CCOO sindikatuaren EAEko lan osasun eta ingurumeneko arduradun izana, Orbegozon izan zuen lehen harremana amiantoarekin eta haren kontrako borrokan erreferentzia da Euskal Herrian Jesus Uzkudun (Hernani, 1949). Orain, erretiroa hartuta, Asviamie amiantoaren biktimen euskal elkarteko bozeramaile dihardu.
Noiz hasi zinen jabetzen amiantoaren gaiaren garrantziaz?
1981ean zerbait irakurtzen hasi nintzenean nire buruari esaten nion amiantoa uralitaren industrian eta ontzioletan soilik zegoela. Eta 1990ean oraindik zuri ateratzen nintzen Hernaniko Orbegozotik balaztetako zapatak konpontzen. 1997an eraman genuen lehenengo epaiketa CCOOtik. Gasteizko Garaje Modernoko mekaniko bat zen, Santiago Busto, amiantoaren biktimen elkarteko egungo abokatuaren aita: peritoneoko mesoteliomaz hil zen. Ordurako dokumentazio asko zegoen, baina ze kuriosoa... juezak eta Osalanek esan zuten Garaje Modernon ez zegoela amiantorik. Nola ezetz? 40 urte zeramatzaten balaztetako amiantoa haizearekin garbitzen eta! Hori izan zen hasiera. Urte horietan amets egiten nuen Orbegozoko zubian nindoala, neroni ere gaixo.
Zu ere gaixotu zaitezke... nola eragiten du horrek daramazun borrokan?
Amets hori... Aurreko astean nirekin lan egindako baten epaiketa izan dugu, sententziaren zain gaude. Auzi bat irabaztean halako poza eta mala letxea sentitzen dut. Sindikatuan goi mailako ardurak hartu nituenean, gogoratzen dut Osalaneko kontseiluko kide batek 2001. urte inguruan esan zidala: “Jexux, alarma soziala ari zara sortzen”, eta nik: “Jendea ez da nirekin gaixotzen, gaixotuta etortzen da”. Gauzak oso ezberdin ikusten dira amiantoa zuk jan duzunean, borroka pertsonala ere bada.
"Arazoa da atzeraka goazela. 60ko hamarkadan ez zen soilik iraultza kultural bat gertatu, lan munduan ere bai: 'Robotaren moduan bizi naiz', esaten zen, eta hori aldatu nahi izan zen. Baina pentsaera hori itzaltzen ari da"
Hasierak gogorrak izango ziren...
Jendearekin eztabaida asko izaten nuen eta urte batzuen ondoren konturatu nintzen ez duela merezi, hildakoak eta gaixoak jarri behar direla mahai gainean. Batek osasuna galtzen zuenean, lehen esaten zen “jainkoak nahiko zuen...” eta orain aldiz “zorte txarra” omen da. Baina hara... minbizia dutenen artean gaizki pentsatzen hasi eta asmatu egiten dut.
Babes gehiago sumatzen duzu orain inguruan?
Aldaketa sumatu dut periodisten artean. Etengabe salatzeak erakutsi du arazo larri baten aurrean gaudela. Orain faltan botatzen dut gazte jendea, amiantoarena iruditzen baitzaio urrun dagoela.
Lan merkatuaren egoera ere ez da orain 40 urtekoa.
Gaur jarri dut Facebooken gorreriari buruzko post bat: pertsona batek 2.400 euro kobratu ditut gorreriagatik. Baina zenbat dira laneko zaratagatik entzumen galera dutenak? 100.000 akaso? Laneko gaitzak sekula baino gehiago daude eta ezkutuan geratzen ari dira: istripu bat dagoenean kontzentrazioak egiten dira, baina egunero daude hildakoak laneko gaixotasunengatik eta sindikalgintzatik ezin gara geldirik egon.
Arazo estrukturala da?
Arazoa da atzeraka goazela. 60ko hamarkadan ez zen soilik iraultza kultural bat gertatu, lan munduan ere bai: “Robotaren moduan bizi naiz”, esaten zen, eta hori aldatu nahi izan zen. Baina pentsaera hori itzaltzen ari da. Gaur egun langileak zer esaten du? “Astelehenean lanera, uf!...”, baina zer gutxi egiten dugun lanean gozatzeko, eta posible da lanari zentzu bat eman eta gustura aritzea, ez da diru kontua bakarrik.
