“Gizonek pribilegioen VIP txartela itzuli behar dute”

  • Feminismoa kalean eta ikasgeletan zabaldu duen ikertzaile, irakasle eta aktibista da. GITE elkartean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin du bere ibilbidea. Dena genero ikuspegiaren betaurrekoekin begiratzeko esaten digun irakasle bikaina da.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Blanca Fernández Viguera (1951, Iruñea)

Soziologoa, ikertzailea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Langintza graduko irakaslea eta GITE elkartearen sortzaileetako bat da. NUPen Generoan Espezializazioa Diploma sortu zuen. Familia eta Taldeekiko Esku-hartze Sozialeko Masterrean genero ikuspuntua bultzatu zuen. Martxoan Nafarroako Gobernuaren lehen Berdinna saria jaso zuen. Nazio Batuen Erakundeak Pekinen (Txina) 1995ean antolatutako Emakumeei buruzko Munduko IV. Biltzarrean izan zen.

Noiztik zara feminista?

Zientzia Politikoen Soziologiaren atala ikasi nuen Deustuko Unibertsitatean eta garai hartan hasi nintzen feminismoaren kontzientzia hartzen, 70eko hamarkadan. Irakasle emakume bakarra izan nuen, azken ikasturtean, eta emakume ikertzailerik ez ziguten aipatu karrera osoan. Zerbait gertatzen zela konturatu nintzen. Nik banekien bazirela hainbat emakume ekarpen handiak egiten ari zirenak soziologiaren alorrean, baina ez ziren inon ere aipatzen edo ikasten. Ikasketak bukatutakoan nire lehenbiziko lan ordaindua Humanidades izeneko liburu-dendan izan zen Iruñean, eta han antolatu nuen giza eta gizarte zientzietako atala. Oso interesgarria izan zen, oso liburu-denda gutxi zegoelako hemen, eta gainera, botere guztia eman zidatelako egoki ikusten nituen lan guztiak ekartzeko. Oraindik genero ikuspunturik ez genuen, baina bai interes handia iristen ziren feminismoaren inguruko liburu guztiengatik. Handik atera eta 1978an GITEren [Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea, gaztelaniaz IPES] sorreran hartu nuen parte.  

Zer helbururekin jarri zenuten abian GITE?

Hainbat esparrutako profesional talde bat bildu ginen: abokatuak, historialariak, ekonomistak, soziologoak… Hemen, kulturan eta ikerkuntzan izugarrizko hutsunea zegoela uste genuen. Opuseko unibertsitatearen esparru itxia besterik ez zegoen eta oso jendarte kontserbadorea zen. Garai hartan ezagunak ziren herri unibertsitateen eredua jarraituz, erabaki genuen hemen halako zerbait egitea. Horrela sortu genuen gizarte ikerketarako talde hau. Asmoa zen unibertsitatera joateko aukerarik izan ez zuen jendeari formakuntza eskaintzea, batez ere langileei, feministei, sindikalistei eta ekimen sozialetan zebiltzan pertsonei. Haiek zuten lehentasuna. Arrakasta izugarria izan zen. Jendea ez zen ikasgeletan sartzen. Marxismoa, feminismoa, ekologismoa eta sexu heziketa jorratzen genituen, baita Nafarroako historia ere, baina Euskal Herriko testuinguruan kokatuta. Bestalde, gure abokatu eta ekonomistek aholkua ematen zieten enpresa batzordeei eta sindikatuei, garai hartan ez zeuzkatelako egun dituzten baliabideak. Nik genero ikuspegia eta feminismoaren inguruko gaiak ematen nituen. Euskarazko klaseak ere ematen ziren. Azkar aldatzen ari zen gure gizarte hartan eskatzen zen guztia eskaintzen saiatu ginen, azken finean.

Gaur egun zein da GITEren egitekoa?

GITE beti egokitu da garaiko beharretara. Abian jarri genituen ikasketa lerro asko beste erakunde eta elkarteek hartu izan dituzte, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, adibidez. Feminismoa, genero teoria eta emakumeen lanen zabalkundeak, esate baterako, urtetan iraun du. GITEren Emakumeen Liburutegia eta Dokumentazio Gunea altxorra dira. 1985ean sortu genuen eta gero eta garrantzitsuagoa da. 15.000 lan biltzen ditu eta sarean dago Espainiako Estatuko eite bereko beste liburutegi guztiekin.

Alor honetan beste bi ekimen oso garrantzitsu sortu ditu GITEk: Iruñeko Zinea eta Emakumeen Nazioarteko Erakusketa, aurten 32. edizioa eginen duena, eta Feminismoen eskola, nire ahizpa Silviak abiarazi zuena eta egun Iruñeko Udalak bere egin duena GITErekin elkarlanean.

