Euskal bertsolaritzaren eragin sozialak liluratuta, frisierazko ahozko inprobisazioa hutsetik sortu dute bertako dozena erdi lagunek, gazteak hizkuntzarekin jolastera animatu daitezen. Tradiziorik ezean, euskal bertsolaritzatik egokitu dituzte bartelje-ren oinarrizko arauak.
“Frisian ez dugu Francoren diktadurarik izan, nederlanderaren eta frisieraren arteko harremana ez da gatazkatsua”, diote bartelje proiektuaren sortzaileek, Ipar Itsasoaren ertzeko eskualde lasai hartako egoera soziolinguistikoa testuinguruan jarriz. Frisiarrek ez dute beren hizkuntza hil ala biziko egoeran ikusi, ez dago frisieraren aldeko mugimendu sutsurik ez kontzientziazio sakonik. Baina hizkuntza gutxitu guztiek bezala, biziraupena jokoan du frisierak: neurririk hartu ezean kolokan izan dezake etorkizuna.
Hain zuzen ere, euskarazko bertsolaritzan ikusi zuen gizartea aktibatzeko eredua frisieraren aldeko taldetxo batek. Frisiako biztanleen erdiek frisieraz badakiten arren eta erabilera datuak onak diren arren, etxeko eta lagunarteko hizkuntzatzat dute gehienek, eremu publikoan nederlanderara eta ingelesera jotzen dute, eta arlo formalean zer esanik ez. Ahozko inprobisazioa hizkuntzarekin jolasteko aitzakia eta frisiera plazara ateratzeko bidea izan daitekeela uste dute.
Proiektu berritzaile hau martxan jarri duten taldetxoko kide dira Bart Kingma eta Mirjam Vellinga. Zinema zuzendaria da Kingma eta bertsolaritzari buruzko dokumentala grabatu zuen Euskal Herrian iazko neguan. Besteak beste, BECeko finalean eta hezkuntza arautuko bertsolaritza-klase batean izan zen. Vellinga, aldiz, frisiera bultzatzeaz arduratzen den Afûk elkarteko kidea da. Hura ere BECen izan zen abenduko finalean.
Bertsolaritzak euskal gizartean duen eraginak txunditu zituen biak. Hizkuntzaren bidez sortutako “magia” aipatu dute, frisieraz halako zerbait balego zer nolako aurrerapena litzatekeen nabarmendu dute. Euskal Herriko bisitalditik bueltan pentsatu zuten frisierazko inprobisazioari ekitea eta, hortaz, hastapenetan daude oraindik. “Bilatzen duguna da hizkuntza ez dadila izan komunikazio praktikorako bide hutsa, bestelako funtzio batzuk ere izan ditzala”, dio Vellingak. “Audientzia berrien bila ari gara, baina hizkuntzaren erabilera berri baten bila ere bai. Frisieraz poema bat sekula idatziko ez lukeenak, beharbada frisiar bertso bat egingo du, dibertigarria delako”.
Frisian ahozko inprobisatzailerik ez dagoenez, jarduera horri helduko dioten hautagaiak bilatzeari ekin diote. Lehenik eta behin, hainbat poeta gonbidatu zituzten saio batera, ea batzuk inprobisatzera animatuko ziren. “40 poeta inguru etorri ziren eta haietako asko saiatzeko prest agertu ziren”, dio Kingmak. Lehenengo probak egiten ari diren arren, Vellingak ziurtatu du noiz edo noiz agertu dela bertsolaritzaren “magia” hori: “Batzuk kantatzera ausartu dira eta zerbait irten da hortik”.
Frisierazko inprobisazioak, ordea, badu traba handi bat: Hutsetik sortua denez, ezaugarri guzti-guztiak, arauak barne, zehaztu egin behar dituzte, eta hori ez da lan erraza. Izena bera ere, bartelje, asmatu berria da. “Frisian ez dago berezko tradizio askorik, beharbada kirolarekin eta halakoekin lotutakoak bai, baina hizkuntzari dagozkionik ez. Musika tradizionalik ez daukagu, ahozko inprobisaziorik ere ez”, azaldu digu Vellingak.
Hortaz, barteljeren nortasuna eraikitzeko, euskarazko bertsolaritzara jo dute eta arau nagusiak bertatik hartu dituzte: errimatzeko modua, neurria, a cappella kantatzea eta abar. “Ahozko poema inprobisatu bat sortzeko trikimailu erabilgarriak ikasi ditugu euskaldunengandik, adibidez, bertsoa azken esalditik hasi eta beste guztia horren arabera eraikitzea abiapuntu ona da”, dio Vellingak.
Bertsolarien laguntza bereziki eskertu dute doinuen alorrean, melodia egokiak zein diren erakutsi baitiete. Frisian abesti tradizional gutxi gorde direnez, gehienbat pop estiloko abesti ezagunak erabiltzen dituzte doinu berriak sortzeko. Elvis Presleyren musikak arrakasta handia omen du barteljen hasi direnen artean.
Musika tresnen laguntzarik gabe, a cappella, abesteko araua ere guztiz zehaztua dute. “Gitarrak, danborrak eta abar sartzea planteatu genuen, itxura oso zaharkitua ez emateko, gazte jendeari begira”, oroitu du Kingmak. “Baina ezetz erabaki genuen, bestela pop musika egitetik hurbilegi egongo ginateke eta hortik bereizi nahi dugu, bartelje beste gauza bat da”.
