“Metroa, AHTren geltokia... Donostia zer izango da, Montecarlo bat?”
Inoiz joan bazara Donostiako Alde Zaharreko Rekalde tabernara, seguru barraren atzean ikusiko zenuela Agus Rodriguez, irribarrez, batekin edo bestearekin hizketan. Nor da, ordea? Bere hitzetan: “45 urteko gazte bat, euskaldun berri zaharra, donostiarra, semea, aita, anaia, lankidea, batzuetan nagusia, eta militantea”. Tabernaren azken urtearen atarian hitz egin dugu berarekin.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Agus Rodriguez Burgete (Donostia, 1972)
Lanbidez, tabernaria. Hainbat herri mugimendutan militatu du, eta gaur egun Libre dinamikako kidea da. Marketineko ikasketak egin zituen, eta munstroak nola funtzionatzen duen ikusteko balio izan omen zion.
Sustraiek eta batez ere amak eragin handia izan omen dute zugan. Nor zen, eta zer eman zizun?
Ama Chipionan jaio zen, Andaluzian, aita bertakoa zuelako, karabineroa gainera –errepublika garaitik zetorren polizia bat, gero guardia zibilak xurgatu zuena–. Hori da nire jatorria. Amaren ama zumaiarra zen eta amak 8 urte zituela etorri ziren hona. Amak Andaluzian esan ohi zuen euskalduna zela eta hemen, berriz, andaluziarra zela. Hark hezi gintuen hamar seme-alabok, hark transmititu dizkigu gure balore guztiak, horregatik da inportantea.
Zer balore?
Umiltasuna, eskuzabaltasuna... zaila egiten zait hitzak jartzea, egia esan. Solidarioa zen, eta langilea ere bai, sekulako lana egiten zuen etxean eta handik kanpo. Gure amak erakutsi zigun inoiz ez dela poztu behar inoren heriotzarekin eta sufrimenduarekin, eta horrek lagundu dezake ikuspegi zabalago bat izaten gaztea zarenean eta pixka bat itsu zaudenean.
Gaztetan hasi zinen militatzen. Nolako giroa zebilen?
Hasteko aipatu behar dut ni beste mundu batetik natorrela, erdararen mundutik, ez nuen ikastolan ikasi, baizik eta eskola publiko batean, Ategorrietan, eta uste dut horrek ere balore onak eman zizkidala, euskara izan ezik. Militantziarekin lotuta, ez dakit zergatik baina argi neukan euskara ikasi nahi nuela. Nire etxean erdaldunak ginen, baina euskal kultura asko jaso dugu, euskal kantak eta abar. AEKn, garai haietan, euskara ikasteaz gainera euskal kulturaz blaitzen zinen, parte hartzen genuen euskal inauterietan, Groseko jaietan… Gazte asanbladan hasi nintzen, gero ibili nintzen Herri Batasunako komite lokalean, Marrumako txoko elkartean eta ondoren lau urtez egin nuen lan Marruma tabernan. Groseko auzo elkartean ere militatu nuen. Beti esan dut niri egokitu zitzaidala militantziaren une goxoak bizitzea. 80ko hamarkadan Euskal Herria omen zen Europan elkartegintza gehien zeukan herrialdea, eta hori nik bizi izan dut, nire auzoan; gazteak zein helduak ibiltzen ginen denok batera. Altruismoa zen gure armarik eraginkorrena. Sinesten genuen horri ordu pila bat eskaintzen genion, izan auzo elkartea, kolektibo feminista, HB edo dena delakoa, bakoitza berean.
Herriko tabernen auzian atxilotu zintuzten.
2002ko apirilean atxilotu ninduten, eta gure sumarioaren ezaugarri nagusietako bat izan zen asko luzatu zela. Epaiketa hasi zen 2013ko urrian, bost hilabetez joan ginen Madrilera, 2014ko martxora arte. Behin-behineko epaia atera zen 2014ko uztailaren 31n, eta behin betikoa, berriz, 2016ko urtarrilean. Hau da, ia-ia 14 urtez egon ginen esperoan, jakin gabe zer gertatuko zen gure bizitzarekin, astero sinatzera joanez, Espainiako Estatutik ezin irtenda…
“Badirudi Rekalde bezalako espazioak soberan daudela hiri eredu honetan”
Zer leporatu zizueten?
