Israelgo armadaren eraso militarrak eta ihesbiderik gabeko setioa batetik, Aginte Palestinarrak Hamasi presio egiteko egindako soldaten murrizketa handiak bestetik, Egiptok pasabide oro ixtea azkenik, itolarri gero eta handiagoan bizi dira bi milioi jende Gazan. Urtarrilean mezu bat zabaldu da sare sozialetatik gazatarren artean: “Barka itzazu zorrak eta saritua izanen zara”. Bizimodu normal batetik txirotasunera amildutako familia askok arnasa hartu du.
Maha Hussaini kazetariak kontatu du Middle East Eye hedabidean: “Merkatari gazatar baten ekintza on batek zorrak barkatzeko kanpaina eragin du”. Bitxi egiten da gaurko munduan, nahiz eta David Graeber antropologoak erakutsi duen lehenbiziko zibilizazioak eraiki zirenetik ziklikoa izan dela zorren barkamena bake sozialak eskatuta. Egia da erlijio guztietan errepikatzen dela gomendioa, berdin Allah gurtzen dutenen artean edo Jainko kristauarenean (“Barkatu gure zorrak, guk gure zordunei barkatzen diegun bezala”...) baina ez da usu praktikatzen.
Osama Abu Dalalek –kontatu du Hussainek– urtarril hasieran erabaki zuen zorrak ezabatzea Deir al-Balah errefuxiatu eremuan daukan oinetako dendan fakturak pagatu ezinik zebiltzan bezeroei. “Ezin ditut begiak itxi ez ikusteko nola ari den txirotasuna nagusitzen nire gizartean. Ezagutzen ditut gurasoak oso berandu etxeratzen direnak, haurrak oheratuta daudenean, ez dakitelako zer egin haiek nozitutako behar gero eta handiagoak asetzeko”.
Facebookeko bere orrian oraindik irakur daiteke –arabieratik makinak itzulirik– urtarrilaren 9an idatzita utzi zuena: “Osama Zakaria Abu Dalal, Abu Dalal Oinetako Dendaren jabeak, Jainkoaren errukia eskatuz, iragartzen du bezero guztiei barkatuko zaizkiela oraindik pagatzeke dauzkaten zorrak, (...) Gazan bizi dugun egoera ekonomikoagatik. Ekintza honek balioko al du bide bera jarrai dezaten beste merkatari kideek, gure herriaren sufrikarioa arintzeko. Jainkoak babes gaitzala zuek eta gu”.
Ordu gutxiren buruan eztabaida berotu zen Facebooken, erabaki horren gainean kanpaina antolatzea proposatuz. Ekintzaile eta kazetariak beste merkatariei hasi zitzaizkien galdezka. Traola ere hedatu zen, “Barkatu eta saritua izango zara” itzul daitekeena.
Zenbait merkata Abu Dalal bezala bezero atzeratuei zorrak barkatzen hasi ziren. Kanpainaren barruan beste batzuek erabaki zuten behartsuenei debalde eskaintzea beren salgaiak, janariak, janzkiak, botikak, otordu beroak, berogailuak, oheko arropak...
Sustatzaileek kalkulatu dute bi aste laburretan ia 200.000 euroko zorrak barkatuko zirela Gazan. Abu Dalalen kasuan, berak ez du aitortzen inolako zifrarik, “ezta emazteari ere”. Galdezka joan zaion kazetariari arrasto hau utzi dio, halere: hemezortzi urterekin lanean hasi zenetik aurreztutako guztia adinakoa dela barkatu duen kopurua.
Zorren amnistia kanpainan parte hartzeko era berritzaile gehiago laster hasi ziren zabaltzen. Al Helou International ospitaleak iragarri zuen haur bila dabiltzan 120 bikoteri dohainik egingo ziela in vitro ugaltze tratamendua eta gainerako zerbitzuetan ere beherapenak egingo zizkiela beharrean diren familiei. Egia den arren Gazan osasun zerbitzu publikoak doakoak direla, krisiarekin erabat blokeatuta daude, makineriak mantenu barik, argindarra eskuratzeko ere arazoekin, edozein operaziotan urte eta erdiko itxaron zerrendekin...
