“Katedradun izateko babesa izan nuen, baina ez gizonezko gehiengoarena”

  • Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria irabazi du aurten. Linguistika, soziolinguistika eta, are, psikosoziolinguistikatik joko genuelakoan geunden, baina ARGIAtik joanda, Zeruko Argia-ren garaietara joan gara ihesi memoriaren bide asmaezinetan barna, iraganetik orainera eginez, gidari aparta lagun.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Maria-Jose Azurmendi Aierbe (1944, Donostia)

Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria 2018. Irakasle eta ikerlaria. Filologia Erromanikoa ikasketak Madrilen egina, Beasaingo Lizeoko zuzendari zen 1968an. Ondoren, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako EUTGn jardun zuen irakasle. 1983an EHUko Psikologia fakultatean hasi zen, 2011n erretiratu zen arte. Emakume aitzindari izan da ikastolako zuzendarietan, euskara dekanordeetan, katedradunetan eta Psikosoziolinguistikan. Donostiako Bagera Euskara Elkartearen omenaldia jasoa. ARGIA Zeruko Argia zen garaitik etxean pozik jasotzen duen MariaJose Azurmendiri, gure merezimendua.

[Galdezka hasi aurretik ekin dio berak]...

Zeruko Argia zen garai batean. Gure amak beti hartu izan zuen, eta beraren bidez ohitu nintzen zuen aldizkaria irakurtzera. Nik esango nuke joan den mendeko 50eko hamarkadaz gero, etxean dugula astekaria. Lehen, Zeruko Argia; orain, ARGIA. Aitak lana besterik ez zuen egiten, eta amak kontatzen zizkigun irakurtzen zituenak. Bixenta Aierbe zen gure ama, Segurakoa, 16 urterekin Donostiara etorria, Intxaustitarren etxera, sukaldeko lanean, josten eta brodatzen... Filipinetan jaioa zen Manuel Intxausti [Manila, 1900–Uztaritze, 1961], eta 1936ko gerra ondoren gogotik lagundu zien Ipar Euskal Herrira ihesi joan ziren abertzaleei, haurrei, Jaurlaritzari, eta Jose Antonio Agirreri berari. Zenbat diru eman ote zuten!

Eta zuen ama haien etxean izan zen lanean.

Bai, Donostian, Ondarretan zeukaten etxea. Han dago etxea oraindik. Lehen, Intxausti zen. Orain beste izen bat dauka. Etxe hartan ezagutu zuten elkar gure gurasoek. Aita, etxeko txoferra zen. Gerra hasi zenean, Uztaritzera joan ziren, eta gerora, behin baino gehiagotan izan nintzen etxe hartan, gurasoekin joanda. Eta, beti, euskarazko ipuin bat erregalatzen ziguten. Jende berezia zen, oso.

Ondarretan Intxaustitarren etxea, Antiguan bizi zineten zuek ere.

Bai... Eta, txikitan, hantxe hasi nintzen lehenengo eskolara, 4-5 urterekin, Jesusen Mirabeetan. Ez zegoen euskaraz hitz egiterik, baina nik ez nekien gaztelaniaz. Galdetzen zidaten, ulertzen nuen nolabait, baina ez nintzen erantzuteko gauza. Garai hartan, arbelak ez zeuden paretan itsatsita, bi alde zituzten, bata gelara begira, bestea atzeko paretaren aldera. Bada, ni, arbelaren beste aldean jartzen ninduten. Han, klariona hartu eta marrazkiak egiten nituen, eta marrazkiak egitera zaletu nintzen. Oraindik ere egiten ditut.

[Egiazko margolanak egiten ditu gaur egun] Asko sufritu nuen, eta amorrua ere etorri zitzaidan. Gainera, euskaraz hitz egiteko beldurrez bizi ginen, ez genuen hitz egiten... Jesusen Bihotza ikastetxean hasi nintzen gero, eta han ere isildu egiten zen euskaraz zekien jendea. Ikasturtea pasatu arte ez nuen jakin batzuek euskaraz egiten zutela. Orduan, isilka, gure artean euskaraz egiten hasi ginen, mojen ezkutuan.

