ZAD
ZAD

Erresistentzia beltza eta koloretsua

  • Bretainiako Notre Dame des Landes-eko aireportuaren aurkako borroka luzea da, ia 50 urtekoa. Ingurune natural nasaia suntsituko zuen proiektua geldiaraztea lortu dute ekintzaileek. Garaipen historikoa da inondik inora, baina horrekin batera gerra deklaratu dio Frantziako Gobernuak hainbeste urtez ZADen eraikitako bizi-proiektu komunalari. Gaur gaurkoz Macronek bidalitako 2.500 jendarmeek ez dute lortu erresistentzia gunea desegitea. Itziar Bardajik egunotan ZADen ikusi eta bizi izandakoa dakarte ondorengo orriek.

ZADeko kideek salatu dute kale liskarretarako material militar gogorra ari direla erabiltzen Frantziako poliziak. Tartean, ke negar-eragilea zabaltzen dutenak eta eztandarekin hurbil harrapatutakoei gorreriaz gain zauri larriak ere eragiten dizkietenak.
ZADeko kideek salatu dute kale liskarretarako material militar gogorra ari direla erabiltzen Frantziako poliziak. Tartean, ke negar-eragilea zabaltzen dutenak eta eztandarekin hurbil harrapatutakoei gorreriaz gain zauri larriak ere eragiten dizkietenak.Argazkilaria: Enara Fortes

Notre Dame des Landesko ZADera iritsi naiz apirilaren 13an, ostiralean, operatibo polizialaren bosgarren egunean. Goizean Loire Atlantique-ko prefetaren deklarazioaren berriak esnatu nau. Astelehenean hasitako kanporaketak bukatutzat eman dituzte: 40 gune hustu (desalojatu) eta eraisteko agindua zuten jendarmeek, haietatik 29 hustu eta suntsitu dituzte. Halere, ZAD honetan emango ditudan lau egunetan poliziaren presentzia eta zadisten (horrela esaten zaie hemen daudenei) konfrontazioa konstantea izango da. Errepideak garbituko dituzte eta berreraikitze saiakera oro ekidin. Negoziaketak eta prefekturaren deklarazioak urrun geratzen dira, gas negar-eragilea eta helikopteroaren zarataren atzean lauso.

Gas negar-eragilea

Ostiralean bertan probatu dut gasa. Azkurak begiak erretzen du eta ezin dut arnasarik hartu. Larunbatean ere, igandean, astelehenean. Gasa. Lokatza. Gasa. Granaden zarata, izua, adrenalina. Gasa. Helikopteroa, dronea. Gasa.

ZAD-en komunikatua:
“Gatazka eraldatu egin da eta dagoeneko ez da azpiegitura suntsitzaile proiektu baten aurkakoa, bizi garen lurraldea elkarbanatzeko baizik. Leku hau zementuz estaltzea ekidin genuen eta bere etorkizuna zaintzea dagokigu”

2.500 polizia mobilizatuak izan dira. Tanketak, bulldozerrak, ura presioan botatzen dituzten kamioiak ere bai. Zadistek barrikadak eraikitzen dituzte poliziari bidea mozteko: pneumatikoak, metalezko xaflak, egurra, bizikletak, gas bonbonak, kotxeak, edo kotxe izandakoen arrastoak, denetarik. Poliziak desegin eta berriz eraikitzen dira hamaika aldiz. Harriak eta bestelakoak botatzen dizkiete poliziei, edo gas pastillak itzuli, horien edo ezkutu artisau bitxien atzetik. Gas negar-eragileaz gain, Poliziak granada zaratatsuak botatzen ditu. Benetan arriskutsuak dirudite. Ikusi dut nola goratzen den lurra, geratzen diren zuloak, eragiten duten odola.

Barrikadetan

Larunbatean ikasi dut barrikada atzeko giroa. Batzuk aurre-aurrean, mota guztiko maskara eta betaurrekoaz babesturik. Apur bat atzerago, bere presentziaz erresistentzia egiten dutenak, lekuko, aurrekoen babes eta babesten denaren adierazle. Eta lakrimojenoen eraginak arintzeko limoia, almax-a, kolirioa... Han eta hemen.

