“Musikariena oso mundu indibidualista da”. “Sindikatuen formula zaharkituta dago”. Halako uste zabalduei kontra egiteko asmoz SMAC osatu dute ehundik gora lagunek, Kataluniako Musikari Aktibisten Sindikatua. Oinarrizkoak bezain ez-ohikoak diren baldintzak aldarrikatzeko elkartu dira, euren eskubideak defendatzeko. Bat nagusiki: kontratatuak izateko eskubidea.
Musikariak dira Albert Costa eta Pablo Schvarzman. Lehenak tronboia jotzen du The Gramophone All Stars Big Band eta Compota de Manana taldeetan; bigarrena aldiz, Seward taldeko gitarra jotzailea eta elektronikaren arduraduna da. Musikari lanak bakarrik ez, eragile eta borroka batek ere elkartzen ditu biak. Duela bi urte sortu zuten SMAC (Kataluniako Musikari Aktibisten Sindikatua) sindikatuko kide aktibo dira. Besteak beste, hainbat udaletan musikariak kontratatzeko baldintza zuzenak zehazten dituzten mozioak onartzea lortu dute. Haiekin izan gara euren lan-ildoak, egiteko moduak eta aldarrikapenak ezagutzeko.
2016ko Primavera Sound jaialdiaren atarian hasi zen dena…
Pablo Schvarzman: Taldeekin birak egin eta beste batzuekin eszenatokiak konpartituz, topo egin dugu antzeko kezka eta arazoak ditugun musikariok. Harreman horietan hasi zen ideia garatzen, eta halako batean, askotan hitz egindakoak martxan jartzeko garaia zela erabaki genuen, hasi behar genuela pauso sendoagoak ematen. Asanblada antolatu eta ahal bezainbeste musikari gonbidatu genituen. Izan zitekeen beste edozein plaza ere, baina ikusgarritasuna eta zentzua emateko aproposagoa zen musikarekin zerikusia zuen leku bat aurkitzea. Primavera Sound jaialdiaren sarrera parean eseri, eta hantxe egin genuen lehenengo asanblada. Oihartzun handia izan zuen ekimenak eta kide asko hasi ziren deitzen hainbat problema jakinarazteko. Azkar hasi behar izan genuen lanean eta arazo jakinei erantzuten, eta gero, denbora gehiago izan dugunean, orduan eman dugu sindikatua sortzeko pausoa.
Zergatik sindikatua eta ez, demagun, elkartea?
Albert Costa: Berehala antzeman genuen jazz musikarien edo bandurria jotzen dutenen elkarte bat sortzeak ez zigula balio; ez genuela festibal bat eta hitzaldi pare bat antolatzen dituen elkartea izan nahi. Klase sindikatu bat gara, hori delako musikari langile guztien eskubideengatik borrokatzeko modu onena. Horrela modu ofizialagoetan ere eragin dezakegu: patronalarekin bildu eta gauzak erabakitzen dituzten pertsona edo erakundeekin zuzenean hitz egin.
P. Schvarzman: Gaur egun, ehun afiliatu baino gehiago gara, eta hala ere funtzionamendua ez da askorik aldatu. Asanblada da gure oinarria, bertan erabakitzen dugu zeintzuk izango diren gure lan-ildoak. Abokatu bat dugu guretzat lanean, baina beste guztion lana borondatezkoa da. Ez dugu profesionalizatutako sindikatu bat izan nahi, ezta deskontu txartelak pilatzeko afiliatzen diren pertsonen taldea ere.
Albert Costa:
“Zure burua profesionaltzat izan arte, zaila da zure eskubideei erreparatzea”
Zer da musikari aktibista bat?
A. Costa: Hasieratik erabaki dugu politikoki inplikatuko den sindikatua izango garela, ahal beste alorretan. Urriaren 3ko greba orokorrean, adibidez, parte hartu genuen. Plazaratu ditugu hainbat ohar ere, besteak beste, urriaren 1eko errepresioaren harira; eta adierazpen askatasunaren gaian, No Callarem kolektiboaren parte aktibo gara. Funtsean gizartean eragin nahi duen sindikatua da gurea, eskubide laboralei zein politikoei erreparatzen diena. Horregatik diogu aktibistak garela.
Musikarien artean arazoak modu indibidualean konpontzeko joera omen dago. Zuek ordea kolektibotik eragiteko bidea hartu duzue.
P. Schvarzman: Bitxia da, arteen kasuan, pintoreek edo eskultoreek adibidez, bakarrik egin dezakete lan, eta normalagoa litzake indibidualtasunerako joera. Baina guk taldeka egiten dugu maiz, eta hala ere ez da hori aldatzen. Aktoreek, adibidez, lortu dute haien lan-hitzarmen propioa, eta guk ez. Ez dakit zergatik den hala, baina argi dago joera horrek ez digula batere mesederik egin.