Asviamie amiantoaren biktimen euskal elkartea sortu zenuten. Zein helburu ditu?
Asviamie Laudioko lagun batek sortu zuen, asbestosiak jota zegoen aitaren laneko gaixotasunaren aitortza lortzeko. Nik Bizkaian ezagutzen nituen hainbat lagun amiantoak kutsatuta eta hura aktibatzen lagundu nien. Zer helburuz? Biktimen aitortza, elkarri babesa ematea eta konpentsazio funtsa sortzea.
Epaitegietara jotzen duzue maiz. Zein dira emaitzak?
Esango nuke oso onak direla, orokorki, naiz eta epaile batzuen jarrera onartezina den; Donostiako Ricardo Bandrés nabarmenduko nuke. Ia astero badugu epaiketaren bat Donostian, Bilbon... Baina askotan enpresek helegitea jarri eta luzatu egiten dira auziak.
Amiantoaren biktimak biktima bikoitza direla diote.
Adibide bat: Zumaiako Xeyn jardundako bat amiantoagatik hil zen, kalte ordainak eskatzera joan eta azkenean Auzitegi Gorenean amaitu genuen. Hiru edo lau urteren ondoren, 180.000 euro ordaindu behar zuten. Xeyko zuzendaritza negarrez etorri zitzaigun dirurik ez zutela eta hartzekodunen konkurtsora zihoazela esanez. Akordio batera iritsi ginen ordaintzeko, baina hortik urtebetera kiebra jo zuen. Hor operazio bat egon zen enpresaren aldetik.
Inork esan dezake enpresen ekonomia kolokan jartzen ari zaretela salaketekin.
Amiantoarekin norbera ere kolokan dago edo zulora joan da, eta horretaz ez da hitz egiten. Noski kolokan jartzen dela, eta kasu batzuetan negoziatu egiten dugu, baina atzetik gehiago datozelako. Mina sortu ondoren ez baduzu kalte ordainik eskatzen prebentzioa garestia izan daiteke, baina ordaindu behar baduzu merkea da. Horrelako animaliak gara. Niri esana didate: “Aizu Jexux, utzi horiei, hil dira edo gaixo daude eta jadanik ez dute bozkatzen”. Miserablea! Horiek erakutsi dizute non bukatuko duzun.
Osalanek eta Gizarte Segurantzak ez dituztela gaixotasun guztiak aitortzen diozue. Zergatik?
Espainiako Osasun Ministerioak dio 2017an amiantoak eragindako minbiziagatik 34 lagun hil zirela Estatuan eta asbestosiagatik 53. Gezurra, gure eskuetatik gehiago pasa dira... Batetik, Gizarte Segurantzak aitortzen dituenak ez dira estatistiketan agertzen. Eta bestetik, Osakidetzako medikuak behartuta daude susmoa izanez gero parte ematera, baina gehienek paso egiten dute. Osakidetzari 50.000 euro inguru kostatzen zaio minbizi bat, baina hori mutuek kudeatu beharko lukete.
"Nongoa da Darpon? [Jon, Eusko Jaurlaritzako osasun kontseilaria] Nondik etorri da eta nora joango da? IMQ enpresa taldekoa. Proiektu oso bat dago gauza publikoa zalantzan jarri eta jendea pribatura joateko"
Baina zergatik?
Ate birakariengatik. Nongoa da Darpon? [Jon, Eusko Jaurlaritzako osasun kontseilaria] Nondik etorri da eta nora joango da? IMQ enpresa taldekoa. Proiektu oso bat dago gauza publikoa zalantzan jarri eta jendea pribatura joateko. Eta mutuen lege berriarekin etorriko dena ikusiko duzu... Murrizketak omen daude dirurik ez dagoelako, baina hortxe dauka zuloa Osakidetzak.
Hala ere pausoak ematen ari dira arlo publikotik, konpentsazio funtsa hor dago. Zer ekarriko du? Nor izango da onuradun?
Ekarri? Ikusteko dago. PP abstenitu egin zen Espainiako Kongresuan, baina gobernuan dago eta tramite guztiak gelditu egin ditu. Onura nabarmena da hala ere: nik Orbegozon lan egin nuenez, esaterako, azkenean Industria Ministerioak ordaindu beharko luke nirea. Baina pentsa desagertu den fundizio txiki bat... zeini eskatu? Ezin da. Kasu horietan funtsak lagunduko luke. Edo pentsa senide bati gaitza agertzen zaiola buzoa garbitzeagatik...
