Aurten 25 urte dira Hondarribiko musikari gazte multzoa batu eta Psilocybe elkartea sortu zutela. Amute auzoan lortu zituzten entsegu lokaletan izerdia botata trebatu dira Dut, Beti Mugan, Sorotan Bele, Lif eta beste dozenaka talde gogoangarri. 2008tik, kontzertu aretoa eta grabaketa estudioa ere baditu Psilocybenea izendatutako eraikinak. Bertan entseatzen duten taldeetako kideek kudeatzen dute. Urtebetetzearen aitzakian, bisita egin eta haietako birekin elkartu gara: Ortzi Alonso eta Mikel Tiferekin. Atzera begira jarri ditugu, baina urteurrena eta etorriko direnak ahaztu gabe.
Udak zaildu egiten du agendak koordinatzea. Oporraldia dela, herriko festak direla… Beti bada zerbait. Hala ere lortu dugu, azkenean, astearte bero eta lainotsu batez, hitzordua lotzea. Kotxe bakarrean elkartu eta han joan gara biak, argazkilaria eta kazetaria, Hondarribiko Amute auzora. Parez pare aparkatu dugu. Hortxe dago, gure begien aurrean, Psilocybenea. Kanpotik ere deigarria da eraikina: hormen kolore beltza, leiho borobilduen zuria, eta sarreran, orain gutxi jarri duten neoizko ‘P’ arrosa. XX. mende hasieran eskola izan zena, Bidasoaldeko musikazaleen erreferentziazko gune bihurtua.
Ate nagusia gurutzatu dugunerako Ortzi Alonso dugu zain. Bateria jotzen du Marmoka taldean. Sortzaileetako bat izan ez bazen ere, gertutik ezagutu zituen Psilocyberen lehen urteak. 1993an sortu zen, Hondarribiko rock musika taldeen elkarte gisa. Bilatzen jakinez gero, Jaizkibelen aurki daitekeen mongiaren omenez jarri zioten izena. Entsegu lokalak lortzeko borrokatzeaz gain, Sainduako gaztetxean kontzertuak antolatzen zituen elkarteak, eta horren bitartez ezagutu zuen Alonsok. “Kontzertuetan bateria jotzen zutenei erreparatzen nien, eta han piztu zitzaidan haiek bezalakoa izateko gogoa”. 1997an egin zen, definitiboki, elkarteko kide: lagun taldea elkartu eta kide zaharragoengana joan ziren lokalak erabil zitzaketen galdetzera. Baiezkoa izan zen erantzuna. Giltzak utzi zizkieten, eta han bertan egin zuten lehen entsegua.
Horma bete talde
Garagardo bana atera digu Alonsok, eta hura eskuan dugula eraman gaitu Psilocybek duela hogeita bost urtetatik kudeatu dituen entsegu lokaletara. Beharrezko material guztiarekin hornitutako hiru gela dituzte gaur egun. Denera hemezortzi taldek erabiltzen dituzte, txandatan banatuta. Pasabide batek lotzen ditu hiru gelak. Bertako horma zurietan Psilocybe etxetzat izan duten talde guztien izenak daude idatzita, Judas Arrieta artistak egindako lanari esker. Martxan daude batzuk: Marmoka, Velozet, The Arritmic’s, Elektropatxaranga, Sacco, Deskode… Beste izen askok ordea, garai haiek bizi zituztenek ahaztuko ez duten iragana gogorarazten dute: Pinbol, Sorotan Bele, Lif, Blood Seekers, Beti Mugan, Dut… Azken hori da, Dut, Psilocybe zapaldu duten talde guztien artean Alonso gehien kitzikatu duena. “Lurra dardarka jartzen zuten, baita hormak ere. Ondoko lokalean bazinen, ezinezkoa zen haiekin batera entseatzea”.
Mikel Tife:
“25. urteurrenaren harira indarberrituta eta gogoz gaude, eta talde berriak batu zaizkigu”
Hormako izenei begira ari garela iritsi da Mikel Tife, Velozet taldeko abeslaria. Alonso baino urte batzuk gazteagoa da, eta beranduago sartu zen Psilocyben. Lif taldean jotzen zuten haren lehengusuek, eta haiek zeinen ondo pasatzen zuten ikusteak piztu zion musika talde bat izateko grina. “Lifen entsegu batean izan nintzen lehenengoz hemen, eta gogoratzen dut egun horretan hartu nuela nire lehenengo garagardoa”. 2002an, OCT taldea sortu zuen lagun batzuekin, eta orduan egin zen elkarteko kide. Alonsok eta biek nostalgia puntu batekin gogoratzen dute garai hori: edaria erosi eta beste talde baten entseguak ikustera joaten ziren; edo entsegurik izan gabe ere lokaletara joaten ziren beste edonorekin elkartu eta musika sortzeko. Orain halakoak ezohikoagoak direla dio Alonsok. “Pena da: orain denok gara, orokorrean, indibidualistagoak. Baina ez hemen bakarrik, baita gizartean ere. Bizilaguna ere gero eta gutxiago agurtzen dugu”.
