Izura-Azme, 1974; Oztibarre, Baxenabarre. Herri horretako auzapeza da. Euskal Elkargoko Turismo, Natura eta Ondarearen kontseilaria. Biologia eta geologia irakaslea Baionan: “Politikan aritzea ez da aise, ez bazara politikari profesionala bilakatzen bederen. Nik nahiago dut ene lanpostua atxiki, orduak tipituz, eta independente izan ene pentsatzeko eta egiteko moldetan”, erran digu. Hartara, 2020an bere karguen aldia bukatzen bazaio, irakaskuntzara itzuliko da denbora osoz, gustura eta lasai.
Zein da turismoaren inguruan Euskal Elkargoak Iparralderako duen plana?
Turismo Legeak galdatzen zuen turismo bulego bakarra izatea Euskal Herri osorako, 152 herriren artean egituratzea. 158 gara, baina sei herrik –biziki turistikoak– eskumen hori bazuten lehendik: Hendaia, Bidart, Angelu, Miarritze eta Kanbok... Baionak ere bazuen, eta orain, Euskal Elkargoarekin partekatzen du eskumena. Beharrezko berregituratzea egin ondoren, urriaren 2an bigarren etapari ekinen diogu: lehen aldikoz, Ipar Euskal Herri osoko bulego bakarra izanen da, Baionakoa barne. Euskal Herriko bulego nagusia, aipatu bost herri horiekin batera arituko da turismo politika orokorra elkarrekin finkatzeko.
Turismoa gai minbera izan da hemen historikoki. Turismo neurtua eta orekatua eskatu dute bereziki abertzaleek.
Baiki. Horretan ari gara. Gure ustez, lehenbizikoz, turismoaz ontsa komunikatzen ikasi behar dugu: norengana zuzentzen garen araberako turismo mota hartuko dugu, baita erraten diogunaren arabera ere. Aritzeko moldea aldatu behar dugu: ez dugu joan behar Pariserat urtarril eta agorrileko turisten xerka, horietatik aski baitira. Beharbada marra gorria gainditu dugu, beraz, ez da jende gehiago ekarrarazi behar. Aldiz, hobe da urtean zehar Euskal Herriarekin harremanetan izanen den jendea ekarraraztea. Halaber, harremanak gehiago landu behar ditugu Hegoaldetik datozen turistei buruz: Iruñea, Donostia, Bilbo, Gasteizera joan eta “Zatozte Iparraldera!”, ontsa erran. Gehiago elkar ezagutu behar dugu, gure bizimoldeak trukatu elkar hobe ulertzeko.
Alabaina, tokiko turismoaren arriskuak ezagunak dira: euskal nortasunaren degradazioa, folklorizazioa...
Abertzaleak urtetan borrokatu gara turismoaren aurka, ez ordea, ez genuelakoz jendea Euskal Herrira etortzerik nahi, hain juxtu ere, ez genuelako folklorizatuak izan nahi. Herri Elkargoko turismoaren eskumena Miarritzeko auzapez Michel Veunac-ekin partekatzen dut, baita ideia hau partekatu ere: ez dugu Euskal Herria folklorizatu nahi, gure identitatea atxiki nahi dugu, bizitzeko eta egiteko geure moldea gorde nahi dugu. Gu beste herrialdetara joaten garenean ez dugu turismo folklorizatua nahi, nahi ditugu harremanak ukan tokiko jendearekin, lurralde horren berezitasunak ulertu nahi ditugu. Ez dugu lurralde horren nortasuna aldatu nahi, ez dugu ere herrialdeen arteko harremanak horrela garatu nahi. Beste herrialdetara joatean xerkatzen dugun turismo mota nahi dugu eskaini hemen.
Natura ere kudeatzen duzu. Kostaldeko metropolia Kanboraino iristen da. Nola orekatu hiriaren eta kanpainaren arteko harremana?
Orekatu beharra agerikoa da. Jendea behar da, jendea behar du barnealdeak, natura eta lurra babestu behar dira, baina hori ez da bakarrik turismo politikari lotua. Adibidez, lotua da garraioari. Hau da, barnealdeko jendea hona dator, eta kostaldekoa hemendik hara doa, bada, lurra zaindu behar dugu ezinbertzean: bideko garraioa eta trenaren aldeko politikak sustatu behar ditugu. Zentzu horretan, politika guztiak lotuak dira, baita etxebizitzako politika ere.
Etxebizitza gero eta gehiago dago Lapurdi barnealdean. Batzuk bigarren etxebizitzak dira.
