“Argitalpenak banatu ditugu irakasleei jakinarazteko ikasgelan politikaz hitz egin daitekeela”

  • Gorroto-delituagatik inputatuta dauden irakasleez, doktrinamendu salaketez, 155ak Kataluniako eskoletan utzi dituen ondorioez, nazio identitatean hezkuntzak duen rolaz… mintzatu gara Ramón Font irakasle eta USTEC hezkuntza sindikatu katalaneko bozeramailearekin.

USTEC-eko zure kide Alex Juanmartík hitzaldi bana emango du Iruñean eta Bilbon, maiatzaren 4an eta 5ean, LAB Irakaskuntzak bere 30. urteurrenean antolatutako ekitaldien baitan. Hezkuntzak Kataluniako prozesuan duen rola izango du mintzagai. Paper garrantzitsua jokatu du?
2010etik hona independentismoak izan duen gorakada handian ez, eskolak ez duelako hain epe motzean hain modu indartsuan eragiteko ahalmenik, hezkuntzak epe luzera begiratzen du: gaur jartzen duzun hazia etorkizunean ernatuko da. Baina eraikuntza nazionalean funtsezkoa izan da eskola, jakina, nortasun nazionalaren berreskurapenean: Frankismotik heredatu genituen katalana debekatzen zuten eta espiritu espainiarrean formatzen zuten Eskola Nazionalak, eta horren aurrean, batez ere 80ko hamarkadatik aurrera bultzada handia eman zitzaion katalana oinarri zuen eskola ereduari, bereziki kanpotik etorritako familiek eskatuta, euren seme-alabek bertakoen eskubide berak izatea nahi zutelako. Konstituzioarekiko, 78ko Erregimenarekiko haustura egin zuen eskolak, beste arlo batzuetan ez bezala, eta egitura demokratiko eta asanblearioen bideari ekin zion. Gaur arte. Egun, denok hitz egiten dugu katalana, denon hizkuntza da, eta horretan eskolak zerikusi oso handia dauka. Nazio batzuk erlijioan oinarrituta eraikitzen diren bezala (Irlanda kasu), hemen hizkuntzak batzen gaitu, katalanak; horregatik –izan– du hain rol inportantea hezkuntzak nazio eraikuntzan.

“Eraikuntza nazionalean funtsezkoa izan da eskola, nortasun nazionalaren berreskurapenean”

Prozesuan bertan, halere, izan du paper garrantzitsurik eskola katalanak. Urriaren 1ean adibidez gako izan ziren ikastetxeak, hauteslekuak jartzeko garaian.
Bai, aurretik prestaturiko osagai guztiak labean sartzea izan zen. Hauteslekuen bi heren ikastetxeak izan ziren eta hezkuntza komunitateak bereziki inplikatu ziren horietan: irakasleak, gurasoak… aritu ziren parte-hartze politikorako, manifestaziorako eta autodeterminaziorako eskubidea babesten eta ahalbidetzen, poliziaren erasoen gainetik. Ez bakarrik hezkuntza komunitatea, urriaren 1ak denok harritu gintuela uste dut, gizarte osoa zenbateraino engaiatu zen. Historiara pasako da.

Ikasle mugimendua ere bizi-bizi dago.
Ikasleen mobilizazioa nik gogoratzen dudan handiena izan da. 80.000 ikasle Bartzelonako kaleetan manifestatzen, hori ez da inoiz gertatu. Eta hor daude ikasleen sindikatuek antolatutako grebak, unibertsitateetan lotara geratu diren ikasleak… Berdin irakasleak ere; azaroaren 8ko greba orokorrak, esaterako, batez ere hezkuntzan izan zuen erantzuna. Oso greba konplikatua izan zen, legala zen edo ez auzitan zegoelako, eta ilegala izateak ondorio oso arriskutsuak izan ditzake; bada, hala ere, eskola publikoko 30.000 irakaslek eta kontzertatuetako beste 6.000k egin zuten greba, ikasleez gain. Hezkuntza kasik paralizatu egin zen.