Feminismotik at, nazioarteko egoera soziopolitikoaren analisia eta giza eskubideen defentsa egiten duen atala ere oso bizkor ari da lanean gaur egun institutuan.

Argazkia: Dani Blanco.

Feminismoa eta genero ikuspegia zuten lehendabiziko ikerketa ildoak jorratu zenituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Emakumeen pobretze ibilbideak zehaztu zenituzten, adibidez, eta adierazi zenuten emakumeak gizonak baino gehiago pobretzen direla. Zergatik gertatzen da hori?

Frogatuta dago emakume pobre gehiago dagoela gizon pobreak baino eta txirotasun desberdinak direla, gainera. Arrazoi nagusia mendekotasun ekonomikoa da. Egile batzuek diote ezkontza bera dela jatorria. Askotan ikusten da emakume bat banantzen denean edo bikotekiderik gabe gelditzen denean, pobretze bidean abiatzen dela. Hori, aldiz, ez zaie gizonei gertatzen. Guraso bakarra izatea eta bereziki neska gaztea izanda, nerabea izanda, pobreziaren arrazoi larrienetakotzat hartzen da Europan. Nerabe amak dira txartel guztiak erosi dituztenak pobreziaren eta bazterkeriaren bidean abiatzeko. Bereizten diren emakumeak ere, familiaren zama guztiarekin gelditzen dira. Hortaz, horrek haurren pobretzea dakar. Esan daiteke ezkontza bera dela emakumeak pobretzen dituena, eta dibortzioa edo bereizketa pobretzea bistaratzen dutenak. Ezkontzean emakumeek lan ibilbideak apurtzen dituzte, etxean gelditzen dira eta ondorioz pobretzen dira. Egile batzuek txirotze prozesuok zenbakitan jarri dituzte.

"Emakumeen txirotasunaren arrazoi nagusia mendekotasun ekonomikoa da. Egile batzuek diote ezkontza bera dela jatorria"

Zein balorazio egiten duzu feminismoan eman diren aurrerapausoez?

Feminismoak aldaketa sozial handiak ekarri ditu emakume eta gizateria osoarentzat. Garrantzitsuenak eskubide berdintasuna, sexu eta ugalketa eskubideen aitorpena eta familia patriarkalean eragindako krisia dira. Orain familia eredu desberdinak badirela onartzen da. Ezkontzea ez da bide bakarra. Ez dugu familia patriarkala desegin, baina asko aldarazi dugu. Familia eredu horri lehentasuna kentzea, menderatze-sumisio binomioa apurtzeko modu bakarra da. Hori da genero indarkeriaren aurka egiteko modua.

Aldaketa sozialean sinesten dut. Datuak begi-bistakoak dira eta argi dut bide honetan sakontzen jarraitu behar dugula. Orain %99ak feminismoaz hitz egiten du, hau da, maila sozial guztietako emakumeengana iritsi da, ez soilik maila ertain edo goi-mailako emakumeengana. Ni harrituta nago. Bost urtetik hona aldaketa izugarria izan da. Lehen betikoak joaten ginen martxoaren 8ko manifestaziora, eta aurten izugarria izan da, lehen aldiz greba kontzeptu berria zabaldu delako: bi lanak lotzen dituen greba. Lan produktiboa eta zaintza lana batera geldituz gero, mundu osoa geldiarazten dugu.

Oso garrantzitsua iruditzen zait gauzak modu positiboan ikustea. Gazteei beti esaten diet sinesteko hemendik 30 urtera gerta daitezkeen aldaketak, nik neuk aldaketa izugarriak ikusi ditudalako. Aldaketok, hala ere, beste kontu bat ekarri dute: zer egingo dugu zaintza lanekin? Goi-mailako ikasketak egiteko eskubidea dugu, gizonak baino gehiago gara emakumeak unibertsitatean, eta emaitza hobeak ditugu. Hala eta guztiz ere, lan merkatuarekiko gure harremana oso gatazkatsua da.

Zeintzuk dira erronkak?

Ondoko sei gaiak aipatuko ditut: egindakoa mantentzea; zaintza lanak; genero indarkeria; gorputza eta sexualitatea; identitate eta aukera sexualak; eta patriarkatua.

