Antzerki fisikoan eta dramaturgia ez-konbentzionaletan zaildu zen Miren Gaztañaga; azken asteotan, ordea, teatro-testuak ikasi eta ikasi dabil. Hedda Gabler eta Lady Macbeth gorpuztuko ditu aurki Arriagako oholtzan. Pozik ari da, orain arte ez omen du-eta halako obra klasikorik egin. 20 urtetako ibilbidearen ostean, badu nahikoa indar desafio berriei heltzeko.
Arte Ederrak ikasi zituen baina interpretazioa izan du pasio eta bizibide azken 20 urtean. Teatroan aritu da gehien: Antzerkiola Imajinarioan jardun zen hainbat urtez, baina beste talde batzuen produkzioetan ere ibili da. Telebistan eta zineman ere lan egindakoa da. 2009an, Stereo antzezlana sortu zuen, bere lan kuttun eta pertsonalena. Iaz, horri buruzko liburua argitaratu zuen EHAZEren eskutik. Gaur egun, Kamikaz kolektiboko kidea da.
Wikipediak dio 1979an jaio zinela eta 1999an hasi zinela antzerkian. Zer gertatu zen bitarteko 20 urte horietan? Zer duzu gogoan?
Gogoan daukat alaba bakarra nintzela. Lagunak neuzkan baina era berean denbora asko pasatzen nuen bakarrik jolasten.
Irudimenarekin jo eta su?
Klaro, asko eragiten nion. Etxean jolasten nuenean beti bakarrik egoten nintzen eta sekulakoak muntatzen nituen. Balkoian animaliak neuzkala irudikatzen nuen adibidez. Jolas asko egiten nuela gogoratzen dut. Eta kanpokoa gustatzen ez zitzaidanean, barruko mundu horretan sartzen nintzen.
Nolatan erabaki zenuen Arte Ederrak ikastea?
Amari esan nion Arte Dramatikoa ikasi nahi nuela; hark esan zidan hori ez zela karrera bat, eta orduan hasi nintzen: Arte… Arte… Arte Ederrak. Eta hori Bilbon zegoenez, bada aurrera. Karrerako lehenengo urtean lagun batek aipatu zidan antzerki-ikastaro bat egingo zutela UEUn eta hara joan nintzen zuzenean.
Garbi zeneukan hori zela zure bidea?
Arte Ederrak ikasi arren, antzerkian neukan begia, baina ez zen kontzientea, instintiboa baizik. Antzerkia egiten hasi nintzenean ez nekien antzerkia hautatzen ari nintzenik bizibide moduan, inondik ere.
Eta zer gertatu zen antzerki-ikastaro hartan?
[Ander] Lipusek eman zuen ikastaroa, nik ez nuen ezagutzen. Joan nintzen eta hantxe ikusi nuen ilea hainbat kolorez tindaturik… ez nuen besterik behar! Pozarren sartu nintzen, dena ematera. Zerbait neukan hor, ateratzeko zain, ez nekien oso ondo zer zen, baina hor zegoen eta aukera etorri zitzaidanean… bum! Lehertu egin zen.
Handik gutxira sartu zinen Antzerkiola Imajinarioan.
Ikastaroan Lipus ezagutu nuen, jakin nuen Bilbon zegoela, eta ni ere han ari nintzenez ikasten, bada esan nion zeozer egiten bazuten, abisatzeko mesedez. Atzetik ibili nintzen. 1998an egin zuten lehenengo tailerra, ni 1999an apuntatu nintzen, eta urte hartan egin genuen 8 olivetti poetikoak, Antzerkiolak talde handi moduan egindako lehenengo lana.
Zer eman zizun Antzerkiolak?
Hori izan zen nire eskola. Antzerki konpainia horren dinamika honelakoa zen: zeozer egin nahi baldin baduzu, egin ezazu, ez itxaron inork deitu arte. Ni geroago hasi naiz horretan, behar izan nituen urte batzuk konfiantza hartzeko eta gogoa izateko benetan, baina taldean oso hurbiletik ikusi nuen sorkuntza-prozesua: nola joaten zen sortzen musika, testua…
Nola egiten den antzezlan bat, azken finean.
Bai, guztiz. Gero, gainera, kooperatiba sortu genuen, eta horrek izugarrizko formazioa eman dit, aritu naiz aktore, produkzio-laguntzaile, bulegari… hamar mila gauzatan. Ezagutu nuen zer den ofizioa.
Dramaturgiaren ikuspegitik ere izan al zen eskola?