“Ikasleen mobilizazioa gogoratzen dudan handiena izan da. Berdin irakasleak; azaroaren 8ko greba orokorra oso konplikatua izan zen, eta batez ere hezkuntzan izan zuen erantzuna”

Kataluniako ikasgeletan doktrinatzen dela aitzakia hartuta, irakasleen aurkako kanpaina akuilatu du Espainiako Gobernuak, salaketa judizialak tarteko.
Bi irakasle adibidez (hasieran zortzi ziren) gorroto-delituagatik salatu ditu fiskaltzak, urriaren 1a ikasgelan komentatzeagatik. Beste ikastetxe batean, 12-13 irakasle daude inputatuta, isilune minutu bat egiteagatik. Beste hainbat herritan berdin, gorroto-delitua leporatuta eskola publiko nahiz kontzertatuetako irakasleak daude jomugan, oro har urriaren 1az hitz egiteagatik, poliziak izan zuen jokabideaz… Urriaren 1ari buruz ikasgelan debatea antolatu nahi zuen irakasle bat ere badago tartean. Guardia Zibilaren kuartelak dauden herrietako ikastetxeak dira; ez dugu uste kasualitatea denik. Horrez gain, hainbat ikastetxetako zuzendaritzak ere sedizio delituagatik ikertzen ari dira, erreferenduma ahalbidetu zutela egotzita. Nik neuk bi salaketa ditut, Hablamos Español elkarteak jarrita: gorroto-delitua batetik, gaztelaniaz ez dudala irakatsiko esateagatik, eta sedizioa bestetik, erreferendumarekin sindikatuak izandako konpromisoagatik. Zain gaude, ea zer gertatuko den epaiketa hauekin guztiekin…

Ikuspegi hezitzailetik, nola ulertu daiteke ikasgelan debekatzea politikaz hitz egitea eta eztabaidatzea? Are gehiago, hori delitu bilakatzea.
Ni Hiritartasunerako Heziketako irakasle izan naiz denbora askoan, eta politika gai bat jarri eta horretaz eztabaidatzen jartzen nituen ikasleak, publikoan hitz egiten ikasteko, argudiatzen ikasteko, ideia eta iritzi ezberdinak errespetuz elkartrukatzeko… Baina iritzia ematea ere debekatu nahi dute. Eta doktrinatzea hain juxtu kontrakoa da: botereak agintzen dizuna esatea. Hori da beraiek nahi dutena! Ciudadanos eta PPren helburua denean Goi-Ikuskaritzaren bidez ikasgelan esaten duguna kontrolatzea, nolabait esaten ari direna da historia bakarrik modu jakin batean irakatsi daitekeela, beraiek nahi duten moduan. Ciudadanoseko kide batek kritikatu zuen Gironako irakasle gehienak ERCkoak direla. Eta hala balitz? Zer nahi duzu, Ciudadanosekoak izan daitezela, ala? Niri berdin zait zein partidukoak diren, nik nahi dudana da euren lana ongi egin dezatela.
    Katedra Askatasuna ulertzen hasi gara orain, zergatik 70eko hamarkadan otu zitzaien Espainiako Konstituzioan Katedra Askatasuna sartzea, polizia fakultate frankistetara joaten zelako, irakasleek zer zioten kontrolatzera. Puntu horretan gaude berriz…

“Arazoak saihestu aldera, autozentsurara jo dute irakasle batzuek. Iritzia ematea debekatu nahi dute, eta doktrinatzea hain juxtu kontrakoa da: botereak agintzen dizuna esatea”

Sorgin-ehiza erabatekoa da: gorroto-delituagatik edo doktrinamenduagatik irakasleak salatzera animatu dituzte gurasoak, Espainiako Barne Ministeriotik.
Bai, lehen aipaturiko irakasle salatuen kasuan ez bezala, hau ez doa bide judizialetik, ikuskaritzaren bidetik baizik, eta masiboagoa izan da Hezkuntzaren Goi-Ikuskaritzara iritsitako salaketa kopurua: ehundik gora salaketa anonimo, doktrinamendua leporatuz. Testuinguruan jarrita, milioi eta erdi ikasletik ehundik gora salaketa jasotzea gutxi da, batez ere aintzat hartuta salaketen zerbitzura jarri den makineria politiko-mediatiko guztia; doktrinamendua kritikatzen duten gurasoen ordez, babesten eta animatzen gaituzten gurasoak ditugu batik bat inguruan, baina gizakiak gara eta fokua doktrinamenduan hainbeste jartzeak eragiten dizu, jakina.

