“Ezin zara torturaren zamapean egon bizi guztian”

  • Martin Orbek bazuen lagun bat, Eusebio Martija, inoiz hari zelan zegoen galdetu eta “Ederto, xehetasunetan sartu gabe”, Martini erantzun ohi ziona. Xehetasunetan sartu gabe Martin Orberen bizia ere: hierarkiatik aparteko apaiza, irakaslea, torturatua, Zamorako kartzelan egona, Gogor taldekoa, UEUren gidari… Xehetasunetan sartzera egin dugu, Orberen lagun Martija hark ez bezala. Nola esango nizuke, bada?

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Martin Orbe Monasterio (Errigoiti, 1934)

Abade Zeanurikoa, hogei urtez. Gogor taldekoa. Espainiako konkordatu kartzelan preso eduki zuten 1969tik 1972ra Zamoran. Gordin kontatuak ditu torturak Zamorako apaiz-kartzela (Txalaparta, 2011) eta Apaizak ere torturatuak (Intxorta 1937, 2017) liburuetan. Espetxetik irten eta, berriz atxilo hartu baino lehen, Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. Udako Euskal Unibertsitatea gidatu zuen 1976tik 1983ra. UEUren Merezimendu saria jaso zuen 2012an. Euskaltzain ohorezko ere bada. Abade irauten du.

1958an apaiztu zinen. Handik bi urtera, 1960an, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 339 abadek Francoren Erregimenaren gehiegikeriak salatzeko gutuna idatzi eta bidali zieten Espainiako gotzainei, Nuntzioari eta Vatikanoko Estatu Idazkaritzari.

Nire izena ez duzu han ikusi… Zeanurin nengoen, joan berritan. Gutunaren eragileek ez ninduten ezagutzen, herrian lehenagotik zegoen abadea baino, abade oso ezaguna, adinekoa, Gabriel Manterola.

Labayru Institutuko buru Ander Manterolaren osaba. Ingalaterran hamar urtez erbesteratua egon zen Gabriel Manterola, Ekin euskarazko aldizkariaren zuzendari eta idazle…

Horixe! Hura zen erreferente nagusia, normala denez. Asko estimatzen nuen Gabriel. Hura beti liburu irakurtzen-eta bai, baina ez oso gizon praktikoa. Zerbait esan zidan, baina xehetasunik gabe. Ni, bestalde, Zeanuriko Lanbide Eskolan nengoen irakasle, nahiko lotuta alde horretatik. Julen Kaltzada Orozkon zegoen... Ibilgailurik ere ez neukan, baina Julenekin komentatzeko asmoa hartu nuen. Bitarte horretan, sinadurak argitaratu zituzten eta hortxe gelditu nintzen ni, sinatu barik.

Garai berri bat etorri zen…

Seminarioan ezagutu ez nuen giroa. Oso urte mugituak izan ziren. Gauza bat baino gehiago izan ziren. Abade gaztea nintzen, elizako neure egitekoak bete behar nituen, eta gainera, irakasle nintzen herriko lanbide eskolan, Zeanurin. Abade gaztea nintzela esan dut, eta abade gazteak gogo berezia izaten du gazteekin lan egiteko. Gu apaiztu eta gutxira Herri Gaztedi hasi zen. Gipuzkoatik etorri zen Bizkaira, Valentin Zamorak ekarrita. Ander Manterolarekin kontaktatu zuen lehenengo. Ikastaro bat antolatu zuten Bilbon, eta herrietako abadeoi gazteak bidaltzeko eskatu ziguten. Nik bost bidali nituen, kategoriako mutilak bostok. Herri Gaztedi benetako eskola izan zen guretzat. Gure pastoral lana egiteko beste ikuspegi bat eman zigun. Seminarioan goitik beherantz lan egiten irakatsi ziguten, goian dagoen Jainkoaren irakaspena behean dagoen herriari transmititzen. Herri Gaztedik, aldiz, guztiz alderantzizko bidea irakatsi zigun: “Hor dugu jendartea, hor herria –Euskal Herria, bere arazoen jabe–, hortik abiatuta, nola txertatu herri horretan Jainkoaren mezua?”. Orduantxe ikasi genuen elizan –eta Herri Gaztedin–, seglarrak zirela inportanteak. Sekulako ikasbidea izan genuen Herri Gaztedi.

1964an, Bigarren Kontzilioa hasi zuen eliza katolikoak. Horrek zuen bidea hauspotu zuen, inondik ere.

Nola esango nizuke, bada? Vatikano Bigarrenak gure bidea berretsi baino ez zuen egin. Gogoratzen naiz Herri Gaztedi talde bat sortu zela Karrantzan, eta bertako batek esan zuela: “Behin jarriko dute baserritarra aita santu [Joan XXIII.a], eta saltsa galanta sortu du!”…

Urte berean hasi zen Patxi Bilbao abadea Gamizen (Bizkaia) salatzen udal agintariek Espainiako bandera eliza barruraino sartzen zutela.