Lanak ditu sinesteak.

Eta orain ere, orduko hura bizi izan zuen jendeak, bizi izan ez balu bezala egiten du. “Babesgabetasun ikasia” du izena horrek psikologia sozialean. Babesgabetasun ikasia. “Esan duzuna ez da egia! Hemen ez zegoen debekurik!”, esaten dute. Onartu egin dute gezurra. Gauzak asmatzen ditugulakoan bizi dira. Askotan, gerra erabili beharrean, inperioek bestelako mekanismoak erabili dituzte jendearen barruan halako sineste jakin batzuk, eta ez beste batzuk, sartzeko. Jendeari pentsamendua aldarazten diote. Lehenengoan, jendeak kontra egingo du, baina, poliki-poliki, onartu egiten du.

Amorrua aipatu duzu lehen.

Baina amorruak ez du betiko irauten, zorionez. Bizian bestelako etapak ere izan ditut. Esate baterako, Madrilera Filologia Erromanikoa espezialitatea egitera joan nintzen garaia. Hantxe sendotu zitzaizkidan euskara eta euskaltasuna. Euskaldun talde handia zegoen han, euskararen aldekoa. Zioten euskara zela gure hizkuntza, euskaraz hitz egin behar genuela, eta euskara eskolak antolatu zituzten. Batzuek besteei erakusten genien. Alde batetik, eskolak jasotzen nituen, irakurtzen eta idazten ikasteko; bestetik, eskolak ematen nizkien ni baino gutxiago zekitenei. Adibidez, nire senarrari.

1963an joan zinen Madrilera, Euskal Herrian bertako unibertsitaterik ez zegoen sasoian.

Eta kanpora joan behar estudiatu nahi izatekotan. Asko ginen han euskaldunak, berrehunen bat, gizonezkoak gehienak. Emakumezkoak, hamarren bat edo. Amak bultzatuta joan nintzen, amari Intxaustitarren etxeko giroak eraginda. Ikasi egin behar nuen, eta asko ikasi nuen Madrilen. Filologia ikasi nuen, baina, tartean, historia, literatura, ekonomia... eta beste hainbat eskola eta saiotara joaten nintzen, entzule. Jakin-min handikoa nintzen. Eta nik bezala egiten zuten beste batzuek ere. Lehen bi urteak Donostian egin, espezialitateko hirurak eta beste bat, doktoregoa egiteko, eta Euskal Herrira etorri nintzen. Madrilen bertan unibertsitate-irakasle lana eskaini zidaten, baina nik hona nahi nuen...

Madrilen lau urte eginda. Eta, hemen, egin zenuten Euskal Herri berririk?

Saiatu ginen. Beasaingo Lizeoko lehen zuzendaria izan nintzen. Euskaraz zelako hartu nuen lan hura. Ez naiz gogoratzen nor eta nola etorri zitzaizkidan bila, baina Madrilen nengoenean, Donostiara etortzen nintzen udan, eta hemengo mugimenduarekin bat egin nuen, Karmele Esnalekin eta. Garai hartan, ikastolak irekitzen hasita zeuden, eta irakasle tituludunak behar zituzten. Zuzendari egin ninduten. Eskolak nola eman, ikastola bera nola antolatu, irakasleak kontratatu... Eta hortxe izan nuen borroka, batzuek esaten zutelako irakasle izateko titulurik ez zela behar.

Argazkia: Dani Blanco.

Irakasle tituludunak izatea auzitan zegoen?

Bai. Eta borroka handia izan zen, hirugarren urtean, batez ere, esanez irakasleak tituluaren arabera kontratatzen nituela. Baina ni ere titulua nuelako hartu ninduten. Sistemaren kontrako asko gertatu ziren garai hartan, errebeldia zen: “Espainiako titulua, euskaraz irakasteko? Ez, jauna!”... Ni, hala ere, irakasle tituludunak ekartzen saiatu nintzen beti, bota ninduten arte.