Sektore ahulenak eta ertzean egon direnak lagunduko lituzke orduan.
Hori da. Paco Puche eta ingurukoak kritiko dira funtsarekin, Espainiako Estatuan Uralita, Renfe edo ontziolak besterik ez zeudelako eta badagoelako nori heldu. Baina hemen Euskal Herrian, zenbat garaje edo tailer daude amiantoarekin ibilitakoak? Eta emakumeak? Enpresari eska diezaiokezu gehiago epaitegietara joaz, baina gutxieneko konpentsazioa bermatu behar da.
Kalte ordainez hitz egitean, minbiziak sortutako sufrimenduarekin eta menpekotasunarekin gogoratu beharko genuke ezta?
Horrekin bakarrik ez: enpresek ez zuten legea bete. Batzuek esaten dute 1984ra arte ez zegoela amiantoaren inguruko legerik Estatuan, baina 1940an jadanik esaten zen amianto hautsa zegoen tokian osasun zaintza egin behar zela; gero atera zen buzoak etxera ez eramateko araua, enpresak garbitu behar zituen; 1950eko lege batek zioen 18 urtetik beherakoek ezin zutela amiantoarekin lanik egin... Bazekiten! Enpresek ez zuten legerik bete eta heriotza zigorra ezarri zuten.
Turingo epaiketan ederki ikusi zen hori, bazekitela.
Gure helburua ez da alargunak aberastea. Auto batek harrapatzen zaituenean kalte ordainak egokitzen zaizkizu; irizpide bera da. Amiantoarekin ibilitakoen zerrendan dagoen jende batek, eztulka eta eztulka hasten denean beldurra sentitzen du. Batzuek ez dute egunkarietan albisterik irakurri ere egin nahi.
Oraindik ez diogu benetako neurria hartu arazoari? Genozidio hitza erabiliko zenuke?
Dudarik gabe.
Minbizia ugaritzen ari dela esaten dugunean, erlazionatzen dugu hori amiantoarekin?
Mesoteliomak badu abantaila bat, amiantoarekin bakarrik sortu daiteke. Gero birikako minbizia aitortu zen, orain ari gara ademokartzinomarekin, laringe eta esofagoko minbiziak ere bai, eta Alemanian obario minbizia ere aitortu dute kasu batzuetan. Baina amiantoa eta beste kantzerijeno askorekin gabiltza. Heldu behar diegu.
Arazoa betikoa da: kantzerijenoak, lantegiak, erraustegia, dena da baina ez da ezer.
1890ean 35 urteko langile bat joan zen medikuarengana arnasestuka eta eztulka. Eta esaten dio: tailerreko azkenekoa naiz, beste guztiak joan dira. Mediku ezagun hori hasten da ikertzen eta hara, konturatzen da amiantoagatik dela. Horregatik da beharrezkoa langileen ikuspuntu kolektiboa, zeren eta zuk besoko mina baduzu, zure besoko mina da, baina zure lankide guztiek min bera badute… Minbiziarekin gauza bera egin daiteke.
"Beharrezkoa da langileen ikuspuntu kolektiboa, zeren eta zuk besoko mina baduzu, zure besoko mina da, baina zure lankide guztiek min bera badute… Minbiziarekin gauza bera egin daiteke"
Amiantoarekin lan egin zutenen Osakidetzako zerrendan 8.500 lagun daude, baina 25.000 lagun izatera irits daitezke. Nola kudeatzen da hori?
Nik ia egunero bakarren bat sartzen dut. Amiantoarekin jardun badira esaten diet “bizitza laborala” ekartzeko eta Osalanera eramaten dut. Hau poliziaren atestatua bezala da. Gaixotasuna sortzen da 30, 40 edo 50 urte geroago, enpresak desagertu dira, prozesu produktiboak aldatu… nola demostratu? Paper horrek balore handia dauka, aurreneko pausoa da eta hori ez badago… 25.000 sartu arte ez dut deskantsatuko.
Amiantoa erruz erabili zen eta oraindik ere hor dago. Ez da iraganeko arrisku bat ezta?
