori gabe, metodoa galdua zatekeen. Baina, esan bezala, liburuaren ondarea ez da berea.

Liburuaren izenburua iradokigarria da: Juan Ignacio de Iztueta y yo. Zergatik Iztueta eta zu?

Iztuetaren lehen emazteak, María Joaquinak, Linzoain abizena zuen, Erro ibarrekoa. Nire sendia handik dator. Bestalde, María Joaquinaren arbasoak Azpirozetik datoz, Larraun bailaratik, eta handik heldu dira ere Marianen arbasoak, nire emaztearenak, Arregi abizenekoak. Aldi berean, Marian eta bion arteko lotura a-kausalak  daude, Ureta toponimian oinarrituta, baita Urbeltzia eta Harregy etxeetan ere, Baxenabarreko Heleta herrian daudenak.   

Hain zuen ere, Sincronicidad, Predestinación y Vínculos acausales azpititulua du liburuak. Zer dira kontzeptu horiek?

Hiru kontzeptu horiek ideia berberari lotzen zaizkio, eta da: euren arteko kausa-efektu loturarik ez duten aldibereko bi edo egitate gehiagoren arteko agerpena, alta bada, lotuta daude kontzeptuaren esanahiaren bitartez.

Marian Arregi, zure emaztea, aurten hil da. Nor izan da zuretzat? Nor izan da euskal kulturan eta zehatzago dantzaren inguruko zure lanetan?   

Marian nire emazte maitea izan da –joana den arren, berarekin bizitzen jarraitzen dut egunero–. Kaskabilo baten antzekoa zen, oro betetzen zuen berezko xarma eta txinparta baten jabe. Halaber, sortzeko aparteko gaitasunak zeuzkan, musika intuiziorako tenperamentu eta jenialtasuna. Bere bizitza luzean doinu sorta zehatzak sortzeko gai izan zen, dantzagarriak ziren une berezitarako destinatuta. Euskal musika tradizionalaren alorrean Mariaren ekarpena bere- berezkoa da, ez du parekorik.

Liburu honekin folklorista lanean egin duzun ibilbidea bukatutzat jo al daiteke?   

Esango nuke baietz, neurriren batean behintzat. 1959. urtean hasi nintzen dantzari bezala, eta laster 60 urte beteko ditut dantzaren ikerkuntzan. Ziklo bat bete dut, espero dut beste ikerlari eta adituek osatua izatea.

Zer iritzi duzu gaur egungo dantza tradizionalari buruz?

Dantza berriei zentzu edota forma emateko interesatu zaidan munduak, hau da, gure dantza tradizionalen funts sinbolikoak, ez dirudi gaur egun interes handia sorrarazten duenik. Horrek jendartean nolabaiteko ardura sortu beharko luke, eta batez ere, gure agintariei kezka modukoren bat eragin beharko lieke. Izan ere, kontuan har dezagun beste zenbait herritan nola ari diren, Hungaria edota Kaukasoko nazioetan zein ongi jaso eta interpretatu izan dituzten dantza tradizionalak. Dantzak euren identitate kulturalaren berebiziko parte dira. Gure kasuan, aldiz, utzikeria dela, kultur noraeza dela, edota sorkuntza arloan dagoen arduragabekeria dela eta, dantzak galduko ditugu, eta ez ezerk ez inork ditu ordezkatuko.   

 

"Juan Ignacio de Iztuetaren izaera nahasia, haren desorientazioa, bizi dugun eredu paradigmatikoaren segida da. Ezin zen besterik izan, Iztuetaren eredua lotuta dago egungo egoera politikoari eta gure herriaren nazio kontzientzia ezari"

Bat al zatoz egungo euskal dantzen eboluzioarekin?  