Bota egin zintuzten?

Bai. Eskutitza bidali zidaten, gaztelaniaz. “Por incompatibilidad con el resto de profesores” (Gainerako irakasleekiko bateraezintasuna), zioten. Tituludun batzuk kontratatzea lortu nuen, baina han gehiago ziren titulurik ez zutenak. Bota ninduten, eta badut arantza: ikastola, euskarak indar handia duen tokia, Goierri... Oso maitea izan dut beti Goierri, ama Segurakoa eta aita Legorretakoa izanda! Memoria galtzen hasita nago, baina “Por incompatibilidad con el resto de profesores”, ez zait behin ere ahaztuko. Izugarrizko negarrak egin nituen, asko tristetu nintzen. Baina jesuiten unibertsitatean [Deustuko unibertsitatea Donostian, EUTG garai batean] ezagutzen ninduten, zenbait eskola ere emanda nengoen Beasainen izan nintzen azken urtean, eta unibertsitatean hasi nintzen berehala.

Hamahiru urtez Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean jardun ondoren, Euskal Herriko Unibertsitate hasiberriko Psikologia fakultatean zinen lanean. Elebitasuna izan duzu ikergai nagusietarik. Eleaniztasunaz ari gara gaur egun.

Elebidun nahiz eleaniztun izan gintezke gu, norbanakoak, baina gizartea, ez. 1980an Quebecen izan nintzen, Laval Unibertsitatean, William MacKeyrekin, [nazioarteko soziolinguistikan sona handienekoa duen pertsona] eta horixe esaten zuen berak. Gizarte mailako elebitasuna posible izatekotan, hizkuntza bakoitzak bere lurralde eremua behar du, eta lurralde eremu horretan hizkuntza ofizial bakarra izan. Ez dago besterik. Kanadan, frankofonoak dituzu batean, anglofonoak bestean. Horrelaxe funtzionatzen zuten, eta funtzionatzen dute, estatu konfederatuak balira bezala. Euskal Herrira etorri eta MacKey harrituta zegoen, hain zapalduta egonda ere, euskarak gure artean zuen indarra ikusita. Munduan horrelakorik ez zuela inon ikusi zioen. Eta kontuan hartu gurea oso egoera nekeza dela, hiru lurralde administratibotan zatituta, bi estatutan, bi hizkuntza hegemoniko ditugula gure gainean... Egin kontu, frantsesa benetako hizkuntza globala izan zen Lehen Mundu Gerra baino lehen. MacKeyk garbi esaten zuen, gizarte mailako elebitasun orekaturik ez dugu inoiz ezagutu, hizkuntza batek bere lurralde jakina behar du. Pertsonok bai, jakin ditzakegu hizkuntza bat, eta bi, eta hiru, eta asko, baina lurralde zehatz batek hizkuntza zehatz bat behar du. Gizarteak bakarrarekin funtzionatuko du, ez birekin.

MacKey ez ezik, beste soziolinguista handi bat ere hartu zenuten etxean: Joshua Fishman.

Bai. Bizpahiru aldiz izan genuen hura ere. Mundu mailako adituak biak, euskararen prozesuaz kezkatuak biak. Jakinda ze gutxi ginen, nola geunden zatituta, nola gerra galdu genuen... eta, hala ere, zer indar genuen pizteko, edo berpizteko, bai gure hizkuntza, eta bai herria bera ere.

Piztu, ez piztu, euskaraz badakigu, askok. Dakigunok baino askoz gutxiagok hitz egiten dugu euskaraz.

Garai batean izan genuen Donostian kanpaina bat, “lehenengo hitza euskaraz”. Orain ere martxan jarri beharko genuke. Dendara joan, eta gaztelaniaz. Zergatik, ordea? Baliteke aurrean dugun dendariak euskaraz jakitea. Orain dela urte batzuk egiten nuen, Parte Zaharrera joan, tabernara sartu eta euskaraz eskatu. Euskaraz erantzuten ez bazuten, agur!, beste batera joaten nintzen.