Guk turismoa izatea nahi dugu, baina ez dugu nahi bigarren etxebizitzak egon daitezen. Horretarako ari gara lanean, baita mezu egokiak helarazten ere. Nik Paristik heldu diren lagunak ditut: “Hara, etxeak erosgai daude?”, diote. Ene arrapostua: “Bai, baina ez etorri bigarren etxe bat erostera, partekatu bizitza gurekin baina bigarren etxea erosi gabe. Zeren eta hori eginez gero gure gazteek zailtasunak dituzte beren etxea ukaiteko”. Pedagogikoki beraz hori landu daiteke. Turismoa heldu da eta gure egitekoa da Euskal Herriko ekimen sozial eta ekonomikoen berri ematea. Adibidez, euskoa moneta zer den esplikatzea. Turismo bulego batzuk norabide horretan ari dira gero eta gehiago, Euskal Herriko problematika eta nortasuna azaltzen dituzte. Ez dugu berehala dena lortuko, bistan da.
Turismorik gabeko ekonomia garatzea gaur egun, pentsaezina da.
Bistan da. Ene saila ere ondarearen zaintzaz arduratzen da, turismoarekin partekatua ezinbertzean, natura saila bezala. Mendiraino joaten diren programak lantzen ditugu, antolamendua hobetu dugu, ardatz horretan ari gara. Adibidez, hainbat ibilbide zabaldu dira bizikletaz egiteko, baina kasu eman behar dugu noraino eta nola zabaltzen diren. Euskal Herri osoan egitea proposatu ditugu, baina laborantza errespetatuz. Barnealdean perla batzuk daude: trikuharriak, harpeak… Interpretazio zentroak badaude gure historia azaltzeko –Isturitze edo Sarakoak, bertzeak bertze– baina haien arteko harremanak hobetu behar dira. Ondareak bisitatu daitezke, baina haurren beharrekin lotu behar da: jostaketa, aisialdia, gastronomia, eta betiere folklorizatu gabe. Aldi berean, laborantzak badu zer erran zer erakutsi eta zer proposatu. Horiek guztiak lotu behar zaizkio turismo sailari, baina denak irabaztun izateko, eta bereziki barnealdean.
Euskal Elkargoak bi urte beteko ditu heldu den urtarrilean. Abertzaleen errebindikazioa Lurralde Elkargoa izan zen. Nola ikusten dituzu abertzaleak erakunde honen bilakaeraren aurrean.
Guk ez dugu ahazten zer nahi dugun, hau da, gero eta autonomoagoak izatea. Abertzaleen asmoa hori da. Orain Euskal Elkargoa dugu, epe batendako tresna. Hamar euskal elkargo ginen, eta bat gara, eskumen batzuk erdietsi ditugu, eskumen bereziak, hala nola laborantzan, hizkuntzan... Horretaz gain, elkargoa batu izanak plusbalio bat ekarri du, hots, politika egiteko molde bateratu bat lantzen ari gara, zerbitzuak profesionalizatzen ari gara emeki. Konparazionerako, gure herrian, Izuran –nik hobeki ezagutzen dudan bertze proiektuen artean– Evah elbarri elkartearen proiektua garatzen ai gara Iruñea eta Jaka herriarekin batera. Guk lehen ezin genuen hori garatu, ez teknikoki ez diruz. Ipar Euskal Herriko proiektua bilakatu da Euskal Elkargoaren bitartez. Eskumen horiek ez genituen, orain elkargoak batzean biderkatu dira. Lehen proiektu gehienak Baionan zeuden, eta orain lurralde osora zabaldu dira.
Politika profesionalizatzea diozu, militante abertzale gazteek ulertzen dute hori?
Bai, nik uste. Denok behar dugu begirada pausatu eta altxatu. Gu ere militanteak gara, baina orain proiektuak gauzatu behar ditugu eta hori egiten ikasi behar dugu. Eskumenak teknikoki landu behar ditugu, herrietan egonez, orain arte ari izan garen gisan. Proiektuak denok batera altxa ditzakegu, horiek ezin dira gauzatu lehenagoko heinean edota moldean arituz. Egiten den guztiak ez du dirdiratzen, bistan da. Teknikariak, politikariak, gizarte eragileak eta militanteak behar dira dosierrak elkarrekin lantzeko. Denak beharrezkoak dira.
Alabaina, Euskal Elkargoak gabeziak ditu.