Bai. Herri Gaztedik bazuen arduradun bat –kontziliarioa deitzen genuena–, eta gu ere elkartzen hasi ginen, batzarrak egiten. Hori indartu egin zen eta horrela etorri zen gero Derioko itxialdia, 1968ko azaroan. 60 apaiz zarratu ginen, eta hilabete egin nuen… Hala ere, ez nintzateke zuzena izango Zeanuriko lanbide eskolako lana aipatuko ez banu, asko lagundu zidan eta. Hara joan eta hiru urtera eskolako zuzendari egin ninduten, eta hor dator kontua. Ikasleen arazo asko zuzendariak entzun behar izaten zituen. Ama batek: “Gure semeak dio azterketa ondo egin duela, baina suspenditu egin dutela”. Beste batek: “Hortxe dago mutil bat, etorri gura du, baina ez dauka dirurik eskola pagatzeko”… Ez da berdin jendearekin harremanak eduki –nahiz eta oso harreman onak eduki–, abade huts modura, edo abade eta irakasle edo langile modura.

Zer esan gura duzu?

Nola esango nizuke, bada? Bizitzaren alderdi praktikoak hor direla beti. Ama bat semearen problemak kontatzen etorri eta ez diozu esango hiru Agur Maria errezatzeko, ezta? Eta lana ere, eskolako lana eta abade lana ez dira berdin: goizeko zazpietan meza ematen nuen, eta eskolan nintzen zortzietan, eguerdi arte. Ordu bietan berriro eskolara, seirak arte. Oso historia polita da Zeanuriko lanbide eskolarena. Mereziko luke kontatzea. Zer edo zer ere idatzi dut horretaz. Gauza handia izan zen niretzat eskola. Bizitza bera irakatsi zidan. Abade alferra bazara, ezer egin barik bizi zintezke. Jator antza bazara, mezatxoa eman goizean, umetxoei doktrina apur bat irakatsi, gaixo batzuk ikusten joan, pobre batzuei apur bat lagundu… justifikatzen duzu zure lana. Baina neurri handi batean, zeuk egiten duzu zeure programa. Behar bati, lan bati lotuta bazaude, behar horrek lotzen zaitu, eta behar horrek dakarren guztiari ere bai.

Argazkia: Zaldi Ero.

Urte mugituak esan duzu arestian. 1968an, ETAren lehen hilak. 1969ko apirilaren 9an, Artekaleko erorikoa. Atxilotuak, batetik, ihes egitea lortzen duen Mikel Etxeberria zauritua, bestetik. Honek taxia hartzen du, Orozkora nahi duela esanez Fermin Monasterio taxilariari. Gero, taxilariaren eta ETAko kidearen arteko sesioa, eta Monasterioren heriotza. Atxiloketak datoz ondoren. Tartean, zu.

Mutila Orozkon ezkutatu zen. Andregaiari nola edo hala jakinarazi zioten Mikel zaurituta zegoela, eta hark niri, berriz, ea zerbait egin ahal nuen. Andregaia –Laudiokoa–, Maite Idirini joan zitzaion, eta biak elkar hartu eta Areatzako sakramentinoetara joan ziren, Mikelen osaba bat, Paulo, han zegoen eta. Baina sakramentinoen etxea guardia zibilez inguratuta zegoen, eta taxilariari aurrera joateko esan zioten neska biek. Maite Idirinek ezagutzen ninduen, bazekien ni eskolan nengoela –Zeanuri eta Areatza tartean zegoen, eta dago eskola–, eta niregana etorri ziren. Mutila larri zaurituta zegoela zioten, eta ni Bilbora joatekoa nintzenez, behar izanez gero han elkartuko ginela esan nien. Bilbon elkartu gineneko, medikuarekin [Josu Arenaza] egonak ziren, sendagaiak eman zizkien hark, eta gero, Orozkoko abadeak gorde zituen, sagrarioan. Tartean, berriz –seguruena–, Artekalen atxilotutakoei Orozkoko hirukoaren izena atera zieten, eta hark Mikelen andregaiaren izena eman zuen, eta hark, nirea. Eta etorri ziren niregana.

Non atxilotu zintuzten?