Non erortzen zaren, zurekin dakarzun hori moldatu daiteke, moztu, ala azpimarratu. Ni oso fisikoa naiz berez, eta Antzerkiolan asko indartu zen hori. Lan fisikoari garrantzia ematen zitzaion. Kontatzen genituen istorioek, zorionez, ez zeuzkaten dramaturgia klasikoak, eta ni hasi nintzen kontatzen istorioak modu ez-konbentzionalean. Antzerkiolak eman dit hori. Konbentzionaltasuna ez zait txarra iruditzen, baina taldean lantzen genituen ohiz kanpoko pertsonaiak, gorputz desestrukturatuak, itsusitasuna… Plazer handia zen.
Amaitu zen, ordea.
Bai, 2007an bukatu zen. Gero beste antzerki-obra bat egiteko bildu ginen, baina ez genuen talde-dinamikarekin jarraitu. Antzerkiolaren amaiera inflexio-puntu nahiko potentea izan zen. Ni han oso babestuta nengoen, zerbaiten parte izan nintzen, urte askoan gainera, eta bat-batean gogorra da ez izatea ezeren parte. Lan-ibilbideko gauza gogorrenetako bat izan da, baina era berean ezinbestekoa hazteko, familiaren babesetik hegan egitea bezala. Oso horrela sentitzen dut. Orduan egin nuen Stereo.
Zeozer zureagoa egiteko beharra sentitu zenuen?
Antzerkiolan Jon Gerediaga zen idazlea, Aitorrek [Agiriano] musika egiten zuen, askotan Lipusek zuzentzen zuen… Sorkuntza-prozesuak intentsoak eta ederrak ziren, baina gogoa neukan nik ere nire buruari galdetzeko zer kontatu nahi nuen, eta hori kontatzeko. Besteren historiak ere egiten dituzu zeure, baina sortzailearen papera hartzeko grina neukan. Stereo [antzezlana] izan zen nire ahotsa bilatzen hastea, nire gaitasunez gehiago jabetzea, sortzaile bezala elikatzen hastea… Plazer bat da norbere galderak publikoarekin partekatu ahal izatea, eta ez soilik izatea besteren ideiak gauzatzen dituena.
Eta, ondoren, telebista. Lehenik Martina eta gero, nola ez, Goenkale.
Martina-n Lipus eta biok geunden, ingurua ez zen hainbeste aldatu. Talde ttiki-ttikia zen, oso hurbilekoak denak, sateliteak ginen telebista barruan. Goenkale beste zerbait izan zen.
Beste mugarri bat?
Bai, izugarria. Goenkale iritsi zenean oso nekatuta nengoen, nenbilen lauzpabost antzerki-lanetan, diruz justutxo… Garai hartako dinamikak ez ninduen zoriontsu egiten. Eta ez neukan argi zergatik. Baina zeozer ez zebilen ondo, eta orduan Goenkale etorri zen, ordura arte egin gabeko zerbait… Sinbolikoki irekiera bat izan zen, aldaketa bat, eta nik horixe behar nuen bizitzan. Goenkale-n zirkulu berri bat ezagutu nuen, aktore gehiago ezagutu nituen, adin askotakoak, ofizioa bizitzeko hamaika modu. Leihoak zabaldu banitu bezala. Eta berez produktuarekin ez neukan horrelako loturarik, baina gauza pila bat ekarri zizkidan.
Nor zinen?
Moja [barreak].
Eta?
Bada oso ondo zetorkidan Stereo egiteko, kontrasteagatik [barreak]. Oso dibertigarria zen, hantxe ibiltzen ginen abitua jantzita Zumaiako komentuan. Esperientzia sekulakoa da, ez duzu bizitzen beste modu batera. Sekulako bidaia.
Telebistarekin loturik dago hizpidera ekarri nahi nukeen beste kontu desatsegin bat: boikota egin zizuten Euskalduna naiz eta zu programan egindako adierazpenen harira. Urte eta erdi pasa da ordutik. Zer moduz?
Inoiz bizi izan dudan bizipen surrealistenetako bat da. Bere garaian oso gogorra izan zen, oso arraroa, ez nuen batere espero. Bikotekideekin utzi dut, edo lagunengandik urrundu, inguruko jendea hil da, eta badakit zer diren dolu horiek, baina halakorik ez nuen sekula bizi nire haragitan. Eraso bat zen, baina ez fisikoa, birtuala baizik, eta oso gauza arraroa gestionatzeko. Gaur eta hemen esan dezaket bizipen oso gogorra izan zela, eta ez litzaidakeela gustatuko berriro gertatzea, baina orain, denbora pasata, ikasi dudan guztiarekin eta gai izan naizenez honi leku bat emateko, onartu dudanez hau dela nire biografiaren parte eta honek ere egiten nauela, ez dut nahi inork kentzerik. Ulertzen didazu?
Integratu duzu, nolabait ere…
Bai, guztiz. Lehenengo egunetik. Gertatu zitzaidan, ikasketa bat ekarri zuen, erakutsi zidan zein den kontestua eta beste hamar mila gauza.