A. Costa: Baliteke zerikusia izatea nork bere burua musikari gisa onartzeko trabekin. Bai gure konplexuengatik, baina baita besteen onarpen faltagatik ere. Niri etengabe galdetzen didate musikarena afizioa edo ofizioa den. Zure burua profesionaltzat izan arte, zaila da zure eskubideei erreparatzea, eta zer esanik ez sindikatu batean edo bestelako formulatan pentsatzen hastea. Profesionalen eta amateurren arteko marra hori fina da. Noiz da norbait profesionala: asko jotzen duenean? Ikasketak dituenean? Debate hori ez zaigu interesatzen. Musikari gisa, gehiago edo gutxiago, lan egiten duen langilearen eskubideak defendatzen ditugu.
Musikariak kontratatu egin behar direla da zuen aldarrikapen nagusia; ez dela nahikoa faktura bat eskatzea.
A. Costa: Gaur egun indarrean dagoen araudian oinarritzen gara. 1435/1985 errege dekretuaren arabera kontratatzen duenaren eta musikariaren arteko harremanak laborala izan behar du. Horrek esan nahi du udal batek edo areto batek kontratatzen bazaitu, altan eman behar zaituela, gizarte segurantzako gastuak bere gain hartuz. Kasuen %1ean soilik betetzen da hori. Horren ordez, faktura bat eskatzen digute. Horretarako, edo autonomotan eman behar dugu izena, edo enpresa bat sortu behar dugu gure burua kontratatzeko. Bi aukera horietan galtzen dugunak gu gara.
P. Schvarzman: Badaude batzuk autonomo izateko aukera aldarrikatzen dutenak, nahiz eta, gaur egun, erabat legezkoa ere ez den. Guk aldiz, nahiago dugu kontratatuak izan. Funtsean, autonomoak babesgabeago daude, eta gainera, ezin dira sindikatu. Tranpatia da gainera: lan esparru gehienetan autonomo batek erabakitzen du noiz egingo duen eskatu zaion lan hori; musikari batek aldiz, ordu eta toki jakin batean egon behar du, bai ala bai. Askatasun hori ez izatea bat dator kontratatuen ezaugarriekin, eta ez autonomoenarekin.
Diru asko mugitzen duten taldeak eroso daude enpresa egitura bat sortuta?
P. Schvarzman: Talde batzuk bai, aktibitate oso handia dutelako eta bira handiak egiten dituztelako. Mantendu dezakete enpresa egitura bat. Kalkulu horiek euren katxean sartu eta enpresa gisa funtzionatzen dute, baina ez du denontzat balio. Norbaitek langile izateari utzi nahi badio eta bere enpresa sortu nahi badu, ez dugu problemarik. Baina zer gertatzen da halakorik egin ezin dutenekin? Asko intermitenteak gara edo talde askotan jotzen dugu. Gure kasuan, beste edozein sindikaturi bezala, ez gaitu kezkatzen enpresa handien egoerak. Talde handi eta ezagunen egoera ez da gure ardura, ez gara sortu haiei laguntzeko. Guk babesik gabe dagoen musikarien gehiengo zabal horren eskubideak aldarrikatzen ditugu.
Bateragarria da proposatzen duzuen kontratazio bidea areto txikien errealitatearekin?
A. Costa: Areto txikiekin moldatzeko formulak badaude, eta bat izan daiteke sindikatuak haiekin adostea zer eskaini dezaketen ordainetan, dirutan ez bada, bestelako baldintza edo zaintza-lanetan. Egia da sala asko daudela ezin diotenak aurre egin kontratazioaren formulari, baina sala txiki horien egoeraren aitzakian, udalek, jaialdiek eta sala handiek ere nahi dutena egiten dute. Ordaintzeko aukera baduenak ezin dio legea betetzeari uko egin etekin gehiago ateratzeko, ez gure eskubideen kontura.
Erakunde publikoek izan behar lukete eredu, beraz…
P. Schvarzman: Espainiako Estatuan lan gehien ematen dutenak udalak dira: herrietako jaiak, diruz lagundutako festibalak eta lokal publikoen programazioa. Haiek izan behar dute eredu. Sindikatuen bitartez eragiteko errazenak ere haiek dira. Alderdi politikoekin saiatu gara mozioak proposatu ditzaten eskatzen, herriz herri, legea aplikatu dadin, kontratazioa bermatuz. Herri eta hiri batzuetan lortu dugu dagoeneko. Kontua da egitura burokratiko oso bat dagoela egiteko modu batzuetara ohitu dena, eta hori ez dela aldatzen legealdi batetik bestera. Erresistentzia asko daude.
Pablo Schvarzman:
“Ez dugu profesionalizatutako sindikatu bat izan nahi”
Manager, sustatzaile eta abarrek begi onez ikusten dituzte zuen proposamenak?
A. Costa: Oro har, ez. Oso urduri jartzen dira, ikusten dutelako haien pribilegio batzuk kolokan jar daitezkeela. Badago industria bat, gauzak egiteko modu alegal honetan eraiki dena, eta ez dituena musikariak aintzat hartzen. Industriaren oinarria musikaria da, eta hala ere, badirudi gu garela azkenak. Noski, behar ditugu aretoak, antolatzaileak, eta gure lana sustatzen lan egingo duen jendea, baina hori guztia bateragarria izan behar da gure oinarrizko eskubideekin.
