Europar Batasunaren aurrekontuetan nola nagusitu den armagintza

  • Telebistetako tertulietatik eta ostatuetako eztabaidetatik urrun, administrazio publikoen erabaki garrantzizkoenak urteroko aurrekontuetan ezkutatzen dira. Europar Batasunak berrikitan onartu duenak gordeta darama herritarren etorkizuna sakon markatuko duen aldaketa: milaka milioi euroko diru-laguntzak emango dizkie Europak armagintzako industriei, batik bat drone, robot eta bestelako arma automatizatuak ekoiztu eta munduan zabal ditzaten.

I Stop the Arms Trade [Ni ere Arma Salerosketa Geldiarazten] erakundeak zabaldutako irudian, ekintzaile bat odol koloreko tintaz zikindua: “Europar Batasunaren dirurik ez arma saltzaileentzat” dio atzeko afixak. Europak, estatuek eta baita gobernu autonom
I Stop the Arms Trade [Ni ere Arma Salerosketa Geldiarazten] erakundeak zabaldutako irudian, ekintzaile bat odol koloreko tintaz zikindua: “Europar Batasunaren dirurik ez arma saltzaileentzat” dio atzeko afixak. Europak, estatuek eta baita gobernu autonomoek ere –EAEkoa barne– mundu osoan gerrak sutzen dituzten armen trafikoa diruz laguntzen dutela salatzen dute gerraren aurkako militanteek.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

“Ez onartu arma industriaren ikerketa sartzea Europar Batasunaren aurrekontu berrian. EBren diruak ez du joan behar teknologia militarrera. Ikerketarako diruek joan behar dute gatazkak prebenitzeko bide ez bortitzetara, eta partikularki munduko ezinegonaren sustraietara doazenetara”. Dagoeneko 143.000 europarrek sinatu dute EB: ez inbertitu armatan izenburupean interneten dagoen eskaria.

“Denok bizi nahi dugu mundu baketsu batean –diote agirian– eta horretarako sortu zen Europar Batasuna. Baina Europako Batzordeak, arma industriaren presioaren mende, aurrekontuetan sartu nahi ditu milaka milioi diru publikoetatik EB sortu zenetik lehenbiziko aldiz teknologia militar aurreratua garatzeko. Haiek ‘defentsa’ kontu bat bezala aurkeztu arren, diru-laguntzen egiazko helburua da sustatzea arma industriaren lehiakortasuna eta esportatzeko ahalmena, tartean Saudi Arabia bezala gatazka hiltzaileetan parte hartzen duten herrialdeetara”.

Protestak gora-behera, Europako Parlamentuak martxoaren 13an onartu zuen 2019-2020 urteetarako 500 milioi euroko multzo bat defentsako ekipamenduak garatzeko. Lehendik ikerketa militarren prestaketarako onartutako 90 milioi gehiago gehitu behar zaizkie. Hasi baizik ez da egin aldaketa: iaztik Europako Batzordeak iragarrita dauka 2021rako sortu nahi duela urtero 5.500 milioi euro gastatzeko ahalmena izango duen funts bat “defentsa europarra akuilatzeko”.

Inbertsio erraldoia aurkeztean, 2017ko ekainean, arrazoia honela zehaztu zuen Jyrki Katainen EBren lehendakariorde denak enplegu, hazkunde, inbertsio eta konkurrentziarako: “Europa osoan jendeak kezkatuta  daude haien segurtasunagatik eta beren umeenagatik”.

Aldiz, ENAAT Armen Salerosketaren Kontrako Sare Europarrean uste dute EBk defentsa alorrean kasik ez gastatzetik oraingo plan handietara egin duen aldaketa sakona aspaldi hasitako kanpaina baten fruitua dela, Laetitia Sedouk Multinazionalen Behatokiari (multinationales.org) azaldu dionez: “Arma saltzaileak ate txikitik sartu dira, barne segurtasunaz eta mugen zaintzaz hitz eginez eta ez defentsaz. Pixkanaka iritsi gara honaino”.

2012tik 2017ra bitarteko bost urte laburretan, Europako arma konpainia nagusien artean antolatuta daukaten
lobbyaren aurrekontua urteko 2,8 milioitik 5,6 milioira bikoiztu zen. Hori armagileek deklaratua sinestekotan: zenbait adituk dio ASD Europako Industria Aeroespazial eta Defentsakoen Elkarteak lobbygintzan zifra horren hamar halako inbertitu zuela.

ASDko kide dira alorreko enpresa europar indartsuenak: Airbus, BAE, Dassault, Ficantieri, GKN, Indra, Leonardo, Liebherr, Rolls-Royce, Safran, Saab, Thales... Horiekin lotuta daude herrialde bakoitzeko elkarteak. Esate baterako, TEDAEk biltzen ditu Espainian industria militarrean ari diren enpresak, tartean EAEko batzuk: Aernnova, Tecnalia, ITP Aero, SAPA Placencia eta Sener.

