Energia eredu berriak lortzeko ezinbestekoak dira tokian tokiko proiektu txikiak, eta horiek geroz eta ugariagoak dira Euskal Herrian. Oraingoan, Izabako Udalak pausu garrantzitsua eman du: udal merkaturatzailea sortu du, energiaren produkzioa, garraioa eta merkaturatzea eskuratuz. Asko dira eredu horretatik ikasi nahi dutenak.
“Gaur egun Euskal Herrian kontsumitzen den energia primarioaren %92 atzerritik ekarritakoa da, eta erregai fosiletan edota energia nuklearrean du sorburua; egoera tamalgarria da”. Jesus Ezkurra Energia Gara taldeko kidearenak dira hitzak. Energia berriztagarrietan aditua da, eta egungo energia ereduak sortzen dituen kalteez ohartarazi du: “Gure gizarteak petrolioan eta gasean du oinarria; horiek gerrateak sortzen dituzte, eta gure gizartean, sekulako desberdintasunak. Gainera, ingurumenean kalte handiak eragiten dituzte”.
Hori dela eta, energia trantsizioa premiazkotzat jotzen du Ezkurrak, eta tokian tokiko proiektuetatik abiatu behar dela uste du. “Aldaketak behetik hasi behar du, herrietatik eta hirietatik, udalak baitira biztanleok gertuen dugun erakundea”. Horien ardura azpimarratu du: “Baliabideak kudeatzen dituzte, eta ahalmena dute energia eskubide gisa hartzeko, ez merkantzia gisa”.
Hala ere, argi du trantsizio energetikoa martxan dagoela dagoeneko: asko dira Euskal Herrian euren baliabideen giltza eskuan hartu eta burujabetzarako bidea urratzen hasi direnak. Eredu ezberdinak daude; besteak beste, kooperatibak, udalek bideratutako egitasmoak eta proiektu komunitarioak. Adibideen artean daude Lizarraga, Araia, Izaba, Gares, Lakabe, Iruñea, Gasteizko Errekaleor auzo askean sortzen ari diren irla energetikoa... Txikitik eragitea dute helburu, konponbide globalak lortzeko.
Udalei dagokionez, hiru aukera dituzte, haien baliabideen arabera: energia ekoiztu, garraiatu edota merkaturatu. Izan ere, horiek dira elektrizitatearen sektorea osatzen duten hiru zutabeak. Ez dira gutxi horietako bat eskuratu duten herriak, baina Izaban (Nafarroa) pausu aitzindaria eman berri dute: udalak hiru agente horiek bere esku hartzea lortu du. Hego Euskal Herriko lehenengo udal energia merkaturatzailea sortu dute.
Erronkari bailarako 429 biztanleko herria da Izaba. 1960ko hamarkadatik martxan dagoen zentral hidroelektrikoari esker Belabarze eta Belagua ibaien emaria aprobetxatzen dute energia sortzeko. Udalak berak kudeatu du zentral hori hasieratik, eta urtean bi milioi kilowatt ekoizteko gai da. Zentralak ibaiaren ur emariaren arabera funtzionatzen du. Normalki, urritik ekainera bitartean produzitzen du energia, eta hurrengo lau hilabeteetan beste lan batzuk egiten dituzte: garbiketa, mantentze lanak, obrak... Aurten, ordea, euri asko egin du, eta produkzio historikoak izan dituzte.
Bestalde, aspaldi herriko linea elektrikoa jarri zutenez, udala bere kable-sarearen jabe da, eta sortzen duen energia banatu ere egiten du. Oso herri gutxitako udalek dute energia sortzeko eta garraiatzeko aukera, gehienak elektrizitate enpresa handien menpe daude. Oraingoan, azkeneko pausua eman dute Izaban: energia saltzen hasi dira. “Orain dela hiru urte eredu energetikoa lantzeko udal talde bat sortu genuen, eta ikusi genuen ez zela zaila guk hirugarren faktore hori ere betetzea: energia saltzea”, azaldu du Aitor Perez energiaren udal taldeko kideak.
Prozesua luzea izan dela aitortu du, izapide asko egin behar izan dituztelako. Hala ere, lortu dute: uztailaren 1etik Rio Ezka udal energia merkaturatzaileak 280 bezeroren argindarra fakturatzen du. Orain, edozeinek kontratatu dezake zerbitzua, telefono edota internet bidez. Lehenik Izabako herritarrengana heltzea dute xede, baina Pirinioetako txoko gehiagotara zabaltzeko asmoa dute, izatez, Iberiar penintsula osora heltzeko ahalmena baitute. Hala ere, Perezen hitzetan, bezero berriak lortzea ez da erraza izaten ari, jendeari asko kostatzen baitzaio halako aldaketak egitea.
