“Euskal literatura munduratzeko ontzat ematen da gaztelaniatik pasatu beharra”

  • Hiru faktorek hartaratuta ekin omen zion Garazi Arrulak Euskal Herriko autoitzulpen praktikak ikertzeari: batetik, gero eta euskal idazle gehiago hasiak zirelako beren lanak gaztelaniara edo frantsesera itzultzen; bestetik, gure egoera soziolinguistikoak kezka eragiten ziolako; eta azkenik, literatura maite duelako. Autoitzulpena irakurri eta zalantza piztu bazaizu, google translator-az edo zertaz ari ote garen, hauxe duzu irakurgai aproposa.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Garazi Arrula Ruiz (Tafalla, 1987)

Magisteritza eta itzulpengintza ikasia, Euskal Herriko autoitzulpenaren inguruko doktore-tesia aurkeztu berri du, Ibon Uribarri Zenekortaren zuzendaritzapean. Besteak beste, Amélie Nothomb eta Anaïs Nin-enak ekarri ditu euskarara, eta iragan urrian argitaratu zuen estreinako ipuin-liburua: Gu orduko hauek (Txalaparta). Orain, langabezian dago.

Oraintxe bukatu duzu tesia: “Autoitzulpenaren teoria eta praktika Euskal Herrian”. Zer da autoitzulpena, ordea?

Autoitzulpena da, grosso modo esanda, nork bere diskurtsoa, aurrez dagoen testu bat, izan ahozkoa izan idatzizkoa, beste hizkuntza, dialekto edo hizkuntza-aldaera batean ematea.

Eta zer aztertu duzu?

Alde batetik bere zabalean aztertu dut autoitzulpena, praktika modura, euskaldunok egunerokoan egiten dugun jardun zabaldu modura. Beste alde batetik, literatura hartu dut oinarritzat eta aztertu dut beren obra erdararen batera itzuli duten euskal idazleek zer diskurtso duten praktikarekiko eta beren testuak itzultzean nola jokatzen duten.

Nola aztertu duzu hori?

Hasteko, aukeratu dut hamar idazleren obra bana: Aurelia Arkotxaren Septentrio, Itxaro Bordaren %100 Basque, Harkaitz Canoren Belarraren ahoa, Unai Elorriagaren SPrako tranbia, Aingeru Epaltzaren Tigre ehizan, Karmele Jaioren Amaren eskuak, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat, Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur, Ixiar Rozasen Negutegia eta Iban Zalduaren Euskaldun guztion aberria.

Zergatik hamar horiek?

Lehen azterketa denez, nahi nuen ahal zen heinean Euskal Herriko autoitzulpena bere zabalean hartu. Hamar hauek garaikideak dira, prosazkoak, eta Euskal Herriko geografia guztiaren adierazle. Adibidez generoaren aldetik ez da errealitatearen isla, zeren emakume gehiago hautatu dut gizonak baino, baina hori nahita egin dut. Oro har lagin askotarikoa eta errepresentatiboa da.

Eta behin horiek hautatuta?

Hamar obra horien hamalau autoitzulpen hartu ditut –hamarretik lau obrak bina autoitzulpen dituzte, bata Euskal Herrian argitaratua eta bestea Euskal Herritik kanpo–. Euskarazkoak eta itzulpenak alderatu ditut, eta horretarako bi gauzari begiratu diot: alde batetik, begiratu dut nola eman diren nazio identitateari loturiko kultur erreferentziak, adibidez nola itzuli diren euskaldun, euskal edo Euskal Herria terminoak, betiere kontestua kontuan hartuz. Gero, aztertu dut nola aipatzen diren beste hizkuntzak euskarazko testuetan eta nola aipatzen den euskara erdarazkoetan, eta halako ondorio batzuk atera ditut.Tesi batean ezin dira 24 testu xehe-xehe aztertu, orduan aukeraketa hori egin dut nahiko adierazgarria izanen zelakoan.

Argazkia: Dani Blanco.

Hasieran bazenuen susmoa, autoitzulpen literarioa ez zela bazterreko edo salbuespenezko praktika. Susmoa berretsi duzu.

