Samir Amin itzali berri da Parisen 87 urterekin. Kairon 1931n sortua, gaztetatik burututako lan teoriko, akademiko eta ekintzaileetan jarrai daitezke munduaren XX. mendearen bigarren erdiko garapen kontraesankorraren arrastoak. Hirugarren Munduko herrien askapen mugimenduak sustatu zituen, aske bizirauteko deskonexioa proposatu zien inperialismo kapitalistarekiko, eta azken hamarkadotan mugimendu altermundialisten pentsalari nagusietako bat izan da.
Joan den maiatzean Pekinen zen Iraunkortasunerako Unibertsitate Globalean hitzaldia ematen eta internetez ikus-entzun daiteke orduan Sit Tsui Jade irakasleak maisuari egindako ordubeteko elkarrizketa, zigarroa eskuan, begirada erne eta mintzoa zorrotz. Hamazazpi urterekin Egiptoko alderdi komunista txiki batean engaiatu zen Samir Aminek borrokalari jarraitu du ondo aguretuta hil arte.
Ama Kairoko aristokrazia koptoko emakumea, aita irakasle frantsesa, Parisera joanda ikasi zituen politika, estatistika eta ekonomia. II. Mundu Gerra ostean, Ekialde Hurbileko komunista eta ezkertiar guztiak bezala Amin ere Bandungek inarrosi zuen.
Mugimendu antikolonialistak beroenean zeudenean, 1955ean, Bandungeko Batzarra burutu zuten Asia eta Afrikako 29 herrialde ez lerrokatuk Indonesiako Bandung hirian. Bertan ziren lider independentista garrantzitsuenak: Indiako Nerhu, Egiptoko Nasser, Indonesiako Sukarno, eta abar.
“Bandungen –aitortuko zuen beranduago Aminek– erradikalizatu zen Nasser. Ulertu zuen ameskeria zela Egipto atzerriko kapitalek garatuko zutela sinestea. Uste dut Zou Enlai txinatarrak zerikusi handia izan zuela haren heziketa politikoan. Aro berri bat ireki zuen Bandungek. Gure ustez ezinezkoa zena posible zela agertu baitzen: burgesia nazionalek gidatutako erregimen nazionalista haiek, klase herrikoiek gidatuak ez izan arren, klase herrikoien kontra ez egonik, izan zitezkeela anti-inperialistak eta iraultzaileak. Espero ez genuen arren, ausartu egin ziren”.
Egia da hogei urteren buruan arnasa galdu zuela Bandungek, baina askoz beranduago ere haren izpirituak bizirik jarraitu du Samir Aminen ustean, bai Hego Amerikak ezagutu dituen aginte aurrerazale eta anti-inperialistetan, eta baita mundu osoan gorpuztu diren mugimendu altermundialistetan ere.
Jean-Marie Harribey ekonomialariak azpimarratu duenez, Samir Amin lehen mailako teorikoa izan da. Zango bat Europan eta bestea periferiako herrialdeetan, egokitu zitzaion bizitzea frantsesez Trente Glorieuses deitzen dituzten hiru hamarkada loriatsuetan, herrialde garatuek 1946tik 1975era –II. Mundu Gerratik petrolioaren lehen krisi handira bitartean– gozatu zuten hazkunde ekonomiko eta bizi-baldintzen hobekuntza aldian.
Intelektual marxista sorta batek hartu zuen 60ko hamarkadan inperialismoaren analisiak berritzeko lana. Argitara atera zuten kolonietan eta teorian independenteak ziren erregimen neokolonial askotan Mendebaldeko potentziek lehengaiak nola lapurtzen zituzten, mundu mailako espezializazio katean bazterrera kondenatuz.
Samir Aminek, marxismoaz gain estrukturalismoaren iturritik edana izaki, fintasun bereziz heldu zion mundu mailako ondasun metaketaren teoria osatzeko lanari. Emaitza liburu mitiko batean bilduko zuen 1973an: Berdintasunik gabeko garapena (Le dévelopement inegal).
Aminek ukatzen zuen herrialde txiroen arazoa zenik “garapenean atzeratuta” egotea; aldiz, erakutsi zuen herrialde ez-garatu deituak ez direla inolaz ere Hirugarren Mundu –orduan deitzen zitzaien bezala– baizik eta mundu mailako truke sistema berdintasunik gabean zeuzkatela lotuta, bortxaz integratuak zentroa eta periferia ondo banatuta dauzkan kapitalismo global batean.
Orduan bezala gaur kapitala lehengai merkeez gain eskulan merke bila dabil eta horrek hedatzen du munduko periferiak nozitzea azpigarapena, garapen orokorrean itsatsia. “Bestela esanda –dio Harribeyk– Aminek eguneratu eta zehaztu egin zuen Marxek definitutako balioaren legea”.
Langileei eta herriei deika
1985ean argitara eman zuen Aminek La déconnexion, aitzindaria hau ere. Justu orduan ari ziren Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua eta AEBetako Ogasuna planeta osoan ordena neoliberala indartzen Washingtongo Kontsentsua deituaren bidez.
Deskonexioaren tesiarekin Aminek herrialde periferikoei proposatzen zien beren ondasunen barruko metaketa kontrolatzea, era burujabeago batean garatu ahal izateko, zentroko eliteen eta multinazionalen interes ekonomiko, sozial eta kulturalen mende geratu gabe. Herrialdeok beren produkzio indarrak bideratu behar lituzkete bertako herritarrentzako kontsumo gaiak ekoiztera, ez zentroko jendeentzako edo haien eskumakilak diren periferiako eliteentzako osagaiak eta luxuzko trasteak.