Eskolan. Brigada sozialeko hiru polizia sekreta etorri ziren, eta hura elizbarrutiaren eskola zela esan nien, ea hara sartzeko gotzainaren baimenik zuten galdetu nien. Deia egin nahi zutela esan zidaten: “Baduzue telefonorik?”, eta nik: “Ez”. Eta nik hori esan eta bi minutura, eskolako telefonoak jo zuen. Tailerrean geneukan, eta fuerte jotzen zuen, gero. Baina eurak isilik. Handik gutxira, Criado famatua etorri zen. [Felix Criado Santos, Bilboko Brigada sozialeko polizia burua, torturatzaile gogorra] Criado ez zegoen txantxetarako. “Zer gotzain eta gotzainondo, gero! Esku-bilurrak eta pistolak!”. Ordurako ikasleak ere jabetu ziren, eta guardia zibilek atera nindutenean, korridorea egin zuten ikasleek; negarrez, batzuk. “Lortu duzu gura zenuena!”, guardia batek. Eta nik: “Ez, ez dut gura nuena lortu. Nik berton gura nuen”. Etxera eraman ninduten, baina nik han ez neukan ezer, eta handik Indautxura.

Ezkerretara, Martin Orbe, Zeanuriko lanbide eskolako zuzendari zen garaian. Ondoan, Luis Arregi du, eskolaren eragileetakoa.

Ordukoak dira Zamorako apaiz-kartzela eta Apaizak ere torturatuak liburuetan kontatu dituzun izugarrikeriak, urte askoan isilean eraman izan dituzunak.

Isilik, baina ez dira ahazten horiek. Nola esango nizuke, bada? Torturaren esperientzia oso gauza gogorra da, ahal den moduan gainditzen ahalegintzen gara. Gaztea nintzen orduan, eta nahiz eta tortura gogoan gelditu betiko, ez zait ahazten gure aitak, torturatu egin nindutela entzun zuenean, dirudienez, esan zuena: “Nortzuk dira, bada, horiek, nire semea jotzeko?”. Ezin zara torturaren zamapean egon bizi guztian. Eta, bestalde, bizian izan ditut beste esperientziak, positiboak. Lanbide eskola, orduko lana, oso lagun onak, UEU… Horrekin guztiarekin beste modura bizi zara. Dena ez da tortura izan.

Hiru urte egin zenituen Zamoran, apaiz kartzelaren liburuan ageri da hori ere.

Bai. Eta handik irten eta Zeanurira nahi nuen berriro, arrazoi bategatik: oraindino Franco bizi zen, egurra ematen, eta herriaren aurrean erakutsi nahi nuen Franco bizi arren, eta egurra hartu arren, ez genuela beldurtu behar, aurrera egin behar genuela. Baina ez nuen hori pulpitutik esango. Nahi nuen berriro eskolara joan, baina han beste zuzendari bat zuten ordurako. Handik urteetara, eskolako gidari Luis Arregik esan zidan ez nindutela zuzendari berriz hartu, kartzelaz gero markatua nengoela, eta horrek eskolari ez ziola mesederik egiten.

Zuzendari ez, baina han segitu zenuen lanean.

Bai. Handik hiru urtera LAB sortu zen. Bediako Kepa Leiza etorri zitzaidan, eskolako fotokopiagailuan panfletoak botatzeko eskatzen. Eta Euskal Herriaren historia konplikatua! Andoni Unzalu, orain PSOEkoa, etortzen zen paper haien bila. Pinudi batean egoten nintzen, txabolatxo batean, zain. Bilbora baino lehen, handik pasatzen zen propaganda. Unzalu motortxo batean etortzen zen. Batzuetan ez zuen propaganda eramaten: “Gaur ez ditut eroango. Gehiago behar ditut. Datorren asterako hainbeste egin”. Noizbehinka ez zen bila etortzen, eta mila panfleto ateratzea baino zailago da erretzen. Gure Andoni Unzaluren gorabeherak.

“Eskolako lana eta abade lana ez dira berdin: ama bat semearen problemak kontatzen etorri eta ez diozu esango hiru Agur Maria errezatzeko, ezta?”

1972an Iparraldean zaitugu, iheslari.

Kepa Leiza atxilotu zuten, eta polizia berriro hurreratzen ari zitzaidala konturatu nintzen. Baina nik ez nuen berriro kartzelara joateko asmorik. Kurtso hasiera zen, lanbide eskolan ni, eta poliziak etorri ziren. Teilapetxu batean ostendu nintzen, paper artean sartuta. “Hemen behar du!”, zioten poliziek, baina eskolakoek ezetz, irakasleen organigrama erakutsiz: “Gaur ez du hemen egon beharrik. Ez da hemen”. Gero, irakasle batek atera ninduen handik, autoan. Cobrecesera (Santander, Espainia) nahi izan nuen, zistertarren komentura, Julen [Kaltzada] eta biok egonak ginen han, baina ostaturik ez zutela esan ziguten, eta Bien Aparecidara [Ampuero, Santander] joan nintzen, trinitarioetara. Oso ondo hartu ninduten. Nire egoera azaldu nien, botazioa egin zuten, eta baietz erabaki zuten. Eta han egon nintzen, gordeta. Egun batean, Algortako trinitarioak joan ziren hara bisitan, eta badaezpada, ez nintzan inork ezagutu, gelan eman nuen egun guztia. Radio París entzuten nuen egunero, eta egun batean, Franco azkenetan zegoela esan zuen. Trinitarioek ere galdetzen zidaten zer esan ote zuen Radio Parísek, eta nik, entzundakoa, Franco azkenetan zegoela. Eta haietako batek: “Zuk daukazu, zuk, Franco hiltzeko gogoa!”.