Prezioari dagokionez, energia saltzen hasi aurretik ez zekiten nola izango zen, eta ez zuten alde hori nabarmendu nahi izan. Baina ondoren konturatu dira haiek eskaintzen duten zerbitzua enpresa pribatuena baino pixka bat merkeagoa dela. Gainera, Izabako Udalak konpromiso bat hartu du: zentral hidroelektrikoak ematen dituen etekinak Pirinioetan sortzen diren proiektuetan inbertituko dituzte, eskualdeari bultzada emateko.
Egindako urratsarekin “zirkulua osatu” dutela azaldu du Perezek: “Prozesu osoa gure esku izatea lortu dugu, Pirinioek ematen dizkiguten baliabideei etekina ateratzeko”. Hori lortzeko ezinbesteko faktoreak izan dira aldez aurretik ekoizpenaren eta banaketaren jabe izatea, eta guztia eskala txikian egitea, haren hitzetan. Emaitzarekin pozik daude: “Ez diogu alde txarrik ikusten”.
Hasieran, merkaturatzailea sortzeari ekin ziotenean, uste zuten ez zutela ezer berririk egingo. Hori dela eta, orain “harrituta” daude: “Beste toki batzuetatik etorri zaizkigu, aholku bila”. Herritarrak ere kontent daude zerbitzuarekin: “Modu independentean gure herriaren garapena bultzatzeko tresna ezinhobea da”, adierazi du Patricia Alberdi Ezker Izabako biztanleak.
Merkaturatzailearen albistea jakin bezain laster erabaki zuen zerbitzua kontratatzea, bai etxerako, baita haren senarrak duen ostaturako ere. Hasieran prezioa zein izango zen ez jakin arren, ez zuen zalantzarik izan, proiektuak ahalegina egitea merezi zuela uste baitzuen. Hainbat arrazoirengatik hartu zuen erabakia. Batetik, gertutasuna aipatu du: “Ongi dago jakitea zure dirua nora doan, eta enpresan konfidantza osoa izatea”. Bestalde, baliabide gutxi dituen Izaba bezalako herri txiki batentzat laguntza ekonomikoa garrantzitsua izango dela azpimarratu du. Momentuz, zerbitzuak ongi funtzionatzen duela gaineratu du.
Garesen ere, autohornikuntza helburu
Izabakoaren antzeko adibide gehiago daude Nafarroan; horietako bat Gares Energia egitasmoa da. Garesen (Nafarroa) ere tokiko garapenerako udal taldea sortu zuten 2014an, eta herriaren baliabideekin zituzten aukerak aztertu ondoren, zentral minihidraulikoaz baliatzea erabaki zuten. Electra-regadio izeneko zentralak energiaz hornitu zuen herria 1918tik 1983ra bitarte. Garai hartan zentralak ekoizten zuen energia elektrikoarekin herria hornitzen zuten, eta soberakinak industriara bideratzen zituzten.
1980ko hamarkadako olatu pribatizatzailearen ondorioz zentrala itxi egin zuten, eta ordutik geldirik dago. Orain, berreskuratzeari ekin diote, herrian aldaketa energetiko eta soziala sustatzeko tresna egokia dela uste baitute. Zentrala martxan jartzeko bi saiakera gehiago egon dira aurretik, baina oraingoan harago joan nahi dute, Oihan Mendo alkateak azaldu duen bezala: “Aurreko proiektuetan soilik energia saltzeko ikuspegia zuten. Guk, ordea, energia berriztagarria produzitu nahi dugu, baina baita energia hori publikoa, gertu ekoiztua eta autokontsumorako izatea ere”.
Arga ibaiko ura erabiltzeko orduan, Garesko nekazariak aintzat hartuko dituzte. Haiek ur kopuru handia behar dutenez, zentralaren proiektua plaka fotovoltaikoekin osatuko dute. Herriko frontoiaren teilatuan jarriko dituzte, eta sortzen duten energia fotovoltaikoa udan erabiliko dute, nekazariek ur gehien behar duten garaian. Honela, produkzioa etengabea izango da. Gares Energia izena deitu diote bi ekimen horiek barnebiltzen dituen proiektuari. Lortzen duten energia herriko argiteriara eta eraikin publikoetara bideratuko dute, eta herriaren energia gastu osoaren %50 hornitzea aurreikusten dute. “Erabateko autohornikuntza lortzeko bide berriak bilatzen jarraituko dugu”, gaineratu du alkateak.