Instrukzioak iraun zuen hamabi urteetan mantendu zuten herriko tabernek diruz hornitzen genuela ETA. Ez zuten inongo frogarik aurkeztu hori erakusteko. Epaiketaren azken aurreko egunean, ordea, fiskalak jauzi hirukoitz bat egin zuen eta leporatu zigun Batasuna hornitzea diruz. Beste kontzeptu bat asmatu zuten: erakunde terrorista baten mendeko erakunde baten kolaboratzaile. Kontua da 2002ko apirilean atxilotu gintuztela eta beraz epaitu behar zutela hori baino lehenagoko jarduna, baina garai hartan Batasuna legezko erakundea zen, 2003ko uztailean utzi baitzuten legez kanpo Alderdien Legearen bidez. Hortaz, akusazioak ez zeukan inongo funtsik, gure epaiketa erabat politikoa izan zen. Beste kasu askotan bezala. Azkenean, zortzi urte beharrean, fiskalak bi urte eta bi hilabete eskatu zituen, eta hamabost hilabetera zigortu gintuzten, baina ez ginen kartzelara joan “dilaciones indebidas” delako horiengatik, egon ginelako denbora pila bat inongo arrazoirik gabe epaiketaren zain lehendabizi eta epaiaren zain gero.
Esperientzia horren ostean zer azpimarratuko zenuke?
Une txarrak izan ziren, noski, beldurra pasa nuen; baina zorionez banuen familiaren eta lagunen babes osoa, eta balorazio positiboa egin dut askorako eman zidatelako kalabozoan egin nituen 120 ordu haiek, eta gure kasuan ez gintuztelako bortizki torturatu eta azkenean ez gaituztelako espetxeratu.
Epaiketari lotuta, bi gauza azpimarratuko nituzke. Batetik, ni lehenago lekukoa izana nintzen Gestoren aurkako epaiketan eta egona nintzen 18/98 sumarioko saio batean, eta ikusia nuen zelako tranpak egiten dituzten Auzitegi Nazionalean, legea nola estutzen duten, baina gure epaiketan, bost hilabete horietan, izugarriak eta bi ikusi eta entzun nituen. Eta txapuzak… Askotan pentsatu dut lau hileko liberazio bat hartzea eta halako pasadizoak kontatzea; liburu bat egin nezake.
Adibiderik?
Bost hilabetez joan ginen Madrilera astero, eta lehenengo asteetan saio asko bertan behera geratu ziren beraien kapritxoz: demagun guk genuela plangintza asteazkenera arte, bada asteartean ez dakit zer lekuko ez zegoela-eta, etxera joan gintezkeela esaten ziguten. Epaiketaren bukaera aldera, ordea, justu kontrakoa gertatu zen, guk genuen hotela hartuta astelehen gauera arte, eta astearte arratsaldean esan ziguten biharamunean itzuli behar genuela: pentsa, etxera deitu, seme-alabak zituztenen kasuan haien zaintza kudeatu, lanean baimena luzatu… Sekulako nahaspila, jende pila bat ginen gainera, auzipetuak ez ezik abokatuak ere bai. Tira, esan moduan asteartean bukatu behar genuen, baina esan ziguten asteazkenera arte geratu behar genuela, geratu ginen, egin genuen goizeko saioa, eta gero berriro arratsaldean joanarazi eta denbora pila bat eduki gintuzten sartzeko zain. Halako batean atsedenaldi bat eskatu zuten, eta kanpoan geundela etorri zen gure abokatuetako bat eta esan zigun: “Idazkariari entzun diot berehala bukatuko dugula arratsaldeko saioa, Don Angelek [Hurtado, epailea] Santiago Bernabeura joan behar duelako Champions partida ikustera”. Berez arratsaldeko saioak izaten ziren zazpiak arte, bada hura amaitu zen seiretan zeren Don Angelek futbola ikustera joan behar zuen. Ematen du gustu txarreko txiste bat, baina ez da hala, horrela funtzionatzen dute. Horrek erakusten du nola ikusten gaituzten, zer garen gu beraientzat: bortz.
