Etxe galdua

  • Gerra zibila bukatu eta zazpi urtera egoera oso larria da Libian. Estatua ez ezik, herria ere galdu dute libiarrek.

Argazkia: Karlos Zurutuza
Argazkia: Karlos Zurutuza

Ez Tunisiak, ez Egiptok ezta Siriak ere ez zuten hainbeste ordu bereganatu 2011ko albistegietan. Urte luzez itxita egon zen herrialdea erditik zatitzen ikusi genuen, eta Prime Time-ean: Mad Maxen itxura zuten matxino andana batek “Jainkoa da handiena” oihukatzen zuen; lubakiaren beste aldean, komikietako bilau bat. Telebistarako entretenimendu hutsa zen hura.

Errealitatearen lehen zaplastekoak Tripoli erori eta berehala jaso genituen: beltzen uxaldiak –denak “Gaddafiren mertzenarioak” omen ziren– edota Gaddafiren jarraitzaileenak. NATOren bonbardaketak ere ezin ahaztu. Ustezko iraultza haren baieztapen ofiziala, gerra amaiera irudikatu behar zuen agerraldian jaso genuen: gobernu berriak aztertuko zuen lehen neurria zera zen, poligamia arautzen zuena. Gaddafiren garaian legezkoa zen, baina emazteak sinatutako baimena behar zuen senarrak bigarren aldiz ezkondu ahal izateko. Trantsizio Gobernuko buru Mahmud Jibrilek argitu zuen neurria: handik aurrera ez zen ezinbestekoa izango emaztearen adostasuna bigarren edo hirugarren bat etxera eraman ahal izateko. Libia berriaren agintari berriak Tripoliko gaztelu gorriko balkoitik bota zuen “perla” hura, herrialdearen edota gizarte zibilaren berreraikitzea aipatu aurretik. Egun gutxira Gaddafiren lintxamendu basatia ikusi genuen, ia zuzenean. Eta horrela bukatu zen Libiako gerra hura telebistan.

2012an Libiako lehen hauteskunde orokorrak antolatu zituzten. Egipton edota Tunisian ez bezala, islamistak ez ziren nagusi izan; oraindik bazen itxaropen izpi bat. Tamalez, antzinako entelekia hura bilakatzen hasia zen Libia ordurako, eta aldian behin baino ez ziren iristen nahasiak bezain ulertezinak ziren irudiak: Bengasiko AEBetako kontsulatua sutan 2012an, Tripoliko aireportua sutan 2014an, libiar kalifa herriaren hiriburua sutan 2016an… Horiek denak, eta Saharaz hegoaldekoak. Mordo bat. Libia Europara datozen migratzaile eta errefuxiatuen azken geltokia dela jakitearekin konformatzen bazarete, irakurketa hementxe utz dezakezue.

Nazio-estatutik, estaturik gabeko naziora
2014an herrialdeko bigarren hauteskundeak egin ziren, baina herria etsita zegoen ordurako, eta erroldaren %18ak besterik ez zuen bozka eman. Nazio Batuek (NBE) ontzat jo zuten irregulartasunez jositako prozesua, baina Libiako agintea bitan zatitu zen: Tripolin, mendebaldean, gobernu bat sortu zen, eta ekialdean, Tobruk hirian, beste bat. Turkiak eta Qatarrek Tripolikoa babestu zuten; Arabiar Emirerri Batuak, Egipto, Frantzia eta Saudi Arabia Tobruken aldean jarri ziren, baita Gaddafiren jarraitzaile ohiak ere. Bi exekutiboen arteko gerturatzea ez lortzeaz gain, Nazio Batuen eskuhartzeak pozoitu egin zuen giroa.

2015eko udazkenean filtratuko e-posta batzuk argitaratu zituen The Guardian egunkari ingelesak. Haietako batean, NBEko Libiarako bitartekari Bernardino Leonek Arabiar Emirerri Batuetako atzerri ministroari: proposatu zion Tripoliko Gobernuari ”zilegitasuna kentzeko” bide bat. Beste e-posta batean, Leonek kezka helarazi zion: Emirerria Libiara bidaltzen ari zen armak zirela-eta –Nazio Batuen arma enbargoa oraindik indarrean zegoen–, Leonek ez zuen hura justifikatzeko modurik aurkitu bere kideen aurrean. Bere postuari dagokion bitartekaritza lana egin baino, gobernu bakar batentzat ari zen lanean Leon. Oso agerikoa zen tripoliarrek espainiarrari zioten gorrotoa. Asmo maltzur horiek zabaldu zirenean, diplomatikoak Dubaira jo zuen. Egun, hango Eskola Diplomatikoaren burua da eta 50.000 euroko soldata du hilean, The Guardian dixit.