Aitor Perez (Izabako energiaren udal taldea): "Kanpoko laguntzen zain egon gabe, daukagunarekin aukera berriak eskaini baditzakegu, herritarrek arrazoi bat gehiago izango dute bertan geratzeko"
Herritarren ahalduntzea dakar
Energia burujabetzan aurrera egiteak herritarren ahalduntzea eragiten duela ziurtatu du Jesus Ezkurra adituak: “Proiektu energetikoak baliatu behar dira onura sozialak lortzeko; gizartearen burujabetzan aurrera egiteko”. Izabako kasuan, egin duten urratsa eskualdearen berezko arazoei aurre egiteko onuragarria izan daitekeela uste dute. Hain zuzen, herritarrak bertako baliabideen balioaz jabetzea positiboa da despopulazioaren aurka. Perez: “Kanpoko laguntzen zain egon gabe, daukagunarekin aukera berriak eskaini ahal baditugu, herritarrek arrazoi bat gehiago izango dute bertan geratzeko”.
Garesen ere alde soziala zaintzen ari dira; energiaren proiektua aitzakia gisa harturik, hondaturik dauden herriko toki batzuk konponduko dituzte: frontoiko teilatua, ibaiaren pasealekua... Lan horietako batzuk, gainera, auzolanean egingo dituzte, kolektibotasunaren ideia lantzeko. “Honela, jendeak ikusiko du energia lehen mailako baliabide eta beharrizana dela, eta jabego kolektiboaren barruan dagoela”, azaldu du Mendok.
Gainera, halako egitasmoek lanpostuak ere sortzen dituzte herrietan. Garesen, kasurako, zentrala berreskuratzeko eta plakak jartzeko lanetarako langileak beharko dituzte, eta horiek kontratatzeko herrian duten lan poltsa erabiliko dute. Izaban, ordea, lanpostu bakarra sortuko dute, komertzializazioaz arduratuko dena; baina herri txiki batean epe luzerako lanpostu duin batek garrantzi handia duela nabarmendu du Perezek.
Egindakoa zabaldu nahi dute
Egindako bidea hor gera ez dadin, bai Izaban eta bai Garesen energiaren ikasgela bat sortzeko asmoa dute, haurrek haien herriko esperientziak ezagutzeko aukera izan dezaten. Horrez gain, turismoaz ere baliatuko dira. Oso herri turistikoak dira biak: Izaba Erronkari bailarako herririk handiena da, eta neguan jende asko doa Belaguan eskiatzera. Garesetik, berriz, Done Jakue bidea igarotzen da, eta urtero milaka erromesek bisitatzen dute herria.
Hortaz, aukera hori aprobetxatu nahi dute energia eraldaketaren inguruko informazioa zabaltzeko. Bisita gidatuak antolatu nahi dituzte bi herrietan, zentrala eta energiaren ikasgela bisitatzeko. “Modu bat da jendeari erakusteko beste eredu batzuk posible direla, eta haiek haien herrietara itzultzen direnean herri mugimenduei edo administrazioei bultza diezaieten bide bera hartzeko”, adierazi du garestarrak.
Jesus Ezkurra (Energia Gara): "Proiektu energetikoak baliatu behar dira onura sozialak lortzeko eta gizartearen burujabetzan aurrera egiteko"
Beldurrek, ezjakintasunek eta erosotasunek askotan aldaketak geldiarazten dituzte. Izaban eta Garesen, ordea, argi dute: ez da beharrezkoa aditua izatea, ezta helburu lorrezinak ezartzea ere. Garrantzitsuena gogoa da. Perez: “Guk lehen ez genuen honen inguruko ezagutzarik, baina sekulako gogoa genuen. Ikusi genuen aukerak zeudela, eta elektrika handiei aurre egin ahal geniela”.
Posible dela erakutsi ostean, aldaketa beste toki batzuetara zabaltzea dute amets. Haiek prest agertu dira ikasitakoa erakusteko eta besteei laguntzeko. “Guk tanta bat egin dugu, baina hau itsaso bilakatzea nahi dugu”.
Hirietako udalek prozesu konplexuagoak egin behar izaten dituzte energia burujabetzaren aldeko pausuak emateko; baina aukerak egon badaude. Iruñean, adibidez, udalak agintaldi hasieran eskura zituen aukerak aztertu, eta energia merkaturatzailea sortzea erabaki zuen.