Ingurumenaren ordez armak hobetsi

2015ean Europako Batzordeak 15 laguneko Pertsonalitate Talde bat (GoP) izendatu zuen ondorengo urteetan ikerketa militarrean zer egin aholku eskatzeko. Zerrendako izenak eta bakoitzaren kargua ikusi baizik ez dago ohartzeko armagintzaren kritikoek ez dutela arrazoirik falta: ia denak dira ASD industria militarraren patronalaren buruak. Batzorde horrek gomendatu zuen industria militar europarrak lehiakortasuna hobetu beharra daukanez Europar Batasunak finantziazio programa egoki bat eskaini behar ziola.

“Erabaki politikoen prozedura osoan esku hartu dute industrialek”, dio Bram Vranken Flandriako Vredesactie mugimendu bakezaleko ordezkariak. “Batzordea plan hau prestatzeko fasean gutxienez 36 aldiz elkartu da industrialekin. Ezin ukatu helburua lortzen ari ez direnik, aurrekontuetan sekulako dirutzak sartu baitituzte eta horiekin batera inbertsioen finantziazio plan samurrak ere bai: “%125eko diru-laguntzak lortu dituzte, %100 produktuetarako gehi %25 administrazio gastuetarako. Horrelako finantziazio bikainik ez zaie eskaintzen ezta munduko katastrofe larrienei aurre egin behar dieten Gobernuz Kanpoko Erakundeei ere”.

Eta zein inbertsio lehenetsiko du EBk? Armen Behatokia elkartean ikertu duenez, droneak eta gerra egiteko sistema robotizatuetan zentratzen dira hein handi batean ikerketa proiektuak: “Ikerketa berri guztietan ageri da robotizazioa, armak gero eta autonomoago izatea da helburua”. Ondoren, ikerketa lerroak produktu zehatzetan mamitzen direnean, industrialak egoera hobean aurkituko dira puntako armak esportatzeko.

Esportazioen kontrolean datza gai honen eztabaidetako bat. Zeren eta armagintzako enpresek gero eta diru-laguntza gehiago eskuratu arren Europatik, esportazioen kontrolak jarraitzen baitu estatu bakoitzaren eskumena izaten. Alemaniak, Angela Merkelek SPD sozialistarekin egin duen itunean bildu denez, kontrol europarra indartu nahi omen du. Frantziak, aldiz, ez du horrelakorik entzun ere egin nahi. Industrialek presio egiten dute esportazioetan eskuak libre edukitzeko, lehiakortasunaren aitzakiarekin. Armada frantsesak ere ez du aldaketarik nahi horretan: “Frantziak eutsi behar dio bere interesak defenditzeko bere aldetik erabaki eta ekiteko ahalmenari”.

Are gehiago, armagintzako industrialek lortu dute diru-laguntzaz finantzatutako patente berriak beren jabetzan geratzea, Europako gizarteari horrek dakarkion kalte bikoitzarekin. Batetik, diru publikoz ordaindutako aberastasunak kapital pribatuak bereganatzen dituela. Bestetik, Europako aginte politikoaren kontrola galdurik enpresek teknologia eta patente horiek saldu ahal izango dizkiotela munduko edozein bezerori, baita edozein krimen egiteko gai direnei ere.

Europar Batasunaren gastu militarra da, kide dituen estatuenak batuta, munduko hirugarren handiena, AEBak eta Txinaren ondotik. Errusiak 69.200 milioi euro gastatzen badu, EBk 264.300 milioi. Diru-laguntza berriak nondik aterako ditu Brexitarekin aurrekontua murriztera behartutako Europak? Ekintzaile asko beldur da ingurumena eta klima izango direla pagaburuak.

Bitartean, Bakearen Aldeko Ikerlariek ere atxikimenduak biltzen dituzte EBren aurrekontua aldarazteko: “Europar Batasunak ikerketa militarrerako programa ezartzeak sekula ikusi den azkartze handiena dakar Europaren militarizazioan. Orain garatzen ari garen teknologia militarren araberakoak izanen dira etorkizuneko gerrak”.


