“Datozen hamar urteetan Zeelanda Berriaren erabateko deskolonizazioa lortzeko esperantza daukat”

  • Zeelanda Berriko errugbi izarra, LGBTI kolektiboaren borrokan liderra eta herrialdeko komunitate indigenaren defendatzaile sutsua da Louisa Wall maoria (1972). Parlamentari dihardu, britainiarren kolonizazioak utzitako ondorioei aurre egitea helburu.

5 urterekin hasi zinen errugbian jokatzen, 1988an Emakumeen Munduko Lehen Errugbi Kopa irabazi zenuen BlackFerns taldearekin eta netball eta errugbi kirolen ordezkari nazionala ere izan zara.
Errugbia Zeelanda Berriko kulturaren parte da eta bertako herritar izanik poz izugarria da kirol honetan jokatzea eta arrakastatsua izatea. 70eko hamarkadan jaio nintzen eta nire garaian neskek kirol hau praktikatzea ez zen ohikoa, hala ere, aitak mutilen talde batean nire izena eman zuen eta ez nintzen txarra. Baina neskatoa nintzela ohartzean berehala bota ninduten taldetik eta helduxeago izan arte ez nuen berriro klub batean parte hartzeko aukerarik izan. Pixkanaka nabarmentzen eta emaitza onak lortzen hasi nintzen eta arrakastarekin batera ametsak izaten hasi ere; gure nazioa ordezkatzea ametsa egia bihurtzea izan zen.

Zein da emakumeen kirolaren egoera Zeelanda Berrian?
Zeelanda Berria, beste hainbat herrialde bezala, irekia eta inklusiboa dela sinesten dut. Ez daukagu estereotipoen aurka borrokatu beharrik, inork ez du esaten emakumeek ezin dutenik kirolean parte hartu. Alderantziz, emakumeak kirolean parte hartzera animatu ohi dira. Eta emakume kirolari miresgarriak ditugu, oso konpetitiboak eta arrakastatsuak, harro nago daukagun mailaz. Esango nuke Zeelanda Berriko emakumeek abantaila dugula horretan.

Datorren Emakumeen Munduko Errugbi Kopa zuen herrialdean jokatzeko deia egin duzu.
Zeelanda Berria Munduko Kopako irabazle bost aldiz izan ondoren, bada garaia. Nik txapelketa jokatzen nuenean familiaren eta komunitate osoaren sekulako babesa jaso nuen beti, baina ezin zuten inoiz partiduak ikustera joan atzerrira, ezin zuten bidaia ordaindu. Edozein kirolarirentzat oso pozgarria da etxean jokatzea senide, lagun eta herriaren aurrean. Gainera merezi duen aitorpena emango lioke emakumeen errugbiari: egindako lanari errespetua adierazteko eta gure txapelketa profesional propioa izatea zein garrantzitsua den erakusteko modua litzateke.

Nazioarteko partiduetan, Zeelanda Berriko jokalariek Haka dantza deigarria egin ohi duzue.
Haka indigenen tradiziotik dator eta jokoarekiko konpromisoa, erronka eta elkarrenganako errespetua adierazteko dantza da. Indigenen errugbi txapelketa batera joaten bazara, haka bi taldeek aldi berean egiten dutela ikusiko duzu. Lehiaketarako prestatzeko eta boterea erakusteko errituala da. Errugbi taldeek bereganatu dute eta indigenen herriari ohore egiteko modu bat da. Gure kulturaren eta hizkuntzaren zati bat munduari erakusteko balio du.

2015ean politikara egin zenuen salto. Zerk bultzatuta?
Politikari lotuta egon naiz beti, batez ere nire komunitateari eta gizarteari; ezin naiz injustizien aurrean isilik eta ezer egin gabe geratu. Horregatik, nahiz eta kirolean erabat zentraturik egon, karrera bat ere atera nuen eta politika sozialari buruzko masterrarekin amaitu nituen ikasketak. Gure sistema politikoko erronka askotan parte hartua nintzen, unibertsitatean ere elkarte politiko askotan inplikatu nintzen eta pertsona publikoa izanik jendeak asko jotzen zuen nigana gai politikoen inguruko kezka eta kexekin. Eta azkenean esan nuen, gure familientzat soluzioak nahi baditut, ez da nahiko sistema publikoko parte izatearekin, sistema politiko hau sortzen parte hartu beharra dago. Eta hori parlamentuan gauzatzen da, beraz zerbait aldatu nahi bada bertan egon beharra dago.

