Batetik, gorputz defendagarriak eta defendatuak daude eta bestetik, ez-defendagarriak eta menderatzaileek armagabeturikoak. Azken horietan, “muskulua politizatu” eta autodefentsarako urratsa eman dutenei begira jarri da Elsa Dorlin filosofo feminista. Emaitza Se défendre, une philosophie de la violence (defendatzea, bortizkeriaren filosofia bat) liburua dugu. Hastetik buru, Manada kasua aipagai ukan dugu, bete-betean garelako filosofoaren ikerketa esparruan.
Filosofoa da, Paris-8 unibertsitatean irakaslea da. Feminista ere bai, intersekzionalitatetik eta erradikaltasunetik. Menderakuntza sistemak ikertzen dabil eta besteak beste, 2006an ateratako La Matrice de la race. Généalogie sexuelle et coloniale de la Nation française (Arrazaren Matrizea. Frantses Nazioaren genealogia sexuala eta koloniala) liburuaren idazlea da.
Bost gizonek burutu talde-bortxaketa jasanezina. Guztia filmaturik, irudiak badira. Bortxatuaren hitzari bizkar eginez, bortxaketa ez dute ikusi epaileek eta sexu erasotzat jo dute, bostak kalean libre utziz. Zer pasa da?
Rodney King kasua oroitarazten dit, 1991n modu oso bortitzean poliziak lintxaturiko gizon afro-amerikarraren kasua, filmatua izan zena ere. Auzipeturiko poliziak hobengabetuak izan ziren. Manadako bortxatzaileen auzian gauza bera da. Irudi horiek koadro batean hautemanak dira eta koadro hau ideologia, irudikapen bati loturik da, zeinetan balore nagusiei segi, emakume baten gorputza sexualki gizonen eskura den, bortizki erabili eta bortxatu daitekeen objektu gisa ikusia den. Manadakoen epaiketan erabaki behar ukan dute emakumearen jestuak benetan bortxaketaz defendatzeko ote ziren, benetan ezetza adierazteko ote ziren ala ez ote ziren onespen gisa interpretatzen ahal. Muturreko basakeria sozial eta patriarkal baten keinu dugu hori, benetan.
Ezin argiago izan eta alta... Azkenean, guztia da interpretazio.
Ez dugu irudi gordinik, beti dugu medium bat eta medium hau ideologia da. Sexismoaren erreprodukzioan parte hartzen duen Estatu baten koadro judizialean kokatzen da Manadakoen epaiketa. Hori horrela, menderatzailearen interpretazioa da beti gailenduko.
“Gorputzaren bidez egin behar dugu politika, gorputzari lotu behar gara eta afektuak politizatu behar ditugu, gorputza autodefentsarako arma bilaka dadin”
Onarpenari begira jarri dira epaileak.
Botere harreman honen intentsitatearen isla da, emakumearen gorputza ez dago erresistentzian hautemana, defentsa ez dute irudikatzen. Bizirautea, gure buruaren salbatzea izaten da bortxaketaren unean daukagun autodefentsa maximoa, ezin dugu bizirik mantentzea baino gehiago egin! Baina, erresistentziaren ikuspegi oso heroikoa dugunez, heroi baten gisa jokatu beharko zuen, gudukatzeko super botereak ukan beharko zituen, eta justuki, hori egin ez duelako du egoera onartu. Alta ez da hori: ez du hori egin, baina horrek ez du erran nahi onartu duenik, autodefentsa forma batean zegoen eta une horretan bizirauteko urgentzian zen.
Gorputz beltza bortitz eta mehatxagarritzat duen koadroan dugu Rodney Kingen kasua. Manadakoen kasua, emakumearen gorputza eskuragarri eta bortxagarri duen koadroan.
