“Kirol batzuentzat beti du dirua Gasteizko Udalak, baina ez eskaladarentzat”

  • Borja Donnay naiz, 27 urteko gasteiztarra. Hiriko udal rokodromoetan egiten dut lan, baina irailaz geroztik langabezian nagoela esan daiteke. Izan ere, instalazioen kudeaketa penagarria egin du Udalak, eta guk eskainitako zerbitzua bertan behera utzi du behin-behinean. Rokodromoak 2019ko urtarrilera arte egongo dira itxita gutxienez; hortaz, ordura arte lanik gabe izango gara langileok, eta erabiltzaileek ezingo dute eskalatu.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Guztira bederatzi langile gara. Alde batetik, ART Arabako Rokodromoen Teknikariak kooperatiba osatzen duten bost kideak daude, eta bestetik, enpresa horrek kontrataturiko lau langile. Horietako bat naiz ni. Azken bost urteetan ARTek kudeatu ditu udal rokodromoak. Urtero udalak lizitazioa egiten du, eta orain arte ART soilik aurkeztu da. Finean, eskalatzaileen sektorea txikia da. Azken urteotan Hegoaldeko eta Ariznabarrako rokodromoetan aritu izan gara, eta orain hirugarrena ireki behar zuen Udalak, Salburuan; 130.000 euroko inbertsioa egin ondotik, eta urtebeteko atzerapenarekin.

Ordea, bere diru-laguntza ez da egokitzen egoera berrira. Alegia, ez da proportzionala. ARTek kalitatezko zerbitzu bat eskaintzea, langileen soldatei eustea eta sarrerak ez garestitzea nahi du, eta Udalaren baldintzek ez dute horretarako aukerarik ematen. Rokodromoetarako aurrekontua handiagoa izatea eskatzen du ARTek, baina Udalak ez du horretarako inongo asmorik erakutsi. Ondorioz, deialdira ez da inor aurkeztu eta rokodromoak itxi egin dira behin-behinekoz.

2019 hasieran beste lizitazio bat egitera derrigortuta dago Udala, eta ikusi beharko da zer jarrera hartzen duen orduan. Guk ez diogu itxura onik hartzen. Udalak ez du negoziatzeko jarrerarik, eta ART paretik kendu nahi duen susmoa dugu. Aldaketarik ezean, ART ez da aurkeztuko, eta orduan hiru aukera izango dituzte arduradun publikoek: diru-laguntza handitzea, beren gustuko enpresa pribatu bat aurkitzea, edo instalazioak gehiago pribatizatzea. Guretzako, aurrenekoa da baleko irtenbide bakarra, baina badirudi Udalak guztiz aldatu nahi duela kudeaketa eredua.

Mahai gainean jarri duen eskaintza onartuz gero, baldintzek nabarmen egingo lukete okerrera. Eta ez naiz diruaz ari bakarrik; denbora kontua ere bada. Izan ere, ordutegia murriztuko litzateke. Orain arteko baldintzekin gai ginen mantenimendu lanak behar bezala egiteko eta jendeari kalitatezko zerbitzua eskaintzeko. Erabiltzaileek aukera zuten lasai eskalatzeko, eta hori arriskuan dago orain, ordu kopurua murriztuta, jendea pilatu egingo litzatekeelako.   

Rokodromoak bideragarri egiteko, gure apustua behar bezalako zerbitzua eskaintzea da. Hala eginda, erabiltzaileak gustura daude, eta jende gehiago erakartzen duzu. Ez baduzu hori bermatzen, rokodromoek zentzua galtzen dute. Azken urteetan jende asko erakarri dugu, ikastaro ugari eta ordutegi zabala eskainita. Aurreko ikasturtean, kasurako, 1.000 erabiltzailetik gora izan genituen.

Langileok hiriko hainbat toki esanguratsu eskalatu ditugu, protesta gisa. Eskalada txapelketak antolatu ditugu bertan [argazkian]. Nolabait ere zerbitzua eskaintzen jarraitu dugu, eta era berean, egoera bidegabe hau salatu. Erabiltzaileek, berriz, rokodromoak hiruzpalau orduz okupatu dituzte, 300 bat pertsonaren artean, eta asanbladak egin.

Rokodromoak modu sozial batean kudeatu ditugu guk, eta hori asko eskertzen digute erabiltzaileek. Haiek ere egoera bidegabea dela uste dute. Badakite Udalak bazter utzita duela eskalada. Kirol batzuentzat beti du dirua, baina ez eskaladarentzat. Eta ez gara ezinezko kopuruak eskatzen ari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskalada
2022-02-17 | Leire Regadas
Maria Francisca Mas. Eskalatzailea
“Eskalada ulertzeko eta praktikatzeko modua aldatzen du kordada feministak”

Eskalada bizitzeko hamaika modu dago. Lehiatik haratago, eskaladaren alde emozionala islatu du Maria Francisca Mas Rierak (Mallorca, Herrialde Katalanak, 1993) kaleratu berri duen liburuan; Escalantes (Eskalatzaileak; Gehiago Edicions, DDT Liburuak, 2021). Ikuspegi feministatik... [+]


Eskalatzaileen esperientziak prisma feministatik begiratuta

Ikerketa Feministak eta Generokoak Masterraren amaierako lana egiteko lau emakume eskalatzaile elkarrizketatu zituen, baina, lana motz geratu zitzaion eta unibertsitateko loturetatik askatzean, ikerketarekin jarraitu nahi zuela erabaki zuen, bere erara. Escalantes (Gehiago... [+]


2019-05-22 | Jon Torner Zabala
Langileen kaleratzeak, ateak berriro irekiko dituzten Gasteizko rokodromoetan

Lan gatazkek bultzatuta bederatzi hilabetez itxirik egon ostean, ostiralean dira berriro irekitzekoak Gasteizko udal rokodromoak. ESK sindikatuak salatu duenez, itxura du gutxienez bi langile kaleratuko dituztela, gainerakoei Espainiako Estatuko hitzarmena aplikatuko zaiela... [+]


Eguneraketa berriak daude