“Lanean hasi gara
eta ohartu gara
Euskal Elkargoak
bere mugak dituela”
Bai. Herri Elkargoek bat egin dugu, lanean hasi eta ohartu gara jada Euskal Elkargoak bere mugak dituela. Adibidez, Frantziako Estatuak diru mailan, fiskaltasun mailan, gure funtzionamendua neurtzea eta tipitzea nahi du, legeak hori ezartzen duelako. 2017ko dirua ezin dugu emendatu %2 baino gehiago, nahiz eta 2018ko eskumenak berriak izan. Estatuak hori espres egiten du, ez digu ahalak handitzen uzten. Hori kritikatu dut. Estatuko lurralde idazkaria Garazira heldu izan da eta erran diot: “Euskaldunok emantzipatu nahi dugu”. Beraz, Euskal Elkargoa mugatua izanen da horrela segitzen badugu. Baina negoziaketan ari gara, beste lurraldeetan ere horretan ari dira [Korsikan, bereziki] eta horrek ondorio baikorrak ekartzea espero dut.
Herriko etxeetarako hautatu zinegotziak zarete orain Elkargoko kontseilariak. Batzuek kontseilariak sufragio unibertsalaz hautatzeko beharra ikusten dute. Beste batzuek, bereziki herri txikietako auzapezek, horrela hautatuz gero alderdietako ordezkariak nagusi izateko arriskua ikusten dute. Zein da zure iritzia?
Zaila da horri erantzutea. Ez dut erantzuna ene buruan trenkatua. Sufragioz egiten bada, demokratikoagoa izanen da, baina hauxe ere egia da: hiriguneek alimaleko boterea ukanen dute. Beraz, sistema egoki bat behar dugu ezarri eta horretarako paktu bat sinatu. Sufragio unibertsalaren bidezko aukera baino ez bada egiten, hiriguneek botere handia ukanen dute. Herri tipiek duda-mudak dituzte, erdiko sistema bat behar dugu, sistema berezi bat. Paktu horrek ziurtatu behar du hautagaiak lurralde osokoak izatea. Datozen bi urteak gako izanen dira hori trenkatzeko. Jean-Rene Etchegaray presidenteak lortu du ikusmoldeak hurbiltzea, baina egia erran, joera anitz daude. Euskal Elkargoaren balioa izanen da auzitan.
Bestalde, garraioa ordaintzeko zerga lurralde osoan jasoko da. Enpresak dira zerga horren erantzule nagusiak.
Pragmatikoa da ene erantzuna. Estatuak inposatzen du garraioa finantzatzeko modua izan dadin enpresen zergen bitartez. Ez da normala. Nola egin, ordea? Garraioa –eta mugikortasuna– bulzatzeko dirua hartu dezakegu diru funts publikotik, nahiz eta legeak dirua bakarrik enpresei galdatzen ahal diezula erran. Orduan, bakoitzak hartu behar du bere ardura. Ez da erraz horri aurre egitea. Alta, Hego Lapurdi Herri Elkargoko garraio politika ez da enpresarien zergekin finantzatu, aurrekontu orokorretan hartzen zuten. Beraz, enpresen zerga ez aplikatzea ere posible da. Alabaina, guk abertzaleok ez dugu nahi herri xeheak zerga hori bere gain hartzea.
Barnealde eta hiriguneko politika orekatua ezartzea zaila da.
Noski. Orain arte enpresa batek plantatu nahi izan duenean, kostaldea hautatu du begi-bistako arrazoiengatik. Guk orain nahi dugu Hazparne, Lartzabale edo Irisarrin jartzea, eta kostu gutxiagoz egin ere. Orain arte bakoitzak bere aldetik egin du. Hemendik aurrera, ikuspegi orokorra izanez, enpresa bat joan daiteke Zuberora, eta abantailak ukanen ditu. Lanpostu gehiago izanen dira eta tokiko jendea han biziko da. Posible izan ez dena, orain posible egin dezakegu. Erran bezala, politika guztiak gurutzatzen dira, garraioa, enpresa, etxebizitza, turismoa... Sail guztiek ikuspegi orokorretik landu behar dute beren politika.
Azkenik, nola ikusten duzu euskara Euskal Elkargoaren baitan?
Euskal Elkargoak deliberatu du frantsesaren ondoan, gure egituran euskarak eta gaskoiak ofizialtasuna izatea. Kontseiluetako aktak hiru hizkuntzan idazten dira, emeki-emeki ari gara, bistan da, baliabideak garatu behar baitira. Euskarak ofizialtasuna baldin badu hautetsien ahotik, euskara onartzen badute, mintzatzeko gogoa emanen dute eta gehiago zabalduko da. Nik ekitaldi publikoetan euskaraz egiten dut, elkar onartuz eta partekatuz hasi gara.
