Klimaren hondamendia, hori da seguruenik gaur egungo krisi globalaren ondorio ikusgarriena. Donald Trumpen etorrerak brintzak sortu dituen arren, horren inguruko kontsentsua handia da: gure planetak sendabideak behar ditu. Euskal Herrian Baionan egin zen asmo horren aldeko lehen ekimen sozial masiboa 2013an: Alternatiben Herria. Bilbon errepikatu zen esperientzia 2015ean eta datorren ekainaren 2an Nafarroaren txanda izango da, Iruñean. Urrian, Bizi!-ren eskutik, Iparraldean errepikatuko da esperientzia.
Alternatiben Herrian bizi direnentzat, ostera, klimaren hondamendia sintoma bat besterik ez da, eta horren kontra egin behar da, baina garrantzitsuena egoera hori ekarri duena da: sistema kapitalista. Herri honetako herritarrek dagoeneko argi dute ez dela nahiko kapitalismoaren aurka egitea, gero eta sustraituago dute apurka alternatibak eraiki behar direla. Horretan datza Alternatiben Herriaren eguna: alternatibak nahi eta buruan dituzten guztiek euren esperientziak eta ideiak erakutsi eta elkar trukatzean. Ikasi, hausnartu, ahalmendu, saretu eta gozatu. Horra egunaren klabe nagusiak.
Feudalismotik kapitalismoraino bidaia ia bi mendekoa izan zen. Autore batzuentzat, Paul Mason kazetari britainiarra esaterako, poskapitalismoan gaude jada eta egungo sistemaren zutoinak arrakalaz beteak dira. Bere esanetan, trantsizioa hasia da. Batek daki, baina ekainaren 2an Iruñean bilduko direnak ez dira trantsizio horren emaitzen zain geratuko, trantsizioa gaurdanik ari dira lantzen gizarteko alor guztietan.
1999an AEBetako Seatlen globalizazio kapitalistaren aurka hasitako protestak, 2001ean loratu ziren Brasilen: Porto Alegrek “Beste mundu bat posible da” egin zion oihu neoliberalismoari. XXI. mende hasierako metxa hark piztuta jarraitzen du Euskal Herriko herri mugimenduaren abaraskan, gero eta anitzago, gero eta sakonago, gero eta eraldatzaileago.
“There is not alternative” (ez dago alternatibarik”) barreiatu zuen Margaret Thatcher mandatari neoliberal britainiarrak lau haizetara. “Bai, bada, beste mundu bat posible da eta baditugu alternatibak”, erantzun diote Iruñerritik 50 herri mugimendu, elkarte, enpresa eta sindikatuk. Baionako 2013ko saioa ELAren Fundazio Manu Robles-Arangiz Institutuari lotutako Bizi! mugimenduak antolatu zuen. Bilbokoa eta Iruñeko Alternatiben Herria, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bideratu ditu.
Sei auzo, herri berri baterako.
Eguna Iruñeko Alde Zaharrean ospatuko bada ere, alternatiben esparruak Nafarroa osoa erakutsi nahi du. Baina ez da erraza, Iruñerrian bizi da lurraldearen erdia baino gehiago eta hori agerian da herri mugimenduen baitan ere. Sei auzo tematikotan banatzen dute beren jarduera Alternatiben Herrian: Arragoa (kultura, hizkuntza…); AuzoEKOnomia; Bizi anitzak eta duinak; Burujabetza; Haurren Errepublika; eta, Herriak eta Lurra.
Azken auzo honetakoa da, esaterako, Euskal Herriko lehen udal komertzializatzaile elektrikoa eratu duen subjektua: Izabako udala. Pirinioetan txango txiki bat eman besterik ez dago ikusteko zenbat zentral hidroelektriko dagoen, baina gehienak enpresa handien esku daude. Nafarroan, zentral horietako hiru daude udalen eskuetan, bat Izabakoa da. Herri honek 60ko hamarkadatik kontrolatzen du indar elektrikoaren produkzioa, gero banaketa ere bereganatu zuen eta duela gutxi merkaturatzea ere bere esku hartu du, Ezka Ibaia Energia SL enpresa publikoa medio. Urrats eredugarria, kontuan hartuta azken hamarkadetan udalek oinarrizko zerbitzu ugari pribatizatu dituztela. Orain, oztopo handien artean bada ere, udal gutxi batzuk berriz hasi dira publiko egiten zerbitzu horietako hainbat.
Energia Gara eta Goiener dira argi indarraren esparruan azken urteetan sortu diren esparru kooperatibo indartsuenak. Ekonomia sozial eraldatzaileak zulatu gabe zuen telefoniaren eremuan ere ernetu da alternatiba: Izarkom. 2014an, halaber, Lasotan Iniziatiba Sozialeko kooperatiba sortu zen, hezkuntzaren munduan elkarbizitzaren laborategia eratzeko helburuarekin. Euskoa tokiko moneta ere bere bidea finkatzen ari da Ipar Euskal Herrian, eta dagoeneko 3.000 pertsona edo entitatek erabiltzen dute diru gisa: aberastasun hori multzo horren baitan kudeatzen dute, haien arteko eragiketak ordaintzeko, eta euskoak ez doaz beste inoren patrikara edo Europako Banku Zentralera, honek, adibidez, bankuei %0ko interesean eman diezaien eta hauek guri %8an. Inork ez du Euskoarekin espekulatzeko asmorik, aberasteko xederik. Beste adibide bat? Itsulapikoa, euskal crowfundingerako plataforma gazteak ere bere bidearekin jarraitzen du.