Eskuragarritasun sexualaren kontua oinarrizkoa dugu emakume izatearen definizio normatiboan eta emakumearen pertzepzioan. Gorputza femenino kontsideratua izaten da, sozialki eskuragarri definitua den unetik. Ez du erran nahi emakumeek onartzen dutenik, erran nahi du ez dutela hauturik, haien izate sozialak die hori inposatzen. Horregatik gabiltza erresistentzia feministaren baitan kontra-norma eta aurkako jarreren agerrarazten; justuki, ideia hori uzkailtzeko, eskuragarritasun sexualaren oinarria erabat inposatua, behartua eta botere harreman baten fruitua dela ohartarazteko.
Bizirautea, ihes egitea, borrokatzea, hitza askatzea, guztiak dira autodefentsa formak eta ez duzu hierarkiarik egiten.
Hierarkizatzen hasten bagara, gizonkeria joera batean gara, zeinetan autodefentsak matxinada heroiko izan behar lukeen. Autodefentsa filosofiatzat daukaten mugimenduei begiratzen badiegu, ohartzen gara ‘norbere bizia salbatzea’ dela autodefentsari lotu daitekeen definizio bakarra. Norbere bizia salbatzeko taktika anitz badira. Ihes egitea bere burua salbatzea da, nahiz eta hor berriz, gizonkeriak markaturik, beldurti gisa kontsideratua izan. Alta, badakigu historian zehar ihes egitea hil ala biziko autodefentsa praktika izan dela. Ihesean mugarik ez den gisara, bortizkeriaren erabilpenean ere ez da mugarik, batzuetan muturreko bortizkeria salbatzeko bide bakarra delako. Ez dut inolako aburu moralik muturreko bortizkeriaren erabilpenari begira, autodefentsarako, hots, norbere bizia salbatzeko denean.
Se défendre, une philosophie de la violence zure azken liburuan bortizkeria duzu aztergai. Gorputz batzuk daude defendagarri, beste batzuk ez-defendagarri.
Historia ofiziala zilegizko defentsaren historia dugu. Norberak bere burua zaintzeko eskubide naturalari lotzen da eta Estatu modernoen baitan, eskubide garrantzitsu hau Estatuaren esku utzia izan da. Estatuek bortizkeriaren zilegizko erabilpena dute, herritarren segurtasuna ziurtatzeko. Kasu urgenteetan, mehatxua berehalakoa baldin bada, orduan herritarrei uzten zaie zilegizko defentsaren eskubidea. Baina, Estatuaren zuzenbidearen historia egiterakoan ohartzen gara osoki herritar sentitzen direnek diotela eskubide hau utzi eta alderantziz, bigarren mailako kontsideratuak ziurtasun gabezian direla, ez dutelako Estatuaren babesik. Are gehiago, Estatuak armagabetu ditu; herritartasunetik at mantentzeak defentsarik gabe mantentzea erran nahi du. Esklaboak armagabetzen dira, emakumeak armagabetzen dira, gutxiengo kulturalak armagabetzen dira, langileriaren armatze praktikak etengabe kontrolatzen dira.
Manadaren kasuan, begi-bistakoa da zein alde izan den defendatua.
Argiki, bortxatzaileak defendatzen dituen Estatu bat dugu. Emakumeak desarmatzen dituen Estatu bat dugu, sozializazioaren bidez emakumeei borrokatzen desikasteaz gain, Justiziari begira armagabetzeaz gain, emakume honek ez du inolaz ere defendatzeko molderik. Are gehiago, defendatzeko gelditzen zaion bide bakarra da hori guztia normaltzat hartzea.
Emakumeoi hezur-muinetaraino sartu digute ezin garela bortitzak izan eta izanez gero ere ez dugula indarrik.
Hala da. Arazoa ez da ez dugula borrokatzen ikasi, arazoa da borrokatzea deseraiki digutela. Gure gorputza deseraiki digute, indartsu garenaren segurtamena eta konfiantza deseraiki digute, eta indar hori ezintasun bihurtu digute. Erran digute ez garela gai eta dena dela, bortizkeria erabiltzeko urratsa emanez gero, ero, histeriko ala munstro gisa zigortuko gaituztela.