Esan duzu birtuala izan zela, bestelako ondoriorik ekarri dizu?
Ondorio latzenak izan ziren sare sozialetako erasoak, zeren oso heavya da horrenbeste mezu irakurtzea tonu horretan. Baina momentu batean beste alde batera begiratzen duzu, eta kito. Askotan galdetu didate ea ondoriorik ekarri didan lan aldetik. Pentsatzen dut seguru aski baten bat izango zuela, baina orain, adibidez, El legado de los huesos pelikula egingo da [El guardián invisible filmaren bigarren zatia], eta berriro deitu didate. Egia esan, bizitza oso zoroa da; baina ni aktorea naiz, pertsonaia hori asko maite dut eta, hausnarketa bat egin ondoren, gogoz egingo dut aurrera.
Ofizioa dela-eta, bi gauza ekarri zizkidan: konturatu nintzen aktore-ibilbidea bat-batean amaitu zitekeela, eta kontzientzia hartu nuen bizitza askoz ere gehiago dela aktorea izatea baino: bisio panoramiko horren kontzientzia hartu nuen. Eta era berean, pentsatu nuen: hemen eta orain, aktorea naiz, eta kito. Begira, garai horretan casting-a egin zuten Arriagan Obabakoak obrarako, eta nik gogo handia nuen antzezlan horretan parte hartzeko. Bada gertaera honek guztiak kristoren indarra eman zidan, iruditzen zitzaidan ezer ez zela izango hura baino fuerteagoa. Badakizu, gauza gogor bat gertatzen zaizunean, nola ematen dizun lekua? Bada horrela. Gero, pena da, ahaztu egiten dugulako.
Orain, antzerki-talde bateko kide zaitugu berriro ere: Kamikaz kolektiboa osatzen duzue Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta hirurok.
Polita izan zen zeren Stereo-rekin ibili ginenean, halako topagune bat egin genuen hiru neskaren artean. 2013an Donostiara etorri nintzen, eta jendea ezagutzen nuen, baina ez hainbeste. Segituan egin nuen topo Erikarekin. Goenkale-k kristoren lagun onak ekarri dizkit: Eneko [Sagardoi], Erika… Biok elkartu ginen, ze halako maitemin moduko bat piztu zen, biok marmita beretik atera izan bagina bezala. Hortxe hasi ginen brainstorming bat egiten, zer kontatuko genukeen, teatro bat, edozer gauza… Eta orduan Amancay ezagutu genuen Uxueren [Alberdi] bitartez. Horrela abiatu zen Kamikaz. Euli-giro egin genuen, Uxueren liburu batetik abiatuta, oso bolo gutxirekin, eta orain Kaffkä antzezlana sortzen gabiltza.
Zeuk aipatu duzu eta neuk azpimarratuko dut: emakumeak zarete hirurak.
Hauxe esango dizut: ezer ez da kasualitatea. Hori bakarrik. Momentu horretan ez dakit zenbateko kontzientzia geneukan hori bilatzearena, baina nik garbi daukat momentu horretan gorputzak hori eskatzen zidala. Bai, bai, bai. Ahizpak. Izugarri.
Datorren urtean, 2019an, izango dira hogei urte aktore hasi zinela. Bizitza erdia.
Bai, aizu. Oporretan jabetu nintzen horretaz, Mexikon. Abuztuan da nire urtebetetzea eta bat-batean etorri zitzaidan, dutxan nengoela: hurrengo urtean berrogei, eta hurrengo urtean hogei aktore. Bizitza erdia? Flipatuta nago, zer nahi duzu esatea.
Nola heldu naiz ni honaino?
Guztiz. Nola heldu naiz ni honaino. Horrela jar dezakezu.
Zer duzu handiagoa, nekea ala gogoa?
Ofizioarekiko biak sentitu ditut, maitasuna eta gorrotoa, baina, egia esan, hemen eta orain, hunkitzen nau atzera begiratzeak, zeren ikusten dut izan dela bide bat bizi-bizia: momentu pila bat izan ditut, batzuk eder-ederrak eta besteak oso gogorrak, lagun asko dauzkat, oso pertsona inportanteak aurkitu ditut, beste lagun batzuekin oso momentu gogorrak pasatu ditut… Eta ofizioak egin nau ni. Gogoratzen naiz iritsi zela momentu bat non oso argi ikusi nuen, aktore bezala hazten jarraitu nahi banuen, pertsona bezala hazten jarraitu behar nuela. Kolore guztietako bidea izan da. Dena, dena egon da. Eta emozionatzen nau. Eta gustatzen zait gainera dena egon izana, iruditzen zait oso benetakoa. Eta ikusten dut baita ere entrega handia egon dela eta une oro dagoela, eta oso polita da, zeren aktore izateko modu asko dago, baina une oro jarraitzen dut naizen hori izateko modua berrikusten eta bilatzen.
