Siziliaren independentzia birpentsatzen

  • Kokapena dela eta Sizilia betidanik egon da inperio eta interes askoren  menpe. Hamaika konkista eta beste hainbeste matxinada bizi izan ditu, eta horren ondorioz errebeldia kulturan oso sustraituta duen herria da siziliarra.

Antudo mugimenduaren manifestazio bat.
Antudo mugimenduaren manifestazio bat.

Gaur egun Italiako errepublikaren kolonia papera jokatzen du askoren iritzitan, eta ez bakarrik hegoaldeko erregioetan -mezzogiorno delakoan- ohikoa den azpi-inbertsioaren ondorioz. Azken hamarkadetan langabezia tasa eta krisi soziala gehien areagotu diren tokia da. Iparraldeko eskualdeen zerbitzura sortutako ekonomiak, puztutako administrazio eta burokrazia publikoak, industriaren desegiteak eta lurraldearen beharrei erantzun gabe ustiatutako baliabide naturalek menpekotasun politika mantentzera kondenatu dute.

Sizilian nagusiki ustiatzen diren baliabideak bi dira: kulturalak (turismoaren bidez) eta naturalak (zabortegi, errauskailu, gas zulaketa eta petrolio findegien bidez, besteak beste). Siziliaren esportazio nagusiena elikagaiak dira eta kazikismoaren kontrolpean dauden nekazaritza-ustiaketetan ekoizten dira gehienbat. Mendebaldeko herrialdeek bultzatutako gerretatik ihesean dabiltzan pertsona errefuxiatuak dira lan-indar nagusia, muturreko baldintza prekarioetan esplotatuak. Garapen eredu zanpatzaile horrek lurraldea eta biztanleria etekin-iturri bilakatzen dituen bitartean, paisaia suntsitu, ondarea xurgatu, lurra eta airea kutsatu, era guztietako eskubideak urratu eta komunitate harreman oro desegiten ditu. Gainera, eskola absentismo handiak zein gazteen emigrazioak (175.000 azken hamarkadan) etorkizun are beltzagoa marraztu dute uhartearen gainean.

Autodeterminazioaren aldeko margoketa Palermoko horma batean. (A. Mimentza)
Mafia, Siziliako fenomeno autoktonoa?

Egoera horren aurrean ez da harritzekoa siziliar askok biziraupen bideak ekonomia eta arau ofizialetik kanpo bilatu behar izatea. Hala ere, ilegalitatearen fenomeno zabala ez da mafia siziliarraren irudi hollywoodiarrarekin nahastu behar. Administrazio publikoa bezerokeria-harremanen zerbitzura baliatzen dituzten sareak dira mafiak; hau da, tokiko eta estatu-mailako alderdi politikoen konplizitatearekin lurralde baten gainean jauntxo izatea bilatzen duten talde ekonomikoak. Fenomenoa Siziliaren patrimonio izatetik urrun, edonon gertatzen da. Baita gurean ere. Ustelkeria praktika ohikoenak azpiegitura erraldoien eta zaborren kudeaketarako kontratu publikoen esleipenean eta etxebizitzen eraikuntza espekulatiboan gertatzen dira. Ezaguna da Siziliak Italia osotik datozen zaborrak jasotzen dituela pilatu eta errausteko, biztanleriaren minbizi eta osasun arazoek gora egin duten bitartean. Muturreko kasuetan soilik droga eta pertsonen trafikoa ere gehitzen zaizkie antolaketa kriminal hauen jarduerei.

Ez da ahaztu behar mafia hauek gerraostean AEBen eskutik itzuli zirela, alderdi komunista neutralizatzeko helburuarekin. Era berean, interes militar ugari dago jokoan uhartearen garrantzia geoestrategikoa dela eta. Estatubatuarrek eta NATOk base militarrak baliatzen dituzte bertatik Mediterraneo osoa kontrolatzeko eta Afrika iparraldean eta Ekialde Hurbilean gerra egiteko. Horren adibide dira Sigonellako basea, munduko “dronen hiriburua” izenez ezaguna, eta MUOS abiadura handiko telekomunikazio sistemaren antenak.

Niscemi herrian eraiki den MUOSaren antenek aurkakotasun handia sortu dute uhartean. (Argazkia: Aniedbalski)

Horrek guztiak uhartearen kolonia izaera eta Italiako Estatuko dependentzia katea elikatu eta areagotu egiten du, eta hainbat izan dira independentzia aldarrikatzeko antolatu diren esperientzia historikoak. Aipagarrienak 1943an sortutako MIS (Siziliaren Independentziarako Mugimendua) alderdia eta Antonio Caneparen EVIS (Siziliaren Independentziarako Boluntarioen Armada) autodefentsa gerrillak izan ziren. Gerraostean, ordea, alderdiaren korronte moderatuak mugimenduaren gaineko kontrola hartu zuen, eta autonomia estatutua lortu eta gutxira desegin zen. Ordutik estatu siziliarra helburu izan duten taldeak marjinalak izan dira panorama politikoan, gehienak kutsu eskuindar eta tradizionalistarekin.