Militantea, gero!

Eta gero eta euskaldun gutxiago dago Donostiako Parte Zaharreko tabernetan ere. Garai batean, Parte zaharrera joan eta jan, edan, hitz egin, kantatu... dena egiten genuen. Orain, ez. Lehenengo hitza euskaraz egin behar dugu, leku guztietan euskaraz dakien bat jarri behar dute; bat, gutxienez.

Argazkia: Dani Blanco.

Militantzia aipatu dut, Manuel Lekuona saria eman dizutelarik, ibilbide akademiko eta militantean euskara erdigunean jarri duen zientzialaria zarela esan dutelako.

Euskara dekanorde izan nintzen Psikologia Fakultatean, eta unibertsitateko campuseko beste fakultatetan ere euskara dekanordeak jartzen saiatu nintzen, euskararen ardura har zezaten. Eta lortu genuen. Eta hizkuntzaren normalizazioan saiatu ginen. 80ko hamarkadan, adibidez, hiztegi teknikoa landu genuen, erabiltzen genituen espainierazko terminoak zerrendatu, euskaraz nola esan pentsatu, eta proposamena bidali genion Euskaltzaindiari, aholku eske. Hasieran oso gauza nekeza zen. Dekanoa euskalduna bazen ere, ez zuen euskararekiko sentsibilitate handirik, “babesgabetasun ikasia” zen harena ere. Ez zuen alde egiten, baina ez zen kontra egitera ausartzen ere. Eragozpenak eta trabak asmatzen zituen. Orain unibertsitatean euskaraz egiten den lanak, euskararen egoerak, ez du zerikusirik garai batekoarekin. Zorionez.

Zure aitzindari izaera goraipatu du Eusko Ikaskuntzak. Besteak beste, unibertsitatean katedradun izatera iritsi den lehen emakumeetarik bat zarelako. Emakume izatea lagungarri izan duzu, traba?

Lagundu ez, traba izan dut! Nire garaian gizonezkoak ziren denak, gehienak, unibertsitatean. Dena nekezagoa zen guretzat. Katedraduna naizela esan duzu, eta egia da, baina garai hartan gizonezkoek zuten lehentasuna, katedradun izendatuak izateko ere. Gure fakultatean, hirugarren katedraduna izan nintzen. Lehen biak, gizonezkoak izan ziren. Hirugarrena ere gizonezkoa nahi zuten. Neu izan naiz Psikologia fakultateko lehenbiziko katedradun emakumezkoa. Katedradun izateko babesa izan nuen, baina ez gizonezko gehiengoarena. Hala ere, curriculum handiena eta hobea nuen. Egoera hori ere bizi izan dut.

Manuel Lekuona sariak garratzak gozatuko ahal dizkizu!

Senarra eta seme-alabak ditut, eta bilobak, eta eskerrak haiei. Haiek nire alde egin izan ez balute, ondoan eduki ez banitu niri laguntzen, ez nukeen aurrera egiten asmatuko. Edo erdirik ere ez nukeen egingo.

Esfortzua

“Euskaraz hitz egiteko esfortzua egin behar izaten dute batzuek. Nik, gaztelaniaz hitz egiteko egin behar izaten dut, eta frantsesez edo ingelesez egiteko ere bai. Ikasketak gaztelaniaz egin ditut txikitatik, eta horiek euskarara ekartzeko esfortzua egin behar izan dut. Nola esango nizuke, bada?”.

Euskara batua

“Jakin genuen Euskaltzaindiak Arantzazun egindako bileran eztabaida izan zela, batzuk alde, beste batzuk kontra, baina nik erabakita neukan Euskaltzaindiak erabakiko zuena onartuko nuela, aurrera egingo nuela. Eta bide horretan saiatu nintzen Beasaingo Lizeoan zuzendari izan nintzen garaian”.

