Menderatuak bai, asimilatuak ez

  • Ehun urte beteko dira azaroaren 11n Lehen Mundu Gerra amaitu zela Europan. Hark utzitako zauri eta arrakalak oraindik agerian ditugu gurean eta kontakizun historiko ofizialari aurre egiteko antolatu dute 1914-1918 euskal oroitzapena itzaletik argira ekitaldia Baionan.

Paueko artxibategietan hainbat dokumentu aurkitu ditu Ibai Telletxeak, Gerra Handiko kontakizun ofiziala zalantzan jartzen dutenak. Ezkerrean, euskal intsumitu batek bere senideei bidalitako postala Frantziako egoeraz trufatzen, poliziak posta-kontrolean
Paueko artxibategietan hainbat dokumentu aurkitu ditu Ibai Telletxeak, Gerra Handiko kontakizun ofiziala zalantzan jartzen dutenak. Ezkerrean, euskal intsumitu batek bere senideei bidalitako postala Frantziako egoeraz trufatzen, poliziak posta-kontrolean interbenitua. Erdian, desertore batek Ameriketatik bidalitako txekea Zuberoako familiari. Eskuinean, Frantziako Barne Ministerioaren oharra, Iparramerikan 4.000 euskal intsumitu zeudela adieraziz.

Lehen Mundu Gerran euskaldunek izan zuten ezkutuko historia kontatzea da Baionan antolaturiko ekitaldiaren helburuetako bat, baina ez hori bakarrik: “Hau ez da Gerla Handian gertaturikora mugatzen –dio Ibai Telletxeak–, mendez mende bi estatuen [Frantzia eta Espainia] armetariko bat luma izan da eta hori erabili dute gure herriaren gertakizun historikoak kontatzeko”. Telletxea Lapurdi 1609 elkarteko kidea da, ekitaldiko antolatzaileetako bat Epaiska, Bertsularien Lagunak, Zizpa Gaztetxea eta Bernat Etxepare Lizeoarekin batera. Azaroaren 10ean Herri Omenaldia egingo dute Baionako antzokian eta han izango dira bertsolariak, kantariak, musikariak… 1914 eta 1918 arteko gertaeren erreprodukzio antzeztua ere egingo dute, besteak beste.

“Etnozidio” hitza erabiltzen du estatu horiek genozidioarekin batera erabilitako estrategia deskribatzeko –berezitasun kulturalak sistematikoki deuseztatzea alegia–, berdin XVII. mendeko sorgin ehizan herritarrak erre zituztenean nola XVIII.eko Konbentzio Gerran Landetara edo Gersera masiboki deserriratzerakoan. “Ezinbestekoa dugu hori jakitea irakurketa sinplistetan ez erortzeko”, dio; euskaldunek Amerikara “oso langileak” zirelako emigratzen zuten usteaz mintzo da, besteak beste.

Datuak eskuan, ikus daiteke XX. mende hasieran armen hartzera deituriko euskal herritarren frantziar sentimendua ez zegoela erroturik: gerrako intsumitu kopurua %1,5ekoa zen Estatu osoan, Euskal Herrian aldiz %20koa. Behe Pirinioetako prefetak Barne ministroari gutun bidez esan zionez, “euskaldunek duten jarrera higuina, soilik esplikatu daiteke duten mentalitate berezi horretan, askok, sortu eta ikusi duten lur puska hori kontsideratzen dute beraien aberri bakarra”.

Ez ziren hain urrun Frantziaren menpeko herriek nolabaiteko burujabetza zuten garaiak, Lapurtarren Biltzarra eta antzeko erakundeekin. Hala, Parisetik estatu zentralizatu baten gisan erabakiak hartzen hasi zirenean –derrigorrezko zerbitzu militarra kasu– ezinegon handiak sortu ziren. “Horregatik guztiagatik erraten dugu euskaldunak ez zeudela ideologikoki menderatuak”, azaldu du Telletxeak.

Euskaraz baizik ez zekiten

Agintariek aspaldi zekiten eskola zela “euskaldunak frantsesteko modurik eraginkorrena”; hitz horiek erabili zituen Mauleko suprefetak jadanik 1802. urtean. Frantsesa jakitea zibilizazioari eta ez jakitea basakeriari lotzen zitzaion ideia hedatuz joan zen –are gehiago Jules Ferry ministroaren 1881eko legeak hezkuntza doakoa, laikoa eta derrigorrezkoa bihurtu zuenetik–; euskarazko liburuak debekatu eta gure hizkuntzan nahiz bretoieraz hitz egitea “tua lurrerat botatzea” bezala zela helarazten zitzaien ikasleei.

