2016ko Sanferminetan bost gizonezkok emakume bat taldean bortxatu zutenetik, hedabideek tarte zabala eskaini diete ‘La Manada’ izenez bataiatu duten kasuaren nondik norakoei. Beste behin, informazio kantitatea eta kalitatea ez dira eskutik joan ordea, eta kasuari egindako jarraipena desegokitzat jo dute askok, Iruñeko mugimendu feministak eta herri mugimenduak adibidez.
Urtetan eraso sexistarik gabeko jai parekideen aldeko lanketan murgilduta dauden eragileak izanik, zeharo kaltetu ditu talde bortxaketari buruz hedabideek egindako trataerak. Uztailaren 3an emandako prentsaurrekoan adierazitakoaren arabera, badirudi eraso sexisten kontrako urtetako lanketa 2016an hasi zela. “Titularretatik harago”, hamarkadak daramatzatela lanean azpimarratu dute.
Orain bi urtetik gauza berbera errepikatzen dihardute: kasu bakarrean arreta jartzeak gainerako erasoak ikusezin bilakatzen dituela eta garrantzia kentzen diela, alegia. ‘La Manada’ kasuan hainbeste arreta jartzeak erasoak “salbuespeneko zerbait bezala hautematea” dakarrela uste du Bilgune Feministako kide den Amaia Zufiak. Eta F.A.R.R.U.K.A.S. kolektiboak gehitu du “indarkeria matxistaren dimentsio estrukturala, sakonekoa eta sistematikoa ezkutatu” egiten dutela kasu mediatikoek. Zufiaren ustetan “morboan” zentratutako trataera eman zaio gaiari, eta iruditzen zaio askotan zaila dela zehaztea medioak erasoen aurkako jarrera izaten ari diren ala erasotzaileei ideiak ematen. Orain bi urteko bortxaketarekin antzekotasunak dituzten kasu gehiago ematen ari badira, medioek egin duten trataera ez arduratsuagatik dela uste du.
Sanferminetan ez dituzte gainontzeko festetan baino eraso sexista gehiago egiten. Hori bai, salaketa gehiago jartzen dira.
Harrabotsa eragin duen azken kasu honek badu aitzindaririk, 2008an Nagore Laffageren erailketak Iruñeko jaietan egiten dituzten sexu erasoen gainean alerta piztu baitzuen. Kasu mediatikoenak izan diren bi horien artean, sexu erasoen gaineko problematika nabarmendu duten beste gertakari batzuk ere izan dira, adibidez bularrak bistan zituzten emakumezkoei gizonezkoek ukituak nola egiten zizkieten agerian uzten zituzten 2013ko txupinazoko argazkiek eragindako zeresana. Nafarroako Unibertsitate Publikoak kaleratu berri duen ikerketa baten arabera, ordea, Sanferminetan ez dituzte gainontzeko festetan baino eraso sexista gehiago egiten. Hori bai, salaketa gehiago jartzen dira.
Egun, Sanferminak nagusiki bi ikuspegitatik ikusten direla iruditzen zaio Zufiari. Alde batetik, esango luke jende askok aitortu duela urtetan feminismoak egindako lana eta Iruñea gaiarekiko hiri sentsibilizatu gisa ikusten duela. Baina beste alde batetik, “beldurraren diskurtsoa” hedatu dela dio, jaien gainean eratu den irudi basatiak lagunduta. “Nik ez dut ukatuko puntu basati bat daukanik, baina beste jai guztiek bezala, jai guztietan ematen baitira zoritxarrez eraso sexistak”, dio ikerketak azaleratutakoa berretsiaz.
Ikerketak agerian utzitako datuak ulertzeko hainbat gako egon daitezke bere ustetan. Aurreko gobernuak bultzatu izan duen “desfasean oinarritutako” jai ereduak eraso kopuruaren areagotzean lagundu ahal izan zuela deritzo, baina kontrara, erasoen kontrako lanketaren baitan egindako sentsibilizazio lanak bere fruituak eman dituelakoan da. Hala deritzote mugimendu feministak eta herri mugimenduak ere, Iruñeko jendarteak eraso sexisten aurrean eman ohi duen erantzuna “paregabea” eta “etengabeko lan baten emaitza” bezala hautematen baitute.
Aipatutako beldurraren diskurtsoak izan du zabalpena hala ere, eta honen adierazgarri Sanferminen aurreko asteetan zabaldutako iniziatibetako bat, zeinak emakumezkoei dei egiten zien Iruñeko jaiei boikota egiteko. Boikot deialdi hau eta txupinazo egunean zuri-gorriz jantzi ordez beltzez janzteko aldarria egiten zuen ekimena eztabaidarik, kontsentsurik eta helburu argirik gabe egin direla jakinarazi dute mugimendu feministak eta herri mugimenduak, eta “Iruñeko hainbat kolektiboren lana baldintzatu eta ahultzen duten kanpoko esku-hartze bezala” identifikatu dituzte.
