Urriaren 25ean Donostiako San Telmo Museoan Euskarabildua jardunaldien zazpigarren edizioa egin dute Iametzak eta Ametzagaiña taldeak. Gobernu Irekietarako teknologiei buruz aritu dira hizlariak: software askea, teknologia burujabetza, parte-hartzea, open data eta gardentasuna. Herritarren eta erakunde publikoen arteko harremanei buruz, azken batean.
Hitzek, maiz, erabiliaren erabiliaz zentzua galtzen dute, edo behinik behin, eraldatu egiten dira. Demokrazia hitza ezin da berdin ulertu Brasilgo hauteskundeak irabazi berri dituen Bolsonaroren edo herrialde horretako Lurrik Gabeko Langileen Mugimendu MSTren ahotan, adibidez. Antzekoa gertatzen da Gobernu Irekia, gardentasuna edo parte hartzea bezalako hitzekin. Batzuetan, badirudi erakunde batek izan dezakeen 426 milioi euroko aurrekontutik, herritarrek hainbat proiekturen artean bi milioi euro non gastatuko diren aukeratzeak, parte-hartzea bermatzen duela. Baina hala al da?
Euskarabildua jardunaldian arreta jarri zaio hitzetik harago dagoen praktikari: nola harremantzen dira erakunde publikoak eta herritarrak? Zein paper du teknologiak harreman honetan? Jarraian gaia aurkezteko egindako bideoa.
Gobernu Irekia software askearen mugimenduaren filosofiatik abiatuta sortutako ikuspegi politikoa da. Kontzeptua 70eko hamarkadaren amaieran sortu zuten Ingalaterran. Gobernuaren sekretismoaren aurrean, irekitzea eta herritarren parte-hartzea ziren helburu nagusiak.
AEBetako presidente ohi Barack Obamaren gobernuak 2009an egindako Open Government memoranduma aurkeztu zuenean Mendebalde osoan jarri zen bogan gai eta kontzeptu hau. 2011ko plazen okupazio mugimenduek kontzeptuari bultzada eman zioten, eta instituzioei kritika sakona egin zien, Espainiako Estatuan adibidez, ordura arte zegoen kontsentsua hautsi zen “ez gaituzte ordezkatzen” leloarekin.
Gobernu gardenak erakundearen kontu-ematea bermatzen du herritarren aurrean, egiten ari denaren eta bere asmoen informazioa ematearekin batera. Gaian adituek diotenez, edozein administrazio publikok, modu sinple eta argian, informazio publiko horretarako sarbidea bermatu behar luke, modu honetan herritarrek gobernuaren jardunakontrola dezaten.
Gobernu kolaboratiboak lortu behar du herritarrak eta bestelako eragileak erakundearen lanean inplikatu eta konprometitzea. Elkarlanak herritarrekin zein enpresa, elkarte eta bestelako eragileekin kooperazioa dakar alde batetik, baina baita bere funtzionario eta bestelako administrazioekiko harremana ere.
Azkenik, gobernu parte-hartzaile batek, alde batetik, herritarrek politika publikoen sorrerak aktiboki parte hartzeko eskubideari ematen dio bide, eta bestetik, erakundea herritarren ezagutza eta esperientziatik elikatzera gonbidatzen du. Beraz, herritarrek gai publikoetan duten inplikazioa eta protagonismoa handitzeko jardunak sustatzen ditu, era honetan indar politikoak herritarrekin indar handiagoz konprometituz.
Hiru zutabeak elkarrekin lantzea da arrakastaren gakoa. Gardentasun atariak edo parte hartze prozesuak ez daitezen partzialak izan eta utopismo digitalean eror ez gaitezen: demokraziak, agian internetek eskaini ditzakeenak baina denbora, mimo eta presentzia handiagoa eskatzen duelako. Zentzu horretan gaian adituek diote, erakunde publikoek ez luketela nahasi behar parte-hartzea eta klik egiteko aukera azkarra.
Eñaut Gracia Errenteriako Udaleko Informazio Gizarte, Informatika eta Parte Hartze zinegotzia izan da administrazio barneko dinamiketan zorrotzen begiratu duen hizlaria, edozein aldaketa aurrera eramateko oztopo izan daitezkeela gaineratuz. Zentzu horretan udaletako sailen artean dagoen borroka, Game of Thrones telesailarekin parekatzera iritsi da: “Jarrera pertsonalen eta instituzioetako harremanen aurka ari garelako dira zailak aldaketak. IKTek horretan lagun dezakete, zailtasun horien aurrean palanka eginez”.
