Kanadak marihuana legeztatu du, baina askorentzat berandutxo

  • Kanadako Senatuak ekainaren 7an bedeinkazioa emanda, hiru hilabete barru marihuanaren kontsumoa bezala salerosketa libre izanen dira han. AEBetan legezkoa den estatuetan ikusi denez, kalamuaren trafikoan aritzeak ez du gehiago gaiztagin bihurtuko inor, osasun arazoentzako eskuratu ezinean zebiltzanei eguna argituko zaie eta estatuak diru asko bilduko du zerga berritan. Baina drogen kontrako gerran buru ibili direnetako batzuk izango dira orain negozio berrien onuradunak ere.

‘National Post’ egunkarirako Ernest Doroszukek egindako argazkian, ezkerrekoa da Julian Fantino Kanadako Polizia Federaleko buru ohia eta eskuinekoa Kanadako Polizia Zaldizkoaren atzerri harremanetarako burua. Biak ari dira marihuana terapeutikoan liderra
‘National Post’ egunkarirako Ernest Doroszukek egindako argazkian, ezkerrekoa da Julian Fantino Kanadako Polizia Federaleko buru ohia eta eskuinekoa Kanadako Polizia Zaldizkoaren atzerri harremanetarako burua. Biak ari dira marihuana terapeutikoan liderra izan nahi duen Aleafia konpainiaren –’leaf‘ hostoa da ingelesez eta kalamuaren orria iradokitzen du– buruzagitzan, lehendakaria bata, zuzendaria bestea, urte luzez ‘maria’ eduki edo saltzen zutenak pertsegitzen aritu ostean.

Kanadak dena prest dauka marihuana bere ohiko salerosketa sareetan sartzeko, alkohola daukan bezala, lege, saltoki, kontrol eta zergak barne. Ekain hasieran, justu Donald Trump G7ko gainerako mandatariekin muturtuta eta bereziki Kanadakoarekin haserre azaldu zuen argazki haren egunean, Otawako Senatuak oniritzia eman zion kalamuaren erabateko debekua lurperatzen duen lege berriari. Hori bai, diputatu eta senatari kontserbadoreek gogor egin diote aurre azken unera arte.

Justin Trudeau lehen ministroak bete ahal izan du 2015eko hauteskunde kanpainan egindako promesa. Osasun arazoak arintzeko kontsumitzea 2001etik zegoen despenalizatua Kanadan, baina arau berriarekin bera bihurtu da G7 taldeko herrialdeen artean estreinakoa marihuana atseginerako kontsumorako liberalizatzen.

Kalamuaren erabilera librea legeztatzeko Justin Trudeauk egin promesak protagonismo handia eduki zuen 2015eko hauteskundeetan.

Legeztatzearen sustatzaileek argudiatu dutenez, egoera berriak ekarriko du kriminalitatea gutxitzea, lanpostu berrien sorrera eta estatuak zergatan diru gehiago biltzea. Hemendik aurrera kanadar bakoitzak bere kontsumorako lau Cannabis sativa landare hazi ahal izango ditu, norbere kontsumorako 30 gramo arte edukitzea bezala; gehiagoko kopuruak merkataritza legeen arabera kudeatuko beharko dira.

Kanadako prentsan aurki daitekeen eztabaidetako bat da ea zenbateraino lortuko duten agintariek maria trafikoaren merkatu beltza murriztea, edo bestela esanda, ea zenbat zerga biltzea lortuko duten. Tom Barnesek The Independent egunkarian azaldu duenez, “Kanadan atseginerako marihuana merkatuak urtean 5.700 milioi dolar kanadar –3.700 milioi euro– mugitzen ditu eta asko dira oraindik uste dutenak horren zati handi batek gero ere legez kanpo jarraituko duela”.

GTV Capital funtsak, Kanadako kalamu konpainietan berezitua denak, kalkulatu du legezko irribelarra zergen aurretik ere gramoko 8,33 dolarretan –5,4 eurotan– ateratzen dela, ilegalak balio dituen batez besteko 4,88 euroak baino garestiago, testa, zorroratzea eta segurtasun arauak direla eta. Gauza da legez salduari gehituko zaiola gramoko dolar bat zergatan. “Prezioen arteko tartea hori baldin bada, kontsumitzaile askok merkatu ez legalean jarraituko dute”.

Ez da harritzekoa Kanadako Zaldizko Poliziak –Mounted Police izena dauka, txapeloker kanadarren behor bakarrak beren autoenak izan arren– oso aurreratuta edukitzea planak kalamuaren industrian jarraituko duen merkatu beltza ikertu eta pertsegitzen jarraitzeko.