Ez. Euskal dantzen bilakabidearekin ez naiz baikorra. Dantza tradizionalek eta berauek sortutako mundu kulturalak –neurri batean dantzak kontserbatu dira– dantza berriak sortu eta eszenara eramatea ahalbidetzen du. Ez dut nire burua goraipatu nahi, baina Marian eta biok dantza sorta bikaina ibilarazi dugu Argia taldean, hala nola, Eaurtako neska-dantza, Irradaka, Muriska, Almute-dantza, Iruñeko ezpata-dantza, Elgoibarko ezpata-dantza, Andoaingo ezpata-dantza, Jorge Oteizaren apostoluen aurreskua, Galaiena esku-dantza... Edonola ere, dantzaren egoera kezkagarria da, ni behintzat kezkatzen nau, ezin  dugu ezerezkeria sorkuntza eredutzat hartu. Dantza tradizionalaren alorrean badakit zer den sortzea; ordea, ez dut ulertzen zen den “eboluzionatzea”.   

Noiz uzten dio dantzak tradizionala izateari, eta noiz bihurtzen da modernoa?

Dantza tradizionalen lengoaia ibilbide luzekoa da, modernoa da berez, ez du “modernizatu” behar.

Dantza filma egin da aurten. Telmo Esnal zuzendaria, Koldobika Jauregi produkzio diseinatzailea eta zu, Juan Antonio Urbeltz koreografoa, zarete lan horren egile nagusiak. ARGIAko Gorka Bereziartua kazetariak Esentzien koreografia-tzat jo du filma.  

Dantza filmean esentzien koreografia ikusi izatea funts metaforikoa kontuan hartzea da, izan ere, Telmo Esnal eta Koldobika Jauregik nire tesietan presente dagoen intsektuen mundua aintzat hartu dute, zenbait inauteri eta ezpaten dantzetan era metaforikoan presente daudenak.  

Filmaren koreografoa zaren aldetik, zer iradoki dizu Bereziartuaren balorazioak?

Niretzat ohorea da, baita interesgarria dantza zinemara ere eraman izana. Ez dantza bere horretan eraman izanagatik, zentzu transzendentea ematen dioten metaforak ageri izanagatik baizik.

Zer ekarri du filmak dantza mundura? Edo zer eman dio dantzari berari?

Urte askotako lanaren onarpena eta aitorpena aditzera eman ditu filmak. Areago,  munduari edota jendeari dantza ezagutzeko aukera eman dio, ez ulertu ohi diren “dantza tradizionalak” legez, “dantzen erradiografiak” gisara baizik. Dantzak X izpietan hartu izan balira bezala.   

"Dantza tradizionalen lengoaia ibilbide luzekoa da, modernoa da berez, ez du 'modernizatu' behar"

Zein une historikoan dago euskal dantza?

Ez da guztiz indarberritua. Gaur egun badago eredu “garaikidea”-k jotako sorkuntza gaitza, arestian aipatu dudan noraeza kulturalaren adierazle. Azken ehun urteetan, dantza tradizionala dantza klasikotik hartutako ereduek “kutsatua” izan da, eredu tradizionala ezabatzeraino, ez du probetxuzko ezer utzi, nolabait esanda. Orain, aurresku txapelketatik eratorritako eredu “garaikide” berriak ordezkatzen du tradizionala, horrek dantzaren alorrean ez du egundo parekorik izan. Agurra delakoa dantzaren sor-muina bailitzan ari dira.      

Dantzaren egoerak islatzen ote du euskal kulturak eta euskarak orobat bizi duten egoera?  

Zalantzarik gabe. Euskalduntasuna noraezean dago, egungo egoera eramangaitza da. Juan Ignacio de Iztuetaren izaera nahasia, haren desorientazioa, bizi dugun eredu paradigmatikoaren segida da. Ezin zen besterik izan, Iztuetaren eredua lotuta dago egungo egoera politikoari eta gure herriaren nazio kontzientzia ezari.