Nazioarteko prentsaren isiltasun konplizea batetik, eta Parisko 2015eko atentatua bestetik, “Leongate” kasua estali eta desagerrarazi egin zen. Hori gutxi ez, eta espainiarrak abian jarritako planari eutsi egin zioten: 2016ko martxoan lehorreratu zen Tripolin Fayez al Serraj lehen ministroaren exekutibo berria, Libiako hirugarrena. Itsasotik iritsi eta armadaren base zahar batean instalatu ziren. Ez zen hauteskunderik deitu oraingoan baina, hala ere, Nazio Batuek Libiako “gobernu legitimo bakartzat” jo zuten. Tripolin iraun ahal izateko, Serraj-ek Rada izeneko milizia salafista indartsua antolatu zuen soldatapean. Horien azken ekintzetako batean, Tripoliko Komiki Feriaren hainbat antolatzaile atxilotu zuten, “erlijioa ahuldu eta atzerriko tradizioekiko lilura transmititzeagatik”. Talde islamista guztien miliziak erosteaz gain, giza trafikoaren mafia handiak gobernu berriaren aterki azpian babestu ziren. Azken hauetatik atera dira egungo Libiako kostazainak.

Tobrukekoa dugu NBEk babesturiko gobernuaren etsai nagusia. Gaddafiren jarraitzaileena, Frantzia, Saudi Arabia eta Errusiaren hauspoak batu dituen erakundea Jalifa Haftar jeneralaren etxea ere bada. Gaddafi gobernura iristen lagundu ostean, AEBetara jo zuen militarrak. Virginian hogei urte eman zituen eta, denbora tarte horretan, CIAk erreklutatu zuen. Bere nagusi berriek agindu bezala, Haftarrek bat egin zuen 2011ko altxamenduarekin. Jaioterrira itzultzean “ Libiako Armadaren Agintari Nagusia” titulua eman zion bere buruari. Haftar behin baino gehiagotan elkartu da Errusiako atzerri ministro Sergey Lavrov-ekin, eta Egiptoko presidente eta jeneral Abdelfatah Al-Sisi ere laguna du. Horregatik askotan aipatu izan da, litekeena dela Libiarako konponbidea “egiptoar erara” ikustea, estatu-kolpea alegia.

Game of Thrones telesailaren zaleak ez zaretenek bitan, ala hirutan, irakurri beharko dituzue azken paragrafo biak. Fikzio arrakastatsua da, ziurrenik, modurik errazena Libiako Estatuaren desagertze prozesua ulertu ahal izateko.

Argazkia: AFP

Herri bat, hamaika tribu
Estatu porrotak sortutako identitate krisia saihestu nahian, libiarrak tribalismoan babestu dira. Faraj Njem libiar historiagilearen arabera, 140 tribu daude Libian eta aliantza sareak Magreb osotik zabaltzen dira. Egia da Tripoli bezalako hiri-guneetan apalagoa dela hauen indarra, baina asko dira kanpoaldetik hiriburura joandako familiak. Funtsean, zure etxean pisu txikiko aldagaia izan daiteke tribuarena, baina jakin badakizu bizilagunak ez duela horrela bizi. Irak eta Siriako xiita eta suniten arteko gako sektarioek ez dute egoera ulertzen laguntzen. Libia askoz konplexuagoa da. Herrialdea sortu zenetik, tribuen arteko oreka bilatu behar izan dute gobernatu ahal izateko; halaxe egin zuten italiarrek (1911-1943), Idris erregeak (1951-1969) baita Gaddafik (1969-2011) ere. Arazo nagusia zera da egun, denak armaz josita daudela.