“Onartezina da Pazifikoan LGTBI izateagatik norbait kriminalizatzea, baina horiek ez dira gure legeak, Britainia Handiko legeak dira, haien kolonizaziotik jaso ditugun legeak, eta bada horiek aldatzeko garaia”

Eta parlamentari egin zinen.
Alderdi Laboristarekin bat egin nuen [Gobernuan gaur egun], niretzat beti izan da batasunaren alderdia, maori eta indigenen komunitatearekin elkarbizitza sustatzeko pausoa eman duen eta berdintasun harremana izan duen alderdia. Behin parlamentuan sartuta, erronkaz beteriko lana da, multidimentsionala. Alde batetik hautesleen bulegoan egiten dudan lana eta bestetik parlamentukoa. Manwreawko herritarrek aukeratu ninduten parlamentuan haien ordezkari izateko, beraz herri honetan dut hautesleen bulegoa, eta astean behin haietaz arduratzen naiz bertan. Zoritxarrez, jendea krisian dagoenean soilik hurbiltzen da, kexak, kezkak eta arazoak planteatzeko edo denbora luzez itxaroten ari diren zerbait eskatzeko. Nire esku dagoen guztia egiten dut beraiekin elkarlanean konponbideak bilatzeko. Une honetan esaterako, zabor bilketari lotutako arazo handi bat dut eskuartean.

Eta horrela al da Zeelanda Berriko komunitate guztietan? Herritarrek parlamentuko ordezkariarekin kontaktu zuzena dute?
Bai, parlamentariak astean egun finko bat du herritarrekin elkartzeko; bizilagunek hitzordua eskatzen dute. Berehalako zerbitzua behar duten kasuetan, hauetan bulegoko gainontzeko langileak arduratzen dira.

2012ko zure ekimenari esker, Zeelanda Berria sexu berekoen arteko ezkontzak onartzen lehena izan zen Ozeanian eta hamahirugarrena munduan.
Une egokia zen, AEBetan hauteskundeak ziren eta Barack Obamak apustu bera egin zuen. Horri esker eztabaidagai bihurtu zen alde guztietan. Frantzia, Ingalaterra, Irlanda eta munduko hainbat lekutan hasiak ziren legeztatzeko prozesuarekin eta argi neukan Zeelanda Berria prest zegoela eta ez zuela beldurrik izan behar eztabaida honetan sartzeko. Legeztatze prozesuaren lidergoa nire gain hartzea eta borroka hau irabaztea erabaki nuen; hasi nintzen araudia aztertzen eta egunkarietara iritzi-artikulua bidali nuen. Gaia pil-pilean jarri zen hedabideetan.

Eta zuk giza eskubideen urraketa zela zenioen…
Hala da, urraketa argia, gobernua herritarren zati bat diskriminatzen ari zelako. Gobernuak ez dira erakunde erlijiosoak, herritarren interesak eta eskubideak babestuta daudela bermatu behar duten erakundeak baizik. Transexualen kasuan adibidez, gutxiengoa dira eta gizartetik baztertuta daude, jarrera aldatu behar dugu, gizarteak ezin ditu diskriminatu, eta gobernuari dagokio bereziki haiek babestea. Onartezina da Pazifikoan LGTBI izateagatik norbait kriminalizatzea, baina horiek ez dira gure legeak, Britainia Handiko legeak dira, haien kolonizaziotik jaso ditugun legeak, eta bada horiek aldatzeko garaia.