Katalogoa osatzea izan da tesiaren atal handi bat. Elizabete Manterolak egin zuen Euskal Literatura Itzuliaren katalogotik abiatu naiz. Hor sartzen ziren euskaratik egindako itzulpen guztiak: beste batek egindakoak, kolaborazioan egindakoak eta autoitzulpenak. Nik autoitzulpenen zerrenda eguneratu eta osatu dut, oinarri bat eta ikuspegi orokor bat izateko. Katalogoari esker ikusi da autoitzulpena oso jardun zabaldua dela gure txikian, zeren 2015era arte, bildu ditut 325 izenburu eta 125 autoitzultzaile: alegia, egile batek baino gehiagok bere obra bat baino gehiago autoitzuli du.

Emango zenituzke produkzio horren ezaugarri orokor batzuk?

Genero aldetik gehien-gehien haur eta gazte literatura autoitzultzen da eta esan dezakegu arrazoietako bat izan daitekeela estatuko argitaletxeek akordioak dituztela beren artean. Hamar liburutik zortzi gaztelaniara autoitzuli dira. Desoreka handia da, beraz, frantsesaren eta gaztelaniaren artean. Edizio elebidunei edo eleaniztunei begiratuta, hizkuntza nagusien arteko aldea txikitzen da zertxobait. Beste datu esanguratsu bat, hauxe: autoitzulpen gehienak, erdia baino gehiago, Euskal Herrian kaleratu dira. Kronologiari begiratuta, azken hiru hamarkadetan argitaratu da autoitzulpen gehien.

Autoitzulpena itzulpena dela diozu. Kontrakoa uste al da?

Bai. Autoitzulpenetan, editoreek, prentsak eta autoreek barra-barra esaten dute erdarazkoa itzulpena ez baizik bertsioa dela, edo egokitzapena, edo berridazketa… Hori justifikatzeko, beti esaten dute moldaketak egin dizkiotela testuari, baina halakoak ez dira soilik itzulpenetan gertatzen; esate batera, berrargitalpenak ere aprobetxatzen dituzte autoreek aldaketak sartzeko, Mikel Ayerbe ikertzaileak egiaztatu duenez.

Gainera, itzulpen-jardunak berak moldaketak dakartza nahitaez. Funtzionalismoak erakutsi duenez, itzulpengintzan joera dago testua helburu den kulturari edo irakurleari egokitzeko, nahiz eta literaturan ez den hain agerikoa, egiletasunak balio sinboliko handia daukalako. Nahiko funtsgabea da autoitzulpenak itzulpenak direla ukatzea, zer eta moldaketak egin zaizkiola argudiatuz. Horren atzean zera dago, itzulpena hitzez hitzezkoa delako ustea. Iruditzen zait ezezagutza dagoela arrazoiketa horren atzean; horregatik bilatzen dira beste termino batzuk.

Badaude bestelako faktoreak ere, noski: komertzialki komenigarriagoa da esatea autoitzulpena bigarren original bat dela, edo erdarazko bertsio bat, itzulpena dela esatea baino. Sistema espainolak, adibidez, nahiago ditu autoitzulpenak, alde batetik errentagarriagoak direlako, baina baita logika jakin bati erantzuten diolako ere.

Zer logika da hori?

Alde batetik, itzulpenak kutsu negatiboa du oraindik ere, eta are gehiago euskara tarteko denean, badirudi zalantza gehiago pizten duela. Bestetik, badago asimilazio nahi bat. Espainiako literatur sistemak badauka indar zentripetu bat eta nahi du hizkuntza periferikoetan sortzen diren obrak hizkuntza hegemonikora ekartzea eta ahal dela autoitzulpenaren bidez egitea, izan dadin bigarren original bat eta funtzionatu dezan jatorrizko bat bezala. Asimilazio orok dakartzan arriskuak dakartza horrek, eta edukiaren esku geratzen da maiz euskal identitatea adieraztea edo ez. Alde horretatik, tesian iradokitzen dut euskal sistemak erreproduzitzen duela Espainiaren indar zentripetu hori. Diru publikoz bultzatzen da autoitzulpena, dela sariketetan aparteko kopuru bat itzulpenari emanez, dela aleak erosiz, dela beken bidez. Beharbada itzulpenerako beste bide eta modu batzuk sustatu ahalko lirateke, hizkuntza gutxituen artekoa, adibidez; egun, ontzat ematen da, munduratzeko, gaztelaniatik pasatu beharra.

Frantziar sistemak ere hala egiten al du?