Argazkia: Enara Fortes

Handik metro batzuk aldenduta, ezusteko lasaitasun batek harritzen nau. Estatuaren eta bere kontroletik at geratu den mundu txiki honen arteko guda honen atzeguardian lan eta lan ari da beste pertsona pila bat. Bigarren gudaroste honek beti du kafea prest, beti dago jateko zer edo zer eta erizaintzarako materiala ez da inoiz falta. La Wardine eta Foisses Noires bezalako gune seguruagoetan, eraitsi beharreko eraikinen zerrendan ez daudenetan, sukaldea etengabeko mugimenduan dago, ZADeko radio klaxon-ek informazioa eta musika tartekatzen du eta afalorduan giro onean elkartzen da jendea eguneko balorazio eta asanblada orokorra egiteko. Proportzioak idealizatu ezin badira ere, barrikadan neskek aurpegia estaltzen duten heinean sukaldean gizonezkoak ere ugari ari dira lapikotan.

Arratsaldez Nantesen deitua da ZADen desalojo saiakeraren aurkako elkartasun manifestazioa. Izugarrizko jendetza eta aniztasuna. Adin eta janzkera orotako gizon emakumeekin nahasten dira silueta beltz maskaradun eta kaputxadunak. Berriz ere istilu itzelak eta errepresiorako baliabide erakustaldi ikusgarria. Konfrontazioa aukeratzen duten manifestarien aldetik ere, Hego Euskal Herrian urtetan ikusi ez direnak, urtetan ikusiko ez direnak, akaso. Zizel eta mailuaz lurreko galtzada-harriak apurtzea normalizatuta dagoela dirudi, eta esango nuke Poliziari harrika ibiltzea ez dutela gaizki ikusten manifestazioa lasaiago hartzen dutenek. Aireportuaren aurkako borrokan, nahiz helburu horri jarraiki zonaldean bizitzera geratu direnen aldarrian, hots, bertan geratzeko eta lurrak lantzeko zilegitasunaren defentsan, gatazkari heltzeko modu guztiek bere tokia topatu dute, besteen manerak errespetatuz. Estrategia legalistak; ekintza zuzena; erasoak poliziei; ekimen baketsu, irudimentsu, artistiko eta estranbotikoak. Dena nahasten da ekosistema berezi honetan.

Aireportua ez da egingo
Nahi adina eraikuntza behera botako du Poliziak, baina gune zabal honetatik zadista guztiak kanporatzea eta berrokupazio saiakerak ekiditeko moduko presentzia poliziala mantentzea ez zaio Emmanuel Macron presidenteari erraza izango

Metodo hauen guztien konbinazioak lortu zuen pasa den urtarrilaren 17an Edouard Philippe lehen ministroari aireportua ez zela egingo esanaraztea. 50 urteko borrokaren garaipen historikoa. Eta horrela jaio zen desjabetzeen bitartez estatuaren jabetzapean geratu diren 400 baso eta landa hektarea hauekin zer gertatuko ote denaren galdera. ZADen azken urtetan bizi izan direnek argi aldarrikatzen dute erantzuna ematea beraiei dagokiela, hala adierazi dute komunikatu batean: “Gatazka eraldatu egin da eta dagoeneko ez da azpiegitura suntsitzaile proiektu baten aurkakoa, bizi garen lurraldea elkarbanatzeko baizik. Leku hau zementuz estaltzea ekidin genuen eta bere etorkizuna zaintzea dagokigu”. Frantziako Estatua ez dago hori onartzeko prest eta, legea eskuan, ZAD husteko lehenengo pausoa izan da apirilaren 9ko astean barrena eraikin irregularren eraistea, hilabeteko iraupena aurreikusia duen operazio polizialaren markoan.

Argazkia: Enara Fortes
Nantestik La Gree-ra

Larunbat gauean, Nantesetik itzuli ondoren, La Gree-ra goaz lotara. Gune honetan ZADeko asterokoa inprimatzen da, bizikleta tailerra zegoen eta grabaketa estudio bat. Gaur pizzak egin dituzte eta ZADeko dokumental bat pasatzen ari dira. Baina nik ez dut horretarako gogorik, hainbeste begitan ikusi dudan nekeak ni ere harrapatu nauela konturatu naiz. Lozaku azpian manta pare bat, dohaineko dendan hartu ditugun arropa batzuk eta esterila soilik ditudan arren, aterpetzen gaituen ukuilu ohiaren atzealdeko musika eta solasak ez dit loa kentzen.