Aragoiko Gobernuko Partaidetza, Gardentasuna, Lankidetza eta Boluntariotzaren arloko zuzendari Raul Olivanek, LAAAB Berrikuntza Demokratikorako Laborategia aurkeztu du Euskarabilduan. Olivanek ere azpimarratu du demokraziak berritzen eta zaintzen ez badira, arriskuan egon daitezkeela.
Design Thinking metodologietan oinarritzen dira herritarrak ko-sorkuntzan inplikatzeko: “Administrazioaren gaur egungo erronka nagusia diseinua da, ez marken diseinua, baizik eta zerbitzuen diseinua”.
Hego Amerikako hainbat ikertzailerekin batera egindako Hacking inside liburua argitaratzear daudela aurreratu du Olivanek: nola sartu erakundeetara birus troiar baten moduan, eta nola hackeatu barrutik.
Software askeaz gain, teknologia askeak landu behar direla aldarrikatu zuen Xabier Barandiaran EHUko irakasleak, Bartzelonako Udalerako garatutako Decidim.org plataforma eredu jarrita.
Software askea, hainbat printzipiotan oinarritzen da: teknologia eskuratu ondoren erabili, kopiatu, aztertu, moldatu eta banatu egin daiteke. Teknologia burujabetza ordea, ez da lan egiteko modu batez ari, ezta lizentziez ere: geroz eta enpresa pribatu gutxiagok duten kontrol erraldoitik ihes egitea da kontua.
2006an Microsoft zen munduko enpresa handienen artean zegoen enpresa teknologiko bakarra. Gaur munduko lehen bost enpresak dira teknologikoak: Apple, Alphabet, Microsoft, Amazon eta Facebook.
Silicon Valley-en nagusi den ideologiaren arabera, enpresa teknologikoetako langileek “mundua hobetu” nahi dute –dirua egiteaz gain–. “Horren atzean ongizate estatuak ordezkatzeko estrategia bat dago, zerbitzuak Google bidez eskura ditzagun. Turismo bulegoak laster desagertuko dira, Google Maps eta Trip Advisor-ekin nahikoa dugulako”. Jakina da, Maquiaveloren garaitik –eta kartografia garatu zenetik– mapak lurraldeak konkistatzeko edo kontrolatzeko sortu zirela. “Munduko maparik handienaren jabea Google da”, gogorarazi zuen Barandiaranek.
“Kapitalismo teknologiko honek larritu beharko gintuzke”, Barandiaranen ustez, bereziki erakunde publikoez aritzeko orduan. “Alternatiba badago, eta hobea da: mundu osoan elkarlanean ariko diren herritarren teknologia librea”.
Datu irekien sozializazioari buruz hitz egin zuten Open Data Euskadiko arduradun tekniko Imanol Argüesok, Deustuko Unibertsitateko irakasle Miren Gutierrezek eta Hirikilabs-eko programa koordinatzaile Ibai Zabaletak.
Miren Gutierrezek baleontzien ibilbide datuak jasotako hainbat bisualizazio erakutsi zituen: “Datuen bisualizazioari esker informazioa era antolatuan aurkez daiteke, ulergarri eginaz bestela milaka zenbaki baino ez direnak”. Datuak eskuratzeko moduez aritu da eta datuen publikotasuna defendatu du, herritarren anonimatua arriskuan jartzen ez den kasuetan, behintzat. Horrez gain, datuen gaineko akzio demokratikoaren alde agertu da, datu publikoak eta irekiak sortzeko prozesuan bertan parte-hartzearen garrantzia azpimarratuz.
Ibai Zabaletak Hirikilabs-en hainbat egitasmoren berri eman eta besteak beste Airbnb-ren efektua aztertzeko antolatu zuten tailerra aurkeztu zuen. Lan hori egiteko datuak web scraping bidez eskuratu zituzten, hau da, webguneetako informazio publikoa erauziz. Zabaletak adierazi zuen ezin izan zutela frogatu Airbnb-ren zabalkundeak hiriko alokairuen prezioan eragin zuzena izan zuenik, izan ere, datuak ezin izan zituztelako alokairuen prezioekin erkatu.
Honelako esperientziek garbi erakusten dute ez dela nahikoa datu publikoak izatea, baizik eta horiek landu egin behar direla eta garrantzitsuagoa dena, datuak elkarren artean konparatzeko eta erkatzeko aukera egon behar dela, edozein irakurketa oso egin ahal izateko.