2016ko irailean, Genevan izandako ekitaldi batean, Libiarako orduko NBEko arduradun Martin Koblerrek datu esanguratsu bezain kezkagarria eman zuen: Libian 26 bat milioi arma zeuden, biztanleko lau baino gehiago.

Zaila da esaten tribalismoaren fenomenoa nazio sentimenduarekin bateragarria den, baina ezin da ukatu identitatearen ezaugarri handia izan ohi dela Libian. Gainera, ez gara narratiba monolitikoez ari: Gaddafi osteko Libian, hain zuzen, “islam, “iraultza” edota “arabiar nazioa” bezalako elementu berriak erraz txerta daitezke klanen idearioetan. Tribuak “arazo nahiz konponbiderako eragileak” direla dio Kemal Abdallak, Libian aditu handienetako batek. Ikerlariaren aburuz, klanen arteko interakzioak aliantza sendoetan oinarritzen dira, eta horren froga argia dugu Pierre Rondot jeneral frantziarrak 1955ean egindako mapa. Dokumentua hain da zehatza egundaino iraun duen aliantza sarea jasotzen duela. 2014an sortutako Tripoli eta Tobrukeko arteko haustura erraz aurreikus zitekeen mapa horretan.

Argazkia: Karlos Zurutuza

Eguneroko amesgaiztoa
Segurtasun ezaz gain, itomen ekonomikoa ere bada Libian. 2011n euroaren pare zegoen libiar dinarra; egun, euroko zortzi dinar lor daitezke merkatu beltzean. Banketxeetan ez dago kapital likidorik eta, korralitoari aurre egitearren, gobernu bakoitzak inflazioa areagotu duten hainbat neurri bultzatu dute, besteak beste, dirua inprimatzea. 2017an Tripoliko gobernu berriak Erresuma Batuan ekoiztutako dirua erabiltzen zuen; Tobrukek, aldiz, Errusiatik ekarritakoa. Billete berdinak ziren, eta Libiako Banketxe Zentraleko zuzendariaren sinadura besterik ez zen aldatzen, ekialdean eta mendebaldean desberdina baita arduradun nagusia. Horrela, ekialdeko billeteak ez ziren mendebaldean onartzen, eta alderantziz.

Ekonomiaren gainbehera, alabaina, uste baino gaitzagoa da. 1960ko hamarkadaz geroztik, petrolioarena da Libiako industria bakarra. Idris erregearen agindupean, gobernua lan-emaile nagusi bilakatu zen, eta honek herrialdeko eredu ekonomikoan errentismoa errotu zuen. Gaddafik erabat ustela zen egitura hura purgatu eta bere jendea sartu zuen, baina garapen eredu berari eutsiz aldi berean. Libiak Afrikako petrolio erreserba handienak ditu eta sei milioira iristen ez den populazio txikia; horixe zen, hain juxtu, libiar “mirari ekonomikoaren” sekretua. Datu ofizialen arabera (gerraren aurretikoak), Libiako ordaindupeko langileen %85ak sektore publikoan dihardu. Azken turistak aspaldi desagertu arren, egun ere makina bat dira hilero soldata kobratzen duten gida turistikoak. Nolanahi, trenbide sailarena dugu, zalantzarik gabe, errentismo gaiztoaren kasurik esanguratsuena. Libiako Nazio Trenbide Organoko 800 langileek denetarik daukate: egoitzak, uniformeak, liburuxka korporatiboak... Trena besterik ez zaie falta.

Benetako azpiegiturak ez daude askoz egoera hobean. Etengabeko liskarrek biziki oztopatu dute berauen berreraikitzea. Hori batetik eta, atzerriko inbertsoreen ihesa bestetik, herrialdeak ezin du krisia garaitu eta ekonomikoki hazten hasi. Azken zazpi urteotan hamaika taldek petrolio portuak nahiz findegiak hartu dituzte mendean haien etekinak eskuratzearren, ala besteenak mozteko. Eta gauza bera gertatu ohi da industriarako ezinbestekoa den elektrizitate hornikuntzarekin. Garraio sarea ere desagertzen hasia da: mantenurik gabeko errepideak etengabe blokeatzen dituzte miliziek, eta Libiako aireportu nagusia, Tripolikoa, 2014an txikitu egin zuten. Gaur, hiriburuko aireportu militar bat erabiltzen da haren ordez, baina fakzioek etengabe eraso egiten diote. Oinarrizkoena den horniketa, urarenak, ez du hondamendia saihestu. Basamortu azpiko akuiferoetako ura ustiatzeko eraiki zen Ibai Handi Artifiziala talde guztien presio tresna bilakatu da. Gobernuetako bat paretaren kontra jartzeko modua oso erraza da: hegoaldeko basamortuan kanila itxi eta urik gabe uzten dute kostaldea maiz. Urik ere ez.