Nola?
Arazoak saiheste aldera, autozentsurara jo dute irakasle batzuek, hala onartu digute, badaezpada zenbait gai ez dituztela gelan ateratzen. Eta argitalpenak banatu ditugu irakasleei jakinarazteko ikasgelan politikaz hitz egin daitekeela, eta hitz egitea beharrezkoa dela, ezin baitituzu esaterako Gizarte Zientziak irakatsi, politikaz hitz egin gabe, ez du zentzurik! Curriculumean bertan hala jasotzen da. Ikastetxeetara goaz, jendea lasaitzera eta babesa ematera, tartean babes juridikoa.

Nola eragin du 155ak Kataluniako hezkuntzan?
Bi porrot handi izan ditu 155ak: batetik, doktrinamendua egotzita aipatzen ari garen Hezkuntzaren Goi-Ikuskaritza eta kontrola, eta bestetik murgiltze eredua. Murgiltze ereduak kontsentsu oso zabala du Katalunian eta gure hezkuntza ereduaren zutabe da. Espainiako Gobernuak familiek laukitxoak betetzea nahi zuen, erabaki zezaten ea gaztelaniaz ala katalanez eskolatu nahi zituzten seme-alabak, baina Konstituzio Auzitegiak berak bota du atzera hori, esanez hizkuntza-aniztasuna erkidegoen eskumena dela. Espainiaren batasunaren eta Espainiako Gobernuaren alde ari diren testuinguru politiko honetan auzitegiak berak onartu du hau harago doala, independentismoaren aldekoak askogatik gainditzen dituen kontsentsua duelako murgiltzen ereduak.
    Horiek izan dira gai entzutetsuenak, baina atzeko atetik beste hainbat neurri inposatzea lortu du Espainiako Gobernuak, 155aren bidez. Hezkuntza kontseilaria kendu eta eurena jartzeari esker, PPk nahi duen oposaketa eredua gailentzea lortu du Espainiako Lurraldekako Batzarrean, ituna egin du kontzertatuekin (tartean sexuagatik segregatzen duten ikastetxeekin, Kataluniako Parlamentuak kontrakoa ebatzia zuen arren), eta hezkuntzarako aurreikusita zegoen aurrekontua atzeratu dute.

Hezkuntza bezalako zutabe hain funtsezkoan eskua sartzea ez da kasualitatea…
Ez dago epe luzera herrialde baten etorkizuna gehiago determinatuko duen ezer. Ikusten dute katalan hizkuntza funtsezko elementua dela identitate nazionalaren eraikuntzan, eta hori akabatu nahi dute. Eta horri lotuta, gure historia, gure erakundeak…

“Bi porrot handi izan ditu 155ak: Hezkuntzaren Goi-Ikuskaritza eta murgiltze ereduaren aurkako erasoa. Baina atzeko atetik hainbat neurri inposatzea lortu dute”

Zein da eraiki nahi duzuen eskola?
Guretzat lau puntu nagusi daude. Batetik, esan bezala, katalana. Eta hemen denok katalana hitz egin behar dugula, horretan ados gaude guztiok, ezker eta eskuin. TV3n, hauteskunde aurreko debate batean, espero ez zuen galdera egin nion Inés Arramidasi: “Katalana jakitea baldintza izango da irakasleentzat?”. Ciudadanoseko edozeinek ezetz esango lizuke Espainian, baina hemen ez zen horretara ausartu, eta luzamendutan korapilatu zen, erantzuna saihestuz. Horrez gain, guretzat eskolak izan behar du doakoa (haur hezkuntzatik unibertsitateraino), publikoa bai titularitatean bai gestioan, eta demokratikoa (irakasle eta zuzendaritzen aukeraketan, familien parte-hartzean…).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2025-01-16 | Leire Ibar
Haurrak generoaren arabera banatzen dituzten ikastetxeak desagertuko dira Gipuzkoan datorren ikasturtean

2025eko irailarekin hasiko den ikasturtean ez da izango sexu bereizketarik Gipuzkoako ikastetxeetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez. Eskibel eta Erain ikastetxe kontzertatuak dira gaur egun ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten bi... [+]


2025-01-15 | Euskal Irratiak
Eric Etxart, Seaskako lehendakarikidea
“Seaskaren lizeo berria eraikitzeko hiru pista ditugu: Uztaritze, Donapaleu edo Itsasu”

Eric Etxartek Seaskako lehendakarikide ardura hartu berri du urte hatsarrean, Antton Etxeberri eta Sophie Layusekin batera. Peio Jorajuriaren lekukoa hartu dute hirurek, eta Lehendakarikidetza taldea osatu dute.