Azkenak
Nafarroako Euskaraldiaren hamaikakoa, prest

Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu dute Nafarroan: Julio Soto bertsolaria, Edurne Pena aktorea, Julen Goldarazena musikaria (Flakofonki), Claudia Rodriguez  Goxuan Saltsan taldeko abeslaria, Eneko Garcia (Albina Stardust), Yasmine Khris Maansri itzultzaile eta kazetaria,... [+]


Gasteiz Anitza sortu dute, auzoetako arazoak integrazioaren bidez konpontzeko

Hainbat kolektibo daude Gasteiz Anitzaren atzean. Egoera larrien aurrean "soilik poliziaren esku hartze gehiago" eskatzen duen eta "eskubideen urraketei entzungor" egiten dion ereduaren aurrean, beste praktika eredu bat egiteko saiakera dela adierazi dute... [+]


2025-03-25 | ARGIA
Kaleratze arriskuan dago 40 urtez elikadura burujabetza landu duen Bizkaigane proiektua

Bizkaigane elkarteak elikadura burujabetzan oinarritutako proiektua du Errigoitin (Bizkaia), 1983tik. Instalazioak dauden lur eremutik aterarazi nahi du lur jabeak elkartea. EHNE Bizkaia sindikatuak adierazi duenez, instalazioek lege eta administrazio eskakizun guztiak betetzen... [+]


2025-03-25 | Euskal Irratiak
Giza-kate bat Baionan, arrazismoaren eta faxismoaren goititzearen kontra

Hirurehun bat pertsona hurbildu ziren jende katea osatzeko Marengo eta Pannecau zubien artean.


2025-03-24 | Garazi Muguruza
Desioa

Punto Bobo liburuaren irakurketan murgilduta, Itxaso Martin Zapirain egilearen Eromena, Azpimemoria eta Isiltasunak Idazten ikerketa lanean sentitu nuen egiazkotasun eta maila etikoarekin egin dut berriz ere topo. Eta hortaz, hara bueltatu. “Oihu izateko jaio zen isiltasun... [+]


Nazio askapena; arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako antidoto bakarra

Dirudienez, Euskal Herrian migrazioa arazo bilakatu da azken bi hamarkadetan. Atzerritarrez josi omen dira gure lurrak. Gure kultura arriskuan omen dago fenomeno “berri” horren ondorio. Lapurretak, bortxaketak, liskarrak… Bizikidetza arazo horiek guztiak... [+]


2025-03-24 | Emun kooperatiba
Gazteak eta euskara: oztopo errealak eta aukera berriak

Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeak duen erronka handienetakoa, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioarekin batera, erabilerarena da. Askotan, gazteen euskararen erabileran jarri ohi dugu fokua, baita euskararen erabilerak izan duen eta izan dezakeen bilakaeraren... [+]


Euskararen aldeko sareak ehuntzeko Erriberan Euskaraz ekimena sortu dute Nafarroa hegoaldean

Prentsaurrekoan, maiatzaren 17an ospatuko duten Erriberako Euskararen Egunaren inguruko argibideak eman dituzte. Ume, gazte zein helduentzat zuzendua izango da. Ekimena, Erriberan egiten diren ekimenetan indarrak biltzeko eta euskararen normalizazioaren alde saretzeko... [+]


Ehun mugimendua desegingo da, independentziari buruzko mozioa erregistratu ostean 101 udaletan

Independentziaren aldeko ekimenak aurrera eramateko baliabide faltagatik "itzaliko" da. Aurretik, Euskal Herri osoko 101 udaletan independentzia mozioak erregistratuko dituztela iragarri dute, euskal errepublikaren aldeko prozesuan urratsak egiteko. Baliabide faltaz... [+]


2025-03-24 | ARGIA
Akordio batetik urrun, hezkuntza sindikatuek bost greba egunetarako deia egin dute

Joan den astean, Hezkuntza Sailarekin hainbat aldiz bildu dira hezkuntzako sindikatuak irakasleen lan baldintzak negoziatzeko. Akordio batetik “urrun” daudela adierazi dute eta martxoko eta apirileko bost greba egunetarako deialdia egin diete irakasleei. Lehenengoa... [+]


Lurraren defentsaren aldeko eta “inposizioen” aurkako oihua Gasteizko kaleetan

Euskal Herri osoan zehar daude mehatxupean hamaika baso, zelai, mendi zein nekazal lur. Horien defentsan diharduten tokian tokiko plataforma asko bildu dira larunbatean Gasteizen, EH Bizirik-ek deituta, inguru naturalaren “suntsiketaren” eta makroproiektuen... [+]


Atzerriko talentua erakartzeko euskara “oztopo garrantzitsua da”, Kutxabankeko buruaren ustez

"Poloniar bat etortzen bada eta bost urte pasako baditu proiektu batean, joder agian ez zaio egoki irudituko seme-alabek euskaraz ikastea, ezta?", bankuko lehendakari Anton Arriolak adierazi duenez. Euskalgintzako eragileek gogor kritikatu dute eta esandakoa... [+]


2025-03-24 | Uriola.eus
“Lasterka askatasunera” bueltan dator

Kirola eta aldarrikapena uztartuz, maiatzaren 24an Bilbo gazteria independentistaz beteko da. Lasterketa honen bitartez, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko balioei lekua egin nahi diote gazteek, independentziarako bidean daudela erakutsiz.


Eguneraketa berriak daude