Biharamunean, igande goizean, norbaitek, presaka bota lokaztuak lotzen dituen bitartean, egoeraren berri eman du. Frantsesa eta loa gainditzea lortzen ditugunean ulertu dugu Poliziak ZADeko gune gehienak inguratuak dituela, hau barne. Gaurko deialdia aste hasieratik dago egina. Eraispenei erantzuna: berreraikitzea. 2012ko kanporaketa saiakeraren ondoren izan zen moduan, auzolan masiboa egin nahi dute. Le Gourbi-n etxe baten egurrezko estruktura eraikitzea lehenetsi da, 2012ko berreraikuntza horretan, hain zuzen, eraikitako gune sinbolikoa delako. Bertan egin izan da astero non-marché: ez-merkatua. ZADeko kolektibo ezberdinek ekoiztutakoa (barazkiak, gazta, ogia...) bertan partekatzen da prezio librean, hau da, bakoitzak libreki hartzen du nahi duena eta libreki uzten du nahi duen ordaina; ZADen beti egiten den bezala.

Goizaren parte bat La Gree-tik atera ezinean eman dugu. Berreraikuntza oztopatzeko, bideak garbitzeko eta zadistek irekitako zangak konpontzeko jendarmeek ez dute ZADen barna mugitzen uzten. Poliziak txanda aldaketa egin duenean kordoiak apurtu dira eta kanpotik 10.000 pertsona auzolanera datozela entzun dugu. Wardine-rantza goaz, hura ikustera. Gurutzatu behar dugun errepidean dauden jendarme furgoiak ezin ditut kontatu. Hogeita hamar al dira? Tanke bat, ura presiora botatzen duten kamioi bi eta robokop itsurako gizonak han-hemenka, kasko, ezkutu, auskalo zein motako arma eta bestelako tramankuluz hornituta. Bideojoko baten barruan sentitu naiz basoan zehar ezkutuan eta korrika ibili garenean beste aldera furgoi guztien atzetik pasatzeko. Geroago jakin dut ez dela jolasa, horretan ari zen tipo bat lurrera bota eta jipoitu dute.

ZADeko kolektiboek ekoiztutakoa (barazkiak, gazta, ogia...) partekatzen dute prezio librean, hau da, bakoitzak libreki hartzen du nahi duena eta libreki uzten du nahi duen ordaina

Pasa den udan Euskal Herritik iritsitako hamarnaka pertsonen laguntzaz eraikitako Ambazada-ra iritsi garenean, berriro ere harridura. Giro alaia, koloretsua, adin eta itxura guztietako jendea. Batukada bat han. Gitarra bat hemen. Batzuk larrean eserita, besteak dantzan. Nafarroa Oinez dirudi honek. Metro batzuk aurrerago kordoi poliziala larre baten zabalera osoan. Jendarmeak serio, isilik, ortzi-mugara begiratzen saiatzen dira. Ia guztiak ari dira parean duten manifestari baten monologoa jasaten. Minutu batzuk geroago benetako bataila bat. Poliziak gasa eta granadak “konfetia bailitz” bota ditu lau edo bost orduz. Zelaira begiratu eta gas laino bukaezina. Atzera biratu ta eraiki nahi den etxearen teilatua dantzan, jendetzak helmugara daramala. Gauean egin da garraio honen bukaera, jendarmeak ZADetik kanpo ondoko herrietako hoteletara bueltatu direnean. Garaipena giroan.

Eta astelehen goizean, déjà-vu-a: Le flics sont icí. Barrikada, granadak, kolirioa, harriak, tanketa. Aurreko egunean eraikitako non-marché berria suntsitua. Bazkari goxo giro onean. Gaurko nobedadea, eguzkia.

Iritsi zaigu Euskal Herrira bueltatzeko momentua. Zaila egiten zait honen bukaera irudikatzea. Nahi adina eraikuntza behera botako du Poliziak, baina gune zabal honetatik zadista guztiak kanporatzea eta berrokupazio saiakerak ekiditeko moduko presentzia poliziala mantentzea ez zaio Emmanuel Macron presidenteari erraza izango.

Demokrazia balitz...