Mugimendu berri baten jaiotza

Duela hiru urte sortu zen Antudo, Sizilia mailan antolatutako herri mugimendu anitzen koordinazio gunea. Uhartearen independentziaren aldeko aldarri historiko baten izena hartu du, iragana berreskuratzeko eta oraina borrokatzeko asmoari lotuta. Ordutik hirietako eta landa-guneetako borrokak saretzen ahalegindu dira. Palermon eta Catanian periferietako auzoetan oinarrizko beharrak asetzeko iniziatibak antolatzen dabiltza, etxebizitzaren, osasungintzaren edota kirolaren arloetan. Halaber, irakaskuntza eta formazio guneetan, unibertsitatean batez ere, kultura eta historia propioaren berreskurapenean lanean ari dira. Landa-guneetan azpiegitura erraldoi eta kutsakorren, eta base militarren aurkako batzorde lokalen sarea sortu dute.

Mugimenduaren helburua da autogobernu-ikuspegia maila guztietara zabaltzea, Estatuaren kontroletik eta kapitalismotik independentzia lortzea. Horretarako ezinbestekotzat jotzen dute zapalkuntza kolonialetik askatzea, ekonomia asistentzialista apurtzea eta kultura siziliarraren defentsa. Finean, dependentzia suntsitzea eta lurraldearen kudeaketa eta garapen eredua bertako komunitateak berak erabakitzea: zergen gaineko kontrola izatea, instituzio lokalen inbertsioa bertako beharrei asetzera bideratzea, kanpoko kapitalaren interbentzioa eta ustiaketa gelditzea, berdintasun handiagoa eta birbanaketa justuagoa lortzea, gazteen emigrazioa gelditzea, herritarren parte-hartze forma berriak asmatzea, edota hizkuntza propioa balorean jartzea.

Aurrez aipatutako azpiegituren aurkako 'No MUOS' manifestazio bat.

Independentzia ez dute boterearen egungo forma instituzionala kudeatzearen sinonimotzat hartzen. Antudoren ustez independentzia erantzunaren forma da, baina edukia beste bat da: elkartasunean oinarritutako harremanak sortzea, Kurdistango Rojavan konfederalismo demokratikoarekin ikusi bezala. Beraz, beraien helburua ez da estatu-nazio soil bat lortzea. Behetik gorako prozesu luzea irudikatzen dute, lurraldea ustiatzearen aurkako kontzientzia sortu eta kontzientzia hori politikoki antolatzea da oinarria. Brexit eta Kataluniako prozesuetan boterearen zentralizaziorako joeraren aurkako erresistentziak aztertu ostean, lurraldearen burujabetza borrokaren erdigunean jartzea erabaki dute. Horrexegatik baliatzen dute Siziliako bandera –trinakria– identifikazio ikur gisa, ezaugarri etnikoei beharrean norberaren bizilekuaren defentsari arreta jartzeko. Arrazoi beragatik ez dute balizko independentzia baten ondoren euren burua Europar Batasunaren barruan ikusten, horrek erabakitzeko gaitasuna urruntzearekin batera iparraldeko herrialdeen nagusitasuna eta merkantzien zirkulazioa errazteko mekanismo ekonomikoa dela uste dutelako.

Zailtasunak, siziliar askoren miseria eta emigrazioa, ez dira gutxi. Hezkuntza sistemak bultzatzen duen nortasun italiarra oztopo nabarmena da pentsamolde kolonizatuarekin hausteko, eta kultura eta hizkuntza siziliarrak mespretxua pairatzen dute jende askoren partetik. Siziliako gobernuak 2019tik aurrera eskoletan hizkuntzaren berreskuratze-saiakera txiki bat aurreikusi duen arren, periferiako auzo eta landa-guneetatik kanpo siziliera oso bazterturik dago.

Gaur egun mugimenduaren erronka nagusia galdera honi erantzuna ematea da: zelan gobernatu lurralde bat estatu egiturarik gabe? Sizilian, eta Palermon zehazki, aukera ugari daude. Herri eta auzo asko Italiako Estatuaren partetik guztiz abandonatuak sentitzen dira (errepresiorako izan ezik), eta nortasun siziliarra eta erreboltarako joera indartsuagoa da. Hegoaldeko auzia –Questione meridionale– betidanik izan da Italiaren arazoetariko bat, eta gaur-gaurkoz eraldaketarako gakoa lurralde horietan dago, estatu-egituraren kate begi ahula direlako. Aukera guztiak mobilizazio potentzial bilakatzeko giltza aurkitzean dago gakoa. Kataluniatik jaso duten ikaspena da instituzioek jendartearen atzetik joan behar dutela, horrek bakarrik eragin ditzakeelako aldaketa errealak.

Abuztuko kanpaldia, argitara jauzia

Abuztuan mugimenduak kanpaldia antolatu zuten Petrosino herrian, Trapaniko probintzian. Helburua gaur egungo egoera aztertzeko gogoeta eta elkartruke momentu bat sortzea izan da, eta etorkizunerako programa bat garatzea, independentziaren diskurtsoa edukiz betetzeko.

