Zazpi egun. Hamazazpi gazte. Bost begirale. Hamaika bizipen. Elkarren arteko lotura euskara. Horrela topatu ditugu Zestoako Sastarrain baserri-eskolan UEMAk udalerri euskaldunetako gazteentzat antolatutako Salto! udalekuetan parte hartutako lagunak.
Astebeteko udalekuak antolatzen dituen lehen urtea da UEMArena, estreinaldia; eta dagoeneko gazteak etxera itzuli badira ere, guk azken egunetan harrapatu ditugu Zestoan. 15 eta 18 urte bitarteko hamasei gazte euren kabuz gosaldu ondorengo jolasa erabaki eta antolatzen utzi ditugu baserri-eskolako gela batean, eta gurekin bildu ditugu Jokin Uranga UEMAko hezkuntza arloko arduradun eta udalekuetako koordinatzailea, Aizpea Aristi begiralea eta Irati Mendizabal, 14 urteko gazte oiartzuarra.
“Salto!-ren helburua euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea” dela azaldu zuen udalerri euskaldunen elkarteak udako programaren aurkezpenean, eta “aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da udaleku hauekin”. Baina bete al dira benetan helburuak? Galdera hori egin die kazetariak hiru lagunei, eta hirurak, bakoitzak bere esparrutik begiratuta, gustura azaldu dira. “Ez ditugu formazio udaleku batzuk antolatu nahi izan. Horretarako badago ikasturtean zehar programazio oso bat prestatuta, eta ez ditugu ‘aspertu’ nahi izan hitzaldiekin edo tailer serioekin. Uste dugu gozamenetik eta plazeretik, zeharka bada ere, gauza asko barneratzen direla. Udaleku hauen helburua udalerri euskaldunetako gazteak elkar ezagutu, euren egunerokotasuna partekatu eta beste herrietan ere euskaraz bizi direla ikustea izan da; eta hemendik bueltan bakoitzak bere herrian hizkuntzaren eusle papera jokatzea. Azken batean irla txiki batzuk gara”, adierazi digu Jokin Urangak.
“Zazpi egunetan talde-giro zoragarria izan dugu bai gazteen eta bai begiraleon artean. Jolasen eta ekintzen bidez aritu gara aipatu duzun kontzientziazioa lantzen. Euskal musika eta kulturari lotutako eguna izan genuen atzo, adibidez, eta algara artean entzun eta ezagutu genituen hainbat euskal talde. Gazteei hitz bat eman eta hitz horri lotuta ahalik eta abesti gehien biltzea izan zen jolasetako bat. Gustura aritu ziren, eta balio izan zigun ikusteko zenbat kanta dakizkigun, zein gai diren euskal musikagintzan agertzen direnak, eta abar”, kontatu digu Aizpea Aristik.
Irati Mendizabal gazteak ere “oso balorazio positiboa” egin du: “Oñati, Oiartzun, Bermeo, Otxandio eta Igorreko hamazazpi lagun elkartu gara eta izugarrizko harremana egin dugu elkarrekin. Denetarik egin dugu, errekan ibili, mendira edo hondartzara joan, ginkanak, gaubelak... oso esperientzia polita izan da, errepikatzeko modukoa”.
Espero baino talde txikiagoa bildu da, eta antolatzaileek onartu dute “kosta egin dela” gazteak erakartzea. “Alde batetik adina dago. Agian gaztexeagoak gerturatzea errazagoa izaten da 15-18 urte bitartekoak erakartzea baino”, aitortu du koordinatzaileak. “Eta bestetik dago zuk bertso- edo kirol-udaleku batzuk antolatzen badituzu errazagoa izan daitekeela, gazte horiek astero zerbaitek biltzen baititu, zerbait zehatzagoa egiteko jendea batzea errazagoa izan liteke. Gure kasuan, zabalagoa da udalekua bera, eskaintza orokorragoa izan du, eta lehen urtea izanik, gainera, gazteek ez dute aurreko erreferentziarik”, jarraitu du. Baina talde txikiaren “alde onak” azpimarratu nahi izan dituzte hirurek, denen artean harreman estuagoa egiteko neurriko taldea izan baita. Urangaren hitzak: “Ni joan-etorrian ibili naiz, ez naiz begiraleak bezala egunean 24 orduz gazteekin egon. Kanpotik ikusi ahal izan dut harremanen garapena, eta ederra izan da bai gazteen eta bai begiraleen artean sortu den saltsa”.
Asteburu bateko prestakuntza-saioa jaso dute aurretik begiraleek. Hasteko, UEMA zer den ezagutu, bere ibilbidea zein den, zer helbururekin lan egiten duen eta abar landu dute; eta segidan udalekua bera prestatzeko baliatu dute asteburua. Dena dela ere, begirale gehienak udalerri euskaldunetakoak dira, eta aurretik ezagun zuten elkartea. Gainera, pare bat lehengo urtean Orion UEMAk berak antolatutako Gazte Topaketetan ere aritu ziren lanean, eta beraz, bazuten funtzionamenduaren berri.