Gainerakoan, erakunde guztiak prest omen daude marihuanaren garai berrietarako. Ontarion, biztanle gehien dauzkan probintzian, gobernuak berehala zabalduko ditu 40 komertzio belarraren salerosketarako, 2020an 150era iristeko asmoz. Quebec 20 dendarekin hasiko da. Askok uste dute urriegi suertatuko direla dagoen kontsumoa asetzeko. Konparaziorako, Colorado estatuan (AEB) 2012an legeztatu ondoren 1.000 denda zabaldu dira. Coloradon prezioak jaitsi dira 2012ko 10,2 euroetatik gaurko 6 euroetara eta bertako agintariek diotenez kontsumitzen den marihuanaren %70 legezkoa da.

AEBetan, prentsa ekonomikoak berrikitan plazaratu duenez, kalamuak laster edari freskagarriek baino negozio handiagoa mugituko du. Business Insiderrren Cowen inbertsio bankuko arduradunek kalkulatu dute 2030erako belarraren industriak 64.000 milioi euroko salmentak edukiko dituela; gaur egun 42.000 miloi euro mugitzen omen ditu AEBetan, beti ere trafiko legalean.

Belar gaiztoa uste baino hobea zen

“Kanadak belarra legeztatuko du, baina amnistiatuko ote ditu delituengatik kondenatuak?”, idatzi du Leyland Ceccok The Guardianen Torontotik. “Aktibistek diote amnistiarik gabe talde baztertuetako askok jarraituko dutela iraungitako legeen kalteak nozitzen”.

Justin Trudeauk marihuana legeztatzeko promesarekin 2015ean hauteskundeak irabaziz geroztik, hautagaiaren hitza lege bihurtu arteko hiru urteetan 15.000 jende baino gehiago atxilotu edo salatu dituzte horri lotutako delitu eta faltengatik. Denetara, Kanadan 500.000 herritar inguruk omen dauzkate aurrekari penalak marihuana trafikoagatiko kondenaren batekin lotuta.

Udaberrian Cannabis Amnesty kanpainan sinadura bilketari ekin diote.  Beren webgunean ekimenarekin bat egiten duten jende ezagunen iritziak irakur daitezke: “Amnistiarik gabe, legeztatzea monopolizatze itogarria da” dio Deejay NDNk; Alderdi Liberaleko  Nathaniel Erskine-Smithek berriz “Kalamuaren kriminalizatzea luze iraun duen injustizia da; amnistia beharrezkoa da injustizia konpontzeko”.

Marihuanaga trafikoagatik zigortuentzako amnistia eskatzeko manifestazioa Toronton maiatzaren 5ean. (Argazkia: Cannabis Culture)

Are gordinago idatzi du CBC katean produktore izandako Rosie Rowbothamek: “20 urtez egon naiz espetxean kalamuagatik, eta orain poliziak aterako dio etekin ekonomikoa horri. Trafikatzaileok pertsegitu gintuzten agintari horiek berak ari dira orain inbertitzen marihuanan, eta bitartean ez dago amnistiarik lehengo kondenatuentzako”.

Rowbothamek 18 urte zituen Pierre Trudeau lehen ministroak, oraingoaren aitak, porruak erretzea zigorgabetuko zuela agindu zuenean. Agintariak ez zuen hitza bete. Aldiz, gazte hura sartu zen trafikoan, aitortzen duenez tonaka ekartzen zituen Ekialde Hurbila, Jamaika, Mexiko eta Kolonbiatik. Lautan epaitu zuten eta denetara 69 urteko espetxealdira kondenatu, horietatik 20 bete zituelarik, lehen biak segurtasun goreneko ziegetan, nahiz eta sekula ez nahastu droga gogorragoekin.

“Inoiz ez dut nire burua aurkeztu marijuanaren aktibistatzat. Nik dirua ateratzen nion eta legeztatzea txarra izango zen nire negozioentzako”. Orain, ordea, ezin du jasan bera bezalakoak eta kontsumitzaile txikiak pertsegitzen zituzten zakurrak berak ikustea kalamu legalaren negozioaren erdian.

Rowbothamek izen-abizenez aipatzen ditu horietako batzuk, hedabideetan ere azaldu direnak. Marihuana terapeutikoan famatua den Aleafia konpainiarentzako ari da lanean, esaterako, Julian Fantino Torontoko polizian kalamuaren pertsegitzaile erruki gabea, oraindik 2015ean legeztatzearen kontra mintzo zena. Berdin gobernu kontserbadoreko kide ezagun gehiago. Diote orain ohartu  direla oker zeudela gai honetan.