Argazkia: Karlos Zurutuza


“Beste” libiarrak: amazigak eta tubuak

Mairuak gara behelaino artean? (Pamiela, 2010) liburuan, Joseba Sarrionandiak dio Magrebeko estatuak ”berberofoboak” direla, “partikularki amazig jendetza handiak dituzten Aljeria eta Maroko”. Libian askoz kopuru txikiagoaz ari gara –populazioaren %10aren bueltan–, baina Gaddafiren espetxeak amazig preso politikoz josita zeuden. Gaddafiren 1973ko “kultur iraultza” zela eta, bere liburu berdearekin bat ez zetorren ale oro debekatu eta deuseztatu zuen. Amazig hitzak “gizon askea” esan nahi du, literalki, baina agintari gorenarentzat “Satanasen semeak” besterik ez ziren, edota “Libia zatitzeko kolonialismoaren tresna hutsa”. Gauzak honela, amazigek altxamenduarekin bat egiteak 2011n ez zuen inor ustekabean harrapatu.

Oposizioarekin bat egin arren, amazigek harremanak etetea erabaki zuten 2011ko abuztuan. Orduko beren agintari Fathi Ben Khalifaren hitzetan, “arabiar nazionalisten eta islamisten arteko borroka da hau, eta ez batak ez besteak ez du adierazi gu onartzeko asmorik”. Amazig Kontseilu Gorenak 2011ko irailean ekin zion bere ibilbideari. Hizkuntza aldarrikapena izan zen bere lehen eskaera. Aldi berean, lehen herri kontseiluak eratu ziren, eta Zuara (kostaldeko amazig enklabea) izan zen udalbatza era demokratikoan hautatu zuen Libiako lehen herria.

Tuarega arabiarra ez den beste herrietako bat da Libian. Euren artean oraindik batasuna lortu ez arren, gero eta estuagoak dira amazigekin dituzten harremanak. Azken finean, hizkuntza amankomuna dute, eta haietako askok diote “basamortuko amazigak” besterik ez direla tuaregak. Tubuak dira azken hauen bizilagunak Libia hegoaldean, Txad eta Nigerreko mugek ere erdibitzen dute tubuen lurralde idorra (Afrikako zonalderik lehorrena). Saharaz hegoaldeko herri honek errepresio bortitza pairatu zuen Gaddafik boterean eman zituen lau hamarkadetan: lur onenak (oasiak) kendu eta arabiar kolonoei eman zizkien agintari ohiak; eskola eta ospitalerik gabe utzi zituen eta, hainbatetan, beren herri xumeak airetik bonbardatu zituen Gaddafik. Tubu Kontseilu Gorena da euren erakunde nagusia egun, eta agenda bateratua adostu dute amazigekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Libia
Aita Mari ontziak 34 pertsona salbatu ditu Mediterraneoan

Igandean egin du erreskatea  Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]


Gutxienez hamaika hildako eta 64 desagertu Mediterraneoan astelehenean bi ontzik izandako ezbeharretan

Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.


Egiptok eta Libiak bat egin dute Hegoafrikaren genozidio salaketarekin

Egiptok Camp David-eko akordioa haustearekin mehatxatu du Israel, Rafah-ko operazioarekin aurrera egiten badu. Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskatu dio agindu dezala Israel Rafah-tik ateratzeko.


Gutxienez 6.200 hildako eta 10.000 desagertutik gora eragin ditu Libiako hondamendiak

Kalteturiko lurraldea hondamendi eremu izendatu dute. Gehien kaltetutako hiria Derna izan da, eta erreskate taldeek zailtasunak dituzte hara iristeko.


