Sarean bilaketa azkar bat egin eta hitz loriatsuak baino ez ditugu aurkituko Juan Sebastian Elkanoren inguruan. Espainiako orriek gogoraraziko digute globalizazioa eta merkataritza bide berriak irekitzen munduari egindako ekarpena. Euskarazkoetan, aldiz, jatetxe, txakolin eta turismorako dei artean, euskaldunok itsasoan munduko onenak ginela goresteko fetitxe bat agertuko zaigu. Munduari buelta ematen lehena izan zela azpimarratzen dute guztiek. Mundu Biraren V. Mendeurrenaren makineriak prest du Elkano marka. Baina historia ez denez sekula neutroa, kazetaritzaren antzera, zer gordetzen dute, zer saltzeko?
Getariako udaletxe aurreko plazatxoa. Asteazkena, 08:20. Lau katu kalean. Parean dudan estatuari argazkia egiten dion bigarren pertsonarengana hurbildu eta: “Barkatu, ba al dakizu hori zein den?”. “No idea, but I like the photo”, dinosta Donostiatik Juan Sebastian Elkanoren jaioterrira heldu den turista australiarrak. Euskal Herrian ezer gutxi dakigu Elkanoren inguruan, zer eskatuko diogu bada gu bisitatzera datorrenari?. Ezezagutza hori oso orokortua dagoela dio Nikanor Lertxundi (EH Bildu) alkateak: “Ezjakintasun handia dago, estereotipo galantak daude, Getarian zein hemendik kanpo. Elkano ezaguna da munduari buelta emateagatik, baina hori da dakigun ia gauza bakarra”. Eta, egiari zor, hori ere batzuentzat ezbaian dago. Adibidez, zenbaitek, Magallanesek 1519an abiatu eta 1522an Elkanok burutu zuen munduaren bira ez zen historian egindako lehena izan. 100 urte lehenago, 1421 eta 1423 bitartean, Txinako Zhu di enperadoaren itsas-espedizioko kideak izan ei ziren munduaren biribiltasuna frogatzen lehenak.
Domina zein paparretan jarri baino, gauza bat ziurra da: hemendik eta 2022ra bitartean, Elkanori buruz inoiz ez bezala entzun, irakurri eta ikusiko dugu. Mundu biraren bosgarren mendeurrenari begira diskurtsoak, produktuak eta ekimenak prestatzen hasi dira Espainiako eta bertako erakundeen bultzadaz. Elkano marka etxean eta munduan barrena zabaltzera doaz, bakoitzaren egungo interes politiko, ekonomiko eta mundua ulertzeko era propiotik abiatuta.
“Elcanoren espedizioa Espainiako Armadaren aparteko balentria izan zen”
Espainiako Erregearen hitzak dira, Elkanoren V. Mendeurrenari babesa adierazteko urtarrilean Madrilgo Zarzuelan egin zuten ekitaldian esandakoak. Espainiar nazionalismoari beti baliagarri gertatu zaion pertsonaia da Elkano, baita diktadura frankistari ere. Orduko Espainiako Inperioaren handitasuna iradokitzen duen elementu ororekin egiten duten gisan. Ikuspegi horretatik bakarrik uler daiteke, Espainiako Gobernuak Elkanoren V. Mendeurrena antolatzeko ardura Defentsa Ministeriori eman izana, kultura sailarekin batera. Sustatzen hasi diren Elcano markaren helburu politikoak oso argi azaldu zituen Odon Elorza diputatu donostiarrak bere blogean 2017ko azaroan: “Espainiako herrien historia komunaren pasarte garrantzitsu hau hauspotu behar dugu. Oso komenigarria da gogoraraztea euskal herritarrak izan zirela punta-puntako protagonistak, Espainiako Koroak sustatutako enpresa kolektibo horretan eta, oro har, Espainiako Erresumaren itsas-kanpainetan (militarrak)”.
