Lehorte boladan euria bezala hartu dugu Euskaraldia euskaltzaleok. Ez ote zeuden, bada, euskararen aldeko herri mugimenduak basamortuaren zeharkaldian, diruz eta aktibistaz nahiko larri, jauzi kualitatibo bat emateko zer egin asmatu nahian?
Lehen tantak 2014 aldera etorri ziren, betaurreko moreek ematen zuten ikuspegi feminista euskalgintzara ekarrita. Euskaldun izate hutsagatik pairatzen den zapalkuntza bistaratzea eta honi aurre egiteko ahalduntzearen beharra aldarrikatzen duen irakurketak horizonteak zabaldu zituen. 2015eko martxoan Korrikak Euskahaldun kontzeptua Euskal Herri osoan zabaldu zuen. Urte bereko uztailean Lutxo Egia idazleak Bilbon 30 egun denei euskaraz eginez pasatu eta bere esperientziak Berriako Transitoak blogean kontatu zituen. Esperimentua iragarri zuenean, feminismotik ikasitako irakurketak aipatu zituen, nagusiki euskaldun gisa “hautu kontziente eta politikoa” egiteko beharra. 2016 hasieran Donostiako Egia auzoan ariketa psikolinguistikoa maila kolektibora eraman zuten lehen aldiz, eta udazkenean beste hainbat herritan egin zen: Hernani, Lasarte-Oria eta Agurain, bakoitza bere planteamendu ezberdinarekin.
Hainbeste urteren ostean erakundeek beren burua normalizatu gabe dutenean, koherentea al da beraiek aritzea euskararen aldeko borrokaren gakoa herritarren aktibazioan jartzen?
Aurrekari hauekin, eta Lasarte-Oriako ereduaren aldeko apustuarekin –ahobizi eta belarriprest bereizten dituzten figurak herri honetan asmatu zituzten–, Euskaraldia egin dute nagusiki Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin, gerora sustatzaile gehiago sartu badira ere. Instituzio publiko batek euskalgintzaren urteko ekimenik indartsuenean lidergo papera hartzeak ez du eztabaidarik piztu. Hala ere, galderak berez datoz: hainbeste urteren ostean erakundeek beren burua normalizatu gabe dutenean, koherentea al da Lakuatik hasi eta udaletara, beraiek aritzea euskararen aldeko borrokaren gakoa herritarren aktibazioan jartzen? Jaurlaritzak ez ote zukeen mugatu behar ekimena laguntzera? Eta lidergoa partekatzekotan, zergatik ez ardurak ere partekatu, herri mugimenduek herritarrak aktibatuz, eta erakunde publikoek konpromiso zehatzak eta ausartak hartuz, aldi berean? Hamaika egun horietan has daitezke, adibidez, ETB2n euskarari beste leku bat ematen, probatzen, datorren urtean bide beretik urrats handiagoak egiten jarraitzeko.
Marketingak, baliabide ekonomikoek eta Euskal Herri osoan aurten bertan egin beharraren abiadurak, hasierako zaparrada korronte bihurtu dute. Herri eta eragile askok hizkuntzaren gaia modu kolektiboan bistaratzeko aukera gisa ikusi dute; beste herri eta eragile batzuetan, zalantzak handiagoak izan dira –izan planteamenduagatik, izan herrian egiten ari ziren lanketarekin uztartzeko zailtasunengatik–, nahiz eta azkenerako, hor egon beharra gailendu den orokorrean, ezin kanpo geratu.
Euskaraldiaren olatua gainean da. Modu masiboan eta urte bakarrean hedatua, arriskua du zabaldu beharraren beharraz euskararen aldeko atxikimendu kanpaina bihurtzeko askoren buruetan. Hala ere, aipatutako lehen esperientzia horiei begiratuta, ez da hori ariketaren oinarria: ahalduntzea da kontua.
Euskaltzaleontzako gakoa horixe izango da hamaika egun hauetan ere, nazio mailako oihartzuna lortu dela baliatuta: feminismotik ikasitako ahalduntzea praktikara eramanda, euskaraz bizitzeko hautuari eustea egoera guztietan, aurrekoak belarriprest txapa izan edo ez. Tokian toki, askatasun bidea urratzea, konplexurik gabe. Desobedientzia ekintzatik asko du ariketa honek. Giro erdalduneko tabernan euskaraz eskatzea eta elkarrizketan euskarari eustea ez ote da, bada, arau sozialei desobedientzia egitea? Horregatik antolatu izan dituzte TELP tailerrak herri askotan, hizkuntza talkaren aurrean euskaldunak ahaldundu eta irribarrea galdu gabe euskarari nola eutsi entrenatzeko, beharra handia baita.
ARGIAk iaz banatu zuen euskararen mapak zera iragartzen du: uste baino jende gehiagorekin egin dezakezu euskaraz. Marketing kanpainarik handiena ere ez litzateke iritsiko egun belarriprest txapa ematera Euskal Herrian euskara ulertzen duten denei. Buruan dugun irudia baino askoz euskaldunduagoa zaigu herria dagoeneko. Gakoa, beraz, txapa eraman edo ez, norbere burua ahaldundu eta alde guztietan euskaraz egitea da, lehen hitzetik harago.
Ez da faltako Euskaraldian euskararen aldeko argazkia atera eta beti bezala erdaraz funtzionatzen jarraituko duen erakunde, elkarte, enpresa, herritarrik. Epe motzean masibo egin nahiaren prezioa da.