Azpimarratu nahi zenuen beste elementua zein da?
Gauza positibo bat: Madrilgo jendearen elkartasuna. Ikaragarria. Guk agian espero genezakeen edukitzea babes politikoa, baina hauek asmatu zuten modu bat giza babesa antolatzeko, jakinik zenbait hilabetez astero-astero joan behar genuela hara, hotel batera, etxetik kanpo… Epaiketaren ostean ni saiatu naiz hori helarazten hemen, Madrilen badagoela jende benetan solidarioa, arriskuak hartu dituena guri babesa erakusteko. Askotan kexatu izan gara estatuko ezkerrak daukalako 1.000 km-ko sindromea, alegia, Saharan edo Palestinan gertatuz gero ontzat jotzen dutena hemen ez dutela begi onez ikusten. Baina guk akats bera egin dugu, guk ere uste izan dugu: “Ezkertiarrak bai, baina espainolak”. Espainolak diren ala ez, hasteko, haiei galdetu behar genieke, eta gero jende horrekin gauza asko daukagu konpartitzeko, eta ez hori bakarrik, haiek konplexurik gabe gainditu dituzte beste ezkertiar batzuek ipinitako oztopoak guri elkartasuna emateko, eta iruditzen zait zentzu horretan zorretan gaudela, haiekin eta bisitetan babesa edo aterpea eman digun jende anonimo horrekin guztiarekin.
Euskaraz ikasteko gogo bizia zeneukala aipatu duzu lehen, zer dela-eta?
Hainbat oroitzapen dauzkat. Gogoratzen naiz behin joan nintzela Zumaiara, nire amonaren herrira, jaietara: Jon Maia bertsotan ari zen eta oso gutxi ulertzen nuen. Eta hor gogoa piztu zitzaidan, zerbait galtzen ari nintzelako sentipena neukan. Ez zen beharra, ez zen obligazioa, gogoa neukan, benetan sentitzen nuen ez nintzela ni, zerbait gehiago behar nuela. Gurasoek ezin zieten seme-alaba guztiei euskaltegia ordaindu –ezta unibertsitatea ere–; orduan bilatu nuen lan bat, ikastola bateko begirale, eta horretarako euskara jakin behar nuenez, ikastolako gurasoen elkarteak ordaindu zidan euskaltegia. Hiru urtez egon nintzen, ondo moldatzeko adina, nahiz eta etengabeko ikasketa-prozesua den, noski. 25 urte beranduago, iaz, C1 maila atera nuen, gauzak horrela daudenez paper batekin demostratu behar duzulako badakizula euskaraz, eta orduan atera nuen. Asko harritu ninduen jendearen jarrerak: titulu bila zihoan euskaltegira. Orain dela 25 urte joaten ginen euskara ikasi nahi genuelako, azkenengo mailara iristen zinenean akaso eskaintzen zizuten EGArako prestatzea, baina hori aukeran, eta orain, ordea, horixe bilatzen du jendeak. Uler dezaket, neurri batean, baina hizkuntza akademiaren kutsua hartu nion, eta garai batean ez zen hori.
Esamolde berritu bat entzun izan dizut: jendeak euskaraz egiten diela haurrei, txakurrei… eta tabernariei.
Rekalden gertatzen zait: bi lagun sartzen dira, gazteleraz elkarren artean, biek egiten didate euskaraz, ez soilik kafea eskatu baizik eta semeaz galdetu adibidez, gero urruntzen naizenean kafe-makinara berriro hasten dira gazteleraz, eta ni kafeekin etortzen naizenean euskaraz egiten didate berriro. Orduan, batzuetan, jolasean ibiltzen naiz, ea haiek konturatzen diren zelako erridikulua den. Gure herrian horixe da tragedia, euskaldun asko dago baina ematen du ohituren aurka ezin dugula jauzi hori egin, jakitetik erabiltzera. Guk egin dugu, etxean eta kuadrillan. Egin daiteke.