Desertuan hil arren, ez ziren zenbakiak, izena zuten: Fati eta Marie

Zalaparta sortu du Libia eta Tunisiako mugako basamortuan hilik ikus zitezkeen ama alaba batzuen argazkiak. Migratzaileak zenbaki gisa tratatu arren, Fati eta Marie izena zuten pertsonak ziren.


Italiari leporatu diote 47 migratzaileren erreskatea “nahita atzeratzea” eta “hiltzen uztea”

30 migratzaile desagertuta daude eta hamazazpi salbatu dituzte Libiako kostaldean, merkataritza ontzi bat migratzaileak erreskatatzera joan eta azken horien ontzia irauli ostean.


2022-06-15 | ARGIA
Aita Mari ontziak beste hamazazpi pertsona erreskatatu ditu asteazken goizaldean

Asteazken goizaldean egindako erreskatearen ondotik, 28 pertsona daude Aita Mari ontzi barruan, atzo beste 11 pertsona erreskatatu baitzituzten. Aita Marik ohartarazi du posible dela datozen orduetan erreskate gehiago egotea, itsasoaren egoerak hobera egin baitu.


100 migratzaile hil dira bi egunetan Mediterraneoan, Europar Batasunaren “indiferentziaren” aurrean

Mugarik Gabeko Medikuek salatu duenez Europar Batasunak daraman migratzaileen kontrako politikaren ondorioz dozenaka lagun hil dira azken egunetan Mediterraneo itsasoan. 2014tik 23.000 migratzaile hil dira Europa Mendebaldeko herrialdetara igaro nahian, erakundearen arabera.


2022-01-26 | Leire Artola Arin
Mediterraneoko erreskate batean hildako zazpi migratzaile aurkitu dituzte

Hamabost bat metroko luzeerako txalupan 280 migratzaile zeuden, eta Aita Mari ontziak erreskatean parte hartu du. Italiako Lampedusa uhartetik gertu zegoen txalupa, noraezean, eta itsaso mugitua zegoenez, Italiako kostazainen hiru ontzik gauzatu dute erreskatea; Lampedusan... [+]


Robotak Libian estreinatu dira gudari autonomo gisa, gizakiei tiro egitea beren kasa erabakiz

Joan den martxoan drone batek autonomoki egin die eraso gudari humanoei, Nazio Batuen Erakundeak iragarri duenez. Libiako gerra zibilean gertatu da, Tripoliko gobernuak darabiltzan robot turkiarrek hainbat soldadu arerio hil eta gainerakoak ihes egitera behartu dituztenean... [+]


2021-07-18 | Wolfram Lacher
Libia, ziurrenik munduko drone-gerrarik handienaren agertokia

Libian zerutik bonbak erortzen direnean, hasten da nork jaurti dituen asmatzeko jokoa. Han esku hartzen duten atzerriko bost estatuetatik edonor izan daiteke arduraduna, edo Libiako bi gobernu lehiakideen bi aire armadetako bat. Sarri hauetako batek ere bere gain hartzen du,... [+]


PODCAST #69 | Robotak Libian estreinatu dira gudari autonomo gisa, gizakiei tiro egitea beren kasa erabakiz

Joan den martxoan drone batek autonomoki egin die eraso gudari humanoei, Nazio Batuen Erakundeak iragarri duenez. Libiako gerra zibilean gertatu da, Tripoliko gobernuak darabiltzan robot turkiarrek hainbat soldadu arerio hil eta gainerakoak ihes egitera behartu dituztenean... [+]


2020-06-11 | Mikel Eizagirre
Tentsio igoerak Libiako gerra zibilean

Turkia eta Europaren arteko tira-birak jazo dira Mediterraneo erdialdean, Libiako gatazkarekin lotuta. Herrialdean, bitartean, porrota jasan du Khalifa Haftarren Libiako Armada Nazionalak Tripoliko gudan, eta frontea herrialdearen erdialdera desplazatu da.


2019-12-18 | Karlos Zurutuza
Nire bizilaguna giza trafikatzailea da

Migrazio krisiak Europan duen eraginaz asko idatzi da, baita iheslariek bizi izandako egoera gordinez ere. Ahaztu zaigun arren, libiar xumeek ere pairatzen dituzte fenomeno horren ondorioak, eta ez dira makalak.


Eguneraketa berriak daude