Baina, likidazio ahalegin horien gaindi, XIX. mende amaieran euskal herritarren gehiengo handia oraindik euskalduna zela diote ikerketek. Zergatik? “Iritsi zen momentu bat, eskolara joaten ziren haurrak ikas-materialik gabe geratu zirena –dio Lapurdi 1609ko kideak–, gehienek euskarazko liburuak zituzten [erlijioari lotuak], baina hauek debekatzerakoan frantsesezko liburuen eskasiaren ondorioz etenaldi luze bat egon zen alfabetizatze prozesuan”.

Horrela uler liteke Euskal Herrian analfabetoen maila Biarnoa eta inguruko beste eskualdeetan baino askoz altuagoa izatea, herritarren hiru laurdenera iristen zen zenbait tokitan. Historikoki, euskaldunari sinetsarazi izan zaio euskara hitz egiteagatik zela –Telletxearen aburuz “menperatzaileak koska bat igo zuen euskaldunen asimilazio prozesuan”–, baina egiaz euskaraz alfabetatzea ukatu zitzaiolako sortu zen egoera hori.

Lehen Mundu Gerra iritsi zenean gehiengoak segitzen zuen euskaldun elebakar izaten, Gorka Knörren kantuak dioen gisan: “Eskuara baizik ez zakiten haiek…”. Bretoien artean ere elebakarrak bazeuden, eta badakigu haietako bat fusilatu egin zutela gerratik libratzeko auto-mutilatu egin zelakoan, bere burua frantsesez defendatzeko berbak ezin aurkiturik. Alferrik aurkituko duzu kobarde horren izena Morts pour la Patrie monumentuan, gogorarazi zigun Pello Zubiriak ARGIAko blogean.

Paradoxikoki, gudaldia hasi zenean, euskara erabili zuten frantziar abertzaletasuna sarrarazteko, bereziki Eskualduna astekariaren bidez –Eneko Bidegain kazetariak bere tesian xeheki aztertua– eta erlijioaren izenean: “Jainkoa Frantziaren alde zegoenez, haren alde hiltzea zilegi zen”, dio gure mintzaideak. 1914an Baionako katedralean boz goran aritu zen François-Marie Gieure apezpikua: “Jauna, zure begiak amultsuki jauts ditela Frantziako armadaren gainerat”.  

Ezkutuko biografiak

158 herri daude Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, eta 158 oroitarri paratu zituzten 1920. urtetik aitzina “aberriaren alde” hildakoak ohoratzeko, mezu inplizitu bakarrarekin: maitatu Frantzia zure herria maite duzun bezala. “Hori da ttipitatik ikusi dugun errealitatea eta azaroaren 11 oro ikusten duguna, belaunaldiz belaunaldi transmititu nahi digutena”.

Ondoren datozenei kontakizun hori ezin zaiela utzi deliberatuta antolatu dute 1914-1918 euskal oroitzapena itzaletik argira ekitaldia hain zuzen, eta ez hori bakarrik, ekitaldia grabatu eta liburu bat ere argitaratzekotan dira Telletxeak kontatu digunez, “belaunaldi berriek orain arte ukan ez duten dokumentu pedagogiko bat izan dezaten esku artean”.

Ibai Telletxea
(Lapurdi 1609 elkartea):
“Ekitaldia grabatu eta liburu bat argitaratuko dugu, belaunaldi berriek orain arte ukan ez duten dokumentu pedagogiko bat izan dezaten esku artean”

Jakin bai baitakigu zein zen Ohorezko Legioko domina jaso zuen Jean Ibarnegarai garaztarra, badugu Joseph Apeztegi Kanboko Xikitoa pilotariaren gerrako balentrien berri, eta hitz egin digute Georges Clemenceau politikariaren erabakiek gerra “irabazteko” izan zuten garrantziaz. Baina apenas iritsi zaigu anonimotasunera kondenaturiko beste jende baten arrastorik. “Zergatik ote? Kasualitatea? Lumari tindua bukatu ote idazten segitu ahal izateko?” galdetu dute azaroaren 10eko ekitaldiko antolatzaileek aurkezpen testuan.

Pierre  Etxeberri Izpurakoa zen. Gerrara bortxaz eramana, bere burua obusetatik salbatzeko lubakietatik oihanera ezkutatu zen, hurrengo egunean infanteria erregimendura itzuli zenean “etsaiaren aurrean eskapatzea” egotzita fusilatu zuten. Haren izenik ere ez duzu aurkituko Izpurako oroitarrian. Ezta Koxe Maisterrena intsumisoaren eta bere lau anaien izenik ere Uztaritzekoan. Mixel Dargaitz ere desertore bilakatu zen Sara jaioterritik Amaiurrera muga igaro zuen une berean: Nik zertarako joan behar nuen / gerlara Euskal Herrietatik / zazpiak bat izan baginan / etzegoan horlakorik bota zuen bertsolariak 1936ko txapelketako finalean.

