Matteo Salvini denbora laburrean Italiako jaun eta jabe egin da aurretik Donald Trumpi AEBetan garaipena eman zion formula berdintsua erabiliz: herritarren arazo guztien errudun bihurtu etorkinak eta oro har atzerritarrak. Baina zer datza gorroto eta arrazismo horien arrakastaren oinarrian? Ziurrenik, diosku Ugo Bardik, zerikusia daukate munduko botere jokora berriro nazio-estatuak itzuli izanak eta Amerikako Estatu Batuen inperioaren etengabeko gainbeherak.
Ugo Bardi (Florentzia, 1952) ARGIAko irakurleak ezaguna duke gogoan baldin badu “Peak Civilisation: Zerk hondoratu gaitzake Erromatar Inperioa bezala?” titulua zeraman 2015eko LARRUN hura. Bardi, kimikako irakaslea Florentziako unibertsitatean, aditua da sistemen dinamikan, klimaren zientzian eta energia berriztagarrietan. Plazaratu berri duen The Seneca Cliff [Senekaren amildegia] liburuan deskribatzen du nola inperioek, handitu eta indartzeko urte luzeak behar dituzten bezala, hondoa jotzea oso denbora laburrean egiten duten.
Bardik bere The Cassandra’s legacy’ [Kasandraren testamentua] blogean idatzi berri du Italiak azken hauteskundeen ostean egin duen aldaketa handiaz: “Trumpek Italia bereganatu du kolpe azkarrean: Matteo Salvini eta eskuin italiarraren gorakada“. Hauteskundeak M5eko grilliniek irabazi arren, Italian benetan nagusi Salvini barne ministroa eta bere Liga ultra-eskuindarra baitira gaur.
Italiako politikagintza irauli duen Salvinik arrakasta lortu du, Donald Trumpi kopiatuz, herritarren malurren errudunei aurpegia jarriz: etorkinak, atzerritarrak eta ijitoak –nahiz eta hauek Italiako populazioaren %2 baizik ez izan–. Trumpek bezala Salvinik frogatu dute zenbat eta bortitzago, bihotz gabeago eta arrazistago mintzatu, orduan eta gehiago maite dituela publikoak.
“Egon behar du arrazoiren bat –dio Bardik kezkatuta– Italian arrazismoak eta gorrotoak horrela eztanda egiteko. Ziurrenik zerikusia dauka nazio-estatuak berriro munduko botere-jokoetan sartu izanak eta inperio iparramerikarraren gainbeherak”.
II. Mundu Gerra ostean Mendebal Europak onartu zuen AEBetako Inperioaren agente izatea, haren kontrolpean, armada europar propio bat gabe, denbora luzez ez moneta eta ez egitura politiko propiorik gabe, AEBei konkurrentzia egingo zien benetako inperio oso izateari uko eginda. Baina mende erdiz eraginkortasunez funtzionatu ostean, Europar Batasuna ahulduta dago gaur krisi ekonomikoagatik eta ezin da jakin Britainia Handia galtzea gaindituko duen ere.
Orain berriro indartzen ari dira estatu zaharrak, ez Europan bakarrik. Amerikako Estatu Batuetan Donald Trumpek bere gain hartu du AEBak diren inperioa berriro nazio-estatu bilakatzeko helburua. “Eta honek gauza asko aldatzen ditu, ez denak onerako”.
Kontu da –beti Bardiren iritzian– inperioak ez direla arrazistak izaten eta ez direla garbiketa etnikora dedikatzen. Ez zaie komeni, inperioek beren baitan osagai oso heterogeneoak menderatzen baitituzte, indarrez kontrolatu beharrekoak, armada indartsuz alegia. Horregatik dira inperioak hain garesti, aparatu militar handi eta kario bat eduki behar dutelako.
Gehiegizko gastu militarrak izan ohi dira inperioen kolapsoaren arrazoi ohikoenak. Antzinateko Erromari hala gertatu zitzaion eta berdin Sobietar Batasunari. Hala ari zaie gertatzen oraintxe AEBei ere: ezingo dute luzaz biziraun bera indartsu egin zuten energia eta baliabide merkeak ez bazaizkio iristen.
Aldiz, inperioen aldean nazio-estatuak izaki nahiko homogeneoak dira hizkuntzari eta etniari dagokionez, zati txikiagoetan banatzeko aukera gutxiagorekin. Indar militarrari dagokionez, aski izan dezakete gutxiengo etniko edo ideologikoak ito edo suntsitzeko gai den milizia batekin, horregatik dira inperioak baino merkeagoak eta erresistenteagoak.