Espainiako Gobernuak “aparteko interes publiko” izendatu du mendeurrena eta pizgarri eta hoberi fiskalak eskaini dizkie –%90era artekoak– mundu birari buruzko ekintzak antolatu edo hedatuko dituzten elkarte eta enpresei. Elkanoren balentriak mundura saltzeko lehen proiektuetako bat martxan da jada: 25 milioi euroko aurrekontua duen Sin límites filma, The Hobbit eta Game of Thrones superprodukzioetan aritutako profesionalekin, Simon West ingelesaren zuzendaritzapean. Miguel Menéndez de Zubillaga filmaren ekoizle bilbotarraren hitzetan, “Elkano da Espainiako konkistatzailerik garbiena, ez baitu alde negatiborik. Ez zuen ezer txarrik egin, aurkitzaile bat izan zen, heroi outsider bat da, Blas de Lezo eta Don Pelayoren parekoa. Ez dugu lan historikorik egingo, abentura eta akziozko filma izango da”.
Paraleloki, Andaluzian eta Euskal Autonomia Erkidegoan mendeurrenari heltzeko ekimen propioak sortu dituzte.
“Elkanok ordezkatzen du euskaldunok izan ginena eta egun garena”
‘Mundu bira 500: Elkano Fundazioa’ iazko uztailean sortu zuten, eta ordutik lanean ari da. Ondorengoek osatzen dute patronatua: Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Arantxa Tapia, Kultura sailburu Bingen Zupiria, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olano eta Gipuzkoako Kultura eta Turismo saileko buru Denis Itxaso, Urola Kostako Mankomunitateko lehendakari Igor Iturain, Getariako Aitor Urresti (EAJ) eta Floren Iribar (EH Bildu) zinegotziak eta Nikanor Lertxundi alkatea. Fundazioak langile bakarra du momentuz, zuzendari lanetan ari den Ion Irurzun, aurretik Gipuzkoa Berritzen egitasmoan aritua.
Irurzunen hitzetan, fundazioak orain dela 500 urteko sakoneko kontuei jarriko die azpimarra. Adibidez, “orduan itsasontzien %90 hemen egiten zirela edota euskal marinelek mundu zabalean izan duten izen ona; euskaldunok itsas-kulturarekin dugun harremana landu eta zabaldu nahi dugu eta Elkanorena hito bat da, marka bat”. Ikerketa sustatzea, Elkanoz gehiago jakitea, lehen zeregin handietako bat izango dutela dio, “aurreiritzirik gabe”. Horretarako, fundazioaren aurkezpenean adierazi zutenez, “kultura, turismoa, industria, merkataritza eta hezkuntza arloen sustapena izango du xede eta ardatz, Getariako marinelak egindako balentria balioan jarriz”.
Xabier Alberdi: "Aparteko enpresari gisa ikusten dut Elkano, ADEGIko presidente baten antzera. Arrakasta nola edo hala lortzeko zer egin behar den pentsatu eta esango duen Jose Luis Korta bat"
Fundazioak bere egin duen ikuspegi historiko eta diskurtsoaren egile eta dibulgatzaile nagusietako bat Xabier Alberdi historialari zarauztarra da. Donostiako Ontzi Museoko zuzendari zientifikoa eta Pasaiako Albaola Faktoriako ikerketa burua da. Albaola ezagun egin da azken urteotan itsas-kulturan eta horren bueltako garapen teknologikoan euskaldunok munduan izan dugun aparteko garrantziaz egindako dibulgazio lanarengatik. Juan Sebastian Elkano ere diskurtso horretan txertatu dute Alberdik eta Mundu Bira Fundazioak orduko euskal gizonen itsas-balentrien ikur gisara aurkeztuz. 2017ko uztailean Deiari eskainitako elkarrizketan hala definitzen zuen Elkano: “Estratega handi bat, aparteko enpresari gisa ikusten dut, ADEGIko presidente baten antzera. Abentura sena duen ekintza gizon bat. Arrakasta nola edo hala lortzeko zer egin behar den pentsatu eta esango duen Jose Luis Korta bat. Ez gara jabetzen Elkanok egin zuenaren tamainaz eta gainera euskaldunok ez dakigu gure burua saltzen”. Mundu biraren mendeurrenaren garrantziaz galdetuta, ondorengoa zioen Alberdik Diario Vascon 2016an: “Nazio garatuek badute prestigiatze politika bat. Herri batek atzerrian negozioak egin nahi baditu, ez da gauza bera herri prestigiotsua izatea ala herri ezezaguna izatea”. Alberdik azaldutako apustu horren erakusgarri, Albaolak Elkanoren Victoria ontziaren erreplika egiteko enkargua jaso du, Gipuzkoako Aldundiak eta Pasaiako eta Getariako Udalen bermearekin.