Kazetari askori esan diot, jarri kamara ezkutu bat eta amiantoa erostera joango gara. Europako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak amiantoa “erradikatzeko” dekretua onartu du. Hona izugarrizko tona pila ekarri zuten, non dago hori guztia? Altzako zabortegian, Hernaniko erriberan... Adibidez Altzako auzo elkartearen borroka dugu erakusgarri: batzuek lortu dute eskola aldameneko parkean jolasten ibili izanagatik erregistratzea. Jendea ari da bueltak ematen.
Desamiantatua egiteko prozedurez zer iritzi duzu?
Eusko Legebiltzarrak bi aldiz onartu du inbentarioa egitea, nik proposatuta. Erradikatzea beste gauza bat da –Polonian orain jarri dute aurrekontua horretarako–, baina inbentarioa... Inork ez du egin, udaletxe batzuk kenduta. Aurrerapausoak oso mantso ematen ari dira eta amianto asko dago, hor jarraitzen du.
Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]
Eurostaten arabera, 2013tik 2021era bitartean, 13.530 kasu erregistratu zituzten Europar Batasunean. Teorian 2005ean debekatu zuten amiantoaren erabilera, baina mesoteliomaren sintomak ez dira agertzen hamarkada asko igaro arte. Amiantoagatik 700 pertsona baino gehiago hil dira... [+]
Pasaiako Portuko Agintaritza eta Algeposa taldea lan arriskuen babesa ez bermatzeagatik kondenatuak izan direla adierazi du Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarte ASVIAMEk. Osakidetzak laneko gaixotasunak ezkutatu izana salatu dute.
Bi urte igaro dira Espainiako Estatuan funtsa sortzeko legea onartu zutela, baina Pedro Sánchezen gobernuak oraindik ez du araudirik garatu eta ez du aurrekonturik funtsa diruz hornitzeko. Espainiako Kongresuan talde politiko guztiek aho batez eskatu diote, berriz ere,... [+]
Irailarekin batera badator ikasturte berriaren hasiera eta milaka haur eta nerabek ikastetxeetarako bidea hartuko dute berriz ere, batzuk pozik, beste batzuk ez hainbeste, baina denek euren azterketak eta lezioak motxilan dituztela. Beste hainbeste espero zitekeen euskal... [+]
Enpresa batzordeak salatu du otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitartean amiantoa agertu zela labe kalibratzailean egindako obretan eta egun horietan lanak ez zirela eten. Enpresak azaldu du ohartu bezain pronto hartu zituela neurriak.
Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]
Beasaingo tren lantokiko hiru nabe amiantoz kutsatuta zeudela jakin eta berrogei egunetara agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean langileen eta erakundeen ordezkariek. Enpresa Batzordeko kideek salatu dute zuzendaritzak informazio "erabat eskasa" eman diela. Eusko... [+]
Laugarren dibisioko zortzigarren nabean egin diren desmuntaia lanen ondoren gertatu da amianto kutsatzea eta legez onartuta dagoena baino altuagoa izan da neurketaren emaitza. Langileei hartutako sei laginetatik lauk positibo eman dute.
Europar Batasuneko erakundeek adostuta, amiantoaren inguruko zuzentaraua aldatu eta minbizia sortzen duen mineralarekiko gehienezko esposizio-maila murriztu dute ekainean. Horretarako, funtsezkoa izan da Nantesen Tripode izeneko eraikinean frantziar administrazioko langileek... [+]
Europar Parlamentuak eta Europako Kontseiluak akordioa lortu dute amiantoaren inguruko araudia aldatzeko. Langileek mineral kantzerijenoarekiko izan dezaketen gehienezko esposizioa hamar bider jaitsiko dute. Europar Batasunaren arabera eraikuntzaren arloan 7 milioi langile daude... [+]
Legazpiko Patricio Echeverria enpresako langile ohi baten alargunari ere pentsioa onartu diote, senarra amiantoak eragindako gaixotasun batengatik hil zela onartuta.
Euskal Herriko amiantoaren biktimen elkarteak, Asviamiek, mozioa aurkeztu du gai kutsagarri horrek gehien kalteturiko Gipuzkoako eta Bizkaiko sei udalerritan. Egin gabe dagoen eta "beharrezkoa" den lan bat dela dio, "ingurumen-kutsaduragatik amiantoaren biktima... [+]