Ez, eta horrek ez du esan nahi hoberako denik, zeren behintzat Espainiak asimilatu nahi du, aitortzen du badagoela euskal literatura bat, berean integratu nahi duena; aldiz, frantziar estatuan itzulpenek beti bete dute oso leku periferikoa, eta hizkuntza gutxituak ez dira aitortzen, badago mespretxu handiagoa. Oso adierazgarria da zer euskarazko liburu gutxi dauden frantsesera itzulita.

Badago ez autoitzultzea erabaki duen autorerik.

Bai, eta gure kontestuak autoitzultzeko baldintza guztiak ematen ditu, beraz oso esanguratsua iruditzen zait hautu hori. Badago deserosotzat duena bai autoitzulpena bai itzulpena bera, adibidez Joxe Azurmendi. Hark hizkuntzatik eta kulturatik ulertzen du nazio eraikuntza, mundu euskaldunari eskaini nahi dizkio bere testuak, eta beraz testuinguru horretan ulertzen ahal dugu haren erabakia, ados egon zein ez. Bestetik, Uxue Alberdik adibidez esan du literarioki euskal idazletzat duela bere burua eta ez dela eroso sentitzen erdaraz idazten, nahiz eta eskaini dioten. Ez du ukatzen, hala ere, beraren lanak beste norbaitek itzultzea. Edonola ere, gehiago dira autoitzuli dutenen adierazpenak, autoitzuli ez dutenenak baino.

Argazkia: Dani Blanco.

Autoitzuli dutenek zergatik autoitzuli dute?

Alde batetik ikusten ahal ditugu motibazio pertsonalak, adibidez norberaren lana beste hizkuntza batean garatzeko gogoa. Beste motibazio pertsonal bat izan daiteke obraren autoretzari edo kontrolari eutsi nahia; nahiko kontrol dudazkoa da, baina tira. Eta horri lotuta mesfidantza itzultzailearekiko. Baina beste testuinguru batzuetan ere atera da hori dena, ez da gurea esklusiboa. Badaude kanpo faktoreak ere, nahiz eta pertsonala eta kanpokoa beti dauden loturik, baina kanpokotzat jotzen ahal dira “itzultzaile falta” –nahiz eta geroz eta gehiago dauden beste hizkuntzetara ere–, dirua, denbora… Profesionalizazioarekin ere lotura du: horretaz bizi nahi bada, gehienetan, ez da beste biderik.

Zergatik diozu kontrola dudazkoa dela?

Badirudi zilegitasun handiagoa ematen zaiela autoreei, badirudi haiek sortu dutenez obra haiek izanen direla aproposenak obra hori itzultzeko, haiek dakitelako zer esan duten. Nik beti esan dut haiek dakitela zer esan nahi zuten, gero beste gauza bat da zer geratu den paperean. Bestalde kontrol hori mugatua da ikusi dugulako zer gauza eskatu dizkieten autoreei. Adibidez, Uxue Alberdik kontatu du nola Alfaguarak eskaini zion [Aulki jokoa] autoitzultzea, baina eskatu zioten liburua mozteko eta egokitzeko erdal publikora eta erdal sistema literarioko orduko joeretara. Ez zuen egin. Azkenean, gaztelaniazkoa euskal argitaletxe batek atera zuen, Miren Agur Meabek itzulita.

Zeuk ipuin-liburu bat argitaratu zenuen iaz. Autoitzuliko zenuke?

Ez. Esan nahiko nuke jarrera politiko bat dela, baina ez da hori hutsean, zeren ez daukat hain landua hizkera literarioa gaztelaniaz, eta horretaz gainera iruditzen zait gaur egun badaudela itzultzaileak hori egiteko. Bestalde, halako azterketa bat eginda eta ikusita sistemen arteko mendekotasunak, asimetriak eta abarrak, ez dut parte hartu nahi joko horretan.

Autoitzuliz gero beti izango gara mendeko?