Indar hori beldurrez ere transformatu digute. Nola egin beldurra erantzun ala errabia bihurtzeko?
Beldurra hor da, eta kontua ez da beldurrik ez ukatea edo beldurra tranformatzea. Hain dira izugarriak botere harremanak, non eta arrazoiz dugun beldurra. Benetako galdera ondokoa da: Nola ematen diogu zentzua beldur horri? Beldur hori kodetua izango da iltzatuko gaituen sentimendu gisa, ezinaren eta ahultasunaren seinale gisa, ala alderantziz, gure gorputzaren kontzientzia berpiztu eta zerbait egitearen eta ihesi joatearen beharra sentiaraziko digu? Hori oso inportantea da. Bai, beldurra hor da eta guztia egina da sentimendu horretan fokuratzeko, baina beldurraz gain, beste sentimendu anitz badira. Kontua da, gainbaloratzen dugula beldurra, horretara bideratzen gaituelako botereak: “ez mugi, bestela hilko zaitut, kolpatuko zaitut” errateko beste molde bat da. Errealitatean, beldurraz gain beste emozio anitz daude: diozun errabia, sumindura, injustizia sentimendua, kexua, asaldura...
Ez idurian, sentimendu horiek ere hor dira.
Gainera, behatzen ditugu zeren harreman sexista, arrazista ala klasista (hiruak elkarlotuak izanki) baten baitako erasoaren ondotik, usu “hori egin beharko nuen...”, “zergatik ez diot hori erantzun...”, pentsatzen dugu. Erasoa izaterakoan, beldurraz gain errabia ere bazegoenaren isla dugu erru sentimendu hori. Agian, begi bat zulatu ala zango bat hausten ahalko genionaren seinale. Beldur hori landu behar dugu, koadro afektibo guztiari so egin behar diogu. Gorputzaren bidez egin behar dugu politika, gorputzari lotu behar gara eta afektuak politizatu behar ditugu, gorputza autodefentsarako arma bilaka dadin.
Muskuluak dioenari arreta eman eta erantzun.
Horixe, barneko afektu guztiak entzungo bagenitu, ezin geldituak ginateke! Funtsean, etenik gabeko erasoak ikusirik, ez dut ulertzen nolaz ez dugun dena erretzen eta hausten. Benetan diot.
Nobela bat ere sartu duzu autodefentsaren genealogian. Dirty Weekend eta zehazkiago, Bella izeneko protagonista.
Kultura feminista erradikalaren baitako nobela da, muturreko bortizkeriaz ari da. Liburu hori landuz, fenomenologia bat landu nahi izan dut, bortizkeriara pasatzeko esperientzia hori aztertu nahi izan dut. Helen Zahaviren kontakizuna interesgarria da, baina nik jakin nahi izan dut nola politikoki eraiki daitekeen gorputza, autodefentsa feministara pasatu ahal izateko. Bortizkeriak trabeskatzen gaitu eta egin daitekeen galdera ez da “bortizkeria al da?” ala “bortizkeria erabili behar ote da?” baizik eta, “zer egiten dugu bortizkeria honekin?”.
“Zaintza negatiboa” nozioarekin azaltzen duzu gure gorputza entzun beharrean, menderatzailea entzuten gabiltzala.
