Orain honetan eta gero hartan ikusi ohi dugu Mixel Etxekopar. Zenbatezinak eta polikromoak bere musika-bidaideak, baina xendra jakinetan. Gotaineko xülüla eta ttun-ttunjolea, guztiz sortzaile eta esperimentatzaile librea izaki, Iparraldean sortutako 4 sasuak proiektuan dabil. Lehen aldiz emango da Hegoaldean bitxi hau, irailaren 23an Larraulgo elizan.
2015ean ernaldu zen 4 sasuak, eta azkenean, 2018an pasako duzue Hegoaldera.
Bakoitzak bere xenda egiten du baina zubiak badira eta eskertzekoa da. Berdin zubirik ez denean eraikitzen ditugu. Horretarako espazioak sortu ditugu, esaterako, Xiru jaialdia Gotainen, Hebentik elkartea Maulen. Zubi hauskorrak dira, baina zubiak. Xiruren 30. aldia izanen dugu 2019an.
Lehenbiziko aldia izanen da 4 sasuak emanaldia “check-pointez-haraindiko-Hegoaldea deritzogun lurralde ideiaz-aurride-baina-auzo-arrotzean”. Eta hau herri ekimen bati esker, Larraulgo Arriaga-Victoria Eugenia (ez den) antzokia dagoen megapolisean! Eskerrak hango “artibistei”. Horrelakorik ezean –eta lan izugarria dugu egiteko– batzuk frantsesago eta besteak espainiarrago gara, nahi ala ez!
Oro har musika klasikoa zurrun eta lotu bezala ikusten dugu.
Barroko aroan, halako topaketak ez ziren hain arraroak iduriz. Ahozkotasunak ere bazuen lekua, baita inprobisazioak ere. Bach inprobisatzaile gaitza omen zen, eta horrek hazi zuen bere musika sorkuntza. Eleaniztasun musikala dago jokoan, erraiten ahal bada!
1725. urtean estreinatu ziren Vivaldiren 4 urtaroak. Apaiz gorriak lau soneto idatzi zituen, kontzertu bakoitzerako bana. Entzuleek soneto hauek eskutan estreinatu ziren.
Urtaro bakoitzerako soneto bana idatzi zuen eta horietan agertzen dena musikan irudikatzen da nolabait. Musika belarrientzako filma dela esan omen zuen Edgar Varese konpositoreak eta kasu honetan musika kasik hitzak baino hobeki mintzo da, ene iduriko! Zuberoan lehen bazen ardo bat zeinaren izena baitzen “Bera mintzo”; Vivaldiren musika hala da nik uste. Soneto horiek inprimatuak dira grabatu dugun diskoaren liburuan, italieratik zuzen euskarara itzuliak, Orpustan jaun baxenafartarraren eskutik.
Nola sortu zen 4 urtaroak 4 sasuak bilakatzeko asmoa?
Marina Beheretxe izan da abiapuntu eta zubi. Intuizioa izan zuen ezkondu zatekeela ederki euskal musika espirituarekin. Eta berak daki zer dioen: Baionako Orkestrako lehen biolina dugu, eta zango bat eta burua euskal kulturan eta euskaran ditu. Euskal musikari ezagunen alaba eta biloba ere badago, gure musika herrikoian txikitatik murgildua. Bigarren urratsean hots egin zidan, eta ni harriturik geratu, ez beroegi egia esan, hain delako obra hori pieza bat, oso eta borobila. Baina berak zekien nora ari zen eta barna, luze eta zabal ikertu zuen. Horrela gara bildu azkenean.
Esan daiteke 4 sasuak, Vivaldiren 4 urtaroak euskal maneran emateko modu bat dela? Zertan datza euskal manera hori?
Plano ezberdinak dira. Batetik, euskal soinu tresnak erabiltzen dira: xirula, ttun ttuna, txalaparta, panderoa... Baina hau besterik ez balego ez ginake ase, itxura behar bada ederra izango luke, baina itxura bakarrik izango litzateke. Gurean jokoan dena ahozkotasuna da, eta inprobisazioa ere bai, nahiz eta obra zorrotza izan espazioak dira horretarako. Eta hor euskal kultura bere etxean da, baita barroko espirituan ere. Beheretxek dion bezala, lehen mugimendua dantza jauzi baten airea da, beraz Xiberoan darabilgun ttun ttuna “bere baratzean” dago dudarik gabe! Ondoko batetan zer erritmo dabil: gure fandagoarena nabarmen! Panderoa hor etxen bezala sentitzen da. Horregatik, arin arin bat ere gehitu dugu Patrik Larralderen esku bizkorrez; agian ez dugu Vivaldi ofentsatuko! Naturari loturiko musika dela argi da eta zintzarriak, txorien txioak ez dira segur arrotz. Txalapartarena bai delikatua zen ene iduriz, eta horretan lan ederra egin dute Paxkalin Chabagno eta Paxkal Indok: nola ote daiteke musika zehatz batean sartu, zaldi basaren libertatea atxikiz. Hau desafio pollita! Paxkal Indoren ZTK disketxearekin atera dugu disko-liburu polit hau.
Musika tradizional eta klasikoaren arteko jolas honetan, zer eskaintzen, jasotzen eta ikasten du bakoitzak?