Kanpotik egindako deialdiek talka egiten dute Iruñean eraso sexisten kontra lanean dihardutenen lanketarekin eta autodefentsa feministaren aldeko aldarri irmoarekin. Batetik, mugimendu feministak apustu irmoa egiten duelako emakumeak etxean edo jai eremutik kanpo geratu ordez, plazak hartu eta jaietan dagokien tokia okupatzearen alde. Bestetik, beltzez janzteko egun propioa badaukatelako: uztailaren 4a, indarkeria matxistak eta sistema heteropatriarkala jo-puntuan jarriz, F.A.R.R.U.K.A.S. kolektibo feministak deitzen duen manifestazioak gaua eta kaleak hartzen dituen eguna.
Jaien ataritan, garbi helarazten dute mezua manifestaldiarekin: emakume* bati eraso egin ezkero, denok erantzungo dugu. “Badakigu eraso matxista gehienak eremu pribatu eta intimoetan ematen direla (…) baina guk kalea okupatzen dugunean pairatzen ditugun erasoak ikusaraztea erabaki dugu”, azaldu du kolektiboak. “Emakume gisa gizarteratuak izan garenoi eremu pribatua egokitu zaigu, eta eremu publikoaren erabilera egiten dugunean, “zigortuak” izaten gara maiz” diote, jaietan ematen diren eraso sexistek jarraitzen duten logika seinalatuz. Hala bada, erasoen aurrean biktimaren irudiarekin hautsi eta “emakume* aktibo, ahaldundu eta borrokalariari” bide ematearen alde daude. Amorrua erakutsiz, zarata ateraz, beltzez jantzita eta kolektibotasuna adierazten duen buruberokia soinean hartzen dituzte kaleak. Helarazten duten mezuak “norbait deseroso sentiarazten badu, hausnartu dezala zergatik”, diote.
Autodefentsa feministaren aldarrikapena jaien gozamenarekin guztiz bateragarria dela uste du mugimendu feministak.
Autodefentsa feministaren aldarrikapena jaien gozamenarekin guztiz bateragarria dela uste du mugimendu feministak. Jaiek guztionak izan behar dutela defendatzen dute, baina patriarkatuaren egiturazko indarkeriak jaietan ere islatzen direnez, zilegi iruditzen zaie horiei edozein eratan erantzutea. Hala ere, oraindino “autodefentsa feminista legitimotzat hartzeko erresistentzia ugari” daudela azpimarratu du F.A.R.R.U.K.A.S kolektiboak. Emakume batek, bere buruaren defentsan bada ere indarra erabiliz gero, gizarteak epaitu eta zigortu egiten duela diote. Azaldu dutenez, emakume batek indarra darabilenean ahul eta pasibo izatera derrigortzen duen genero-araua hausten du, eta “horrek sistemaren egitura kolokan jartzen du”. Hala bada, beraien helburua “sistema kapitalista, kolonialista eta heteropatriarkala etengabe zirikatzea eta izorratzea” da.
Zirikatzaile eta indarkeria sexistaren aurkako lanketan berretsita eta antolatuta, badirudi bonbardaketa mediatikoek eta kanpoko esku-hartzeek eragindako kalteak indargetzen asmatu duela Iruñeko mugimendu feministak. Iraultzaile egiten dituena kolektiboki eratu duten elkartasun eta zaintza sarea dela zin egiten du F.A.R.R.U.K.A.S. kolektiboak. “Elkarrekin askoz indartsuago gara” azpimarratu dute, eta nabarmena da.
“Heterosexualitatea da klase antagonikoarekin kolaborazionismoa, hau da, gizonen klasearekin”. Uma Ulaziak Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik (Lisipe, 2024) argitaratu berri du. Euskal Herrian egin ziren bi greba... [+]
Indarkeria matxistari buruzko testigantzak jasotzeko Instagram kontua 2024ko azaroan jarri zuen abian emakume talde anonimo batek. Espainiako Estatuan Cristina Fallarás kazetariak abiatutako #Cuentalo egitasmoan oinarritu dira. Emakumeek, testigantza anonimoen bidez,... [+]
Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Mario López saskibaloi entrenatzaile ohiarentzat. Akusazio partikularrak hemezortzi urtekoa eskatu du. Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du Bilboko epaitegi aurrean. Lópezi 1998 eta 2001 artean... [+]
Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).
Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.
Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]
Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]
Askotariko edoskitze ereduak ikusarazten ditu Todas las lactancias (Txalaparta) liburuak. Erakundeek bularra ematea gomendatzen dute, baina ez dituzte nahikoa baliabide eskaintzen eskubide hori bermatzeko. Ondorioz, edoskitzea nahi dutenek zein biberoia ematea erabakitzen... [+]
Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.
Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]
“Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]
Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.