Urbeltzek dioenez, Iztuetak publikatu zituen doinu zaharrek dantza tradizional “kaotiko” interesgarriak iradokitzen dituzte. Urbeltzek Bailar el Caos. La danza de la osa y el soldado cojo saioan (Pamiela, 1994) idatzi zuenaren ideia eman digu aditzera:

“Dantza kaotikoaren eredu zoragarria Kuarrentako erregela da. Bere egituraren irregulartasuna bi aldiz agertzen da, alde batetik musika-esaldi ezberdinen neurri irregularra dago, hemezortzi guztira, eta irregulartasun horren ondoren, esaldi bakoitza berriz zatitzen da dantzatua izan ahal izateko. Hona adibide edo hartxo hau:

1ª       15 neurri           8+5+2              10ª    13          4+6+3
2ª       12                       6+6                  11ª    10          6+4
3ª       11                       5+2+4              12ª    14          8+6
4ª       12                       8+4                  13ª    12          6+6
5ª       13                       5+2+6              14ª      8          8        
6 ª      11                       5+6                  15ª    14          8+6
7ª       11                       4+3+4              16ª    12          6+6
8ª        9                        4+5                  17ª       8          8
9ª      15                        4+6+5              18ª     18          6+6+6

Errepara dezagun lehen esaldian: 15 neurri edo konpas. Bederatzigarrenean, berriz, neurri berekoa. Bada, lehena dantzatua izateko 8+5+2 neurritan azpi zatitzen da, aldiz, bederatzigarrena 4+6+5 neurritan. Gainerako esaldietan ere irregulartasunak daude.

Dantza baten ikasketak ahalegin fisiko handia eskatzen zuen, eta oroimenezko proba izugarria da. Oroimena eta dantza Hesiodoren Teogonia-ren erreferente nagusiak dira. Hesiodok –poeta greziarra– kaosa jartzen du lehen lekuan dago. Ondoren, Geak,  Uranorekin oheraturik, Mnemósine erditzen du –oroimena–, honek bederatzi gauetan kopulatu zuen Zeusekin eta bategite horretatik bederatzi Musak jaio ziren. Horietako bati, Terpsíkoreri, dantzaren jabetasun esanguratsua eman zitzaion. Dantza, beraz, oroimenaren alaba da eta Kaosaren biloba. Garbi dago, Danzas de cuentas delakoaren eredua, ohiz kanpokoa ematen badu ere, Hesiodoren eta bere Teogonia-n ainguratutako dago mitikoki.   

Iztuetaren lanaren atzean Cesare Negri Milanese dago. Italiako Errenazimenduan dantzen maisua izan zen. Hain juxtu ere, haren Villanicco-tik lau konpas eta neurri “lerratu” dira Iztuetaren doinu zaharren hainbatetara, zaldibiarrak Doinuen koadernoa-n publikatuta”.

Ez da samurra gero hori ulertzea. Nola jaso izan dira horiek guztiak?   

Cesare Negrik bere dantza metodoa1602an publikatu zuen, Iztuetak bere Gipuzkoako dantzak eta Doinuen koadernoa argitaratu baino 200 urte lehenago.

Gure iritziz, Villanicco-ren lau konpas horiek delicatesen moduko bat  dira, kultur espresio oso dotorea, iraganean Loiolako     Ignazioren ikastetxeetan landu zuten berezko jarduera pedagogikoaren lekuko.

1767an jaioa –Jesusen Konpainiaren kanporaketa urtean–, hogeita hamar urte ondoren, Iztuetak Konpainiako maisu haiekin dantzan ikasi zuen nonbait, dantzaren artean eskolatu zuen norbait aurkitu zuen.

Hala berean, ziur aski, Iztuetak Azpeitian zegoenean dantzen maisu baten koadernoa aurkitu zuen. Zaldibiarrak baina, koadernoa desagerrarazi zuen hiltzean, baita dantza eta soinuen liburuetako apunte guztiak ere. Hala ere, guk aztertu dugunez, ez zuen pentsatuko berak agertutako doinu zaharrak kutsatuta geratuko zirenik, Cesar Negri maisuaren lau konpasek agerian utzi dituztenak.