Bermeon itunpeko eskolek “gain-eskaintza larria” egiten dutela salatu dute

Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan, hiru ikastetxera joateko aukera dute familiek: bata publikoa, beste biak itunpekoak. Legeak kontrakoa agintzen duen arren, plazen eskaintza ez dela orekatua eta itunpekoek dagokiena baino nabarmen plaza gehiago eskaintzen dituztela salatu dute... [+]


Primaderako liliak

“Urte berri-berri, zer dakarrazu berri?” oihukantatzen genien, urteko lehen eguneko gaupasatik bueltan, bidean gurutzatzen genituen goiztiarrei. Eske puxken esperantzan gu, mozkor panparrotuok. Eta artean ez baitzen ez runner-ik ez eta selfie-rik ere,... [+]


2025-01-14 | ARGIA
Ikamak grebara deitu ditu ikasleak martxoaren 20an, “faxismoa borrokatuko duen olatua osatzea” helburu

Behar dugun hezkuntzarako, independentzia! lelopean deitu du grebara Ikamak unibertsitateetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan. Datozen asteetan iragarriko dituzte greba deialdiari lotutako mobilizazioak.
 


Hezkuntza politiken “noraeza” geldiaraztea helburu duen taldea sortu du hainbat irakaslek: “Burokrazia jasanezina da”

HezkuntzArtea Irakasleen Elkargunea sortu du EAEko irakasle talde batek. Hezkuntza politiken “noraeza” salatu nahi dute, politika horiek etengabeko metodologia berrietan, “burokrazia ikaragarrian” eta IKTen “erabilera zentzugabean”... [+]


Entzumen eta hizkuntzako irakasleen gaur egungo egoera kezkagarria eta horren ondorioak

Entzumen eta hizkuntza irakasleak (EHI) eta logopedak eskola publikoan zein kontzertatuetan lan egiten duten irakasle espezialistak dira. Horien funtzioen artean hizkuntzan eta komunikazioan zailtasunak dituzten ikasleei arreta zuzena ematea da, baina baita komunikazio sistema... [+]


PAIren biktima guztiak

PAIk sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak... [+]


2025-01-08 | Leire Ibar
Hazparneko Laborantza Lizeoan hiru irakasgai euskaraz irakatsiko dituzte datorren ikasturtetik aurrera

Hazparneko Armand David laborantza lizeo pribatuko ikasleek Agro-ekipamendua, Zientzia sozial eta ekonomikoak, eta Enpresa ekonomia irakasgaiak euskaraz ikasteko aukera izango dute. Horrek formakuntzaren ia erdia hartuko duela azaldu du Bertrand Gaufryau ikastetxeko zuzendariak.


DBHn azterketa tradizionalen eskema apurtzea ez da utopia bat

Ikasgaia ba ote dakizun frogatzeko eta horren arabera nota jartzeko hiruhileko amaierako azterketarik ez dago Laskorain ikastolan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lehen zikloan. Baina orduan, nola ebaluatzen dituzte ikasleak? Nondik ateratzen da azken kalifikazioa?... [+]


2025-01-08 | ARGIA
Robert Hirigoien hil da, besteren artean, Herri Urratsen sortzaileetakoa

Urtarrilaren 4an hil zen Robert Hirigoien euskaltzalea (Larresoro, Lapurdi, 1944). Ostegunean eskainiko diote azken agurra, jaioterrian (10:00etan). Herri Urrats festaren sortzaileetako bat izan zen, baita Lapurtarren Biltzarrarena, Kanboko ikastolarena eta euskara eta euskal... [+]


Irakasle baten klaseetatik seme-alabak ateratzea erabaki dute Atarrabian: “Izuak jota ditu haurrak”

Irakasle hau egokitzen zaielarik, 6-9 urteko haurrengan beldurra, amesgaiztoak, antsietatea, negarra… orokortzen direla salatu dute Atarrabiako Atargi ikastetxeko gurasoek. Urtetako arazoa konpontzen ez dela-eta, haren klaseei planto egitea erabaki dute. Guraso elkarteko... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-19 | Leire Ibar
Ia urtebete daramate soldatarik gabe Bilboko ikastetxe bateko langileek, funts putre batek eraikina erosi ondoren

Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.


Eguneraketa berriak daude