Pop

Hitzeman zorion baten melodia

  • Iluna. Euria jaits ahala kanpoan. Jendeak jauzika alde orotatik. Oihuka. Begiak tauladako mugimenduetan josiak. Gitarra zafraldi bikoitza eta hor hasten da Juan Carlos Perez kantan: hemen gaude ta poztutzen naiz... erretzen genuen orduan eta bata bestearen kontra tinkatuz, pizturiko briketak edo metxeroak altxatzen genituen, abesti baten magiaz zoriona hitzemana balitzaigun bezala!


2018ko urriaren 14an
Irudia: Ainara Azpiazu
Irudia: Ainara Azpiazu "Axpi".

Berrogei urte ospatzen ditu aurten, Itoiz taldeak Euskal Herriari oparitu zion perlak. 1978an grabatu zen Lau teilatu, Donibane Lohizuneko Bacchanales estudioetan, sortu berria zen Xoxoa disko-etxearen eskutik. Gaur egun bertsio ezberdinak kausitzen dira: Mikel Erentxun (Duncan Dhu) eta Amaia Monterok (La Oreja de Van Gogh) sartu zuten Gaztea irratiaren disko batean eta EH Sukarrak atzamar kementsuz berea eskaini zigun. Baina Juan Carlos Perezen hitzen zuku mikatz samurraren zaporea atera zion Joseba Irazokik behin, Itoiz omentzen zen arrats batez Bilboko Kafe Antzokian, Loraldia ekitaldiaren baitan. Han hemen, bestak bukatzean entzuten dira beti, zintzurrak haustear, gaua urratzen duten Lau teilatu eresiaren oihartzunak edozein herriko jaixetan. 2016an San Mamesen Eibar-Athletic partidaren aurretik Sociedad Coral de Bilbao koralak eta berrogei mila jendek komuniatu zuten goxo goxo kanta egin nazu xuxurlatzean.

Aiherran edo Garazin izango zen. Itoiz etorri zen, taldearen izen bereko album ubelaren presentatzera Iparralde honetara ere. Lau Teilatu aditu eta berehala sartu zitzaigun garunetan. Ez dakit zer genuen orduan hain zoritxarreko sentitzeko, bihar hilengo naiz orroaz ibiltzen ginen eta Mutriku-Ondarroako boskoteak hitz ematen zigun zorionaren premia gorria aldarrikatzen genuen garagardo, sagardo eta kalimotxo artean. Kanta, katartikoa bide zen, taumaturgoa, hau da sendagarri antzekoa, egiazki beharrezkoa genuena. Hegoaldean Franco hil ondoko trantsizioa zen, euskal mugimendua ezbaian zebilen, batzuk borroka armatua abandonatu eta besteek are larriago eragin zartagailu eta tiroei. Zalantzaz beteriko garaia zela nehork ez du ukatuko eta baldintza horietan felix, felix bihar egoteko promesak, gantzak bezala, bihotz-gogoetan on egiten zukeen.

    Hemen gaude
    ta poztutzen naiz
    ta ziur zure aita ere bai;
    ta zer ondo… zelan dijua
    zure bufanda txuria?

Oraindik ere, –duela gutxi Bilboko Aste Nagusiaren karietara Abando tabernan geundela egiaztatua–, aski du batek hemen gaude murmuratzea, kasik abesti osoa mihi petik lerratzen senditzeko, iturriaren pare beti berria bailitzan. Juan Carlos Perez, Jose Garate alias Foisis Jauna, Jose Antonio Fernandez, Estanis Osinalde, Joseba Erkiaga flautan, German Ors, beranduago Jimmy Arrabit bateria jole ospetsua eta hondar aldera Jean Marie Ekay eta Xabi Pery ari izan ziren Itoiz taldea osatzen. Musikari bakoitzak bere zigiluaz markatu zuen Itoizen hamar urteko bilakaera. 1974an sortu zen Indar Trabes multzoaren jarraipena hartu zuten, dantzaldiak animatzetik orduan nahikoa modan zen rock progresiboaren eta sinfonikoaren soinuak gure bazterretan hedatzera pasatuz.

Irudia: Ainara Azpiazu "Axpi".