Zenbait abokatu ere hasi da urririk eskaintzen aholkularitza juridikoa pagatu ezinean direnei. Muhammed Seyam abokatu gazteak Hussainiri azaldu dio zergatik hartzen duen parte kanpainan: “Hemengo jendea desengainatuta dago bertako eta nazioarteko arduradunekin; bi milioi pertsona setiopean bizi dira hamar urte baino gehiagoz eta horiei ezartzen zaien zigor kolektiboari aurre egiteko neurriak hartzeko arduradunok ez dira gauza. Jendeari bere kasa moldatzeko garaia iritsi zaio”.
Ihesbiderik gabe
2017ko uztailean Nazio Batuen Erakundearen txosten batek azaldu zuen Gazan bizi diren bi milioi herritarren –horietatik 1,3 milioi errefuxiatuak– bizimodua gero eta larriagoa zela eta Gaza hitzez hitz bizi ezineko leku bilakatua zela.
Europar Mediterraneoko Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, Gazako biztanleen %39 txirotasunaren muga azpitik bizi da, Zisjordaniako kopuruaren bikoitza, Israelen setioagatik eta Gazak Israelekin bezala Egiptorekin dauzkan pasabideen itxiera eten gabeagatik.
New York Times amerikarrak otsailean titulatu zuenez, “Gaza finantza krisian amilduta, egoera lehertuko ote den beldurra zabaldu da”. David M. Halbfingerrek hondamendiaren adibidetzat aurkeztu du Muhammad Abu Shaaban, 45 urte, Palestinako Aginteak duela bi hilabete erretretara bidalitako funtzionarioa, lehendakariaren goardiakoa. Sei ordutaraino itxaron behar izaten du ilaran hileroko soldata jasotzeko: 232 euro gaur egun, lehengo 1.075en ordez.
Bizitza arras aldatu zaio Abu Shaabani. Ez zaio iristen semearen lizeoko matrikula pagatzeko. Emazteari barazkiak erosten dizkio otorduetarako, haragirik gehiago ez. Asko dabiltza horrela. Kazetariak aurkitu ditu guraso arruntak seme-alabei otorduan orain arte abereei ematen zizkieten leka eta barazkiak prestatzen. Gazako espetxeak, berriz, gero eta gehiago ari dira betetzen beren zor atzeratuak pagatu ezin dituzten dendari eta merkatariz.
Israelek dozena bat urtez blokeatu du Gaza, zorrotz murriztuz elikagaien eta klase orotako horniduren sarrera bezala bertako jendeen irteera. Juduek ez dute lortu, hala ere, gazatarrek botoa kentzea Hamasi, hori baldin bazuten helburu. Honek urte luzez setioari izkin egin ahal izan dio Sinai aldera eta batik bat Egipto aldera zulatutako tunelekin. Estatu kolpearen ostean Egiptok gogortu egin du jokabidea Hamasekiko eta Israel ari da lurpeko hesi garesti batez zigilatzen Gazaren mugalde osoa, neke handiz barrutik urratutako tunelak baliogabetuz.
Egoera asko larriagotu da iaztik, Hamasen eta Palestinako Aginte Nazionalaren arteko tirabira gogortzearekin. Mahmoud Abbasek, Hamasen gainean presio egiteko, utzi zion Gazako argindar zentralaren erregaiak pagatzeari, Israelek Gazari saltzen zion elektrizitatea pagatzeari bezala. Eta oraindik Gazan nominan dauzkan funtzionarioei soldatetan murrizketa oso handiak egin zizkien.