Hizkuntzaren egoera soziolinguistikoak eragina du autoitzulpen eta itzulpen jardunean. Adibide bat jartzearren: ez da gauza bera frantsesaren eta ingelesaren artean itzultzea Europan ala Quebecen. Ez dauzka inplikazio berak inondik inora eta horregatik diot hizkuntzen arteko asimetria kontuan hartu behar dela, eta gurea bezalako kultura eleaniztun, periferiko eta mugakide baten konplexutasun horiek guztiak ezinbestean hartu behar direla aintzat autoitzulpen edo itzulpen jarduna ikertzean. Ez nago euskaratik itzultzearen kontra, uste dut euskaratik itzuli behar dela, argi eta garbi, eta hori bultzatu, baina betiere kontuan hartuz nola egiten den, eta asimilazio horretan erori gabe, hain zuzen ere oso erraza delako hor erortzea. Azken batean, euskal literaturan sistematikoki autoitzultzen da hizkuntza subordinatutik hegemonikora, eta ez alderantziz.

Nola egin dakioke aurre asimilazio nahi horri?

Diskurtso mailan posizionatu zaitezke. Argi esaten baduzu erdarazko hori itzulpena dela, horrek adierazten du aurrez badagoela beste testu bat eta beste kontestu eta hizkuntza batean sortu dela, horrek dakartzan inplikazio eta konnotazio guztiekin. Bertsioa edo berridazketa dela esaten baduzu, ordea, jakina badagoena sorburu-testu bat, baina beti hartuko du hizkuntza hegemonikoan dagoen horrek maila goragoko bat, ez bakarrik euskararen kasuan, beste egoera asimetriko guztietan berdin, zeren dena delako moldaketa horiek ez dira sekula atzera itzultzen euskarara edo, oro har, hizkuntza subordinatura.

Gero, testuan bertan posizionatu zaitezke. Miren Agur Meabek, adibidez, glosario bat sartu zuen Un ojo de cristal-en amaieran. Hori posizionatze bat da, oso argi uzten du erdarazkoa itzulpen bat dela. Kultur trasbasea oso nabarmena da, zeren egia esan glosarioan agertzen diren hitz horiek ez dira hain espezifikoak, eta itxuraz ez zegoen beharrik halakorik egiteko. Ez dut esanen goazen orain denok glosarioak egitera, neutralizazioa saihesteko bide bat baino ez da. Beste itzulpen batzuetan, bestalde, jatorriari lotutako terminoak desagertu egin dira erdarazkoan, ez hala hizkuntzari loturiko erreferentziak: euskara agertzen da, horretarako “premiarik” ez dagoenetan ere, eta ikusi dut hain zuzen euskara agerraraztea izan daitekeela bestela egiten diren neutralizazioak konpentsatzeko eta iruditeria sozial euskalduna adierazteko modu bat.

Azken hitza: Idazle ala itzultzaile?

Idazten eta itzultzen, bietan aritzen direnei sarri galdetzen diete ea zer duten nahiago. Arrulak iskintxo egin dio bata ala bestea aukeratu beharrari: “Autoitzultzaileek identitate bikoitza daukatela eta halako zozokeriak esan ohi dira beti, oinarririk gabe eta argudiatu gabe. Gaur egun, gainera, hain onartua dago identitateen konplexutasuna eta etengabeko eraikuntza… Dikotomiatzat aurkezten dira maiz idaztea eta itzultzea, baina nik ez ditut hala ikusten. Bietan dago sortzailetza. Beraz, galdetuko balidate, horixe esanen nuke: sortzailea naizela”.


ASTEKARIA
2018ko ekainaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Itzulpengintza
Erika Gonzalez. Australian ere zakurrak hanka-hutsik
“Pribilegiatua sentitzen naiz, baina gogotik lan egin behar izan dut”

Hamasei urte zeramatzan Gabonak hemengo etxean igaro gabe. Urruti baita beti Australia. Haatik, lanak Euskal Herrira etortzeko aukera eman zion iragan urtearen amaieran, eta Lazkaon izan genuen aurtengo jaietan. Hangoak hango eta hemengoak hemengo, ibili dituen bide bihurri... [+]


Amaia Gabantxo
“Kultur biolentzia da euskal literatura gaztelaniazko bertsiotik itzultzea ingelesera”

Idazle, itzultzaile eta kantari da, euskarazko literatura ingelesera itzultzen espezializatua, eta aitzindari ere bai lantegi horretan. Hainbat sari eta merezimendu jasotakoa, Miren Agur Meabe idazlearen Hezurren erretura ingelesera itzuli, eta Etxepare saria jaso du oraindik... [+]


Elhuyarren itzultzaile neuronalak ahotsa du orain

Aukera ematen du itzulpenak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, katalanez eta galegoz entzuteko. Bestalde, itzultzaile neuronala Telegramen integratu du Elhuyarrek, mezuak itzultzeko aukera ematen duena.