Zeelanda Berriak transgeneroen ebakuntza gehiago finantzatu beharko lituzkeela esan duzu sarritan.
Ebakuntza hauetan aditua zen zirujau bat geneukan herrialdean eta duela lau urte jubilatu zen, beraz une honetan ez daukagu zirujaurik. Azken hiru urteetan ez da hemen ebakuntzarik egin, jendeak kanpora bidaiatu beharra dauka eta ebakuntza euren poltsikotik ordaindu. Gizonetik emakumerako trantsizioa nahi duten 73 lagun eta emakumetik gizonerako trantsizioa nahi duten 21 lagun ditugu itxaron zerrendan. Nazio bezala gure herritarrak kanpora bidaltzen eta babes gabe uzten ari gara, eta gai izan beharko ginateke genero-kirurgiak gauzatzeko. Dena den, ez dut uste soilik hemengo arazoa denik, premiazko elkarrizketa global baten beharra dago gai honen inguruan. Haur intersexualen kasua esaterako; sexu-organo anbiguoekin jaiotzen dira, 2.000 haurretatik bati gertatzen zaio, hortaz Zeelanda Berrian urtean 30 haur jaiotzen dira bagina eta zakila, biak dituztela. Egun, medikuek zuzenean ebakuntza egiten dute eta batzuetan gurasoek eta bestetan medikuek erabakitzen dute umearen generoa, gehienetan neska. Baina hori ez da irtenbidea, medikuek ziurtatu behar lukete bi funtzioak ondo daudela, genitalek osasun arazorik ez dutela eta haurra bere kabuz erabakitzeko gai den arte itxaron beharko litzateke, ebakuntza egiteko. Bi urte daramatzagu gai honetan lanean Giza Eskubideen Aldeko Batzordean, eta duela gutxi Zeelanda Berriko pediatren elkartearen babesa lortu dugu.

Premiazko gaia da: 2011n gobernuak egin zuen ikerketa baten arabera, LGBI pertsona bazara hiru aldiz aukera gehiago dituzu alkohol edo droga-menpeko izateko, talde diskriminazioa jasateko eta zure buruaz beste egiteko. Trans pertsona bazara, lau aldiz aukera gehiago dituzu. Munduan 76 herrialdetan kriminalak gara LGTBI izateagatik eta munduan 13 herrialdetan hil egin gaitzakete. Familia eta komunitateekin kontzientziazio lana egiten dugu, baita erlijio komunitatearekin ere, orokorrean erlijio gehienek LGTBI komunitatea babesten ez duten arren. Baina bereizketa egin behar da erlijioetako buruen eta sinestunen artean, ni neroni bataiatua naiz, ofizialki kristaua naiz.

Munduan bizi-kalitate eta hezkuntza sistema onenetakoa duen herrialdeen artean da Zeelanda Berria, eta ingurumena gehien zaintzen duen munduko bosgarren herrialdetzat hartzen da. Bat zatoz?
Oro har, seme-alabak hezteko leku ezin hobea da hau, baina 90eko hamarkadaz geroztik aberatsen eta pobreen arteko aldea handitzen ari da, eta nazio txikia izanik, guztiontzako bizi-kalitate ona bermatzea posible izan beharko genuke. Adibidez, etxe publiko gehiago behar ditugu etxegabeentzat. Bestalde, Auckland hirian herrialde osoko herena bizi da, populazio berri asko etorri da eta hiriko azpiegiturak ez daude prestatuta hainbeste jenderentzat. Hainbat herritan aldiz, biztanle oso gutxi bizi dira, oreka bilatu beharko genuke.

Jacinda Ardern lehen ministroak jakinarazi du haurdun dagoela; haurdun egotea eta ardura postuak izatea bateragarri diren seinale.
Emakume bat haurdun izatea munduko gauzarik normalena da. Bikotearen erabakia da eta gizonek ere hazi ditzakete haurrak, mezu hori zabaldu behar da. Emakumeek haurra izatea ez da esanguratsua, baina gizonek emaztearen karrera profesionalari lehentasuna ematea eta seme-alabak zaintzeko ardura beraiek hartzea, hori bai da esanguratsua.

Waitangi Eguna ospatu zen otsailaren 6an. Zein esanahi du egun honek?  
1840an Treaty of Waitangi dokumentua sinatu zuten maori eta britainiarrek, Zeelanda Berriak gobernu egonkor bat izatea helburu. Aurretik maoriak herri propioa ginen, 1835ean nazioarteak aitortua, baina britainiar eta frantziarrak gure lurren atzetik zebiltzan eta britainiarrek maoriak konbentzitu zituzten, lur hauek legeak behar zituztela esanez, hortik jaio zen akordioa. Nire maori eta indigena ikuspegitik, ordea, kolonizazioaz hitz egin beharra daukat. Akordioaz mintzo dira baina argi dago lur hauek bereganatzea zutela helburu. Batzuek Waitangi Egunean nazioaren sorkuntza ospatzen dute, eta guretzat ordea, gure bizimodua uztera behartuak izan ginen eguna da. Britainiarren legeak inposatu zizkiguten maoriei, indibidualismoan oinarritutako sistema kapitalista hain zuzen. Jendeak lan egin eta soldata bat jasotzen du eta diru horrekin lurrak eta etxeak jabetzan hartzen ditu. Maorion sistema erabat bestelakoa zen, komunitate bateko parte ginen eta arrantza eta uzta komunalki egiten genuen. Hori guztia galdu genuen.