Lehenengo astean barrena Poliziak burututako ekintzetan bi milioi euro gastatu dituztela esan zuten zadistek. 2.500 jendarmeren soldata, haien lo eta jana, helikoptero hegaldi ordu mordoa eta industria armamentistikoaren mesederako gastatu diren milaka negar-eragileak, zarata-granadak eta abar… elkarrekin jarrita eta gatazka hau beste hiru astez luzatuko dela aurreikusiz, zenbakia txiki geratzen zait.

Estatuek herritarren dirua nolako lotsagabekeriaz xahutzen duten albo batera utzita, har dezagun aintzat Frantziako Estatuaren operatibo honen munta.

Eta pentsa dezagun, aldiz, non ikus dezaketen demokrata autodenominatuek tamaina bertsuko mehatxurik.

Notre Dame des Landesko aireportuaren aurkako mugimendu lokalak 2009an publikoki egin zuen deialdia: desjabetutako etxe hutsak okupatu eta aireportua eraiki behar zen zonaldera bizitzera joateko gonbitea. Horrela sortu zen ZADa: Zone A Défendre.

Azpiegitura erraldoiaren aurkako borrokarekin batera, bizimodu kolektiboa garatuz joan da geroztik. Estatuaren, legalitatearen kontroletik kanpo modu autonomo eta koordinatuan 80 bat kolektibo eta lantaldeen sare lausoak autogestioa ehuntzen du, 300 pertsona inguruk burujabetza esperimentatzen du. Saiakera-errore prozesu jarraitu bat da, egunerokotasunean prekarietateak eta kolektibotasunak sortzen dituzten arazo konplexuei aurre eginez. Kapitalismoan jaiotakoek beso azpian dakartzaten ezagutza eta trebezien urritasunaz, frustrazio eta gogobetetasunaren arteko oreka galdu gabe dihardute gogoz. Behin betiko krisialdian dagoen mundu honi agian zerbait eskainiko diotela uste duten 300 pertsona dira. Ez hiru milioi. Ez hirurehun milioi. Hirurehun norbanako, inposatzen zaien sistema gustuko izan ez eta hortik kanpo bizi nahi dutenak.

Horrelako gune askatu batek duen balioa eta indar eraldatzailea kolokan jarri gabe: zementuzko mundu grisaren arrakala batetik kotiledoiak ireki berri dituen belar txikia bota militar zatar batek zapaltzen du. Irudia ez da oso originala, baina bai adierazgarria. Demokrazia balitz, belarrari hazten utziko lioke, zein landare den ikusteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ZAD
Etxebizitza Ipar Euskal Herrian: egitateak eta aukerak

Angeluko amodioaren ganbaratik hurbil, Robert Alday etxegileak eraiki luxuzko erresidentzien aitzinean zazpi egunez eta sei gauez antolatu dugun okupazioak egoera bitxi zein adierazleak ekarri ditu. Baita perspektibak ere.


2020-03-31 | ARGIA
Zad-eko ebakuazioa zuzendu zuen militarra, Frantziako Estatuko koronabirusaren krisia zuzentzen

Richard Lizurey, 2018an Notre-dame-des-Landeseko Zad-aren ebakuazioko buru izan zen militarra izendatu du Edouard Philippe lehen ministroak koronabirusaren kudeaketaren ikuskatzaile Frantziako Estatuan. “Oso ona da krisien kudeaketan”, dio lehen ministrotik hurbil... [+]


2019-08-06 | ARGIA
Topaketa Intergalaktikoa egingo da Hendaian, G7aren aurka

Aurreko bi edizioetan nazioarteko topaketak Notre-Dame-des-Landeseko ZADen egin dira. Hendaian antolatu dira aurten, abuztuaren 21etik 23ra, G7aren aurkako ekimenekin bat eginez.


2019-04-04 | Camille Laforet
G7 gailurra: borroken eta alternatiben bateratzearen alde

2018ko urtarrilaren 17an, frantses gobernuak Notre-Dame-des-Landesko aireportu proiektuaren bertan behera uztea iragarri zuen. Hamarkadetan burutu erresistentziari esker lortu garaipena izan zen hura.