Halako ezkutuko biografiekin erakutsi nahi dute Baionan “menperatuak izanik ere, asimilatuak ez gaudela”.

Ekitaldia Baionan

Azaroaren 10ean, 18:00etan, Baionako Antzokian egingo den ekitaldian “Euskal Herria bere osotasunean” inplikatu nahi dute antolatzaileek gertakari historiko hura berrinterpretatu eta transmititzeko, eta lurralde ezberdinetako jendeak hartuko du parte.

Sustrai Colina, Amets Arzallus, Gorka Knörr eta Nat eta Watson ariko dira kantuan. Bernat Etxepare lizeoko ikasleek prestaturiko dantza ikusteko aukera ere izango da omenaldian, eta horrez gain Gaizka Sarasola lesakarrak idatzitako antzezlanarekin ehun urte atzera egingo dute:  “Aukera paregabea izango dugu garaiko errealitatera murgiltzeko”. Ekitaldian, bestalde, gerrako euskal presoei grabaturiko audioetan –berriki Berlinen aurkituak– gordetako kantak entzun ahal izango dira kantari “sorpresa” baten ahotik.

Lekua atxikitzeko 06 84 51 88 09 zenbakira deitu edo euskaloroitzapena@gmail.com helbidera idatzi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Muga-zergek depresioa areagotzen dute

Washington (AEB), 1930eko ekainaren 17an. AEBetako Kongresuak Muga-Zergen Legea onartu zuen. Smoot-Hawley Legea ere esaten zaio Reed Smoot senatariak eta Willis Hawley diputatuak bultzatu zutelako.

Legeak 900 produktu ingururako inportazio zerga-mugak %40 eta %60 artean igo... [+]


Erromatar gorpuak Vienaren zimendu

Vienako Simmering auzoan kirol-zelai bat berritzeko lanetan ari zirela, 150 gorpu dituen hobi komuna topatu zuten 2024ko urrian. Erromatar legionarioak zirela ondorioztatu dute, eta K.o. 100 urte inguruan hil zirela. Edo, hobe esanda, hil zituztela. 

Gorpuak edozein... [+]


Naziek deportaturikoen oroimena, diru-zorro batean

1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.


Hilberria
Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Analisia
Balantzaka gerrarantz

Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]


Lau maki, 1947 eta 1948 urteetan Donostian erailak

Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.


Erdi Aroko emakume kopistak

Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak. 

Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko  ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Europar Batasuna eta Errusia
‘Ostpolitik’, oihartzun fin hura

Gerra Hotza bultzatu zuten politiken alboan egon ziren ere bakearen aldeko ildoak. Ez zuten Ekialdea eta Mendebaldea batzeko moduko berregituraketa politiko berririk ekarri, baina errealitate berriak josi zituzten Europako Mendebaldea eta Ekialdearen artean. Horietako... [+]


Eugene Pottier
‘Kanta iraultzaileak’: inoiz galduko ez den kantuaren gauza

Ereserkiek, kanta-modalitate zehatz, eder eta arriskutsu horiek, komunitate bati zuzentzea izan ohi dute helburu. “Ene aberri eta sasoiko lagunok”, hasten da Sarrionandiaren poema ezaguna. Ereserki bat da, jakina: horra nori zuzentzen zaion tonu solemnean, handitxo... [+]


Lineal A idazkunik luzeena

Lineal A duela 4.800-4.500 urte erabilitako idazkera minoikoa da. Berriki, Kretako Knossos jauregi ezagunean, bolizko objektu berezi bat aurkitu dute, ziurrenik zeremonia-zetro gisa erabiliko zutena. Objektuak bi idazkun ditu; bata, kirtenean, laburragoa da eta aurkitutako... [+]


Gizonak frontera, emakumeak zubira

Londres, 1944. Dorothy izeneko emakume bati argazkiak atera zizkioten Waterloo zubian soldatze lanak egiten ari zela. Dorothyri buruz izena beste daturik ez daukagu, baina duela hamar urte arte hori ere ez genekien. Argazki sorta 2015ean topatu zuen Christine Wall... [+]


Resako aztarnategia Andosillan
Ebroko muga zaharraren lorratzetan

Nafarroako Erriberako Andosilla herrian, sorpresa ugari ematen ari den indusketa arkeologikoa egiten ari dira Aranzadiko arkeologoak eta herritar boluntario taldeak. Resako aztarnategian orain arte oso ezezaguna zaigun Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ulertzeko aztarnak aurkitu... [+]


Eguneraketa berriak daude