1975ean parte-hartze prozesua deituriko akordioa sinatu genuen, nik adiskidetze prozesua deitzen diot, gure Treaty of Waitangi. Akordio horri esker, aitortza eta ordain ekonomikoa jaso ditugu. Hala ere, egun oraindik konplikatua da maorien eta Zeelanda Berriko Gobernuaren arteko harremana. Dirua eta lurrak lapurtu zizkiguten, emakumeak bortxatu, indigenak bahitu, torturatu eta kartzelaratu… Ezin dituzu lurrak zure egin manta, tabako eta alkohol pixka baten truke. Gure historia koloniala, munduko edozein lekutan bezala, diru-goseagatik eta nagusitasunagatik izan zen. Erabateko giza zapalketa izan zen, maoriera hitz egitea ere debekatu ziguten.

Eta gaur egun ba al dago indigenen hizkuntza babesten duen legerik?
Bai, 1995eko legeari esker, ingelesarekin batera Zeelanda Berriko hizkuntza ofiziala da eta baita zeinuen hizkuntza ere.

Eta zein da maori jendearen egoera sozio-ekonomikoa?
Aucklanden bizi diren maorien %28 soilik da etxearen jabe, beste guztiak errentan edo gobernuak ezarritako etxebizitza publikoetan bizi dira. Eta familia asko eta asko oso baldintza txarreko pisuetan bizi dira, elektrizitaterik gabe esaterako. Desoreka handia dago: laguntza ekonomikoak behar dituzten familien %60 maoriak dira, eta kartzelako populazioan gauza bera. Lapurreta kolonialaren ondorioak jasaten ari gara oraindik. Hirietara etortzera behartuak izan ginen familiaren babesik gabe eta jendeak pobrezian amaitu du. Eta belaunaldiz belaunaldi errepikatzen da historia.

Zeelanda Berria herrialde independentea da, baina oraindik Erresuma Batuko erregina duzue, nola likete?
Kolonizazioaren ondorioa da. Gobernua eta parlamentua antolatzeko modua, ezarritako legeak… eta teknikoki Zeelanda Berriko gobernadore orokorra Elizabeth II.a da. Oraindik kolonizazioaren aje asko ditugu konpontzeko, tartean errepublika bihurtzea edo bandera aldatzea. Datozen hamar urteetan erabateko deskolonizazioa lortzeko esperantza daukat.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zeelanda Berria
Lynzi Armstrong. Sexu langileei adi
“Despenalizazioari esker, sexu-langileek eskubideak dituzte beren lan-eremuan”

Sexu-lanaren gaineko eztabaida pil-pilean dago berriro ere mugimendu feministaren barruan. Batzuek iritzi argiak dauzkate, beste batzuek ez dakite oso ondo nola kokatu. Lynzi Armstrong ikertzailea Donostian izan zen azaroan bere azken liburua aurkezten, eta haren azalpenak... [+]


2020-11-16 | ARGIA
Munduko BPGren herena biltzen duten hamabost herrialdek merkataritza blokea osatu dute

Munduko merkataritza blokerik handiena osatu dute hamabost herrialde hauek: Asiako hego-ekialdeko hamar herrialde, Hego Korea, Txina, Japonia, Australia eta Zeelanda Berria. Azaroaren 15ean izenpetu dute RCEP merkatu libreko hitzarmen hau.