“Orain horiek –dio Rowbothamek– libre dute dirua egitea marijuanaren legeztatzearen kontura, eta bitartean laster legala izango den zerbait egiteagatik aurrekari penalak dituzten asko baztertuta geratuko dira, edo, kasu askotan, baita espetxean ere. Ni gaizkilea baldin banaiz, zein hitz erabiliko zenukete izendatzeko Fantino eta beste zakur-ohi eta politikariak, orain aberastu nahian ari direnak lerroaren beste aldera pasata?”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Marihuanaren legeztatzea
2023-02-06 | ARGIA
Kanada hasi da droga gogorrak kopuru txikietan edukitzea despenalizatzen

Kanadako Columbia Britaniar probintziak programa pilotu berri bat hasi du, kokaina eta heroina bezalako droga gogorren jabetza despenalizatzen duena kopuru txikitan. Kanadako gobernu federalak mendebaldeko kostaldeko probintziaren eskaera onartu ostean, hiru urte iraungo duen... [+]


2021-06-04 | Axier Lopez
Drogen aurkako gerra betean, marihuana “legeztatu” dute Mexikon

Martxoaren 10ean, kalamuaren kontsumoa legeztatzeko lege ekimena onartu zuen Mexikoko Kongresuko Behe Ganberak, eta ondoren Senatuak. Hala, Uruguai eta Kanadaren atzetik, aisialdirako erabili ahal izango dute kalamua Mexikon, baina legalizazioa bermatu gabe. Narkotrafikoak... [+]


2020-12-02 | ARGIA
Kalamuari eragin medizinalak aitortu dizkio Nazio Batuen Erakundeak

Asteazkenean Vienan egindako bozketan, Nazio Batuen Erakundeak kalamuaren ezaugarri medizinalak onartu ditu, El Salton jaso dutenez.


2020-10-30 | Jone Markuleta
Eutanasia legeztatzeari baietz esan diote Zeelanda Berrian, eta ezetz marihuanari

Urriaren 17ko hauteskundeetan Zeelanda Berrian eutanasia eta marihuanaren kontsumoa legeztatzeari buruz erabaki zuten herritarrek. Eutanasiari dagokionez, hautesleen % 62,5ek legeztatzearen alde bozkatu du, eta % 33,8k aurka. Kalamua legearen barruan kontsumitzeaz, aldiz,... [+]


2020-09-22 | Mikel Eizagirre
Espainiako elkarte kanabikoek kalamu salerosketaren erregularizazio legala eskatu dute

Besteak beste, urtean 200 eta 600 milioi euro arteko zergak sortuko lituzkeela azpimarratu dute. Ondorioz, Kalamuaren Elkarteen Konfederazioak narkotrafikoaren zati esanguratsu bat Espainiako Estatuaren zerga-bilketan integratzea proposatzen du.


Hebrearrek ere kalamua erretzen zuten

1963an Tel Arad aztarnategian (Israel) duela 2.700 urteko bi aldare aurkitu zituzten, bata bestearen ondoan.


2018-10-24 | Aiaraldea
“Kalifornian marihuana moztea lan latza da, abenturazalea bazara bakarrik egon daiteke ondo”

Kaliforniara joan da R. hiru urtez marihuana moztera. Bertan legala da kontsumoa, baina horrek ez du esan nahi mundu erraza denik; kontraturik gabe lan egin du eta hainbat zailtasun aipatu du. Bizi izan dituen esperientziak Aiaraldera ekarri ditu, eta anonimotasunetik hitz... [+]


2018-10-15 | ARGIA
Kanadan marihuana ekoiztu eta kontsumitza libre izango da asteazkenetik

Urriaren 17tik aurrera Kanadan erabat libre izango da kalamua ekoiztea bezala kontsumitzea, osasuna artatze bezala aisialdirako. Ez da cannabisa despenalizatu duen lehen herrialdea izango (2013an egin zuen urrats hori Uruguaik, AEBetako bideratzi estatutan libre da, 29... [+]


2018-01-11 | ARGIA
60 atxilotutik gora etxe bateko festan AEBetako Poliziak, 30 gramo marihuanagatik

AEBetako Georgiako estatuan, poliziak 60 gaztetik gora atxilotu zituen Atlanta hiriko kanpoaldean etxe batean egiten ari ziren festan, Democracy Now gunean jaso dutenez. Marihuana pixka bat aurkitu zuten bertan.


Josep Pamies epaitu dute Lleidan, marihuanaren erabilera terapeutikoa sustatzeagatik

Bi urteko espetxealdia eta 16.000 euroko isuna eskatu ditu Josep Pamies baserritar eta landareetan adituarentzako Lleidako fiskalak, aurpegirauz marihuanaren kontsumoa sustatzen duela. Pamiesen inguruan sortutako Dolça Revolució elkarteak defenditu du, argudiatuz... [+]


2017-01-11 | Ainhoa Bretos
4.200 marihuana porro banatuko dituzte Donald Trumpen inbestidura saioan

AEBetako presidentearen arreta piztu nahi du Columbia Barrutiko Marihuana Koalizioak, “martxan jar dezan marihuana maila federalean legalizatzeko erreforma”.  


Marihuanak zelula minbizi-eragileak hiltzen dituela frogatu dute

Kalamuak duen THC osagaiak zelula minbizi-eragileak beren buruaz beste egitera bultzatzen dituela frogatu du Cristina Sanchez Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko biokimika molekularreko ikertzaileak. Kanabisaren eratorriek tumore mota guztiei eragiten dietela azaldu du.


Eguneraketa berriak daude