Ez da erraza herritarrei ulertaraztea gaurko krisi ekonomikoaren oinarrian baliabideen agortzea eta ekosistemaren aldaketaren kosteak daudela. Alferrik da Salvini edo Trumpi populista edo arrazista deitzea: beren metodoarekin emaitza bikainak lortzen dituzte eta luze gabe ikusiko dira lider gehiago haien bide bera urratzen, Europa garbiketa etnikoetara eta gerrara hurbilduz.
2.000 urte pasata, Trajano eta Hadriano
AEBetako azken hauteskundeen bezperatan, 2016ko azaroan publikatutako “Zein enperadore litzateke Donald Trump?” analisian, Bardi saiatu zen Erromako inperioko enperadoreekin erkatzen Hillary Clinton eta Donald Trump. I. eta II. mendeetan Erromako inperioak nozitzen zituen gaur AEBek dauzkaten arazoetako asko: gero eta baliabide urriagoak, gehiegizko kosteak, zabalegi hedatutako armadak eta abar. Enperadoreek dilema honi egin behar zioten aurre: edo jokabide erasokorrean jarraitu inperioa areago zabaltzeko, edo eremua murriztu eta defenditu ordura arte inperioak lortutakoa?
Enperadore gehienek zuhur jokatu zuten, konkista berriei tentu handiz ekinez. Baina batzuk handinahiak ziren. Trajano (53 -117) kanpaina militar zail batean abiatu zen Daziako urre meategiak kontrolatzeko. Arrakasta militarra lortu zuen, baina ordainetan inperioaren finantzak hondatuz.
Hadriano (76 -138) etorri zen ondoren, espantsionismoa moztu zuen, defenda gaitzak ziren eremuak abandonatu zituen eta Erromaren aspaldiko etsaiekin bake itunak sinatzen hasi zen. Hadrianoren izena darama Britainia Handian erromatarrek eraikitako harresiak , Ipar aldeko herrien erasoetatik babesteko. Hadrianori jakintsu fama eman zio, baina harresiak eraikitzeko estrategiak epe luzera inperioa kiebrara eramaten lagundu zuen.
Bardiren analisian, Hillary Clintonek eduki zezakeen Trajano enperadorearen antza, honek inperioa zabaltzeko abiatu baitzuen ahalegin militar zail bat, azkenean inperioarentzako kaltegarri gertatuko zena. Trumpi, aldiz, hartzen zion Hadrianoren traza; Trajanoren oinordetza hartuta, Hadrianok justu kontrako norabidetik jo zuen: lurraldea zabaltzeko gerra guztiak gelditu eta inperioa bere mugen barruan gotortu.
Geroztik, agintea harturik, Trumpek bere analisia berretsi dio Bardiri: Trump jokatzen ari da duela 2.000 urte Hadrianok egin zuen moduan, nahiz eta alderaketak asaldatuko duen Marguerite Yourcenarren miresle bat baino gehiago. Gerra berrietan ez sartzeaz gain, Trump nabarmen ari da AEBak sistema ekonomiko globalizatutik baztertu nahian. Trumpek desegin nahi du 90eko hamarkadan neokontserbadoreek abiarazitako plan handia, Sobietar Batasuna hondoratuta AEBak bihurtzeko munduko inperio bakar.
Neocon jendearen plana primeran joan zen... lokatzetan sartu arte: garestiegia zen. Bushengandik hasita Obamarainoko Trajanoen ostean, Hadriano-Trumpen txanda da. “Inperio guztiak igarotzen dira hazkunde eta gainbeherazko ziklo berdinetik: horra Seneka amildegiaren legerik gogorrena. Hadrianok berak, hain jakintsua omen zenak, ezin izan zuen salbatu Erromako inperioa. Gehienez ere, lortu zuen bizirik atxikitzea denbora apur bat gehiagoz”.
Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez.