Udaleku hauen oinarrian hezkuntza proiektu oso bat dago. Herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen duela bi urte, eta azken ikasturteetan UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean elkarteko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren xedea, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian ekin zioten iragan urtean Salto! proiektuari. Asteburu bateko Salto! Gazte Topaketak antolatu zituen 2017an Orion UEMAk. Eta aurten beste pauso bat eman du: hiru egun haietan landutako eduki guztia modu lasaiagoan lantzeko eta gazte gehiagorengana heltzeko, asteburu bateko egonaldia beharrean aste osoko udalekua prestatzea erabaki dute.
Datorren urteari begira formatu bereko zerbait antolatuko den oraindik garbi ez badago ere, asteburu bat edo pare bateko egonaldiak aurreikusten ditu UEMAk, gazte hauek elkarrekin harremantzen eta ahalduntzen jarrai dezaten.
“Udalekuetara joateko gogoa geneukan, eta eskolan eman ziguten Salto!-ren berri. Aukera polita iruditu zitzaigun, eta ez naiz batere damutzen. Oso ondo pasa dugu eta harreman estuak eginda goaz etxera.
Ni Irunen bizitakoa naiz, ez naiz betidanik Oiartzunen bizi izan. Aldaketa handia nabaritu nuen herri batetik bestera hizkuntzari dagokionez. Leku batean inguru guztiarekin gaztelaniaz egitetik, denekin euskaraz hitz egitera pasa nintzen. Oraindik ere Irunera bueltatu eta lagunen batekin euskaraz hitz egiten badut badago bateren bat esaten didanik, “zergatik ari zarete euskaraz?”.
Baina Oiartzunen ere ez dute dakiten guztiek hitz egiten, eta uste dut hori euskararen kontra egitea dela. Gure hizkuntza da, eta pentsatzen dut inportantea dela dakigunok hitz egitea”.
Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]
Argantzonera (Araba) iritsiko da asteazkenean Euskarabentura espedizioa, Gesaltz-Añanatik pasa ostean aurreko egunean. Hamar egun dira espedizioa hasi zela Atharratzen (Zuberoa). 15-17 urte bitarteko 125 Jzioquitar (Euskarabenturako parte-hartzaileek jasotzen duten izena... [+]
Erripako kaian euskaltzale ugari bildu dira euskaraz libre aritu ahal izateko sortu den mugimenduaren aurkezpenean. “Urte luzez bilbotarrek egindako lan ikaragarriaren ondorio eta ondorengo” izango dela adierazi dute.
Inoiz baino jende gehiago bildu da Iruñerriko III. Mintzodromoan. 180 pertsona inguru aritu dira euskara praktikatzen eta sare euskalduna zabaltzen.
Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]
Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.
Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]
Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]
Umap Twitterreko euskarazko jardunaren biltegia 2010eko urrian hasi zen martxan, CodeSyntax-en eskutik. 2023an, hil egin da. Elon Musk-ek hil du, berak zer garen eta nor garen ez dakien arren. Umap-en hainbat zerbitzuren oinarri izan da, euskarazko txiolarien, hedabideen eta... [+]
Ekainaren 24an bigarrenez egingo da Euskara jalgi hadi plazara lagunarteko futbol txapelketa Lezaman. Euskal Herri osoko lau kirol elkartek hartuko dute parte, eta helburua kirolean ere euskararen erabilera sustatzea izango da.
Erronkaribarreko ehunka lagun biltzen duen urteroko zita ospatuko dute maiatzaren 20an Erronkariko herrian bertan. Uskararen Egunak 26. edizioa du aurtengoa, eta ibarreko herritarrak kohesionatzeko eta jendartea biziberritzeko ezinbesteko ekimena bihurtu da.
Errealitatea eraldatzeko, gauzak ahalik eta zehatzen ezagutu behar direla sinetsita dago Iñaki Iurrebaso Biteri (Legazpi, 1967). Soziologoa ikasketaz, ofizio horretan aritu izan da beti, hasi Donostiako Udalean, Aztikerren ondoren, eta bere kabuz gero. Azken zortzi urteak... [+]
Nafarroako 7. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak eman ditu jakitera Euskarabideak, Nafarroako Gobernuaren euskara zerbitzuak. 2021ekoak dira neurketak, eta bertan jasotako datuak laburbilduz, Kike Amonarriz soziolinguistak egin duen bezala, "ezagutzan irabaziak, erabileran... [+]
Amikuzeko Zabalik elkarteak aste honetan ekingo dio euskara hutsezko Otsail Ostegunak hitzaldi zikloen 26. edizioari. Aurtengoan, gainera, ekitaldia otsailetik martxora zabaldurik lau ez baina bost ostegunez burutuko dira hitzaldiak Donapaleuko Bideak gunean, duela gutxi arte... [+]