Lehenengoa eta nagusia da aldaketak mantentzea. Lasaituz gero, lorpen horietako asko gal genitzake izugarri azkar. Inork ez digu bermatzen lortu duguna mantendu ahal izanen dugula betiko. 1995ean egin zen laugarren eta azken Emakumeen Nazioarteko Biltzarra, Nazio Batuen Erakundeak antolatua. 30.000 emakumek hartu zuten parte. Ez da biltzar gehiago egin beldurragatik, uste dutelako han adostu ziren gai batzuk berriz mahai gainean jarriz gero, zenbait herrialdek atzera eginen luketela. Sexualitatearen eta gorputzaren kontrolaren eskubideak onartzeko oso gaizki ibili ginen. Vaticanoak eta islamiarrek, bereziki, oso gogor jokatu zuten. Azkenean emakumeen eskubideak giza eskubideak direla onartu zen, baina ozta-ozta.

Zaintza lanei eta lan munduari dagokionez, lan merkatuan sartu gara, baina sistemaren egiturak aldatu gabe. Emakumeek ez dute alde batera utzi zaintza lana. Guk lan hori egitea interesatzen zaio kapitalismoari. Doan egiten dugu, horregatik gaude beti baldintza okerragoetan gizonen aurrean eta horregatik ez dugu benetako autonomia lortzen. Pertsonen zaintza botere publikoek hartu behar dute bere gain. Gizonek derrigorrezko aitatasun baimen berdinak ez dituzten bitartean ez dago ezer egiterik, adibidez. Lan merkatuaren kontzeptu orokorra aldatu behar da. Oso maskulinoa da. Hor ez dago zaintza lanik eta hori ez da erreala. Ez da ikuspuntu jasangarria. María Angeles Durán ikertzaile soziologoak neurtu du zenbat lanpostu sortu beharko liratekeen sistema publikoak zaintza lan guztiei erantzuteko. 26 milioi lanpostu sortu beharko lirateke eta egun Espainiako Estatuan 18 milioi pertsona ari dira lanean. Ekoizpen sozialaren bi hankak dira produkzioa eta ugalketa soziala.

Argazkia: Dani Blanco.

Genero indarkeria nabarmendu nahi duzu.

Desberdintasunean oinarritutako sistema guztiek indarkeria dosi bat behar dute desberdintasun hori iraunarazteko. Sistema patriarkalak bere burua babesten du genero indarkeria erabilita. Eskubideetan aurrera egiten dugun heinean, indarkeria handitzen da, emakumeak “bere tokian jartzeko”. Ez gara batere ongi lantzen ari gai hori. 2000-2015 bitartean 970 emakume hil zituzten Espainian. Gerra bat da, eta ez guk piztutakoa.

Gorputzaren eta sexualitatearen eskubidea da beste erronka bat. Aldarrikapen historikoa da. Sexualitatea bizi eta kalean libre mugitu ahal izatea, bidaiatzea… gure eskubideak dira. Sistema judizial patriarkala eta bere legeak etengabe ari dira gizonak babesten eta emakumeak erruduntzat jotzen. Ikaragarria da.

Identitate eta aukera sexual desberdinak aitortzea. Hor ere erronka dugu?

Asko gelditzen da oraindik egiteko. Genero aginduak ikusi, identifikatu eta desobeditu behar ditugu. Feminitatea eta maskulinitatea nola bizi behar ditugun esaten digute. Zer gustatu behar zaigun eta zer aukeratu behar dugun esaten digute. Zerbait ari gara aurreratzen, baina gizarteak egiten duen eskaintzan genero aginduek hortxe segitzen dute. Nire ikasle gehien-gehienak neskak ziren, adibidez, eta ez da kasualitatea. Horren atzean genero agindu bat dago. Emakumeok alor publikoan bilatzen dugu pribatuan beti egin dugunaren proiekzio bat, hau da, zaintza lana. Irakasleak, sanitarioak edo gizarte langileak gara. Genero aginduen emaitza da hori. Horren aurrean guk nahi ditugun genero ereduak sortu behar ditugu, maskulinotik eta femeninotik ezaugarriak aukeratuz eta josiz.

"Nahiago dut jendea feminismoaren alde agertzea, modu fribolo samarrean bada ere"

Patriarkatuaz zer?

Patriarkatuak hor jarraitzen du. Orain patriarkatu demokratikoa dugu, eskubide asko onartu dira teorian, baina kristalezko sabaiak ditugu. Patriarkatua eta kapitalismoa hertsiki lotuta daude. Barne Produktu Gordinaren erdia dohainik ematen diogu kapitalismoari. Kapitalismoari interesatzen zaio patriarkatua mantentzea. Soldaten arrakala ere bada beste dohaintza bat, emakumeok urtean bi hilabete ematen dizkiogu kapitalismoari. Pagotxa da, eta hor dago koxka. Ekonomiaren ardatz nagusia ez da izan behar dirua irabaztea, baizik eta pertsonen ongizatea bermatzea.

Zein izan behar du gizonen zeregina feminismoan?