Heriotzarainoko arriskuan jarriak diren gorputzak, ehizaturiko gorputzak dira, etengabean botere harrapakariari aurre egin behar diotenak. Harrapakin posturan garenean, bizi honen ezaugarrietariko bat da besteekiko neurrigabeko arreta garatzearena, jakiteko zer eginen digun, zer gertatuko zaigun, zer-nolako bortizkeria jasango dugun. Feminismoan, bestearekiko arreta emakumeen egoera sozio-historikoari loturiko elementu bezala kontsideratua da tradizionalki, zeinetan emakumeak zaintzara zuzenduak diren. Hori horrela da eta egia da, baina zaintzan ez dugu hori bakarrik. Senarra ala bikotekidearen zaintza ez da soilik maitasun-enpatia forma bat. Bikote bortizkeria denean, zaintza hori hor dago bikotekidearen jarrera bortitza hor delako. Joko duelako, beharbada heriotzaraino, afaria hotza delako, nekatua delako edota espero duena ez duelako jaso. Ukaldiak eta bortizkeria saihestu nahian, hain naiz menderatzailearekiko arretatsu, non eta nire beharretatik, nire sentimenduetatik, nire mundutik erabat deskonektatzen naizen. Horrek bestearen bortizkeriaren justifikazio zerrenda luzea dakar. Lanjerraren ezagutza eta kontzientzia norberaren axolari artikulatzea funtsezkoa da. Hori ez bada egiten, justifikazioan eta ukapenean gara, zaintza negatiboan.
Ez ote da autodefentsa forma bat?
Noski. Baina autodefentsa ez da bakarrik defentsak ezartzea, norberak bere bizia salbatzea ere bada. Ukapenak edota amore emateak, defentsa psikikoak dira, egoera gehiegizkoa delako eta egunez egun biziraun behar delako. Hori defentsa da. Autodefentsan “auto” gehitzen zaio, hots, bere burua zentroan ematea. Ez indibidualismo modu batean, baizik eta norberaren politizazio forma batean. “Ez da gaiztoa izan, ez du ezer txarrik egin” erratetik “hau ez da ligatzea, hau nahi gabe barruratzen zait, min egiten dit, ezin dut gehiago, ezinezkoa zait” erratera pasatzerakoan, hor sartzen gara autodefentsan.
“Bizirautea,
gure buruaren
salbatzea izaten da
bortxaketaren unean daukagun autodefentsa maximoa”
Bidea egin behar da eta luzea izan daiteke. Badirudi kontzientzia feministarik gabe ez dela kausitzen bide hori.
Gorputzetik pasatzen da, gorputzak erraten dizu ez dela normala. Ikaran zara, eskuak izerditsu dituzu. Zure gorputzari berriz konektatzen bazara, gorputz bazara, gorputzak erraten dizu ez dela normala. Kalean zarela, “puta” ala “polita” erraten badizute, uzkurtze muskularrak ukanen dituzu, deseroso sentituko zara, sentipen meta batek adieraziko dizu ez dela normala. Erraten dudana da hori guztia politizatzeko beharra dugula. Ez dugu baitezpada kontzientzia feminista behar, ez dugu ordu luzez kontu batzuei buruz hausnartu behar. Hori oso ongi da, baina, azkenean, ez da nahikoa. Nire ustez, muskulua politizatzeko beharra dago, muskuluak uzkurtzen diren uneak adierazten digu egoera ez zaigula justua; une hori politikoa da eta horri lotu behar gara.
Erantzun kolektiboa eman zaio Manadakoari, autodefentsa feministara deituz. Aipatzen duzun “elkartasun politika” adibide nabarmena.
Elkartasuna gorputzen elkartasunetik pasatzen da; nire feminismoa hau da, autodefentsa feministarena. Oinarriak anarko-feminismoan, anarkismoan, erradikaltasunean kausitzen dira. Beti praktikatu izan dugu autodefentsa, bortizkeria politizatuz eta noski, kontzientziazio feministatik pasaz. Kontzientziazio feminista ez da soilik hitzetatik iragaten, elkarrekin trebatuz, gorputzetik, errabia politizatuz, errabia hitzez edo gorputzez adieraziz, horrela ere bideratzen da kontzientzia feminista. Botere harremanei doakionez krisi egoera batean gara eta benetan uste dut beste estrategia politikoen (Estatuaren esku utzi, hitz egin, salatu, aldarrikatu...) mugak begi-bistan ditugula. Patriarkatua bukatzeko, elkarrekin gorpuztu eta autodefentsa feminista lau haizetara hedatu behar dugu.