Baina kontakizun epiko horretan Elkanok badu “berezitasun bat”. Gauza bat da euskaldunek itsasoz lurralde urrunetara heltzeko garatu zuten gaitasuna eta industria goratzea, arrazoia izanik Kantauriko baleak ia desagerrarazi arte akabatu zituztelako. Baina oso bestelakoa da euskaldunon enbaxadore bilakatu nahi izatea kulturak eta herriak odolusten inoiz izan zen Inperiorik eraginkorrenetako baten langile leiala.
Marketinak nekez estaliko ditu horren kontraesanak. Adibidez, hala zioen otsailean Aitzol Azurtza euskal diasporako kideak Berrian: “Euskal herritarrentzat Elkano heroi abenturazale ausartaren eredua izan daiteke, baina diasporan bizi garenok ezin dugu Elkano eredutzat hartu, espainiar konkistatzaile itxura duelako”. Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko Eusko Jaurlaritzak irailaren 8a –Elkano eta gainontzeko itsasgizonak Sevillara iritsi zireneko data– hautatu izanaz kexu zen.
Klase politiko osoak erosi du bertsio akritikoa
Gerratik eta konkistatik urrunarazitako Elkanoren bertsio idiliko hori bere egin dute erakunde publikoek, EH Bildutik PPra arteko babesarekin. 2015ean Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen EAEko erakunde publikoek mendeurrenari garrantzi estrategikoa ematea eta Euskal Herria mundura zabaltzeko Elkanoren figura baliatzea. Onartutako testuan, zein alderdien hitzartzeetan, ez da Elkanok Espainiako Inperioaren zerbitzura egindakoari buruzko aipu kritiko bat bera ere agertzen. EAJ, PSE-EE, EH Bildu, PP eta UPyDk bat egin zuten. 73 bozka, 73 alde. Parekorik ez duen kontsentsu politikoa gaur egunean ere hainbeste ika-mika eragiten duen garai ilun horien inguruan.
“Mezu ofizialari darion eurozentrismoaz” kritiko mintzo da Miguel Jimenez Getariako historialaria. “Beti aipatzen dute zer nabigatzaile onak ziren eta zer gaitasun handiak zituzten. Baina gizon zuri europarrak ez diren guztiak, masa indigena eta emakumeak adibidez, bigarren mailako bilakatzen dituzte kasurik onenetan, eta anonimo kasu gehienetan. Lehen eta orain”.
Gerratik eta konkistatik urrunarazitako Elkanoren bertsio idiliko hori bere egin dute erakunde publikoek, EH Bildutik PPra arteko babesarekin.
Idoia Arrieta historialari getariarrari lotsagarri egiten zaio orain 500 urte egindakoa justifikatzeko orduko testuingurua ezberdina zela argudiatzen dutenean. “Gaur egun ere testuingurua existitzen dela ahazten zaie, gerrak nonahi daude eta denok ez gara gerrazaleak, denok ez goaz munduko beste puntara jendea hiltzera boteredunen interes ekonomiko eta politikoen mesedetan. Gerra Zibila ere justifikatuko dugu? Itsasontzian hainbat emakumezko sexu-esklabo izateko bahitu izana ere ulertu beharko dugu? Non dago muga?”. Jimenezen ustez, orduan egindakoak bakarrik har daitezke normaltzat mentalitate konkistatzaile baten arabera, “orduko eskema mental berdina errepikatzen ari dira orain, Elkanok eta enparauek globalizazioa eta garapena ekartzen lagundu zutela diote. Galdeiezu, esaterako, Patagoniako jatorrizko herriei Mendebaldeak eroandako garapenaz”.