Jabetu behar dute zer irabaziko duten patriarkatua eta kapitalismoa aldatuta eta gurekin batera aldaketa egiteko prest egon behar dute. Gure feminismoa ez da berdintasun kontua, aldaketa sozial sakona baizik. Sistema osoa aldatu nahi izan du eta ez soilik berdintasuna lortu. Gizonek pribilegioak galduko dituzte eta argi ikusi behar dute. Luis Boninok dio gizonek VIP txartel moduko bat dutela beti zainduta egoteko, arropa garbia izateko, bazkaria prestatua… Ez dakite nork eman dien, baina eman die. Bada, gizonek pribilegioen VIP txartela itzuli behar dute.

Feminismoa modan egotea ona ala txarra da?

Nik nahiago dut modan egotea jazarria izatea baino. Askotan azalkerietan gelditzen dira, baina hala eta guztiz ere, iruditzen zait oso garrantzitsua dela premisa batzuk modu masiboan onartzea, nahiz eta telebistako halako saiotan izan. Beste mugimendu sozialak ez bezala, feminismoa jazarria, gutxietsia, iraindua, izan da askotan. Ez da gertatu sindikalismoarekin, adibidez. Horregatik nahiago dut jendea alde agertzea, modu fribolo samarrean bada ere. Agian oso baikorra naiz, baina nahiago dut hori, feminismoari min ematea baino.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


2024-11-26 | ARGIA
Indarkeria matxistaren aurkako egunean, gizonei mezua: “Konponbidea ez bazarete, arazoa zarete”

Milaka lagun bildu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean deitutako manifestazio eta elkarretaratzeek. Gizon, hedabide eta erakundeei zuzendu zaie Mugimendu Feminista.


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-21 | Julene Flamarique
Feministak eta artista emergenteak eskutik eskura: Feministaldia eta Inmersiones jaialdiak ahizpatu dira

Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.


Elene Lopetegi, Bilgune Feministako kidea
“Beharrezkoa da utopia maximoetan pentsatzea, horra iristeko bideak marraztu ahal izateko”

Egin berri dira Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak, azaroaren 16an, Laudion. Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean 500 feminista elkartu ziren. Egun osoz amets egin zuten, utopiak lortzeko bidea marrazteko eta mugimenduko kideak ilusioz betetzeko.


“Menopausia patologizatu beharrean, etapa baten parte gisa bizi behar dugu”

Sexologian eta zoru pelbikoan aditua den Juncal Alzugaray Zurimendi fisioak zenbait gako eman ditu klimaterioa eta menopausia hobeto ulertzeko.


Nafarroako Parlamentuak Lantxotegi elkarteari konfiantza berretsi dio etorkinak gizarteratzeko prozesuan

Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]


2024-11-13 | Julene Flamarique
Iranen heriotza-zigorra jaso duen Pakhshan Azizi feminista kurduaren espetxekideek justizia eskatu dute

2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]


Gorputz hotsak
“Bidea moztu da eta hutsune batean gaude”

Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]


Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioko sexu-transmisiozko infekzioen zentroa “gainezka” dagoela salatu dute

Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.


2024-11-05 | Estitxu Eizagirre
Garbiñe Larrea "Kosmetikoak sendabelarrekin" liburuaren egilea:
“Kosmetiko industrialak gure sistema hormonala hackeatzen ari dira eta horren aurrean baliabideak eman nahi izan ditut”

Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua aurkeztu du azaroaren 7an Donostian. Azala, ilea eta gorputzeko hainbat atal garbitzeko eta zaintzeko behar ditugun produktuak guk geuk egiteko argibide eta informazio osoa ematen du liburuak. Auzi hau ez da azalekoa,... [+]


2024-11-05 | Euskal Irratiak
Debrien Figurak, feminismoaren eta transfeminismoaren inguruko egun arrakastatsua Oztibarren

Baionan Loverdose eta Atharratzen Bekat’uros egin den bezala, Oztibarren (Nafarroa Beherea) Debrien Figurak feminismoaren eta transfeminismoaren inguruan antolatutako egunak arrakasta izan du.


2024-11-04 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Zer irabazi dugu Errejónekin?

Urriaren 24tik Espainiako Estatuko hedabide guztietako lerroburuak eman dizkiote Iñigo Errejóni, eta maiztu arte erabili dute haren izena, ezker-eskuin. Gutxitan ikusten den zarata mediatikoa lortu du, eta badirudi oihartzunak luze jarraituko duela. Orain... [+]


Euskara eta sexu-genero disidentziak uztartzeko zertzeladak

‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.


Gorputz hotsak
“Harrotasunaren eta lotsaren arteko gatazkan bizi naiz”

Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]


Eguneraketa berriak daude