Eta baldintza ekonomikoen aldetik, nola ikusten duzu etorkizuna?
Beldurra ematen du. Ni saiatzen naiz horri gehiegi ez begiratzen, zeren egia da oso garaiaren arabera doala, gure lana askotan oso prekarioa da, eta askotan hitzarmeneko soldata minimoetatik tiratzen da, eta minimoak oso minimoak dira, eta gauza bat da hitzarmenean soldata minimo bat izatea baina aizu… ezin gara minimoetan gelditu une oro. Duintasun kontua da.
Duela gutxi pentsatu nuenean 40 urte egingo nituela eta aktore naizela oraindik ere, beldurtu nintzen zentzu horretan: 60rekin ere aktore izango al naiz? Eta zahartzaroan? Eta ekonomikoki? Saiatzen naiz horretan gehiegi ez pentsatzen, zeren, gainera, errealitate gogor batzuk ikusten dituzu, baina… bestela zer? 20 urte neuzkanean bezala, galdetzen zidaten ea zer izango nintzen handitzean, eta ez nekien. Hemen eta orain, aktore. Egia da asko aldatzen dela, bat-batean pelikula bat egiten duzu edo telesail batean parte hartzen duzu eta diru-iturri majo bat daukazu, eta hor lasaiago zaude, baina gero badaukazu beste garai bat ez daukazuna diru-sarrerarik, eta orduan lastairari haginka pasatzen dituzu gauak.
Ez dago segurtasunik.
Uste dut orokorrean bizitzan ez dagoela segurtasunik, baina, egia da, adibidez, nire lagun batzuek lan finkoa dutela, hilabetean 2.000 euro, eta pentsatzen dut: horrek zer izan behar du? Aurreztu dezakezu, hilero jasotzen duzu… ene. Nik uste dut lanbide honetarako oso ausarta izan behar dela, eta, horretaz gainera, pixka bat inkontzientea.
Bestela ezin da?
Unean unekoan pentsatu. Eta konponduko da. Kito.
ZORRETAN
Testua eta zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga.
Aktoreak: Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Jabi Barandiaran.
Noiz eta non: Urriaren 25ean, Donostiako Gazteszenan.
----------------------------------------
Bere argi propioa bilatzen ari den loreari... [+]
MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.
----------------------------------------------
Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]
Autoan noala hasi naiz artikulua zirriborratzen, mentalki. Ideiarik onenak autoan izan ohi ditut, bakarrik gidatzen ari naizela. Bilborantz noa, Arriaga antzokira. Artedrama konpainiak Miñan antzezlana taularatuko du gaur. Urriak 25 ditu, ostirala da.
Antzokiko atarira... [+]
Eucalyptus
Testua: Nerea Ibarzabal, Jon Ander Urresti, Matxalen de Pedro eta Beñar Urrutia.
Zuzendari eta dramaturgoak: Matxalen De Pedro eta Jon Ander Urresti.
Aktoreak: Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutia.
Non: Lugaritz kultur etxean (Donostia).
Noiz:... [+]
Tristezia ez, ondokoa. Eta etsipen handia. Aurten bi sorkuntza erditu ditugu ("Lurrez Estali" eta "Bidasoa Mintzatuko Balitz"), arrakasta handia bildu dugu eta, hala ere, sentimendu garratz batek tinkatzen dit zintzurra.
30 bat urte daramazkit antzerkian... [+]
Alzheimerraren inguruan haurrekin naturaltasunez hitz egitea du helburu ‘Arrain bat bezala’ antzezlanak. “Zenbat eta lehenago landu orduan eta gutxiago estigmatizatzen da”, nabarmendu du Ana Maestrojuán zuzendariak.
TABERNARIA. INSTRUKZIOAK BOTATZEKO ONDO BAT KAÑA
Egilea eta zuzendaria: Patxo Telleria
Aktorea: Mikel Martinez
Noiz: Irailaren 20an
Non: Biltxokon (Baiona)
--------------------------------------------------------
Bezeroak kontua eskatzen duenean izan ezik,... [+]
Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.
OSCARRA OSCARRENTZAT
AKTOREAK: Mikel Laskurain, Jon Plazaola, Oihana Maritorena eta Ane Gabarain.
PRODUKZIOA: LaMandanga Producciones, Txalo Produkzioak
NOIZ / NON: martxoaren 2an, Donostiako Antzoki Zaharrean.
Lehen aldiz ekainean antzeztu zuten Inesa de Gaxen pastorala, Bastidan (Nafarroa Beherea). Izan zuen arrakasta ikusita, xarnegutarrek irailean berriz biziberrituko dute Gaxengo Inesaren historia, irailaren 21 eta 22an, Bardozen (Lapurdi). 1.000 sarrera jarri dituzte salgai... [+]