Arabako Errioxako mahats-bilketa festaren karietara, irailaren 15ean Bilarren egin zen bertso poteoaren kronika. Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Orlando Arreitunandia, Unai Bengoetxea eta Iker Olabarrieta.
“Euskal Herriko lau ertzetara itzuliko gara gabaz”, bota zuen aspaldi Maialen Lujanbiok gobaradun amonen bertso antologikoan; ertz horietako bat Arabako Errioxa dugu. Periferia geografikoa izateaz gain, urtetan periferikoak sentitu izan gara hainbat arlotan, ardogintzaren salbuespenarekin.
Badira hogeita bost urte irailaren erdialdean ospatzen dela Arabako Errioxako mahats-bilketa festa. Aurten Sorginetxe trikuharria dagoen Bilar herriko biztanleei egokitu zaie antolatzea eta ardoaren inguruko jaiaren bueltan Maialen Lujanbio aukeratu dute pregoilari. Maridaje ona sorginak, bertsoa eta ardoa.
Egun handiaren bezperan Errioxa aldeko Txandrio bertso eskolak antolatutako eguerdiko bertso-poteoa izan zen. Maialen Lujanbiorekin batera, Orlando Arreitunandia, Unai Bengoetxea eta Iker Olabarrieta txandriotarrak izan ziren bertsokide.
Plazan, Harantz Honantz-Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko txoznan hirurogei bat lagun adi-adi trikiti doinuen ostean zetorrenari. Saio “intimoa” izan behar zena intimitate masiboa bihurtu zen. Eguzkiak ere ez zuen aukerarik galdu nahi izan laukoteak egindako zortziko nagusiko agurrak dastatzeko. Segidan etorriko ziren koplen erritmo biziak irriñoren bat marraztu zuen zalearen ahoan. Ardoa, sorginak, enologia masterrak eta euskara aireratu zituzten bertsolariek. Eta opariak heldu zitzaizkion bertsoen sorginari: abuztuan egindako bisitan botatako bertsoa larruzko pergaminoan tatuatu zuten herriko sorginek eta txandriotarrok ere zapi ederra eskaini genion, “eskerrik asko, Maialen”.
Motorrak bero-bero heldu zen kuadrilla handia jubilatuen tabernara. Bertan, zortziko txikian zaharren txoko kuttuna gaztetxe eta euskaldunen kluba bihurtu zen, baita txalo zaparraden artean, giro bero, gazte eta euskaldunean Lujanbiok egindako aitortza: “...hola bada banator / hona bizitzera”. Igerilekuko tabernan eman zitzaion saioari bukaera zortziko txikian eta puntuka aritu ziren, “erreak” “ege” bihurtuz eta zaleari merezitako agurra emanez.
Igandean, jai erraldoiaren egunean, inoiz bazter hauetan entzun den pregoirik ederrena entzun zen; bertsotan eta euskaraz. Ondo jositako metaforak, jota doinuak tartekatuta. Bihotzean iltzatzen diren bertsoak, erre ez zituzten sorginen ondorengoek zinez eskertutako emozio sorta. Bertoko zein bertaratutakoen artean bizipoza nagusi eta akelarrea zuzentzen ari zen dama beltzaren begietan ere distira.
Euskaraldia heltzear dagoen udazkenari begira, Arabako Errioxan belarri-prest eta aho-biziak mendiko onddoak lez agertuko direlakoan gaude, euskara plazara atera eta hitzekin jolastea bezalakorik ez dago. Ardoa, bertsoa eta sorginen herrian, gora kopak!
Urtarrilaren 25ean ospatuko dute bertsozaleek urteroko hitzordua. Honakoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean. Goizeko 10:00etan ibilbide bat eginez hasiko da, arratsaldean XXI mende 25 (H)ilbeltz izenburua jarri dioten bertso... [+]
Astearte goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Illunben (Donostia) bertan. Larunbatean, abenduaren 14an, izango da saioa, 17:00etatik aurrera.
Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]
19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.