Martxoaren 14an Donald Trumpek agindu exekutibo bat sinatu zuen, hainbat berri agentziak jasotzen duten diru kopurua asko murrizteko. Kaltetuetako bat United States Agency for Global Media (USAGM) izan zen eta, ondorioz, Voice of America (VOA), Radio Free Europe/Radio Liberty... [+]
Signal aplikazioaren talde batera sartzeko gonbidapena iritsi zitzaion Jeffrey Goldberg The Atlantic hedabideko editoreari, Michael Waltz AEBetako Segurtasun Nazionalerako aholkulariak bidalia. Yemengo hutien aurkako erasoak koordinatzeko erabiltzen zuten taldea... [+]
1798ko Atzerriko Etsaien Legea aplikatu du, Washingtoneko epaile federal baten aginduaren gainetik. Ustez Tren de Aragua "talde terorristako" kideak dira; Bukelek eskatuta, Mara Salvatruchako 23 kide salvadortar ere deportatu ditu. El Salvadorko makro-kartzelara eraman... [+]
Trump/Vance eta Zelenskyren arteko sesio gogoangarriak, Europan behintzat, erabat isilarazi badu ere, bada beste mundu-parte batean bederen dezenteko harrabotsa harrotu duen burutazioa. Afganistango Bagrameko aire-basea berreskuratu nahiko luke Trumpek, bere lehen... [+]
AEBek Ukrainako gerraren aurrean egindako jarrera aldaketaren barruan, “lur arraroak” deiturikoak negoziaziorako gai nagusi bilakatu dira Volodymyr Zelenskyren eta Donald Trumpen artean. Lehenak nahi du AEBek bere segurtasuna bermatu dezatela Errusiaren aurrean,... [+]
Trumpen itzulera pizgarri izan da sendotuz doan eskuin muturreko erreakzionarioen mugimenduarentzat. Izan ere, historikoki, faxismoaren gorakada krisi ekonomikoekin lotuta egon da, baita sistemaren zilegitasun politiko eta ideologikoaren krisiarekin ere. Gaur egun, geldialdi... [+]
Batzuendako, dirutza izatea ez da nahikoa, eta euren ego hauskorrek diruaren txintxina ez ezik, protagonismoa ere eskatzen dute. Aberats okituak izatea nahikoa izango ez balitz bezala. Beti gehiago behar dute, anbizioa deritzote antsia horri, baina botere gosea eta nabarmendu... [+]
Su-etena hausteko arriskua erreala izan bada ere aste guztian zehar, adostasun batera iristeko bidean dira bi aldeak: bahitu gehiago askatuko lituzke Hamasek, laguntza Gazara sarrarazteko bidea ez oztopatzeko "promesa" egin duelako Israelek. Arabiar Ligako herriek... [+]
Air Force One hegazkinean Super Bowl-erako bidaia aprobetxatu du Donald Trumpek, ezartzear dituen muga-zergen berri emateko. Eszenografiaren aldetik, bikain. Etxerako mezua da “lasai baino lasaiago nago ni; begira nora goazen... Estatubatuarrak ere lasai egon daitezke... [+]
AEBetako presidentearen Gazako palestinarrak kanporatzeko asmoak aurkako erreakzio ugari eragin ditu nazioarteko nahiz herrialdeko politikan, baita Alderdi Errepublikanoan ere. Gehienek "garbiketa etnikoa" sustatzea egotzi diote, baina Trumpek bere asmoa berresten... [+]
Zutabe hau idazten nengoela, gaia aldatu behar izan dut, nire arreta osoa harrapatu dutelako Trumpen muga-zergek. Azalpen gutxi beharko duzue, leku guztietan da berria, Txinako produktuei %10eko zerga eta Kanadako eta Mexikoko produktuei %25eko muga-zergak jarri dizkie. Trumpek... [+]
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bisitarekin batera egin ditu adierazpenak AEBetako presidenteak, Etxe Zurian. Zerrendan bizi diren 1,8 milioi palestinarrak Egipto edota Jordaniara lekualdatzea proposatu du.
Su-etenaren akordioarekin barnean, Israelgo armadak Netzarim korridorea ireki du. Ia urtebeteko erbestealdiaren ondoren, milaka palestinar euren etxeetara abiatu dira bidaia emozional sakonean. Trumpek gazatarrak Egiptora eta Jordaniara desplazatzea proposatu du, eremua erabat... [+]
AEBko John C. Coughenoiur epaileak onartu du Washington, Arizona, Illinois eta Oregon estatuek elkarrekin aurkeztutako helegitea, eta horren arabera atzera bota du Donal Trumpek AEBn jaiotako migratzaile ez legezkoen seme-alabak kanporatzeko dekretua.