Diru-laguntzetan ere jarri duzue fokua.
A. Costa: Bartzelonan bertan diru asko jasotzen duten aretoak badaude. Programazioagatik jasotzen dute, nahiz eta gero ez duten haiek zuzenean programatzen. Dioguna da, diru-laguntza publikoa jasotzearen truke, baldintza batzuk bete behar lituzketela: genero oreka, gutxieneko zaintza, baita musikariak behar bezala kontratatzea ere.
Marka komertzialek eszenatokietan duten presentzia salatu duzue. Badago hori aldatzerik?
A. Costa: Badira festibal batzuk lotsagarriak direnak: eszenatoki osoak Estrella Damn edo Coca-Colaren iragarkia dirudi. Gaur egun, mundu guztiak argazkiak eta bideoak atera eta sarera igotzen ditu. Zuk hori ikusten duzunean ikusten duzu talde bat atzean markaren logoa duena. Hori, azken finean, iragarki bat da; doan egiten duzuna, eta zure onarpenik gabe. Negoziatu behar dela aldarrikatzen dugu, eta kontratuak hori ere zehaztu beharko lukeela. Nire kasuan, enpresa asko daude ordainduta ere onartuko ez nituzkeenak, ez dudalako nire irudia haiekin lotu nahi. Ezetz esateko aukera izan beharko genuke.
P. Schvarzman: Guk eszenatoki bateko logoa estaltzea erabaki genuen jaialdi batean, eta talka handia izan genuen antolatzaileekin. Taldea handia bada, bestelakoa da kontua. Pepsirekin hitzarmena zuen abeslari ezagun batengatik jaialdi oso bateko Coca-Colaren kartelak estali zituzten behin. Baina hark zuen negoziazio botererik ez dugu guk, bakarka ez behintzat. Baina elkartzen bagara, eragiten saia gaitezke. Horretan ari gara.
Egile eskubideen gaia ere jorratu duzue?
A. Costa: Egia esan, ez diogu gai horri heldu. Ez gara talde handiegia eta zaila da denera iristea. SGAErekin kritikoak gara, hala ere. Bere arazoetako bat da salmenten arabera bozkatzen dela. Guk nahi genuke sistema bat birpentsatuko duena egile-eskubideak nola kudeatzen diren, pertsona bakoitzak boto bat izango duena. Debatea konplexuagoa da SGAE eta copyleft aukeren artean hautatzea baino. Pentsa, pertsona batzuk konposatzaileak bakarrik dira, eta hori da euren diru iturri nagusia. Uste dut nahi duenak aukera izan behar duela bide horretatik dirua irabazteko, baina modu gardenean izan behar luke.
Amaitzeko: zein bide ditu sindikatu batek aipatu dituzuen helburuetara hurbiltzeko?
A. Costa: Asko daude. Sare sozialen bidez eragitera ohitutako belaunaldia gara, eta egia da, hor presioa egitea eraginkorra izan daiteke. Gu ahalegintzen gara zabalagoa den zerbait egiten: manifestazioak, piketeak, behar den edozer. Gehien egiten ari garena da jendearekin eta erakundeekin biltzea gure ikuspegia azaltzeko. Ia mundu guztiarekin ari gara biltzen: patronala, alderdiak… Hala ere, epe luzera eraginkorrena da kontzientziazioa eta aldarrikapena zabaltzea. Helburu hauek gehiengoaren aldarriak izatea nahi genuke.
Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.
---------------------------------------------
Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]
Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]
Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Badok-ek, Berriako musika atariak, 15 urte bete ditu. Bi ekitaldi ezberdin antolatu dituzte urteurrena ospatzeko, bata Hendaian azaroaren 16an eta bestea Durangoko Azokan. Hainbat artista izango dira bertan. Euskal musikaren gaur egungo egoeraren erradiografia txikia ere eskaini... [+]
Laberintuak
Maniaks
Autoekoizpena, 2024
------------------------------------------
Ohikoa da gaztaroaren borborrean musika taldeak sortzea, eta non eta Arrasaten are gehiago. Baina talde bat sasoian eusteak esfortzu eta konpromiso handia eskatzen du, eta tira egin ezean... [+]
Rock alternatiboa egiten duen laukote baztandarrak 2019an kaleratu zuen Ihesi doaz animaliak, eta pandemia heldu zenez geroztik isilik egon da. Orain arte. Seigarren lana izango du Deus (Usopop, 2024). Lehen singlea kaleratu dute, Egia, begira deiturikoa, eta azaroaren 11n... [+]
Ezpatei Disdira!
Tatxers
Humo Internacional, 2024
-----------------------------------------
Pop melodia itsaskorren gerrillariak. Vietcong txikiak nola, bata bestearen atzetik, tranpekin edo tranparik gabe berriz harrapatzen gaituzte Tatxersekoek. Himnogintzaren maisuak,... [+]
Azaroaren 9an, emakumeak protagonista diren hip-hop jaialdia ospatuko dute, 17:30etatik aurrera. Jaialdiak urtez urte hip-hop eta rap estiloetan ibilbide ezaguna duten emakume artistak bildu izan ditu.