Elkano ez da Agirre, Cortes edo Pizarro
Gerra eta bortxatik aparteko kontakizuna sortzeko Elkanoren bidaiaren helburuak merkataritzarekin lotu dituzte. Baina hori zalantzan ipintzen duten datu esanguratsuak daude. Batetik, bidaia egiteko eraman zuten ekipamendua. “Magallanesek eramandakoa eta Hernan Cortesek –konkistatzaile genozida izan zela inork ezbaian jartzen ez duen bat aipatzearren– erabilitakoa paretsuak ziren”, dio Arrietak. Berpasa dezagun Magallanes eta Elkanoren bost itsasontzietan kargatutakoa, horren datu zehatzak baitaude. Bi urtetarako elikagaiak eta itsas-tresneriaz gain, “indigenak limurtzeko” labanak, ispiluak, guraizeak, orraziak, zapiak eta lepokoak. Eta amarru horiek funtzionatzen ez dutenerako: 110 artilleria pieza, kanoiak, falkoiak, bonbardak, sutautsa, 50 eskopeta, 60 balezta, 1000 lantza, 360 dozena saieta, 95 dozena dardo, eta gerrarako beste hainbat tresna eta arma.
Bestetik, Amerikako kolonietako merkataritza monopolioa kontrolatzeko eratu zuten Errege Katolikoek Indietako Kontratazio Etxea, eta haren bitartez lotu zuten Elkanoren espedizioa. Helburu zehatza ezarri zien itsas-gizonei: bidean aurkitutako “landare, animalia eta gizaki berriak” ekartzea.
Eta azkenik, Carlos V. Erregeak Magallanesekin adostutako kontratuaren ezaugarriak, kapitulazioak, oso esanguratsuak dira. Hala dio, bidaian “konkistatutako lurren gobernadore eta ‘adelantado’ izango dira espedizioko buruak”. Ohiko sari bat da orduko kanpaina militarretan. “Lurralde berriak erregearen menpe jartzeari kolonizazioa deitzen zaio. Elkanoren espedizioaren helburua ez zen merkataritza bakarrik, argi eta garbi”, dio Idoia Arrietak.
Historia, prêt-à-porter
1992an, Cristobal Colonen bidaiaren bosgarren mendeurrenean, Espainiako Gobernuak “Amerikako Aurkikuntza” ospatu zuen, eta ez Amerikako Konkista. Ez da kasualitatea. Iragana norberaren interes politiko, ekonomiko, etiko edota estetikoen mesedetara nola erabili azaltzen duen adibide gordina da. Mendeurrena mundu ikuskera zehatz bat haizatzeko baliatu zuten, baita, ondoren argi geratu zenez, diru publikoa esku pribatuetara pasatzeko negozio borobila egiteko ere.
Idoia Arrietak bizirik dagoen barne ikuspegi gisa ulertzen du historia, eta horregatik “etorkizunari begirako proiektu bat dutenak, beti saiatuko dira iraganaren ikuspegia haren arabera moldatzen”. Baina asmoa ospea edo etekina lortzea bada, boteretik gertuko ildo nagusia ezinbestean jarraitu beharko dutela dio. Horregatik, bere esanetan, Elkano batzuentzat garrantzitsua izango da “kontinenteen arteko harremana” sendotu edo “merkataritza sareak” sortu omen zituelako, baina “nik ikusten dudana da suntsipena, konkista eta bortxaketa. Mundu berri hobe bat irudikatu nahi badugu, niretzat Elkano ez da erreferentea”.