2020-10-30 | Jone Markuleta
Eutanasia legeztatzeari baietz esan diote Zeelanda Berrian, eta ezetz marihuanari

Urriaren 17ko hauteskundeetan Zeelanda Berrian eutanasia eta marihuanaren kontsumoa legeztatzeari buruz erabaki zuten herritarrek. Eutanasiari dagokionez, hautesleen % 62,5ek legeztatzearen alde bozkatu du, eta % 33,8k aurka. Kalamua legearen barruan kontsumitzeaz, aldiz,... [+]


Zeelanda Berriko lehen ministroak lau eguneko lan astea proposatu du barne-turismoa bultzatzeko asmoz

Herrialdeko barne-turismoa bultzatzeko, langileek denbora libre gehiago eta ordutegien malgutasun handiagoa izan behar dutela adierazi du Jacinda Ardernek. Herrialdean behin baino gehiagotan izan dute lau eguneko lan astearen eztabaida, eta konfinamenduan horren eraginkortasuna... [+]


2020-03-19 | ARGIA
Abortua legeztatu dute Zeelanda Berrian

68 diputatuk alde eta 51ak kontra bozkaturik, ez da gehiago Zeelanda Berriko Krimenen Legean kausitzen abortuarena. Garaipen handia, hamarkada luzeetan eskubide horren alde aritu diren feministentzako.


Hondamendia usainduta, salbamendu-txalupa bila dabiltza aberatsenak

Munduko 40 pertsona aberatsenetakoa den Elon Muskek aurkeztu berri du SpaceX, gizakiak Ilargira bezala Martera eraman ahal izango omen dituen espazio-ontzia. Bezperan, milioika jende kalera irtenak ziren mundu osoan agintariei eskatzeko klimaren hondamendia geldiaraz dezatela... [+]


2019-10-09 | Axier Lopez
Erresuma Batuak “deitoratu” du duela 250 urte Zeelanda Berrian maoriak hil izana

Inperio britainiarreko kapitain James Cook Zeelanda Berrira heldu zenetik 250 urte bete direla ospatzen ari dira. Urriaren hasieran Erresuma Batuko Gobernuko ordezkari batek lehen aldiz maoriak hil izana “deitoratu“ du. Hitz hutsak direla salatu dute maorien... [+]


2019-03-15 | ARGIA
50 hildako inguru Zeelanda Berriko bi meskitaren kontrako eraso faxistan

Erasoa gertatu eta berehala lau pertsona atxilotu dituzte. Bat erasoan parte hartzeaz akusatua, hiltzailea izatearen susmopean dago. Beste bi ikerketapean daude. Laugarrena libre.


Helen Clark
“Hiru indar boteretsu ditugu munduan, AEBak, Errusia eta Txina, eta euren esku dago dena”

Zeelanda Berriko lehen ministro ohia eta Nazio Batuen Erakundeko Garapen Programako idazkari ohia da Helen Clark (Hamilton, Zeelanda Berria, 1950). Munduko emakume liderrik eraginkorrenetakoa, ustelkeriaren aurka egin duen lana nabarmendu izan dute. Hitzaldiak ematen ditu... [+]


2017-03-15 | Jakoba Errekondo
Kiwi gorria ekoitzi dute Zeelanda Berrian lehen aldiz

Zeelanda Berriko Zespri enpresa ezagunak garatu du. Duela urte gutxi kiwi hori gozoa kaleratu zuen. Orain kiwi berde gozoago bat sortzeko lanetan ere ari da. Baina bere 20. urteurrenean gorria du berri nagusia.


2015-02-04 | ARGIA
Filtrazioa: Osasungintza publikoa salgai jartzea eztabaidagai AEB eta EB artean

AEB, Europar Batasuna eta beste zenbait herrialde sekretupean negoziatzen ari diren TISA akordioko dokumentu batek erakutsi duenez, osasungintza merkaturatzea aztertzen ari dira mundu osoko hainbat herrialde.


Erreferenduma egingo dute 2016an Zeelanda Berrian, euren banderatik Erresuma Batukoa kentzeko

John Key Zeelanda Berriko lehen ministroak bultzatutako ekimena da. Herrialdeko banderak “ikur esanguratsuago bat” behar duela adierazi du, “estatu moderno eta independente” bat delako.


Zeelanda Berrian erreferenduma bandera aldatu ala ez erabakitzeko

Zeelanda Berriak erreferenduma egingo du herrialdeko bandera aldatu ala ez erabakitzeko. Lehen Ministro John Keyk iragarri du. Egungo banderak bazter batean Erresuma Batuko ikurra du eta herritar askorentzat konnotazio kolonialista du.


Eguneraketa berriak daude