Hamasei urte dira Rekalde taberna ireki zenuela. Zer asmo zenuen?
Hasteko esan behar dut lau urtez egin nuela lan Marruma tabernan eta han ikasi nuela lanbidea. Oso eskertua nago. Hain zuzen ere Marruman lan egiten zuen emakume bati esker jakin nuen aurretik Rekalde zeukatenek hura uzteko asmoa zutela, eta xarma berezia zeukala iruditzen zitzaidanez, animatu egin nintzen.
Argi neukan ez nuela taberna arrunt bat egingo, jakiak eta edariak saltzeko postu bat bakarrik, baina ezta ere herriko taberna bat. Esan dezakedan bakarra da nire aurreikuspen guztiak soberan gainditu direla, eta bilakaera bat izan duela, igual nire bilakaera pertsonalarekin batera joan dena. Hazi egin gara, ikasi egin dugu, esperientzia hartu, eta esango nuke gure bertuterik handienetako bat dela toki irekia dela, jendea eroso sentitzeko modukoa. Rekalden pertsona guztiak dira ongietorriak, jarrerak dira soberan daudenak, jarrera matxista, homofobo eta xenofoboak. Bertan lan egiten dugunon ardura da espazioa zaintzea, horregatik dauzkagu sekulako sukaldariak, kafe ona eta tratu goxoa, baina zuek betetzen duzue edukiz, eta ni harro nago gaur egungo gizarte indibidualista eta kontsumistan halako jendea dagoelako, bestelako mundu batekin amestu eta hori lortzeko lanean diharduena. Rekalde hartu nuenean horrelako zerbait nahi nuen, baina bila joan baino, sartzen utzi diot.
Datorren urtean itxiko dituzue ateak?
Oso une kritikoan gaude hiri ereduari dagokionez. Gure esparruan, tabernak jasotzen ari gara bere garaian merkatal zentro handiek denda txikiei egin zieten kaltea: orain etortzen ari diren kanpoko eta Euskal Herriko inbertsio-talde delakoak tabernak erosten ari dira, igual horrelako talde batek zazpi taberna dauzka. Hiriaren eta auzoaren arima akabatzen ari diren testuinguru horretan, Rekalde arnas gune bat da, eta gu harro eta oso pozik gaude horretaz, baina, nonbait, Udalean aspalditik agintzen duen hirukoarentzat (EAJ, PSE eta PP), Rekalde bezalako espazioak soberan daude. Ez dakit kontziente diren jendearen haserrearen tamainaz, esparru eta jatorri anitzeko jendearen suminduraz.
Zer beste alorri eragiten dio hiri eredu horrek?
Donostian bizitzea zail dago: jendea ezin da bere auzoan geratu bizitzen, ematen du guk joan behar dugula periferiara, eta kanpotik datozen turista eta aberatsei utzi tokia. Kezka handia dut. Alarma gorriak piztu behar ditugu. Lehenago zurrumurrua zebilen, baina orain begi-bistakoa da, gauzak ari dira gertatzen, eta are okerragoa da begi-bistan ez dagoena. Boteretsuen modus operandia da, Udalaren baimenarekin, gauzak ezkutuan egitea: eraikinak saltzen dituzte eta ondoren erabilera aldatzen, etxebizitza izatetik hirugarren sektoreko erabilpena izatera. Ez ditugu berehalakoan ikusiko aldamioak eta garabiak, baina hori ja badago eta hemendik bi urtera edo egoki deritzotenean egingo dute. Beranduegi izan baino lehen borrokatu behar dugu; begira Metroaren proiektua, AHTren geltokia… Donostia zer izango da, Montecarlo bat?