2019-03-26 | Mikel Asurmendi
Iñaki Etxeleku
“Lanaren balioaren ideia oso presente daukate ZAD-en, egiten dutena zentzuz beteta dago”

Donazaharre, 1977. Berria-ko kazetaria da. ZAD bizi dutenen ahotik (Gatuzain / Txalaparta) liburuaren egilea:  “ZAD ezagutu nuen EHZ-k antolatutako brigada batekin joan nintzelako. Garatzen ari ziren proiektuen baliabideek jakinmina sortu zidaten”.


2019-03-22 | ARGIA
Euskal brigada antolatu dute ZADera espazio berriak auzolanean eraikitzeko

Ambazadak nazioarteko etxola berriak eraikitzeko asmoa aditzera eman du eta horretarako brigada bat antolatu du. Auzolan ekimena Notre-Dame-des-Landes herriko ZAD gune autogestionatuan gauzatuko da apirilaren 15tik 21era bitartean.


2019-01-25 | Iñigo Igartua
Ambazadako kideak Euskal Herrira iritsi dira

Toki desberdinak bisitatuko dituzte, Maravillas gaztetxea (Iruñea) edo Errekaleor auzo okupatua (Gasteiz) horien artean. Urtarrilaren 26an egingo duten batzarrean ere parte hartuko dute.

 

 


2018-12-06 | Hala Bedi
Iñaki Etxeleku
“ZADen okupazio, autogestio eta autonomia mugimenduko bizipenak jaso ditugu”

Notre-Dame-des-Landes-ko ZAD Defendatu Beharreko Eremuaren inguruan liburua argitaratu du Iñaki Etxeleku kazetariak: “ZAD, bizi dutenen ahotik”. ZADaren inguruan dabiltzan profil ezberdineko pertsonei egindako elkarrizketetatik abiatuta idatzi du liburua.


Estrasburgoko ZAD gunea hustu du Frantziako poliziak

Astelehen goizaldean eta istilu ugari tarteko, jendarmeek jendea kanporatu dute Kolbsheim-eko (Frantzia) basoan dagoen ZAD gunetik.


2018-07-02 | Nahia Ibarzabal
Aman Komunak sareak deialdia egin du udan ZADera joateko

Udan ZADen egingo den auzolanean eta nazioarteko topaketetan nahi duen orok parte hartu dezake. Izen ematea zabalik dago.


Errepresioaren dimentsio neurtezinak

Notre-Dame-des-Landesko ZADen, jendarmeen eta ekintzaileen arteko istiluetan, gazte batek eskua galdu zuen. Anputatua, guztiz, poliziak legalki erabiltzen duen granada batek lehertua. Burura etorri zitzaidan zeinen zaila izan daiteken erantzukizuna bere tokian kokatu eta... [+]


2018-06-05 | Jakes Bortayrou
Notre-Dame-des-Landes

NDDL bezala ezagutua den Nantes aldeko herri txikian 50 urtez aireportu proiektu baten kontrako borroka iragan da, bereziki azken hamarkadan. 2009tik goiti ingurumen eta bertako laborarien defentsari klima aldaketaren problematika gehitu zitzaion, eta oro har, produkzio-modu... [+]


2018-05-23 | ARGIA
ZAD gunea defendatzen ari zen lagun batek eskua galdu du jendarmeen granada bat lehertu zaiolako

Pertsona bat larri zauritu dute asteartean Notre-Damde-des-Landeseko ZADean, jendarmeek erabilitako granaden erruz.


2018-05-22 | ARGIA
Notre-Dame-des-Landesen gertatzen dena filmatzeko deia egin dute zenbait zinegilek

Adele Haenel, Philippe Garrel, Victor Erice eta Aki Kaurismaki dira Notre-Dame-Des-Landesko ZADean gertatzen denaren irudiak filmatu, landu eta zabaltzea eskatu duten zinegileetako batzuk, “imaginario berriak eraikitzeko borrokatzen den leku erreal bat delako”.


2018-05-17 | ARGIA
Notre-Dame-Des-Landesko ZADean jendarmeek ekin diote bigarren erasoari

Atzo Matti Txintxurretak aurreratu bezala, ostegun goizean ekin diote jendarmeek Naoned-Nantes inguruko ZADa hustutzeko bigarren erasoari, agintariek iragarri dutenez bihar amaitu nahi duten operazioari.


Eguneraketa berriak daude