Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkaria da. Iruñean jaio zen eta 28 urte bete berri ditu Zufiak. Bilgune feministako kide da eta, hortik egin du jauzi Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartara eta Alternatiben Herrira. Azken honek, baietzari indarra emateko, alternatibak erakusteko eta ezagutzak josteko balio behar duela diosku.
Baionan egin zen lehen Alternatiben Herria 2013an, bigarrena Bilbon 2015ean. Zein balorazio egiten duzue egindako ibilbideaz?
Oso balorazio positiboa. Hasieran oso zentratua egon zen klima aldaketan, baina gero eta ikuspegi integralagoa hartu zuen eta, herri gisa behar ditugun alternatibez eta prozesuez hitz egitera pasatu gara. Indarrak metatzeko aukera eman digu txiki eta handiei. Mugimendu sozio-sindikala konturatu da indar handia ari dela xahutzen sistemari ezetz esaten greba orokor eta bestelako dinamiken bidez: “murrizketei ez”, “kapitalismoari ez”, “lan baldintza hauei ez”… Baiezkoa gutxiago landu izan dugu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta hori jorratzera etorri zen. Alternatiben Herria da horren adierazle nagusia. Egun zehatz horretatik egunerokora jauzi egitea da gure erronka.
Eta nola dago osasunez kapitalismoari alternatiba jarri nahi dion esparru zabal hori?
Sisteman honen aldetik egunero jasotzen dugun bonbardaketa handia da. Horren aurrean etsipen handia dago, eta horregatik, beste mundu bat eraiki dezakegula ideologikoki sinestea giltzarri da. Alternatibak guk uste duguna baino gertuago ditugu sarri. Txikitik alternatiba asko eraikitzen ari dira: energiaren munduan, elikaduran, teknologian, gorputz aniztasunean… Gure hutsunea da alternatiba horiek guztiak oso sakabanatuta ditugula.
Asko daude, eta gainera, normala denez, bakoitzarentzat berea da garrantzitsuena. Horrek askotan zaildu egiten du alternatiba orokorretan pentsatzea.
Bakoitza beretik, baina orokorrean pentsatuz aritzea lortu beharko genuke, bakoitzaren alea marko komun batean jarriz. Horregatik elkar ezagutzea eta elkar saretzea gakoa da.
Nafarroan banaketa politiko handia da gizartean (naziotasuna, hizkuntza…), eta esparru sozialean ere islatzen da hori neurri batean. Alternatiben herriak lortzen al du bi esparru horietako polo sozialenak hurbiltzea?
Nahiko genuke. Azkenean gure aldarrikapena zera da: eskubide sozial guztiak herritar guztientzat, eta hori gehiengo sozial osoaren interesekoa da. “Bizitza burujabea eskubide osoz” da gure goiburua, eta hor sartzen dira baita ere eskubide kultural eta linguistikoak, euskararen defentsa. Baina jatorri eta desberdinen arteko aniztasuna eta elkar ezagutza asko baloratzen dugu; beraz, esparru zabal batera iristeko balio beharko luke Alternatiben Herriak.
Egun zehatz bati begira sare asko josten dira. Gero mantentzen dira?
Kasu batzuetan bai. Bilbokoaren ondoren, naturaren auzoak lortu du saretzea eta orain, esaterako, Ziordian (Nafarroa) topaketak egin berri dituzte aurrera begirako lan ildo eta estrategiak pentsatzeko. Martxoaren 8ko mobilizazioak, pentsiodunenak… esparru batzuetan gizartea bizi-bizi dago gainera. Azken finean, gero eta kezka handiagoa dugu egungo bizi ereduarekiko, ardura sentitzen dugu gure praktika indibidual zein kolektiboak aldatzeko, eta kosta egiten da, baina badakigu egin behar dugula.
Eraldaketa beharra oso zabaldua dago gizartean: hobeto bizitzeko, lan baldintza duinak izateko, natura suntsitzeari uzteko, zahartzaro duina izateko, emakume gisa aske ibili ahal izateko… Eta gune askotatik, eta Alternatiben Herritik ere bai, lortzen ari gara hori guztia ikuspegi anitzeko burujabetzarekin lotzea.
Alternatiben Herrian esperientzia eta proiektu ezberdinak kaleratu ziren Iruñean larunbatean, Ahotsa.inforen erreportaje honetan ikusi daitekeen bezala. Antolatzaileen esanetan, larunbatean argi geratu zen alternatiba ugari direla eta posible dela beste mundu eraikitzea.
Baionan egin zen Alternatiben Herriaren lehen ekitaldia 2013an. Bilbon errepikatu zen esperientzia 2015ean eta ekainaren 2an Nafarroaren txanda da: IIruñeko Alde Zaharrean ospatuko da eguna. Hantxe izango da ARGIA eta antolatutakoaren jarripena egingo dugu.
Klimaren hondamendia, hori da seguruenik gaur egungo krisi globalaren ondorio ikusgarriena. Donald Trumpen etorrerak brintzak sortu dituen arren, horren inguruko kontsentsua handia da: gure planetak sendabideak behar ditu. Euskal Herrian Baionan egin zen asmo horren aldeko lehen... [+]
Ekainaren 2an, Iruñean, Alternatiben Herria egingo dugu. Egunean zehar, Iruñeako alde zaharra herri txiki bat bihurtuko dugu, hausnarketaz, alternatiba praktikoz eta baikortasunez betez. Euskal Herrian zehar, nork bere herrian, auzoan, taldean… aurrera... [+]
Datorren ekainaren 2an Alternatiben Herria ospatuko dute Iruñean kapitalismoak baduela alternatibarik erakutsi nahi duten Nafarroako pertsona eta kolektiboek. Ostegunean egin zuten Iruñeko Katakraken bilera orokorra eta baliatu zuten ekimenaren aurkezpen orokorra... [+]
Iruñeko Katakrak liburudendan, asanblada irekia deitu dute ostegunean 18:00etan ekainaren 2an egin nahi duten Alternatiben Herria antolatzen hasteko.
2018ko Ekainaren 2an Iruñean ospatuko da Alternatiben Herriaren edizio berri bat. Sistema kapitalistaren aurrean Euskal Herrian dauden alternatibak erakusteko eta bide berriak jorratzeko balio duen ekimena izanen da.