Javier Suazo hondurastarrak Alai hedabidean nabarmendu du Aminen deskonexio proposamenaren arrasto asko geratu direla batik bat Hego Amerikan: UNASUR, ALBA eta CELAC erakundeak, BRICS kontzeptua bera (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako taldea), Brasilgo Lula presidentearekin elkarlanean bultzatu zuen Munduko Gizarte Foroa...
Hil baino egun gutxi lehenago, Afrique-Asie hedabide historikoan plazaratu zuen bere testamentu politikoa: “L’indispensable reconstruction de l’Internationale des travailleurs et des peuples“. Azken 30 urteotan kapitalismo globalak eragindako erabateko zentralizazioa deskribatzetik hasten da, azalduz nola oligarkiak soka motzetik lotu dituen alderdi tradizionalak oro, eskuineko zein ezkerreko, sindikatuak eta gizarte zibilaren erakundeak. “Oligarkiak aginte politiko osoa dauka eskuetan eta menderatu duten eliza mediatikoak herritarren iritziak despolitizatzeko beharrezko den desinformazioa ekoizten du”.
Indar herrikoiek sistemari ematen dizkioten erantzunen ahuleziak zehaztasunez zerrendatu ostean, Aminek ezkertiarren Internazional berri baten beharra aldarrikatu du: “Krisi sistemikoan sartuta dagoen kapitalismotik irten behar dugu, ez kapitalismoaren krisitik irteten saiatu”. Berdin Europan ere: “Europa aleman hau oligarkia germanikoaren morroi dago, Greziaren krisian ikusi dugunez. Europa hau ez da bideragarria eta bere barnetik lehertzea dagoenekoz abian da”.
Samir Aminek agurrean bi etorkizun posible erakusten ditu. Bat, zibilizazioaren gainbehera gauzei bere horretan jarraitzen utziz gero. “Aginteek daukaten suntsitze ahalmenaz (suntsiketa ekologikoa eta militarra) gerta liteke Marxek aipatu zuena gertatzea, borrokek suntsitzea alde guztiak, arriskua benetakoa da. Bigarren aukerak langileen eta herrien fronte internazionalista baten esku hartze argi eta antolatua eskatzen du. (...) Burkideok, deika dauzkagu Historia eta gure kontzientzia. Edo elkartuta antolatzen dugu Iraultza Sozialista Berria (zaharraren lezioak ondo ikasita) edo bizi beharko dugu kaosa, basakeria, egoismoa eta gure Lurraren suntsiketa ikusiko ditugun mundu batean”.
Alemaniako Brandenburgo estatuaren azken hauteskundeetan Sahra Wagenknecht Aliantzak (BSW) botoen %13,5 lortu zuen. Alderdia Sahra Wagenknecht-ek sortu zuen, Die Linke alderdi ezkertiarraren kide ohiak. Die Linke botoen %10,7tik %3ra iragan da, eta estatuko legebiltzarretik... [+]
Ezkerraren krisiak Latinoamerikara salto egin du. Orain gutxira arte eskualdeko mapa ia guztian gobernu aurrerakoiak topatu zitezkeen. Baina gauzak aldatzen ari dira azken hilabeteetan. Hiru hauteskunde presidentzialistek inflexio puntua markatu dute: Daniel Noboak Ekuadorren... [+]
Tariq Ali idazle pakistandarrak kontatzen du Lenin hil ondoren buro politiko sobietarrak momifikatzeko hautua egin zuela, familiaren erabateko ukoarekin. Stalinek, Leninen figura erabili nahi zuen bien artean jarraikortasun historiko eta politikoa zegoela adierazteko. Izan ere,... [+]
Gizarte- eta protesta-mugimenduen historia aztertzen denean, ikergai oparoenak Aro Garaikidekoak izaten dira. Iturriak ugariagoak dira, gatazkak ere bai, eta gainera, ikertzaileok ikergaiaren mundu ikuskera konpartitzen dugu. Hau da, aurrerabidearen eta progresoaren galbahetik... [+]
Maiatzaren 15ean hil da Maria Mies (1931-2023) soziologo alemana 92 urterekin, azken hamarkadotan ekofeminismoak eduki duen erreferentzia teoriko nagusietakoa. Silvia Federici eta beste batzuekin batera, Miesek landu zuen feminismo antikapitalistaren ildo teorikoa,... [+]
Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]
Aurélien Berlan filosofo eta baratzezainak denbora erdiz idatzi eta kurtsoak ematen ditu eta beste denbora erdia ‘bizirauteko lanetan’ ematen du, baratzean bezala etxean. 2021eko azaroan La Lenteur argitaletxe txikian plazaratu du ekologia politikoaren mundu... [+]
Urriaren 30ean egingo dute hauteskunde orokorren bigarren itzulia: Jair Bolsonaro ultraeskuindarraren eta Luiz Inácio Lula da Silva Lula ezkertiarraren artean aukeratu beharko dute. Ez da edonolako aukeraketa: egungo presidente Bolsonarok politika ultrakontserbadore eta... [+]
Euskal Herrian "paradigma iraultzaile berria" zabaldu eta garatu nahi duen Kimua ekimen herritarra zenbait herritan aurkezpen bira osatzen ari da. Hala Bedi irratian Kimuako kide batekin hitz egin dute proiektuaren inguruan gehiago jakiteko.