Hizkuntzarekin jolastuz ondo pasatzeko eta umorea egiteko bide aproposa da ahozko inprobisazioa eta barteljeren bultzatzaileek badakite hori jendea erakartzeko tresna eraginkorra izan daitekeela. Nolanahi ere, gai serioak lantzeko gogoa ere azaldu dute, BECeko finalean ikusi baitzuten bertsolariek gizartearen kezkei lotutako diskurtsoa darabiltela eta horri esker, alderdi ludikoaz gain, bertsoak alderdi soziala ere baduela.
“Poetekin egin genuen aurreneko saio hartan ikusi genuen haietako asko oholtzara igotzen zirela umoregileak balira bezala, ‘ea goazen denok barre eta algara egitera!’ esanaz”, azaldu digu Kingmak. “Umorea egitea ondo dago, noski, baina saihestu behar dugu inprobisatzailea pailazo huts izatea, seriotasuna eskatu genien”.
“Euskal bertsolaritzaren antzeko izaera nahi dugu barteljen, alegia, gizarteko gai sakonei buruz hitz egitea, debatea sortzea”, gaineratu du zinema zuzendariak. “Hemen baditugu zenbait gai sozial: Etorkinak, ingurumena zaintzea... espero dut barteljek lagunduko digula geure nortasuna garatzen eta kontzientzia zabaltzen. Tabuak apurtzera helduko bagina, bertsolariek egiten duten bezala, gauza handia litzateke”.
Frisiera testuinguru pribatutik publikora egiten ari den jauzian eragile izatea ere bada bartelje bultzatu dutenen asmoa. “Frisiera ez dugu publikoan gehiegi erabiltzen, adibidez bulegoetan edo tramite ofizialak egiterakoan”, kontatu digu Vellingak. Harrituta geratu omen zen Euskal Herriko eraikin publikoetan euskarazko oharrak arruntak zirela ikusita.
Hizkuntza indartsuagoen presioa etengabea izanagatik, kontzientzia pixkanaka piztuz doa herritarren artean. Mirjam Vellingaren arabera, “Euskal Herrian bezala, Frisian leku batzuetan indartsu dago hizkuntza eta beste batzuetan, ez horrenbeste. Gero eta jende gehiagok onartzen ditu eleaniztasunaren onurak, eta seme-alabak frisieraz hezten saiatzen dira”. Nederlanderaz soilik bizi direnak erakartzea, ordea, ezinezkotzat dute, salbuespenak salbuespen. “Barteljek hori lortzea polita litzateke, baina oraingoz ametsa baino ez da –dio Bart Kingmak–, nederlanderaz baino ez dakitenek ez daukate jarrera oldarkorrik frisierarekin, baina interesik ere ez dute gure hizkuntzan”.
Mundu zabaleko hainbat txokotan, galtzear diren ahozko inprobisazio tradizionalei eustea eta haiek berrindartzea da erronka, eta ez nolanahikoa. Frisiarrek kontrako bidea hartu dute, hau da, hutsetik beren inprobisazio moldea sortu eta gizarteratzea. Bertsolaritza bidelagun badute ere, Kingmak eta Vellingak badakite ez dela erraza izango. “Guk ez daukagu 300 urteko tradiziorik, gainera bertsolaritzak pilo bat arau ditu eta guk geureak zehaztu eta idatziz jarri beharko ditugu, bestela ezin izango dugu bartelje gizartean hedatu”. Aurreneko pausoa egitea izaten da zailena eta hori, behintzat, egina dute.
Maialen Lujanbioren bertso ezaguna gogoan, esan dezakegu barteljek bere herria sortzen segi nahi duela frisieratik eta frisieraz. Baina frisieraz soilik ez, eskualdeko edozein hizkuntza txikitan baizik. Frisian hizkuntza txiki ugari hitz egiten baitira, gehienek ehunka hiztun baino ez dituzte eta ahozko esparru informalera mugatuta daude. Horietako batzuk dira bildts, stadsfryske, hylpers, kollumers eta stellingwerfs. Denak dira frisieraren hurbileko ahaideak, nederlanderaren eta frisieraren arteko nahasteren bat edo behe saxoniera hizkuntzaren aldaerak.
Bada, horiek guztiak ere Frisiako ondare linguistikoaren parte direla aintzat hartuta, barteljen erabil daitezkeela erabaki dute, frisieraren pare. Hain zuzen ere, bartelje bultzatzen ari diren dozena erdi laguneko taldeko kideetako bat, Gerard de Jong, bildts hiztuna da. Bart Kingmak zehaztu duenez, nederlandera erabiltzea “debekatuta” dago barteljen, gainerakoak baimenduta: “Hizkuntza txiki-txiki asko ditugu hemen, polita litzateke jendeak hizkuntza horietan ere abestuko balu”.
Frisia Herbeheretako ipar mendebaldean dagoen estaturik gabeko nazioa da, eta frisiera hizkuntza gutxitua da. Groningeneko Unibertsitatean soilik eskaintzen zituzten hizkuntza horren goi ikasketak. Horretan ari zen azken irakaslea erretiratu da, eta unibertsitateak ez du... [+]
Sei hizkuntza landuko dituzte Gasteizko Euskararen Etxean ikasturtean zehar. Txerokieraz, frisieraz eta esperantoaz gain zeinu hizkuntzak, kokama eta kaxubiera aztertuko dituzte.