Kontsumo taldeak ere hor dira, eta bertako produktoreak –gertukoak eta ekologikoak– (EHKOlektiboan adibidez), Piparrika moduko herri baratzeak, Guneko Oilategia, Bilgune feminista, Kattalingorri, Mendillorriko Antzara auzo elkartea, Emausko Trapuketarien Hemen Konpon ekimena, OlatuKoop, Koop57… Oilategi bizi honetan, dozenaka dira han-hemenka bestelako arrautzak errun dituztenak, eta beste ugari sortu berri edota herritarren asmoetan dira.
Kolpez kolpe azaleratuta, sexu erasoen izeberga gero eta ageriago dago emakume antolatuen eskutik; Martxoaren 8ak zirrara berezia eragin zuen Alternatibaren Herriko herritarren bizkar-hezurrean. Eta antzeko sentipena ainguratzen da gure barrenean dozenaka mila pentsiodunek herri honetako plaza eta etorbideak hartzen dituztenean. Gizartearen periferian ei ziren gehiengo handiak erdigunera datoz berau hartzeko asmoz. Chrysallis elkarteak egindako lanari esker, herritarrak hobeto ezagutzen du haur transexualen latza. LGTBI mugimenduak inoiz ez bezalako ikusgarritasuna lortu du Nafarroan eta bapo arduratzen da ondo erakusteaz… Richter eskala sozialean indar desberdineko lurrikarak dira, baina behin eta berriz ari dira astintzen egungo status quoaren zutoinak.
Horiek eta beste hamaika esparru ere jorratuko dira Iruñeko Alternatiben herrian. Irauli nahi dute egungo egoera. Iraultza? Izan liteke, baina honek ez du zerikusirik duela mende bateko sobieten erreboltarekin. Sasoi bakoitzak berea du eta egungoa ez da langilerian oinarritzen, ehunka borroka eta aliantzetan baino. Horrek, baina, baditu bere arazoak: nola demontre eraikitzen da alternatiba orokor eta zehatza bakoitza bereari begira bada, eta bakoitzarentzat bere borroka bada garrantzitsuena? Egon daitezke erantzun asko, baina bat Marina Garcés filosofo kataluniarrak utzi berri digu apirileko LARRUNeko tituluan: “Borroka konkretu bakoitzean guztia dago jokoan”.
Katakrak 2013ko hondarrean Iruñeko Kale Nagusiak irekitako liburutegia ederra da. Eta hori baino askoz gehiago ere bai, besteak beste, Iruñeko lurrikara honen epizentroa. Handik ari da Maitane Unzu gaztea koordinazio lanetan azken bederatzi hilabeteetan, sei auzoen batzarra koordinatu eta amaraun konplexu hau ehuntzen. 30.000-40.000 euroko aurrekontua dute Alternatiben Herria eraiki eta kapitalismoari kilimak egiteko. Koop57-ko finantza kooperatibaren mailegua dute horretarako, Itsulapikoko diru bilketa eta era guztietako ekarpen eta salmentak ere bai.
Eta hala ere, neoliberalismoaren urrats gupidagabe eta tinkoen aurrean, egongo da pentsatzen duenik, arrazoi osoz gainera, ea kilima hauek guztiek zertarako balioko duten. Alternatiben Herriaren hitzaldi, mahai-inguru eta eztabaidetan izango da erantzun ugari galdera horretarako, zalantzarik gabe. Horietako bat izan daiteke alternatibarekin amesten zuen Hannah Arentd XX. mendeko filosofo handienetakoak utzitakoa: “Duintasunarekin, konstantziarekin eta ausardia apur batekin, mendeetan barrena horiexekin eraiki da gizateriaren handitasuna”.
Lotura honetan, halaber, Alternatiben Herriaren orain arteko balorazio egin digu Amaia Zufia Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariak.
(Ondorengo irudietan ikusi ahal dira Iruñeko Alde Zaharrean zer non egongo den ekainaren 2an)
Alternatiben Herrian esperientzia eta proiektu ezberdinak kaleratu ziren Iruñean larunbatean, Ahotsa.inforen erreportaje honetan ikusi daitekeen bezala. Antolatzaileen esanetan, larunbatean argi geratu zen alternatiba ugari direla eta posible dela beste mundu eraikitzea.
Baionan egin zen Alternatiben Herriaren lehen ekitaldia 2013an. Bilbon errepikatu zen esperientzia 2015ean eta ekainaren 2an Nafarroaren txanda da: IIruñeko Alde Zaharrean ospatuko da eguna. Hantxe izango da ARGIA eta antolatutakoaren jarripena egingo dugu.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkaria da. Iruñean jaio zen eta 28 urte bete berri ditu Zufiak. Bilgune feministako kide da eta, hortik egin du jauzi Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartara eta Alternatiben Herrira. Azken honek, baietzari indarra emateko,... [+]
Ekainaren 2an, Iruñean, Alternatiben Herria egingo dugu. Egunean zehar, Iruñeako alde zaharra herri txiki bat bihurtuko dugu, hausnarketaz, alternatiba praktikoz eta baikortasunez betez. Euskal Herrian zehar, nork bere herrian, auzoan, taldean… aurrera... [+]
Datorren ekainaren 2an Alternatiben Herria ospatuko dute Iruñean kapitalismoak baduela alternatibarik erakutsi nahi duten Nafarroako pertsona eta kolektiboek. Ostegunean egin zuten Iruñeko Katakraken bilera orokorra eta baliatu zuten ekimenaren aurkezpen orokorra... [+]
Iruñeko Katakrak liburudendan, asanblada irekia deitu dute ostegunean 18:00etan ekainaren 2an egin nahi duten Alternatiben Herria antolatzen hasteko.
2018ko Ekainaren 2an Iruñean ospatuko da Alternatiben Herriaren edizio berri bat. Sistema kapitalistaren aurrean Euskal Herrian dauden alternatibak erakusteko eta bide berriak jorratzeko balio duen ekimena izanen da.