2023-10-13 | ARGIA
Urriaren 21ean egingo da Heptameronaren irakurketa Orbaizetan

Pandemiako 2020 itxialdian hasi ziren itzultzen Margarita Nafarroakoak idatzitako Heptamerona liburua. 2021etik urtero irakurraldi bate ere egiten dute Booktegik eta Nafarroako Ateneoak antolatuta.


2023-05-28 | Zero Zabor
Agur, Iñaki Usabiaga

Gipuzkoan Zubietako erraustegiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten askok horietan ezagutuko zuten Iñaki, bere 80 urte paseekin aktibista beteranoena. Argazkian ageri da militante gazte batekin solasean erraustegiraino mendiz egindako martxan, 2018an.


Beti baitago norbait euskaraz ez dakiena

Bi esperientzia linguistiko oso desberdin bizi izan ditut azken asteotan Hegoaldeko bi herritan. Bata, herri euskaldun bateko erakunde publiko batek antolatutako hitzaldi batean, eta, bestea, eskola bateko batzar batean. Hitzaldian baginen 80 lagunetik gora, nik esango nuke %90... [+]


Euskal literatura itzulia
Zer irakurtzen diguten katalanek eta zergatik hain gutxi

Katalanera itzulitako euskal literaturak 1982tik 2020ra bitartean izan duen bilakaera aztertu du Aritz Galarraga Lopetegik aurtengo martxoan defendatu duen doktore-tesian. Ikerketak bi kulturen arteko harremanari buruz dauden zenbait uste datuekin kontrastatzeko balio du, baita... [+]


2022-08-10
Miren Iriarte Oyaga itzultzailea zendu da

 Hainbat literatura-lan itzuli izan ditu euskarara nahiz gaztelaniara. 44 urte zituela hil da itzultzaile nafarra.


Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren

Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.


2022-06-28 | ARGIA
Hizkuntza gutxituetan idazten duten emakumeak ingelesera itzuliko dituen argitaletxea jaio da

3TimesRebelPress (3TR) argitaletxe independente eskoziarra jaio da, euskaraz, katalanez, galizieraz, gaelikoz, galesez… eta oro har hizkuntza gutxituetan idazten duten autore emakumeen literatura ingelesera itzultzea helburu duena, “mundu osoan sustatzeko”.


Idoia Santamaria, itzultzailea
‘Austerlitz’, memoriaren korronte ezkutuak

Anbereseko Central Staationen aurkituko du liburu honetako narratzaile izenik gabeak Jacques Austerlitz, bere iraganaz oroitu ezin den gizona. Hamarkadaz hamarkada eta hiriz hiri luzatuko dira bien arteko solasaldiak, lainoan bildutako memoria argitzeko ahaleginean. Idoia... [+]


Emakume idazleak XX. mendeko Italian
Alda Merini: harriduraz begiratzeko ahalmena

Alda Merini (Milan, 1931-Milan, 2009) poeta italiarra izan zen. Lan asko argitaratu zituen, tartean hamarnaka poesia liburu eta bi-hiru autobiografia (L'altra verità. Diario di una diversa, La pazza de la porta accanto eta Reato di vita. Autobiografia e poesia).


Beira ikusezina

Argitaletxe askok uko egin zioten Beirazko kanpaia liburuari, txolina eta arina zelakoan. 1963an argitaratu zen lehen aldiz, Victoria Lucas ezizenez sinatuta. Beirazko kanpaia eleberria izan zitekeen, baina autorearen bizitzatik oso gertu dagoen kontakizuna izanik... [+]


2022-03-18 | ARGIA
Hego Amerikako lau poeta eta Euskal Herriko lau itzultzaile batu ditu Liberoamerikak

Barrenetik zulatzen zaitut: 8 ahots itsasertzetik poesia antologia elebiduna argitaratu berri du Liberoamerika argitaletxeak. Ekuador, Mexiko eta Argentinako lau poeta eta Euskal Herriko lau itzultzaile elkartu dituzte. Martxoaren 30ean aurkeztuko dute jendaurrean.


Eguneraketa berriak daude