Juan Carlos Perez (1958, Mutriku) izan zen Itoiz taldearen arima eta burua. Hitzak eta melodia gehienak berak izkiriatu zituen, baina debuteko diskoetan Joseba Alkalde poeta lekeitiarraren izena aurkitzen da, bai eta geroago Jose Mari Argoitiarena eta Bernardo Atxagarena ere, letra egileen artean. Lau Teilatu osoki Perezen dohainetik isuri da. Imajinatzen ditugu gazte huts batzuk euskal kostaldeko hegats batean arrats apalean, lasai, etzanik, lau teilatu dituztela begien mugan eta ilargia erdian, batek gitarra dauka eskuetan eta besteak atabala jotzen du, flauta kokin bat airean dabilela, porroak elkarri luzatzen dizkiete, ezpainak borobildu eta kea botaz, bizitzaz gozatzea helburu soil. Errepikak irudimenaren eztitasun hori pixka bat hausten du, garrazten, ez direla erabat zoriontsu ikasten dugulako, edo behintzat etorkizunean zoriontsuago izatea desiratzen dute:

    Lau teilatu gainean
    ilargia erdian eta zu
    goruntz begira,
    zure keia eskuetan
    putzara batekin… putz!
    Neregana etorriko da
    ta berriz izango gara
    zoriontsu
    edozein herriko jaixetan.

Ez dakigu kantariak aipatzen duen zu hori nor den, gizonezkoa ala emakumezkoa. Agian bost axola. Irakurketa ezberdinak egiten ahal dira. Eta noski egin direla! Kantan azaltzen da aita bat, absentea, eta zu pertsonaiak negar egiten du, entzule bakoitza izan daiteke, malkoak kolorea kentzen diola! Aita preso, edo urrutian ihesean, irudikatzera urrats bat baizik ez zen.

    Goxo goxo
    kanta egin nazu
    Benitoren Maria Solt.
    negarrik ez
    txuri zaude ta malkoak
    zure kolorea kentzen dute.

Lau Teilatu perlak ez du zimurrik hartu. Hor daukagu lehen aldiz aditu genuen bezain fresko, halako betikotasun hunkigarri batean hormatua. Belaunaldi berriek ikasten dute garaikidea bailuten! Egia erran, alde horretatik, euskal kanten baltsan sartzen da, hitz gutxi, denak funtsezkoak, ezin zaio jada bakar bat aldatu bere oreka lanjerrean eman gabe, izpirituak berehala gatibatzen dituen musika erakargarria baita. Harrapatu gintuen eta belaunaldiak harrapatzen segitzen du. Ez da debaldetan bigarren postuan sailkatu ETB kateko 2005eko Euskal Kantarik Onenaren lehiaketan, justu Xabier Leteren Xalbadorren Heriotzean (1978) ospetsuaren gibeletik. Abesti horiek egileak dituztela ahanzten goaz eta dagoeneko frankotan herrikoi gisa aurkezten zaizkigu.

Benito Lertxundiren Maria Solt dator lerro mutur batean buru-muinak harrotzera. Lau Teilatuk mugarri bat finkatzen du aitzineko kantautore belaunaldiaren eta etorriko den pop-rock zaleen artean. 70eko hamarkadan euskal kantagintza elektrifikatu zen Niko Etxart eta Errobi taldeko Anje Duhalde eta Mixel Ducauri esker. Halaber, Hegoaldeko folk abeslariak akustikoaren munduan pixka bat hertsian ziren eta Izukaitz edo Haizea bezalakoek bide berriak bilatzen zituzten, folk musika rock sinfonikoarekin uztartzen saiatuz. Itoiz arrago horretatik dator, Foisis jauna taularen eskuin aldean eta flauta soinuaren presentzia harrigarriarekin.

Benito Lertxundi (1942, Orio) euskal kantaren pizkundearen izarretako bat izan da, Ez dok Amairu multzoko kidea. Zenbat gera bezalako sorkuntza propioak eskaintzeaz gain, Zuberoako tradiziotik edan zuen ausarki, batzuen gustuko zuberotar ahoskera doi bat trakestu baldin bazuen ere. Maria Solten bertsioa 1975eko … Eta maita herria izeneko albumean kausitzen da. Etxahun Barkoxeko (1786-1862) bertsolari minbera eta ironikoaren koplak zituen Lertxundik gaurkotu, soinu airos batez apaindurik. Maria Solt eta Kastero adin mardoan elkarrez maitemindu eta haurra espero duen bikote antzuaz trufatzen da Etxahun zaharra. Lau Teilatu halatan mendeen arteko lotura da, katebegi garrantzitsua.

    Felix, felix bihar
    berriz egongo gara
    txanpain apur batekin;
    diru gabe baina
    izarrak gurekin daude,
    piano baten soinuaz.

1980ko hamarkadan Euskal Herriko egoera gogorra zen. Euskal Rock Erradikala deituko zen bolerako taldeak ari ziren jada taula gainak punk moduan astintzen. Poliziaren errepresio eta bortizkeria giro orokorra salatzen zuten, zintzurrak eman ahala, lehen batean erdaraz eta aski laster euskaraz ere bai. Denbora haietan, beste alor anitzetan bezala, hautatu beharra zegoen: Itoiz zalea zinen eta beraz politika saihesten zenuen edo demagun Hertzainak-en jarraitzailea zinen eta gauez gau bakean utzi arte oihukatzen zenuen, Euskal Herriaren etorkizun askea desiratuz.