Handik, bai, Iparraldera…

Bai. Plana egina neukan. Iruñera eramango ninduten, eta handik, sakramentino batzuen laguntzarekin, Iparralderantz. Gero, bakarrik pasatuko omen nintzen beste aldera, Urepelera. Eta ez dakit nondik joan nintzen ere. Mendian gora joan eta aurkitu nuen bidea. Eta Urepelerantz nindoala, artzain bat topatu nuen. “Zer, zu ere Franco gaizto horren iheska zatoz?”. “Bai, bai”. Eta Urepelen Maite Idirinek-eta hartu ninduen. Haiekin egin nuen aldi bat, beste bolada bat Zeberioko abade Amadeo Rementeriaren etxean –hura ere ihesi joandakoa–, Donibane Lohizune kanpoaldeko beste etxe batean… Azkenetan hantxe egon ziren Jon Idigoras eta emaztea. Horregatik, Jon hil zenean, neuk egin nuen hileta-meza. Horrela historia!

Oraintxe bai, kontatu dituzu zure lagun Eusebio Martijaren “xehetasunak”…

Tira, bada!…

Garai zalapartatsua. “Urte mugituak”, zuk esan duzunez.

Xabier Amurizak ondo deskribatu du garai horretako mugimendua bere lanetan. Horregatik, konparazioak egiteak balio ez badu ere, oraingo gazteek ez daukatela guk geneukan garra iruditzen zait. Jendeak eskapismoa egin du, uste dugu instituzioek egingo dutela dena, eta ez da horrela. Nola esango nizuke, bada? Egun baten, Bittor Kapanaga ezagutu nuen, Gontzal Mendibilen bidez. Gizon jatorra, handia zen Bittor. Gogoratzen naiz, behin, kartzelatik irten eta berarekin egon nintzela. Ordurako han ari ziren ETA VI.a, EMK, LKI… eta hau eta hura, eta esan zidan Bittorrek: “Lur ona dagoen tokian, denetarik ernetzen da: belar ederra, sasia, asuna… Asunak kalte egiten du, eta kendu egiten dugu. Sasiak ere bai… baina lurra, hor gelditzen da. Horixe da Euskal Herria, lur honek emango du fruitua”. “Ea, bada, Bittor, hala bedi!”, esan nion…


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


2024-11-18 | Hala Bedi
Frankismoaren errepresaliatuak omendu zituen Lagrango Udalak larunbatean [Argazki galeria]

"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"


Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute

Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


Astrabuduak Josu Murueta eta Anton Fernandez gogoratuko ditu, haien hilketaren 55. urteurrenean

Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.


Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian

Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.


Otxandioko sarraskitik 88 urte betetzen diren egunean, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Senatuan Angel Salas Larrazabali kondekorazioak kentzeko

Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.


Krabelin gorriz jantzi dute German Rodriguezen hilarria

German Rodriguez eta Joseba Barandiaran omendu, eta langile mugimenduaren alde egindako lana txalotu dute Iruñean. Palestinari ere elkartasuna adierazi diote, sanferminetan urteroko zitan Iruñean.


Corellako karriketan ikur frankistak azaldu direla salatu du Zurekin Nafarroak

Migratzaile familia batek irekitako denda baten aurrean ikur frankistak jarri dituztela salatu du Zurekin Nafarroa ezker koalizioak. Fiskaltzari eraman dizkiote datuak, gorroto delitu bat egon daitekeelako pankarta horren atzean.


Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraiki zuten frankismoaren esklaboei omenaldia egin diete

1939 eta 1941 bitartean Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzera behartu zituzten frankismoaren 2.400 esklaboak omendu zituzten larunbatean, Igariko gainean. Errepresaliatu antifaxista haien memoriak gure bidea izan behar duela aldarrikatu zuten omenaldia antolatu zuen... [+]


2024-06-12 | Iñaki Murua
Nondik gatoz eta nora goaz?!

Egin gintuztenen eta geure borondatearen kontra eraiki nahi izan zigutenen oinarria berriro ere indar berritzen ari ote den nago.

Eskolako Kontseiluaren izenean honako baldintza hauek jartzen zitzaizkien, gerraostean, gure herrietara maistra lanera zetozenei, derrigorrean... [+]


Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]


Cuelgamuroseko indusketetan eskuin muturraren presio eta sabotaiak salatu dituzte auzitegi-medikuek

Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]


Eguneraketa berriak daude