Idoia Arrieta: "Nik suntsipena, konkista eta bortxaketa ikusten ditut. Mundu berri hobe bat irudikatu nahi badugu, Elkano ez da erreferentea"
Historiografia nagusiak inperioen, estatuen eta aberastasun metaketaren inguruan ardaztu dira. Euskaldunok ere ez dugu gure historia idatzi. Urte luzez beste inperio eta estatu batzuen menpe egotearen ondorioetako bat da. Bertoko lurrak eta jendeak ustiatu dituzten agintariek gutaz idatzitakoak izan dira gure ispilu. Azken urteotan, baina, gure historia berridazteko saiakerak ugaltzen ari dira, eta horietako batzuk, bestelako ikuspegietatik lantzen ari dira, historia ofizialak ahanzturara zigortutakoak berreskuratuz. Elkanoren inguruan ardazten ari diren mezu nagusiak, ordea, izan bertsio espainiar supremazista ala euskaldun heroikoan, ez dirudi bide horretatik joko duenik.
Kontua ez da orain 500 urte batzuek egindakoaren errua gure gain hartzea 2018an. Ez da damu kontua. Galdera da iraganean gertatutakoa zertarako baliatu orain. Hori baita askorentzat historiaren funtzio nagusia: etorkizun justu, inklusibo eta solidarioa eraikitzeko heldulekua, norberaz ikasteko eta hobetzeko ispilua. Bide horretan ez bada inor baztertu nahi, ezinbestean, ariketa dekoloniala presente egon beharko litzateke. Historia ofizialaren pariak erdira ekarriz, emakumeak, jatorrizko herriak eta “Mundu Berriaren Aurkikuntza”ren kalteak gaur egunera arte sufritu dituztenei ahotsa emanez.
Asteazkenean mobilizazioa egingo dute bigarren urtez jarraian, "ipar global eta zuriaren menderatze historikoa" salatzeko.
Irailaren 6an Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zeneko V. mendeurrena ospatu zuten, bost mende lehenago portu hartatik abiatu eta hiru urte geroago lehen mundu bira osatu izana gogoan. Horrelako oroipen ospakizunetan ohikoa denez, urteotan zeharkaldia gogoratzeko... [+]
Eusko Jaurlaritzak irailaren 6a jai-eguntzat izendatu du Euskal Autonomia Erkidegoan, Juan Sebastian Elkanok munduari emandako bira ospatzeko. Gasteizko herri ekimenak elkarretaratzea egin du General Loma enparantzan. Adierazi duenez, "aurrera eraman nahi dugun mobilizazio... [+]
Asteartean Elkanoren Lehorreratzea herri antzerki berezia egingo dute Getarian. Eusko Jaurlaritzak ezarritako jai egunarekin bat eta Elkano Cadizko Sanlúcar de Barramedara heldu zela 500 urte bete direla eta. Halere, ez da mundu bira horrek eragindako lehorreratze... [+]
Euskal Herriko kaleetan kolonialismoarekin eta esklabotzarekin lotura duten pertsonaien presentzia aztertu du ARGIAko kazetari Axier Lopezek Gure heroiak liburuan, nazioartean sinbolo horien inguruan dagoen eztabaida Euskal Herriratzearen garrantziak mugituta. Liburua ARGIAren... [+]
Eguneroko ariketa inkontzientea gai bilakatu da Euskal Herriko egonaldian. Ez daramazkit egun asko eta jada arnasa estutu zait behin baino gehiagotan... Begirale moduan nabil ene herria bilatu eta berrezagutu nahian. Lehen ez ote nituen gauzak ikusi nahi edo atzerapauso galanta... [+]
Eusko Jaurlaritzak uztailaren 5ean egindako Gobernu Bileran erabaki zuen Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren bitartez 15.000 euroko diru-laguntza ematea Elkano Fundazioari.
Gure heroiak liburua idatzi du Lopezek Elkanoren mundu biraren bosgarren mendeurrenaren aitzakian, eta ARGIAk argitaratuko du, irailean. Euskal Herriko kaleetan kolonialismoarekin eta esklabotzarekin lotura duten pertsonaiek duten presentzia aztertu du, nazioartean sinbolo... [+]