Azken hitza, lehen: ARGIA

“Lehenik, ARGIAri eskerrak ematea dut. 1919an hasi eta orain arte egin duzuen lana miresgarria da. ‘Kazetaritza independentea. Informazioaren jabekuntza. Inongo partidu politikoren menpean egon gabe. Informazioa, bertakoa eta mundukoa’. Irakurleek ere esaten dute: ‘Beti euskararen eta euskal kulturaren alde’. Gainera, astekaria!... Nola ez dugu, bada, ARGIArekin bat eginda segituko!”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2025-01-08 | Leire Ibar
Hazparneko Laborantza Lizeoan hiru irakasgai euskaraz irakatsiko dituzte datorren ikasturtetik aurrera

Hazparneko Armand David laborantza lizeo pribatuko ikasleek Agro-ekipamendua, Zientzia sozial eta ekonomikoak, eta Enpresa ekonomia irakasgaiak euskaraz ikasteko aukera izango dute. Horrek formakuntzaren ia erdia hartuko duela azaldu du Bertrand Gaufryau ikastetxeko zuzendariak.


2025-01-08 | ARGIA
Robert Hirigoien hil da, besteren artean, Herri Urratsen sortzaileetakoa

Urtarrilaren 4an hil zen Robert Hirigoien euskaltzalea (Larresoro, Lapurdi, 1944). Ostegunean eskainiko diote azken agurra, jaioterrian (10:00etan). Herri Urrats festaren sortzaileetako bat izan zen, baita Lapurtarren Biltzarrarena, Kanboko ikastolarena eta euskara eta euskal... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


2024-12-31 | ARGIA
Gontzal Fontaneda euskaltzale gasteiztarra hil da

Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]


2024-12-31 | Sustatu
Max streaming plataforman ere euskarazko edukiak agertzen hasi dira

Nazioarteko ordainpeko streaming plataformetan, Amazon Prime Video eta Netflix izan ziren lehenak euskarazko edukiak eskaintzen, eta orain Max gehitu zaie (2024 arte HBO edo HBO Max izan dena). Pantailak Euskaraz-ek azpidatziak moldatu ditu, eta EITBk bikoizketak eskaini, eta... [+]


2024-12-30 | Rober Gutiérrez
Gazte landunen %51k

Azken hilabete hauetan hainbat institututan lan egitea egokitu zait eta, uneren batean edo bestean, ikasleekin lan merkatuak eskaintzen dituen aukerez hitz egin behar izan dut. Ikasleen tipologia askotarikoa da eta hiri berean asko aldatzen da auzo batetik aldamenekora,... [+]


2024-12-30 | Jon Torner Zabala
‘Bagare’: euskararen eta euskal nortasunaren aldeko ereserkiak 50 urte

1974ko abenduan sortu zuten Bagare kanta Gontzal Mendibil zeanuriarrak eta Bittor Kapanagak, haren Olaetako (Aramaio) baserrian. Euskararen eta euskal nortasunaren aldeko ereserki bilakatu zen gerora.


2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


2024-12-20 | Edu Zelaieta Anta
Pereza

Ez dakit zuek ere pertzepzio bera ote duzuen –aitor dut: modu azientifikoan hasi naiz idazten hemen–. Pereza hitzaren hedatze naturalaz ari naiz. Gero eta gehiago aditzen baitut Hego Euskal Herriko bazterretan: euskaraz, espainolez eta, jakina, euskañolez... [+]


Mila euroko soldata artistentzat

Lanartea elkarteak Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzen I. Inkesta argitaratu berri du. Inkesta bete dutenen %40k du jarduera artistikoa lanbide. Batez beste, hilean, 1.027,5 euro irabazi zituzten 2023an. Inkestatuen %33,8k erantzun du azken urtebetean jarduera uztea pentsatu... [+]


Eguneraketa berriak daude