Zubi ederrak eraikitzen dira bereiziak izan diren munduen artean: Musika Handi autoproklamatu haren eta musika herrikoiaren artean, bat; euskal kultura eta erdal kulturaren artean beste bat; musika idatziaren eta ahoz aho dabilenaren artean hirugarren bat; jende batzuen artean azkena, hau baita funtsean garrantzitsuena! Eremu hauetan bai Arranoa laukotekoek bai Paxkal Indok berak ere badakite zerbait: Baigorrin antolatu zuten ganbarako musika akademia bat. Gazte andana etorri zen ikastera, goi mailako ikasleak ziren. Ikastera eta ikustera, pentsa; goizean Ravelen pieza bat, eta arratsaldean beste euskaldun batengana, Erramun Martikorenarengana! Gu Vivaldiren proiektuaren lehen urratsetan ginen, eta Indo garai berean Baigorrin... Horra beste zubi bat.
Zer ikusiko dugu Larraulen?
4 sasuak emanaldia ikusgai izanen da, bai eta aitzin gustu gisa, bi zatitxo: bat Xiberora eramanen gaituena, Xiberoko kantu herrikoien inguruan, ahotsa, txalaparta, xirula eta ttun ttuna josiz; eta bestea Arranoa laukotearen eskutik. Bigarren partean Vivaldiren obra emanen dugu honako orkestra atipikoan: Arranoa laukotea, biolin bi, alto-biola eta txeloa. Hauei gehituta arituko dira Marina Beheretxe biolin bakarlaria; Paxkal Indo eta Paxkalin Chabagno txalaparta eta perkusio joleak, Patrik Larralde panderoan eta ni botza, xirula ttun ttuna, perkusioak...
“Esan izan da hantustea dela musika klasikoa. Nork imagina zezakeen zintzarriak, txalaparta, txirula edota ttun-ttuna entzutea Vivaldiren partitura batean... Beharbada ustez urrun dagoena, benetan hurbil dago. Ea egotea den elkar entzun eta ulertzeko gakoa! 4 sasuak ia ia sedukzio jolas bat da. Bertan, hizkuntza arrotzak maitatu eta musika-tresna oso ezberdinak erakarri egiten dira”.
Frantziako musikagileei buruz hitz egitean, Claude Debussy eta Ravel etortzen zaizkigu burura. Bada dibertitzen denik ere, bata edo bestea defendatuz garai guztietako musikagile frantziar onena bezala. Egia esan, bi jeinu absolutu dira, beren garaiko zirkunstantzien ondorio. Oso... [+]
Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]
Columbus Fundazioak antolatutako kontzertua, ‘RenHacer’ Musikaldiaren barruan.
Bilboko Orkestra Sinfonikoa.
Zuzendaria: Ramón Tebar.
Bakarlaria: Joaquín Achúcarro.
Egitaraua: Guridi, Grieg eta Brahmsen lanak.
Lekua: Bilboko Euskalduna... [+]
Edizio asko dira orain arte; Espainiako Estatuko musika klasikoko jaialdirik zaharrena da. Behin amaituta, une egokia izan daiteke aurtengo edizioaren balantzea egiteko, baina baita jaialdiaren bizitza luzearen balantzea egiteko ere. Jaialdi bikaina da, oso. Baina hausnartu egin... [+]
Donostiako Musika Hamabostaldia
Euskadiko Orkestra: Zuzendaria: J. Rohrer.
Donostiako Orfeoia: Zuzendaria: J.A. Sáinz Alfaro.
Bakarlariak: C. Reiss, V. Karkacheva, M. Schmitt, H. Müller-Brachmann.
Egitaraua: Beethovenen Missa Solemnis re maiorrean, op. 123.
Egia esan, pena ematen dit kritika honi izenburu hau ipintzea. Bizeten Carmen oso opera ederra da, sentimendu unibertsalak jorratzen dituena, hala nola pasioa, jeloskortasuna, maitatuaren posesioa, independentzia... Eta hori guztia musika-lan bikaina oinarri hartuta. Baina... [+]
Albenizen Iberia Suite monumentalaren bertsio berri bat egitea meritu handiko lana da, merkatuan dauden grabazio bikainak kontuan hartuta. Hori dela eta, Luis Fernando Pérezek Musika Hamabostaldiko errezitaldian egindako lanak sekulako miresmena sortu zidan.
Orkestra handien eta obra handien kontzertuen ondoren, ezin diegu arreta jarri gabe utzi musika-patxada handiagoko, sosegu handiagoko baina edertasun berdineko proposamenei.
Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoaren lehen kontzertuak erromantizismo berantiarraren kutsua izan bazuen ere, bigarren topaketan taldeak bi obra zirraragarri interpretatu zituen, istorioak kontatzen zizkigutenak. Obra exigenteak ziren, batez ere adierazkortasunaren aldetik, eta... [+]
Musika Hamabostaldiak 85. edizioari hasiera eman dio, orkestra handi batekin eta inaugurazio baten mailako programarekin.
Viena, 1824ko maiatzaren 7a. Ludwig Van Beethovenen (1770-1827) 9. Sinfonia estreinatu zen. Konpositore alemaniarrak bukatu zuen azken sinfonia izan zen, baina, asmoari erreparatuta, lehena izan zela ere esan liteke. Beethovenek 1799 eta 1800 urteetan idatzi zuen 1. sinfonia;... [+]