Presioagatik edo dena delakoagatik, Hamas itun berri batera iritsi zen Abbasekin iazko udazkenean. Baina laster berpiztu dira desadostasunak eta urte amaierarako berriro gauzak okertu ziren. Abbasek Gazako bere 60.000 funtzionarioei soldatak %30-%40an apaldu baldin badizkie, Hamasen 40.000 enplegatuek hilabeteak daramatzate kobratu gabe.
Maha Hussainik elkarrizketatu du Ahmed ere, 42 urte, taxi gidaria, Al Shati errefuxiatu gunean bizi dena. Sei hilabete zeramatzan bizilekuaren 117 euroko errenta pagatu gabe, taxiarentzako gasolina 1,4 eurotara igo zutenetik. Atzeratutako zorra barkatu omen dio etxe jabeak: “Eskertuta nago. Neguan nire familia epelean atxiki ahal izango dut”.
Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.
Bi langileek Microsoften 50. urteurreneko ekitaldia moztu zuten ostiralean, eta enpresako buruei Gazako genozidioan duten papera leporatu zieten. Adimen artifizialarekin eginiko armak saltzen dizkio multinazionalak Israelgo armadari.
Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak baieztatu du gorpuei eginiko autopsiak erakusten duela soldadu israeldarrek tiro egin zietela medikuei. Hil aurretik osasun langileetako batek soldaduek eraso egin zien unea grabatu zuen mugikorrarekin, eta bideoan ikus daiteke... [+]
Gergely Gulyas Hungariako Presidentetza ministroak eman du erabakiaren berri, Hagako auzitegiak atxilotze agindua ezarrita dion Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa herrialdera heldu den egun berean. Israelgo armadak Gazako eremu gehiago hartzeko asmoa duela... [+]
Palestinarekin Elkartasuna plataformaren ekimenez, txirrindularitzarekin lotura duten 70 bat pertsonak eskatu dute talde sionistak ez dezala txapelketan parte hartu, eta lortu dute.
Lekukotasunak, autopsia txostenak eta atxiloaldian izenpeturiko adierazpenak bildu ditu The Independent komunikabide britainiarrak. 2023ko urriaren 7az geroztik 70 palestinarrek dute bizia galdu Israelgo presondegietan. Palestinar presoen alde dabilen Addameer elkartearen... [+]
Berriki zabaldu da Gazako lurralderako Egiptok egindako hirigintza-antolaketa plana. Marrazki batean jaso dira etorkizuneko kale, eraikin eta iruditeria, oraindik metraila eta lehergailuen usaina darion errealitate baten gain. Hirigintza proposamena, beste bonba jaurtiketa bat... [+]
Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]
Zer esango zenioke Palestinako aktibista bati aurrez aurre izango bazenu? Ni mutu geratu nintzen Iman Hammouri nire herrian bertan aurkeztu zidatenean. Eskerrak andre nagusi bat gerturatu zitzaigula eta solaskide roletik itzultzailearenera pasa nintzela.
Palestinako Popular... [+]
Gure Haurrak ere Badira ekimenak deituta, Israelek azken egunetan Gazan hildako gehienak haurrak direla salatu dute. Gobernuei eta erakundeei Israelekin harreman oro etetea ere exijitu diete, "genozidio honen aurka argi eta tinko" lerratu daitezen.
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Asteartean menia apurtu zuenetik gutxienez 650 palestinar hil dituzte sionistek, Al Jazeeraren arabera. Netanyhauren gobernuak Shin Bet zerbitzu sekretuetako buru Ronen Bar kaleratzeko erabakia hartu du, baina Auzitegi Gorenak kaleratzea geldiarazi du.
Milaka pertsona bildu dira larunbat honetan Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta “Israelek Gazan egindako genozidioa” amaitzeko eta Benjamin Netanyahuren gobernuak su-etenari berriro ekiteko eskatzeko. Gernika-Palestina herri ekimenak deitu du martxa,... [+]