Miren Gutierrez:
“Jendea hackerren beldur da, ni askoz gehiago kezkatzen nau AEBetako Gobernuak”
Datuak eta informazioa edukitzea, boterea izatea da. Egun, ordea, inoiz baina datu gehiago sortzen ari gara, batez ere, geolokalizazio eta komunikazio digitalaren ondorioz. Datuen negozioaz gain, pribatutasuna erronka nagusi bihurtzen ari da: “Jendea hackerren beldur da –dio Gutierrezek–, baina ni askoz gehiago kezkatzen nau AEBetako gobernuak”.
iAnire izeneko euskarazko testuak irakurtzeko gai den fikziozko pertsonaia teknologikoa aurkeztu zuen Xabier Barandiaranek. Estrategikoki egin beharreko apustua burujabetza teknologikoaren bidetik egin behar dela azpimarratu zuen. “Horren aldean beste irtenbidea Siri, Alexa edo Google Assistant euskaratzea da eta hori ez da batere ona burujabetzarako”. Marko Txopiteak ideia honetan sakondu zuen, hizkuntza teknologien alorrean euskaraz dauden eta libreak diren proiektuak aurkeztuz jardunaldietan.
Merkatuaren zain egongo balitz euskaraz hitz egingo duen teknologia, garapena ez dela inoiz gertatuko ziurtatu zuen Txopiteak. “Euskaldunok teknologia hauek nahi baditugu, guk geuk, modu librean eta auzolanean sortu behar ditugu”. Ahots errekonozimendurako teknologia librea osatzea helburu duen Common Voice Mozillaren proiektua aurkeztu zuen. Egitasmo hori 73 hizkuntzatan dago martxan eta Librezale euskarazko moldaketak prestatzen ari da. Une honetan jendearen parte-hartzea eskatzen ari dira, euskarazko audio grabaketa publikoen corpus erraldoia osatu ahal izateko.
Euskarak teknologia aurreratuetan lekua izango badu, eta Euskal Herrian eredu demokratiko, garden eta parte-hartzaileak sustatu nahi baditugu, software eta teknologia burujabetzan urratsak ematea ezinbestekoa izango dela argi geratu zen jardunaldiotako hizlariak entzunez. Besteen esku dauden jakintzen menpe geratuko da komunitatea bestela.
Mastodon.eusen euskara da hizkuntza nagusia, baina Fedibertsoa ehunka hizkuntza hitz egiten dituen komunitate global eta bizia da. Horregatik, itzulpenak egiteko Libretranslate tresna librea erabiltzen hasi dira. Horri esker, nazioarteko eragile eta norbanakoek argitaratukoak... [+]
Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.
Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]
Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]
ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak atxikimendu kanpainarekin.
Matx, tokiko kirolaren sare soziala, atzo jarri zen martxan. Urte hasieran app mugikor gisa jaio ondoren, orain Mastodon azpiegituraren gainean berregina azaldu da. Tokikom tokiko hedabideen sareko kirol albisteen biltegi gisa ageri da webgunea orain nagusiki,... [+]
EH Bildu talde parlamentarioak legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, EAEko ikastetxeetako ordenagailuetan software libreko sistema eragileen (GNU/Linux) ezarpena ere bermatzea eskatuz. Aurrera atera den EAJ-ren eta PSE-EE-ren osoko zuzenketan ez da jasotzen... [+]
X bezalako espazioetan, gaur-gaurkoz, eztabaida publikoa eta borroka kulturala ematea ezinezkoa dela onartu beharko dugu noiz edo noiz. Zentzu horretan, akats bat da ezkerreko aldaketa bat gidatu nahi duten proiektu politikoek X bezalako plataformak uztea, soilik modu erabat... [+]
Gero eta ohikoagoa da Mastodon edo Pixelfed bezalako sare sozial libre eta federatuetan kontuak izatea. Horretarako, euskaldun gehienek mastodon.jalgi.eus, mastodon.eus edo pixelfed.eus instantziak erabiltzen dituzte. Baionako Etxepare Lizeoak pauso bat harago eman du, ikasle... [+]
X bezalako espazioetan, gaur-gaurkoz, eztabaida publikoa eta borroka kulturala ematea, ezinezkoa dela onartu beharko dugu noiz edo noiz. Zentzu horretan, akats bat da ezkerreko aldaketa bat gidatu nahi duten proiektu politikoek X bezalako plataformak uztea, soilik modu erabat... [+]
Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]
2025 urteko egutegia argitaratuko du Abaraska taldeak, argazkiak partekatzeko Pixelfed.eus sare sozial euskaldun, libre eta federatua sustatzeko asmoarekin. Parte hartzeko nahikoa da azaroaren 15a baino lehen bertan argazkiak partekatzea #FediEgutegia2025 traola erabiliz.
Udako albistea da, zenbait tokitan agertu zena, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-organo bat) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari espedientea ireki ziola Googleren produktu batzuk erabiltzera behartzeagatik ikasleen... [+]