Zein da zure ikaspena edo ondorioa?

Hitz batez: Iztuetak euskal munduaren aurrean –eta gipuzkoar gizartean partikularki– antigoalean galdutako dantzen aitabitxia bezala agertu nahi izan zuen. Baina, bi mende lehenagoko Cesare Negriren obrak ipurdi-bistan utzi du Iztueta, guk demostratu dugun bezala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal dantza tradizionala
2024-12-16 | dantzan.eus
Iurretako emakumeek 1995ean soka-dantza plazaratu zutenekoa

Iurretan 1995ean andreek soka-dantza nola plazaratu zuten idatziz jasoa du Jon Irazabalek. Izan ere, 1837ko San Migel jaietan emakumeek osatutako aurreskua dantzatu zela ikusita, arrasto haiei jarraika, kopla doinuz lagundutako soka-dantza ikasi eta kaleratu zuten Iurretako... [+]


Ez da efimeroa, ez, euskal dantza-hizkuntza

Dantzaren munduan gabiltzanok askotan errepikatzen dugun ideia da dantza efimeroa dela. Elhuyar hiztegiak espainoleko "efímero"-ren ordaintzat ematen ditu honakoak: efimero, suntsikor, galkor, iragankor, iraungikor, ilaun. Ez dut gogoan nori irakurri nion... [+]


2024-10-30 | dantzan.eus
Euskal dantzako diplomarako lehen urratsak Ipar Euskal Herrian

Azken urteetan Lapurdiko kontserbatorioan euskararen eta diziplina tradizionalen presentzia handitu da eta euskal dantzako ibilbideari forma ematen ari dira; irailean hasi da lehen zikloa. “Herri Elkargoa sortu zen Iparraldean eta nahi zuten herri musika eta herri... [+]


Lesakan ezpata-dantzari ateratzeko listan zain

Lesakako ezpata-dantzariak San Fermin egunerako ezpata-dantzako entseguetan dabiltza azken hilabetean. Hamabost atera ohi dira dantzara, eta besteak titularren batek hurrengo urteetarako lekua utzi zain daude.


2024-06-17 | dantzan.eus
Ba al datoz gazteak euskal dantzara?

Transmisioa eta dantza taldeetako erreleboa aztertu nahi izan dugu Dantzan Ikasi topaketetan, eta gazte belaunaldiek lan egiteko ereduak ezagutu nahi izan ditugu “Gazteen parte-hartzea euskal dantzan” mahai inguruan: Eder Niño Barakaldoko... [+]


2024-06-12 | dantzan.eus
Dugunak botako du Iruñeko Sanferminetako txupinazoa

Iruñeko alkate Joseba Asironek prentsaurrekoan iragarri duenez, Duguna dantza taldeak jaurtiko du 2024ko Sanferminetako txupinazoa. Duguna izan da Iruñeko herritarren boto gehien jaso duen hautagaitza. Hain zuzen dantza taldearen sorreraren 75. urteurrena ospatzen... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-15 | Euskal Irratiak
300 dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.


2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


2024-01-31 | dantzan.eus
Inauteriak 2024 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]


2024-01-10 | dantzan.eus
Dantza, kantua eta jan-edana, kaskarotak martxan!

Urtarrileko lehen asteburuarekin atera dira kaskarot goiztiarrenak. Beskoitzekoak izan dira lehenak eta otsail hasierara arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira... [+]


2023-12-22 | dantzan.eus
Filipe Oihanburu euskal dantzari eta koreografoa hil da

Dantzaria, koreografoa, abesbatzako zuzendaria, idazlea… 102 urterekin zendu da Filipe Oihanburu (Argeles-Gazost-Miarritze, 1921-2023) Miarritzeko bere etxean. Hain zuzen Miarritzeko Urrezko Domina jasoa zuen euskal dantzan eta musikan egindako lan guztiagatik. Segundo de... [+]


Eguneraketa berriak daude