Izabakoaren ostean, Hego Euskal Herriko bigarren udal energia merkaturatzailea izango da. Hala ere, prozesua ez da erraza izan. Izan ere, energiaren merkatua esklusiboa eta aldakorra da, eta udalak administrazio egitura egokia bilatu behar izan du orain arte enpresa handiek kudeatu duten lan hori egiteko.
Horretarako, udal energia agentzia bat sortu dute. Pleno bidez onartu zuten hori, laukoaren aldeko botoekin, eta UPNren eta PSNren aurkaritzarekin. Udalak Energia Gara kooperatibarekin batera egindako azterketa batek erakutsi zuen agentzia hori sortzea bideragarria zela. Orain merkaturatzailea sortzeko bidean daude, eta 2019ko urtarrilerako eginda egotea aurreikusten dute.
Behin merkaturatzailea sortuta, elektrizitatearen merkatuan energia berriztagarria erosi eta hori erabili ahal izango dute. Udalaren lehenbiziko helburua izango da erakunde publiko gisa dituen gastuei aurre egitea, elektrizitate saltzailerik kontratatu gabe. Hiriko argiteria eta eraikin publikoak hornituko dituzte.
Bigarren fasean, berriz, pobrezia energetikoa sufritzen duten familiei laguntzea izango dute helburu. Hala ere, energia guztiaren %20 soilik bideratu ahal izango dute arlo pribatura, sektore elektrikoaren legeak hori zehazten baitu. 2020rako gizarte-bazterketa egoeran dauden 3.000 edo 4.000 etxebizitza hornitzea espero dute.
Horrez gain, udalak Energiaren Plangintza aurkeztu zuen urtarrilean, hirian energia burujabetzan eta autonomian oinarritutako eredua ezartzeko helburuarekin. Horretarako, 22 neurri aurkeztu zituzten; horien artean etxebizitzetan instalazio fotovoltaikoak jartzeko inbertsioak handitzea, informazioa zabaltzea eta aurrezpena eta eraginkortasuna bultzatzea, besteak beste.
Gasteizen, aukerak aztertzen
Gasteizko Udalak ere bide beretik jotzea erabaki du. Otsailean ikerketa bat egin zuten, Energia Gara taldearekin batera, baloratzeko ea bideragarria den udal energia merkaturatzailea sortzea. Txostenak ebatzi zuen aukera egokia dela; hala ere, oraindik ez dute erabakirik hartu eta aztertzen ari dira.
Proiektu ekonomiko kooperatibo eta komunitarioak abian jartzeko grina duten pertsona eta taldeentzako doako eskola da KoopFabrika. Dagoeneko izena emateko epea irekita dago. Urtarrilaren 28an egingo da lehenengo saioa. Olatukoop, Gezki eta Lankiren baliabideei esker antolatu... [+]
Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.
Urriaren 17tik 19ra Burujabetzak izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Oiartzun Burujabek eta Udalbiltzak. Tokiko esperientzia eraldatzaileak ezagutzeaz gain, Gironako alkate Lluc Salellasek eta CUPeko parlamentari-ohi Mireia Vehík ere parte hartuko dute hitzaldi banatan.
Lerro hauek idazterako, gazta egiteari utzi diogu eta antzutze prozesu betean gaude. Horrek esan nahi du jetzaldiak gero eta sakabanatuagoak direla denboran, ardiei esnea desagertu arte. Batzuen kasuan, egun gutxitan bukatuko da prozesua, eta gutxi batzuei gehiago kostako zaie.
Kale Nagusiko 54. zenbakian dagoen XVIII. mendeko eraikina eskuratu dute, egun Katakraken liburu-denda dagoen ondoan. “Eraikin honetan ez da egongo hostelik, ez luxuzko hotelik, ezta inguruko auzokideek ordaindu ezingo luketen etxebizitzarik ere, hemen hiri-lurra eraikiko... [+]
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Sareak, Olatukoopek, hamar urte bete ditu, eta larunbatean festa egin dute Donostian, sareko kide eta partaideen artean. Ekonomia eta kooperatibismoa beste ikuspegi batez landu litezkeela aldarrikatu (eta frogatu) dute: herrigintzatik, herritar... [+]
80 bat lagun batu dira Iruñeko Katakraken aretoan, ekonomia sozial eraldatzailearen erreferentzia bihurturiko Olatukoop sarearen hamar urteak ospatzeko. Ekonomia eta lurraldeak eraldatzeko proposamenak zehatz-mehatz aurkezteko ekimena izan da.
Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]
Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.
Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]
Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]
Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]
Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]
Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako... [+]