2008ko mugarria: apustua handira
Entsegu lokalak atzean utzi, eta eraikinaren beste aldera itzuli gara. Han daude taberna, bulegoa, estudioa eta 200 lagun har ditzakeen arrosa koloreko aretoa. Ez da txikiegia, ez handiegia. “Neurrikoa” dio Tifek, nahikoa handia kontzertu jendetsu bat antolatzeko, eta nahikoa txikia publikoa gain-gainean sentitzeko. Aulki bana hartuta, bertan eseri gara elkartearentzat mugarria izan zen beste garai bati begira jartzeko. 1999an Saindua gaztetxean kontzertuak antolatzeko baimena galdu zuten, eta zenbait urtez, Hondarribian ez zen kontzertuak antolatzeko espaziorik izan. Hori ikusita, eta entsegu-gelen eraikinaren beste zatia hutsik geratu zela jakinda, Udalari proposamena egitea erabaki zuen elkarteak. Bertatik sortu zen eraikin guztia elkartearen esku utzi zuen proiektua, eta orduan hasi ziren gaur egun Psilocybenea denari forma ematen.
2008an inauguratu zuten gaur egun bere horretan mantentzen den eraikina. Geroztik zientoka talde igaro dira Psilocybeneako aretotik: bertakoak zein nazioartekoak. Helmet estatubatuarrek emandako kontzertua da Alonsok gehien gogoratzen duena. Tiferi aldiz, Bob Log III orkestra-gizonak eskainitakoa datorkio gogora. Hainbat bazkiderentzat teknikari lanak egiten ikasteko plaza izan da aretoa, eta grabaketa estudioari ere zukua atera diote. Tiferen aurreko taldea zen Luz de Putas-ek, adibidez, bertan grabatu zuen euren diskoetako bat.
Baina aukera berriekin batera, ardura berriak ere etorri zitzaizkion elkarteari, antolatzeko modua goitik behera aldatzeraino. “Entsegu lokalak kudeatzea erraza da, baina barra, aretoa, estudioa… askoz ere lan gehiago da hori”. Ardurak banatu eta lan-taldeak osatu zituzten, eta hala jarraitzen dute hamar urte geroago ere. Musika talde bakoitzak urtean 120 euroko kuota ordaintzen du, eta gastu oinarrizkoenei aurre egiten diete horrela. Badira, baita ere, gaur egun talderik ez duten arren bazkide badiren kideak, proiektua laguntzen jarraitu nahi dutelako.
Erreleboaren premia
Aretotik bertatik mugitu gabe jarraitu dugu solasaldia. Galdetu gabe aipatu digute: Psilocybeko beteranoen artean asko errepikatzen den gaia da erreleboa. Edo, bestela esanda, errelebo falta. Jende asko igaro da bertatik, eta urte askoan luzatuz gero, erre dezakeen lana dela aitortu du Tifek. Ziklikoa dela uste du, hala ere. “Orain, hogeita bosgarren urteurrenaren harira, adibidez, indarberrituta eta gogoz gaude, eta talde berriak batu zaizkigu gainera”. Sumatu du publikoa gero eta zaharragoa dela, baina programatzen den musika motari egozten dio hori. Jatorriz rock musika taldeen elkarte gisa sortu zen Psilocybe, baina hogeita bost urteotan beste hainbat tankeratako musika taldeak igaro dira bertatik. Etorkizunean ere hala izan behar lukeela dio: “Trap musika gustuko duen jendea sartuko balitz, euren tankerako musika programatu ahal izango lukete, baina nik, nahiko banu ere, ezingo nuke. Ez ditut taldeak ezagutzen”.
Ortzi Alonso:
“Pena da: orain denok gara indibidualistagoak. Baina ez hemen bakarrik, baita gizartean ere”
Alonso ez dator guztiz bat. Rocka bera nahikoa anitza izan daitekeela uste du, eta aretoak berak baduela musika mota jakin horrekin oso lotuta dagoen izaera propioa, salbuespenak salbuespen, mantentzen dena. Hala ere, are gehiago ireki nahi luke elkartea, “energia berria” behar baitute proiektuak bidea egiten jarrai dezan. Ondo ezagutzen ez duen arren, Gernikako Astran horretarako egiten ari diren prozesua eredugarria iruditzen zaio.
Ospatzeko, kontzertuak eta garagardoa
Urte osoa berezia izanda ere, abuztua hautatu dute urteurrenaren ospakizunetarako. Espero bezala, kontzertuak izango dira protagonista. Hori bai, elkartearen lana kalera atera nahi dutela-eta, ez dira Psilocybenean izango, Hondarribiko hainbat txokotan baizik. Alonsok eta Tifek, biek joko dute euren taldearekin egun handia izango den abuztuaren 25ean. Gernikako Arbola plazan izango dira Marmoka eta Velozet; Capsulak, Belakok eta Disco Bambinok lagunduta. Garagardo propioa ere egin dute urteurrenerako, Bidassoa Basque Brewery ekoizlearekin elkarlanean. Uztailaren amaieran aurkeztuko dute, eta ordutik aurrera mongiaz eta elkarteaz gain, garagardoa ere izango da Psilocybe.