Eraso LGTBI+fobiko eta matxistak espazio publikoan ematen direla gehien adierazi dute mugimendu hauek urtero ateratzen dituzten txostenen arabera. Gasteizko Mugimendu Feministak eta Lumagorri elkarteak guztien plazera erdigunean jarriko duen jai eredu bat nahi dute, eta neurri... [+]
Iruñerriko mugimendu feministak elkarretaratzea egin du uztailaren 7an, bezperan izandako lau eraso salatzeko. Berriozarren eta Tuteran bi gizon atxilotu dituzte sexu abusuengatik.
Lo que quede (euskaraz 'geratuko dena', Continta me tienes argitaletxea) liburuan bere senar ohiaren tratu txarrak eteteko prozesua harilkatu du eguneroko indarkeria matxisten kontakizunekin, eta bere bizitzako emakumeekin batera eraiki duen orainaldi gozagarriaren... [+]
Hiru ardatz nagusi ditu protokoloak: pedagogia, prebentzioa eta erantzuna. 24 orduz aktibo egonen da erasoak salatzeko telefono zenbakia: (+34) 747 414 834.
Azaroaren 30eko Greba Orokorretik "indartuta" eta "saretuta" atera dira feministak. Jone Gil Landaburu, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak nabarmendu du horri esker mugimendu feministak zaintzaren auzia erdigunean jarri duela. Horrez... [+]
Mugimendu feministak deitutako manifestazioan bildu dira ehunka pertsona, Iruñeko Alde Zaharretik Sanfermin bezperan. Eraso matxistarik ez dutela onartuko adierazi dute.
Orain dela zenbait urte, lagun batek hainbat gogoeta partekatu zuen nirekin, digitalizazioa eta zaintzari lotuta. Eskarmentu handiko emakumea da, munduan bere izateak zauri txikiena egiteko bidean, izan behar dituen bizitza on baterako jokabideak oso barneratuta dituena. Eremu... [+]
Zure aurrean dago pertsona hori, apur bat ozen esaten dizuna, zuri, berak ez duela feminismorik behar. Gizona izan daiteke, emakumea ere bai… Bere burua ezkertiartzat ere har dezake. Edozein dela ere, berak gauza batzuk badakizki jada, zuk baino dezente gehiago. Zu... [+]
Otsailean jakinarazi zen emakume batek Bilboko Ormaetxe tabernako nagusiaren aurka salaketa jarri zuela, drogatu eta bortxatu izana leporatuz. Abiatutako salaketa dinamikaren ondotik, auzoko mugimendu feministak errepresioa jasan du: gutxienez 20 pertsona identifikatu dituzte,... [+]
Kote Cabezudoren eta bera babesten zuen sarearen biktimen testigantzak oinarri dituen En el nombre de ellas ["Beraien izenean"] dokumentalaren emisio eskubideak erosi zituen Disney+ plataformak. Emisioa iragarrita bazegoen ere, ez emateko erabakia hartu du plataformak... [+]
Azaroaren 25ean justizia feminista eta autodefentsa feminista aldarrikatu zituzten Euskal Herriko hamaika herri eta hiritan, baina erasoek ez dute etenik izan asteburuan: 18, 34, 35 eta 36 urteko lau gizon atxilotu dituzte, indarkeria matxistari lotuta, Tuteran, Tafallan,... [+]
Azaroaren 25a dugu, indarkeria matxistaren aurka karrikara ateratzeko eguna. Hitzorduak jarri ditu Euskal Herriko mugimendu feministak, Beldurra eta kontrolaren aurrean, justizia feminista! lelo pean –19:00etan Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 20:00etan Iruñean eta... [+]