Euskadi Irratiko Faktoria emankizunean, 2018ko maiatzaren 5ean, Lau teilatu aipatzean, Juan Carlos Perezek zioen: oso biluzik sentiarazi nau. Hain da sintzeroa, benetakoa, hain nerabea… berrogei urteren buruan, beretzat kanta ona da, zirkularra. Dirurik gabe ibiltzera kondenatuak izanagatik, piano baten soinua, txanpain apurra eta zorion adiskidetsua hitz ematen zigun abestiak. Ez genuen aukeratu, eta ororen buru, Lau teilatu horiek ditugu dagoeneko geriza eta bake ikur edozein herriko jaixetan


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pop
“Jotzen jarraitu nahi baduzu, zaila da industriaren kontra egitea”

Musikaren industriari kritika egin, eta laguntasunaren garrantzia azpimarratu dute Anne Lukin eta Maren musikariek Acostumbrarme kantuaren bidez.


2022-10-18 | Kepa Matxain
Elbis rever
“Pop-a ez da ideia puru bat, errealitate orojale bat baizik”

Hamabost urte bete ditu aurten Elbis Rever taldeak. Tarte horretan 500 abesti baino gehiago, ia 200 kontzertu eta lau elkarrizketa egin dituzte. Taldearen koordenatuak zeintzuk diren iradokitzen du datuak: pop talde bat izateko aspirazioaren eta bazterreko soinu eta jarrera... [+]


2021-06-15 | Julen Azpitarte
Velvet Mafia, 1960ko pop kultura piztu zuen gay komunitatea

Erabat finkatuta ditugu gure iruditeria popzalean 1960ko hamarkadako gizonezko rock taldeen melodia eta erritmoek emakumezko ikus-entzuleengan eragiten zituzten jokabide irrazionalak: intziri basatiak, gorputz-dardara primitiboak, dantza frenetikoak eta sexuaren frenesiak... [+]


Kaskezur
Deserosotasunaren potentzial sortzailea

Lau lagun: baxua, bateria, bi gitarra eta jarrera inpostatuei ihes egiten dieten bi ahots. Eboluzio interesgarria egiten ari da Kaskezur taldea hamarkada honetan. Ihesi doaz animaliak (Mukuru, 2019) da musikari gisa egiten ari diren bilaketaren azken emaitza. Soinu aldetik... [+]


Hannot Mintegia, Moxal
“Arriskatu beharra dut, bestela ez naiz trebatzen”

Audience taldeko arimetako bat izan da hamabost urtez. Irakaspenak batuta bere bide eta proiektu propioari ekiteko bulkada sentitu du orain. Moxal graziatzat hartuta, musikaren larre berrietan aske eta jostari egin nahi du trostan.


Beñat Goitia, Montauk taldeko kidea
“Buruan genuena diskora eramatea lortu dugu”

Negu-usaina nabari da Gasteizen. Aire hotza, aire freskoa eta, batik bat, aire berria. Montaukek bigarren diskoa argitaratu du, Geruzak. Beñat Goitiak geruza askoz betetako lan hotz eta trinkoa dela dio. Igartzen da, eta badakigu: iritsi da negua.


Montauk taldearen ‘Geruzak’: negu hau ez dadila joan

Zazpi kantako lan bat, aurrekoaren aldean trinkoagoa dirudiena, disko osoak eduki behar zuen tonua argi daukan talde baten emaitza. Garapen luzeak dira Montauken etxeko marka, Geruzak-eko kanta pare bat besterik ez daude bost minututik behera.


Udako kultur gomendioak
Diberti gaitezen


2018-06-21 | Kepa Matxain
Usopop
“Festibal asko diruaren logikan dabiltza, baina guk musika maite dugu”

Datorren urtean beteko ditu hamar urte Usopop jaialdiak. Lagun artean sortu zuten, kalitatezko musika eta tratu humanoa erdigunean jarriz. Urtero saiatu dira gauza berriak probatzen, tokiekin esperimentatzen, baina tamainari eutsiz. Txikia da Usopop eta txiki nahi dutela diote... [+]


2018-05-18 | Lander Arretxea
Andoni Tolosa 'Morau'
“Diskoa zabaltzean ikusi dut jende askok duela beharra zaintza lanetan bizitakoak partekatzeko”

Amaren alzheimerra zela-eta, goizero harekin ibilaldia egiten hasi zen Andoni Tolosa ‘Morau’ kantagile hernaniarra. Saio bakoitzean argazkia egin eta Egunsentiak alperrentzat izenarekin sarean zabaltzea erabaki zuen gero. Izen bera eman dio ama zaintzen bizi eta... [+]


Eguneraketa berriak daude