Antolatzen ari zarete.
Auzo elkarte potente bat dago, horretan dabilena, eta Alde Zaharreko bizilagun naizen aldetik, uste dut auzoan kontzientzia dugunok ari garela auzo elkartearekin eta beste eragile batzuekin batera lanean. Gehien harritzen eta larritzen nauena da badirudiela gazteen edo okupen kontu bat dela hau, baina ez da hala: guztion arazoa da, guztioi eragiten digu. Ez da nik Alde Zaharrean geratu nahi dudala bizitzen, baizik eta ezin digutela gure izaera kendu.
Bilboko Udalak ez du lizentzia berririk emango, hirigintza planean etxebizitza turistikoen figura arautu bitartean. "Kautelaz" jokatzea erabaki du Juan Mari Aburtoren udal gobernuak, baina gehienez ere urtebeteko epea eman dio debekuari.
Frantziako Estatuko diputatuak eta senatariak ados jarri dira. Orain arte, alokairu turistiko bat alokatzen zutenek etekinen %50 zergapetik kentzeko aukera zuten, urte osoko alokatzaileek, berriz, %30. Lege proposamenak biak hein berdinera ekarriko ditu, hots, %30era.
Izendapenak ohiko etxebizitzarako alokairuaren prezioen arautzea ekarriko du. Nolanahi ere, udal ordezkariek argi utzi dute, legediaren bitartez soilik, ezin izango zaiola aurre egin etxebizitzaren aferari. Ondo bidean, 2025eko lehen hilabeteetan indarrean sartzea aurreikusten... [+]
Asteburu luze bat. Ingurutik bueltatxo bat eman eta pikoteoa egiteko probestu dugu. Turistak selfie-ak egiten. Turistentzako bideak, alokairuak, dendak, hotelak, aparkalekuak, menuko platerak, seinaleen kartelak munduko hizkuntza orotan. Turistak ohiko lekuak leku arrotz... [+]
Turistifikazioaren Aurkako Urria manifestazio jendetsu batekin borobildu zuen igandean desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak, baina turistifikazioaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du hirian. Hain zuzen ere, Donostiako azken urteko turismoaren... [+]
Bizilagunekin plataformak deituta, hiri eredua eraldatu eta herritarren bizi baldintzak erdigunean jar daitezen eskatu dute ehunka lagunek. Etxebizitzaren eskasia eta garestitzea salatu dute, bai eta egoera horren aurrean, Donostiako udalak izan duen jarrera ere.
Donostiako denetariko elkarte, talde eta antolakundeek bat egin dute Bizilagunekin plataformak datorren iganderako, urriak 27, deitutako manifestazioarekin. Alderdi Ederretik abiatuko da 12:00etan.
Uharteetako 25.000 biztanle inguru mobilizatu ziren urriaren 20an turismoaren “gehiegikeriaren”, masifikazioaren eta etxebizitzaren merkatuaren aurka protesta egiteko. Turismoak euren hiri eta herrietatik kanporatzen dituztela salatu dute bertako biztanleek.
Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez, bizilagunen komunitateek eraikin edo urbanizazio batean etxe turistiko gehiago jartzea debekatzeko ahalmena izango dute, betiere bostetik hiruko gehiengoa lortuz gero. Modu horretan, atzera bota ditu Espainiako Estatuan etxe turistikoen... [+]
Atacamako Desertua Fundazioak eremu horretako geoglifoak suntsitzen ari direla salatu du sare sozialetan; hainbat argazkiren bidez, basamortura 4x4 ibilgailuetan doazen bisitariak eragiten ari diren triskantza erakutsi dute. 1000 eta 1520 urteen artean egindako geoglifo handiak... [+]
EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin taldeek lege egitasmoa adostu dute, Iruñeko Alde Zaharrean etxe turistikoei lizentzia gehiago ez emateko. Akordioak “izaera prebentiboa” duen “hirigintza-aldaketa” du ardatz, hiru helbururen bueltan oinarrituta:... [+]