“Marrazkiekin testu eta azalpenei osotasuna ematen saiatu naiz”


2018ko irailaren 20an
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

ARGIAk atera berri du Landareak Lantzen 2019, hilabete bakoitzean eta astez aste, ilargia kontuan izanik baratzean egin beharreko lanak azaltzen dizkigun agenda-liburua. Bertako ilustrazioak Antton Olariagak eginak dira, beste behin. Altza Porru komikian eta iazko Landareak Lantzen agendan ere parte hartu zuen marrazkilari usurbildarrak. Aspaldian dira konplize bihurtuak Jakoba Errekondo eta biak baratzeko iraultza honetan…

Bizi Baratzeko hainbat proiektutan hartu duzu parte azken urteetan. Zer du baratzeak gai horren bueltan horren gustora marrazten aritzeko?

Zer daukan baratzeak? Bada, nire ezjakintasuna! Ideiarik ez daukadala gai horri buruz. Orduan, halako “xerpa esperto” bat aurrean izateak zerbait ikasteko eta umore klabean elkarrekin lan egiteko aukera ematen dit, eta horrelako aukerak ezin dira baztertu. Azken urteetan pixkanaka konplizitate handia lortu dugu bion artean, eta ni oso gustora nabil, ederki pasatzen eta ikasten. Gainera, produktu ezberdinak izan dira denak ere: komikiak, ilustrazioak… Jakoba Errekondoren diskurtso eta azalpenetara egokitu behar hori gustuko dut, hizkuntza grafiko bat testu horiekin ezkontzeko saiakera hori.

Bigarren aldiz atera da Landareak Lantzen aurten. Mantendu dira iazko zenbait marrazki ala guztia berritu duzu?

Beno, egia esan Landareak Lantzenen testua da nagusi, ematen den informazioa. Jakina, marrazkiek ere bere informazioa ematen dute eta horiek irakurtzen jakin egin behar da. Saiatu naiz marrazkien bidez ahalik eta garbien adierazten, baina ez notarioarena eginez, bakarrik testuetakoa kopiatuz, baizik marrazkiekin guztiari osotasuna emanez. Iazko agendatik keinu batzuk errepikatu bai, baina ukitu batekin zabalduz edo zenbait gauza pixka bat aldatuz. Proportzio oso handi batean erabat berriak dira marrazkiak. Aurtengo agenda honetan gaia lan-tresnak izan dira gainera…

Eta zer moduz moldatu zara lanabes horiek marrazterakoan? Ezagutzen zenituen lehenagotik edo Errekondoren laguntza behar izan duzu?

Tresnei buruz nik justu-justu nekizkienak aitzurra, igitaia, eta besteren bat ziren. Besteak bistaz ezagutu bai, baina zehazki zein lanetarako, noiz eta nola erabiltzen diren ez nekien. Kalekumea naiz ni! Beraz, Errekondok bai hitzez eta bai idatziz testuetan pasatu dizkit argibideak, eta tresna horien inguruan ikasteko bestelako elementu grafikoak pasatzeko ere eskatu nion. Gero, askotan esaten zidan: “Aizak, hau horrela hobeto” edo “beste hau aldatuta borobil geldituko litzateke”… Bera izan da nire maisua. Eta ni bere oinetara esklabu (kar kar).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak lantzen
2018-09-11 | Garazi Zabaleta
Jakoba Errekondo
“Gure baratzetik eta landareetatik ikasteko tresna da Landareak Lantzen agenda”

Extra, extra! Kalean da dagoeneko Landareak Lantzen bigarren zenbakia, 2019 urterako agenda-liburua! Udan ez da oporrik izan Jakoba Errekondo eta Antton Olariagarentzat, eta kurtso berriaren hasierarekin batera hemen da beste behin ARGIArekin elkarlanean egindako uzta:... [+]


Landareak Lantzen 2019
Landareen notak idazteko pentagrama

Ilargialdi baten bueltan itzultzeko asmoa nuen, baina zazpi eguneko atzerapenarekin eta amandreak hurrengo buelta hasita duela natorkizu orri honetara. Opor osteko itzulera gogorra izaten omen da –oporrik izan duenarentzat, bederen–, baina jai-egunak gustura hartzen... [+]


2017-10-09 | Jakoba Errekondo
Irakurleak galdezka

Kaixo, Landareak lantzen gida-liburua jaso berri dut eta zalantza bat daukat (oraindik): ez dut ulertzen zer den ilzaharra. Agur bat eta eskerrik asko.

Xabi Mercero (Basaburua)


2017-09-13 | Estitxu Eizagirre
“Landareak lantzen” Jakoba Errekondoren gida-liburu berria kaleratu du ARGIAk

Landareak zaintzeko garai bakoitzean zer lan egin behar den eta nola, xehe azaltzen du gida-liburu honetan Errekondok. Antton Olariagaren iruditegiak jantzia dago. 2018an gure denbora plazerez eta ganoraz antolatzeko tresna da aldi berean liburu eta aldi berean agenda den hau.


Eguneraketa berriak daude