Izurako auzapeza hamar urtez:
“Militante gisa hasi nintzen politikan, Lehia elkartean. 2x2 autobidearen proiektuaren kontra. Izura herria autobidearen proiektuak ukitua zen, herriko kontseilaria nintzen oposizioan. Nahiz eta Izurak 200 biztanle baino ez izan, ez nekien hainbeste gauza erabaki ahal zela. Auzapez lanetan ohartu naiz gai politiko anitz trenka daitezkeela herri tipietan. Adibidez, trantsizio energetikoa ez du soilik Estatuak erabakitzen, denok erabakitzen dugu gure mailan, badugu zer eginik. I-Ener elkartearekin panel fotovoltaikoak ezarri ditugu, elizako zein herriko haurtzaindegiko teilatuetan. Paueko formakuntza zentro bat ekarrarazi dugu, laborantzari lotua. Arrapitz sarea eta Idoki kalitatezko laborantza bultzatzen dituzten egiturak dinamizatzeko egina da. Orain, 25 langile ari dira lanean, eta 30 ikasle ari dira egunero. 200 bizilaguneko herri batera dinamika izugarria ekarri du. Herriko bizilagun kopurua atxiki dugu, amiñi bat goititu ere. Presoen gaia ere mahai gainean dago Herriko Etxean. Gauza tipiak dira nahi baduzu, baina hori politika egitea da. Ez nuen halakorik egin zitekeenik uste”.
Herri Elkargoen segida da egungo Euskal Elkargoa:
“Oztibarreko Herri Elkargoan lekua hartu du Izurak eta ikasi dugu. Orain, Euskal Elkargoan ari gara. 2011ko kantonamenduetako bozetan EH Bai-ren izenean aurkeztu nuen ene burua Oztibarren. Hautagai abertzale bat bigarren itzulian lehiatu lehen aldikoz. Eztabaida sustatu zen. Ezker edo eskuineko edozein alderdiko kideekin lanean entseatzen naiz abertzale gisa. Arazoak badira, beti daude ustekabeak, baina oposiziokoek ez zuten uste garen bezalakoak garenik. Ikuspuntu ezberdinak ditugu, bistan da, ezin da bestela izan, baina abertzale gisa ari gara eta jendeak ez du dudarik gurekin politikan aritzeko. Gogorarazi behar da barnealdea eskuindarra dela, ez dezagun hori ahantzi”.
HAPOn etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko aldaketa puntual bat egin arte eten egingo da herrian gisa horretako etxe gehiago irekitzeko aukera. Alokabiderekin hitzarmen bat egin duela ere iragarri du udalak, etxe hutsak alokairuan jartzeko.
Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak baieztatu du gorpuei eginiko autopsiak erakusten duela soldadu israeldarrek tiro egin zietela medikuei. Hil aurretik osasun langileetako batek soldaduek eraso egin zien unea grabatu zuen mugikorrarekin, eta bideoan ikus daiteke... [+]
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez ezagutarazi da Cañaveras Solar enpresak egingo duela zentrala. Cañaveras Solar enpresaren zuzendaria Rafael Benjumea da, oligarkiako Benjumea familiako kidea. 15 milioi eurotik gorako kostua izango du proiektuak... [+]
“Etapa berri baten hasiera” eta “historikoa” moduko hitzekin aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa, Eusko Legebiltzarrean. Edukiak oraindik ontzeko eta zehazteko daudela, plana hamar... [+]
Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".
Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.
ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak, Sarek abiatutako Gotzon SOS kanpainara batu dira. 2019an antzeman zioten gaixotasun genetiko sendaezina 68 urteko preso politiko bilbotarrari. Sindikatuek gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik... [+]
Astearteko greba egunak %100eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera. Hilaren 11rako eta 15erako deituta daude beste bi lanuzteak. 335 langile kaleratu nahi ditu Japoniako pneumatikoen multinazionalak Basauriko (Bizkaia) plantatik.
Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Batera plataforma. Aurten, ikusgarri bat eskainiko dute apirilaren 11n, Manex Fuchs antzerkilariaren, Lorea Agirre idazlearen eta Martxel Rodriguez dantzariaren eskutik.
Apirilaren 4an, ostiralarekin, Ipar Euskal Herriak Lurralde Kolektibitate baterantz bilakaera instituzional bat behar duela egiaztatuz, Batera plataformak herritarren mobilizazio dinamika baten abiatzea aurkeztu du. Hitzordua emana da maiatzaren 10ean, larunbatez, Ezpeletan,... [+]
Fabrika itxi eta 106 beharginak kaleratzeko asmoa dauka enpresako zuzendaritzak, eta zabalik dago lan-erregulazioari buruzko kontsulta-aldia.
Abenduan ezagutarazi ziren Espainia, Maroko eta Portugalen jokatuko den Munduko Futbol Txapelketako egoitzak. Donostia eta Bilbo zerrendan ageri ziren. Donostiako sei auzo elkartek, gutun bidez, FIFAri eskatu diote atzera botatzeko hiriaren egoitza izendapena; FIFA bera ere... [+]