Horrez gain, nabarmentzekoa da, salbuespenak salbuespen, ez dela argi komunikatu ahobiziek zer egin behar duten lehen hitzaren ondoren inolako txaparik ez daramaten pertsonekin, eta hortaz, kanpaina hau bakoitzak nahi duen eran ulertu duela. Egoera deserosoak bistarazi eta hauek kudeatzea baino, ez al da egoera deserosoak saihestea bilatu? Uholde honen abiapuntuan egondako tanten ekarpena ez baitziren belarriprestak izan, euskaldunen ahalduntzea baino, txaparik janzten ez duten erdaldunekin ere nola jokatu planteatu ziena. Noiz eta zergatik difuminatzen dira feminismoarekiko erreferentziak, ahalduntzea, epe luzeko prozesuaren garrantzia, eguneroko bizitzako talkak?
Euskaltzaleok goza dezagun festa, hainbeste urtean eta jasandakoak jasanda ere euskaraz bizitzeko hautua egina dugunok, aktibistok. Kalean aldeko giroa izatea, euskara elementu positiboekin lotzea, euskaltzaleei ikusgarritasuna ematea beti da gozo. Ez ote dira, bada, gaur arte izena eman duten milaka ahobizi horiek betiko euskaltzaleak? Are, horietako zenbat dira herrigintzako beste esparru askotan inplikatutakoak?
Lekuan leku utzi dezakeena da, ordea, garrantzitsuena: herrietan sortu edo indartu diren euskaltzaleen taldeak, harreman sareak, partekatutako bizipenak...
Milaka lagunen lan fina eta serioa eragin duen olatua, hamaika egunen ostean joan egingo da. Lekuan leku utzi dezakeena da, ordea, garrantzitsuena: herrietan sortu edo indartu diren euskaltzaleen taldeak, harreman sareak, partekatutako bizipenak...
Herritarrek beren partea egingo dute, baina erakundeek ere ardura beren gain hartzeko unea heldu da. Ekimenaren aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen 2019a instituzioen urtea izango dela (ikus lotura honetan, 8. orrian, laugarren puntuan). “Erakunde bakoitzean praktika sozial berriak” erraztuko dituen neurriak hartuko dituztela. Hezkuntza sistematik hasi, Osakidetza edo hizkuntzaren irakaspenaren doakotasunetik jarraitu, eta administrazioaren lan hizkuntza euskara egiteraino, bada zereginik. Euskaraldiak indartutako euskaltzale ahaldunduak izan daitezela herriz herri, erakundeek konpromisoaren beren partea betetzen dutenaren berme.
Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako euskaldunekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.
Aurreko edizioetako esperientziak oinarri hartuta, antolatzaileek “Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” egitea proposatu dute. Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan, aurkeztu dute 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren laugarren edizioa.
Antolatzaileen ustez hizkuntza ohituretan eraginkorra da Euskaraldia eta horregatik laugarren edizioa ere antolatzen ari dira. Hori bai, aurrekoak udazkenean egin dira eta hurrengoa udaberrian izango da.
Euskaraldia bukatzear da lerro hauek idazten ditudan orduan, oraindik bukaera argazkiak eskas dira. Ez da dudarik ederrak izanen direla, besta handi batean hartutakoen antzekoak.
Bizkitartean, artoski irakurri ditut, hemen edo beste zenbait agerkaritan, ni baino adituagoak... [+]
Hitzaldiak, prentsaurrekoak, elkarrizketak eta bilerak kontuan hartuta, egunean hiruzpalau hitzorduri erantzuten die egunotan Euskal Herriaren geografia luze-zabalean Kike Amonarrizek (Tolosa, 1961). Umoregilearen aldartearekin, komunikatzailearen argitasunaz, soziolinguistaren... [+]
Euskaraldiarekin batera, Goierri aldean Gipuzkoan beste ekimen batean ari dira egun hauetan: Hikaldia. Aittu euskara elkarteak antolatzen du, bikoteka aritzeko lehiaketa bezala. Hitanoz egiteko ariketa batzuk proposatu dira, eta audio bidez grabatu behar dituzte... [+]
Abenduaren 2a arte iraunen du Ahobizi-ak eta Belarriprest-ak protagonista dituen ekimenak. Antolatzaileek herritarrei gomita luzatu eta abiatzea ospatu zuten ostegun gauean Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Baionan.
“Bat egiteko garaia da” lelopean burututako kanpainari esker 13.000 saski banatuko dira hurrengo egunetan eta 200.000 euroko ekarpen ekonomikoa bideratuko du Ager zonaldeko euskalgintzaren egitasmoetara. Euskaraldia azaroaren 18an hasiko da, eta ariketa sozial masibo... [+]
Ariketa kolektibo bat egingo du Gazte Euskaltzaleen sareak azaroaren 14tik 18ra, gazteen artean euskaraz bizitzeko hautua bultzatzeko eta horretarako oztopo diren "egiturazko baldintzak" azaleratzeko.
Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskaraldiak sortu dute EITB podkast atariarentzat Zapla! podkast berria. Hizkuntza ohiturak aldatu eta Euskarazko praktika linguistikoak indartzeko tresna da. Belarriprest eta Ahobizi guztientzat lagungarri izan nahi du produktu berriak,... [+]
Euskaraldia hasteko egun gutxi falta direla, koordinatzaileek gomendioak eman dituzte: rol bakoitzaren txapak erabili eta erronka zehatzak hartu. Kaleak berotzen hasteko ehunka ekitaldi antolatu dituzte Euskal Herri osoko herrietan.