Solasaldia amaituta, argazkien txanda da orain. Posatzea baino errazagoa delakoan, tokia erakusten jarraitu dute, eta eraman gaituzte backstage-a eta irratia den gela zirkularrera. Dozenaka talde eta beste horrenbeste anekdota ezagutu dituzten hormak Psilocyben programatutako kontzertuen kartelez josita daude, kolore arrosa deigarria estaliz. Ez legoke gehiagorentzako tokirik, ez balitz azken urte honetakoak sabaian jartzen hasi direlako. Hor bai, badago tokia. Gutxienez, beste 25 urterako.
Uztailak 29: Eilen Jewell, Itxas Etxea auditorioan.
Abuztuak 4: Moon Djs, Olazabal parkean.
Abuztuak 11: Kid Es3 eta AnderGround DJ, Olazabal parkean.
Abuztuak 24: Acto Messie, Selektah Stepi, Mighty Diamonds eta Charlat 58 Feat MataH, Gernikako Arbolan.
Abuztuak 25: Afamada Orquestina, herri bazkaria; Marmoka, Velozet, Capsula, Belako eta Disco Bambino, Gernikako Arbolan.
Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]
'Tristan und Isolde' opera
Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]
Fiesta y rebeldía. Historia oral del Rock Radical Vasco
Javier 'Jerry' Corral
Liburuak, 2025
------------------------------------------------
Javier Corral ‘Jerry’ EHUko Kazetaritzako lehen promozioko ikaslea izan zen, Euskal Herriko rock... [+]
Dena
NOIZ: urtarrilaren 18an.
NON: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
----------------------------------------------
Galdera bat dabilkit buruan azken aldian: zenbat aldatzen dira gauzak 30 urtetan? Bai, irakurle, asmatu duzu: hiru hamarkada bete berri ditut. Laugarren... [+]
Lizarrako Udalaren jarrera autoritarioa salatzeko sortu zuten Beef D'Alda abestia, eta horren harira auzipetu dituzte. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeaz gain, otsailaren 8rako egitarau bat antolatzen ari dela jakinarazi du musika taldeak.
Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.
Zerrautsa
Olaia Inziarte
Panda, 2024
-------------------------------------------
Depresio garaian idatzitako hamalau kanta. Halaxe aurkeztu zuen Olaia Inziartek orain aipatu ezin den euskarazko lehenengo late night-ean. Diskoa irekitzen du Zerrautsa pieza bru-ta-lak... [+]
Oholtzak betiko utziko dituela jakinarazi zigun Benito Lertxundik badira jada hainbat aste, eta geroztik asko gara maila batean ala bestean umezurtz sentitzen garenak, halako galera edo abandonu sentsazioarekin, triste. Iruindarroi, behintzat, bere zuzenekoen zirrara azken aldi... [+]
Nafarroa Arenan Mitoaroa ikusten izandako lagun batek “telurikotzat” jo zuen entzun-ikusi-sentitutakoa. Niri ere hala iruditu zitzaidan telebista medio etxetik hauteman nuena.
Pentsa daiteke Mitoaroak piztutako grinak eta atxikimenduak proiektuaren ikusgarritasuna... [+]
Euskal Herriko Gazte Orkestra. Neguko topaketa
Zuzendaria: Iker Sánchez.
Narratzailea: Kepa Errasti.
Egitaraua: Britten eta Beethovenen lanak.
Lekua: Donostiako Victoria Eugenia antzokia.
Eguna: urtarrilaren 2a.
Chulería, joder!
NOIZ: urtarrilaren 5ean.
NON: Bilboko Kafe Antzokian.
----------------------------------------------------
Aretoa betetzen ari dela, antzokiko goiko barandaren atzetik beherantz begira, ni baino gazteagorik topatuko ote dudan jolasten eman ditut... [+]
Beyoncé futbol amerikarreko partida baten atsedenaldian, Houstonen (Texas). Kantari estatubatuarra cowboy jantzirik atera da estadio erdira. Kapela hegaluzeak tapatzen dio burua, zangoak belaunetarainoko bota luzeek. Soineko zuri urriak, berriz, izterrak eta paparra... [+]
Urte berri goiza Joxe Ansorenak, gure aitona Isidroren anaiak, sortutako biribilketa baten izenburua da, urteberri goizean txistulariek kalez kale jo zezaten asmatua. Doinu horren airean, gaueko kondarrak bilduz joaten ginen, zabor kamioiak bezala. Behin, Sakito mozkor galanta... [+]