Hausnarketa eta eraketa prozesuan dago Antudo mugimendua. (Argazkia: Askapena)

Orain arte ezezaguna izan den proiektua ikusgarri egin eta zabalpen publikorako jauzia egitea ere bazen asmoa. Topaketa hauetan gai asko landu dira asanbladetan. Alde batetik, emakumeen rola askapen prozesuan eta ikasle mugimenduaren artikulazioa, ikastetxe eta unibertsitateetan. Eta bestetik, autodeterminazio prozesuak aztertu dituzte, horietatik atera daitezkeen irakaspenak beraien prozesu propioan txertatzeko. Herrien arteko elkartasunaren ezinbestekotasunaz jakitun, Askapenako eta Endavanteko kideek Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako egoerez mintzatu ziren, eta Kurdistanen izandako kideek hango esperientziak azaldu zituzten. Amaitzeko, aurrera begirako lan-ildoei buruz aritu ziren, borrokaren oinarriak fintzeko.

Antudo oraindik eraketa prozesuan badago ere, gertutik jarraitzeko esperientzia izan daiteke. Euren esanetan burujabetzarako bideak lurralde bakoitzak sortu behar ditu, eta beraien borroka berrasmatzeko gai izan nahi dute: aipatutako erronka guztien aurrean erantzun eraginkor bakarra independentzia dela frogatzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sizilia
2021-10-25 | Leire Artola Arin
Aita Mari ontziak Sizilian lehorreratzeko baimena eskuratu du

Trapaniko portuan daude jada eta datozen orduetan lehorreratzea espero dute. Ontziak duela sei egun 105 migratzaile erreskatatu zituen Maltako uretan eta ordudanik baimenaren zain zeuden.


2021-06-01 | ARGIA
Aita Mari ontziak erreskataturiko 50 migratzaileak Italian porturatu dituzte

Libiako kostaldetik abiaturiko 50 lagun Mediterraneo itsasoaren erdian erreskatatu zituen Aita Mari ontziak, maiatzaren 27an. Italiak porturatzeko baimena eman ostean, Sizilian lur hartu dute astearte goiz honetan eta denak ongi direla ziurtatu dute.


2021-02-25 | Jon Torner Zabala
Etnako sua, Niagarako izotza. Irudi ikusgarriak utzi dizkigu naturak

Naturak irudi ederrak laga dizkigu egunotan. Munduaren punta batean sua, izotza bestean. Etna sumendia egurrean, eta Niagarako urjauzia erdi-izozturik.


2021-02-22 | Ixone Arana
Aita Mari ontziak Sizilian lehorreratzeko baimena jaso du

Aita Marik erreskatatutako 102 pertsonetatik bi bakarrik lehorreratu dira Italian, Augusta portuan, laguntza medikoa jasotzeko.


158 migratzaile zeramatzan Aita Mari itsasontzia Messinan porturatu da

Otsailaren 9 eta 10 artean 158 pertsona erreskatatu zituen Mediterraneoko uretan itsasontzi euskaldunak. Bete-bete egindako itsasontzia Italia edo Maltako porturen batean porturatzeko baimen bila egon da, atzo, otsailaren 12a, Italiako gobernuak Sizialiako Messinako porturako... [+]


2020-02-12 | ARGIA
Aita Mari ontziari Sizilian porturatzeko baimena eman dio Italiak

Sizilia aldean erreskatatutako 153 pertsona daramatza eta Italiak baimena eman dion Messinako portura iristeko egun bateko bidaia egingo du.


2019-11-25 | ARGIA
‘Aita Mari’ ontziak Sizilian lehorreratuko ditu 78 migratzaileak

Ostegunean erreskatatu zituen 78 migratzaileak eta igande gauean jaso du Italiako Gobernuaren baimena. Sizilia uhartean dagoen Pozallo udalerriko portura eramango dituzte.


Aita Mari ontziak itsasoratzeko baimena lortu du, baina erreskateak egitea galarazi diote Madrildik

Atunontzi izan zenak Mediterraneo itsasora bidaiatuko du, Grezian dauden errefuxiatuei sustengua eta laguntza eskaintzeko.


Frontexen aurkako manifestazioan parte hartu du Mugak Zabalduz karabanak

Joan den eguenean, Mugak Zabalduz karabanak parte hartu zuen militarizazioaren eta mugen itxieraren kontrako manifestazio batean, Catanian. Protestaldia Frontex Europako mugen kontrolerako agentziaren egoitzan amaitu zen. Bertan, pertsona migratzaileek Europara ailegatzeko... [+]


2013-02-20 | Martin Vicioso
Italiako hauteskundeei begiratu independentista

Igandean eta astelehenean izango diren Italiako hauteskundeetan parte hartuko duten mugimendu autonomista eta independentisten analisi bat egin du vilaweb.cat webgune kataluniarrak. 630 diputatu eta 315 senatari aukeratuko dituzte, eta guztira 184 hautagaitza aurkeztu dira,... [+]


Eguneraketa berriak daude