Ahaztuen garrasia, egia eta justizia eske

  • Itxi ditzakegu begiak eta esan egungo bizimoduagatik ordaindu beharreko bidesaria direla minbizi kopuru alarmagarriak. Baina egiak jarraituko du lurperatutako hilotzen hezurretaraino sartuta: gaixotasun bakoitzak badu jatorri bat eta erantzule bat.

    Amiantoak milioika lagun hilko ditu datozen urteetan, aurrez jakingo dugun historiako lehen genozidioa izango da seguruenik. Saihestu zitekeen baina ez zen egin, fibrozementuaren lobbyak nahita ezkutatu zuen haren arriskua eta 60ko hamarkadatik XXI. mendera arte masiboki arnastu eta jan dute langileek nahiz ingurukoek. 40 urteren ondoren, ate joka dugu heriotza.

    Biktimen elkarteen lanari esker, erakunde publikoek gero eta zailago dute arazoaz paso egitea –berrikitan konpentsazio funtsa sortzea adostu dute Espainiako Kongresuan–. Baina amiantoak kaltetutakoek oraindik bidegurutze luzea egin behar dute epaiketetan barrena edo administrazioaren aitortza lortzeko, kasu askotan hil ostean gertatzen da hori.

    Euskal Herrian eta Mendebaldeko toki gehienetan amiantoa erabiltzea debekatuta egonagatik ere –besterik da zer min eragingo duten oraindik eraikin, eskola eta bazterretan pilatutako milaka tonek–, munduko populazioaren %70 duten herrialdeetan erruz ari dira mineral hilgarria produzitzen eta manipulatzen. LARRUN honen amaieran Maria Roselliren The Asbestos lie  (Asbestoaren gezurra) liburuko pasarte bat dakarkigu horri buruz: “Zoritxarrez ez da kuriositate historiko bat”, dio kazetariak.

Beasaingo CAFen amiantoagatik hildakoen oroigarrian omenaldia 2017ko urrian. (Arg: Argazki Press / Jon Urbe)
Beasaingo CAFen amiantoagatik hildakoen oroigarrian omenaldia 2017ko urrian. (Arg: Argazki Press / Jon Urbe)

Egunkariek apenas utzi diote tarterik teletipoari. Emakumea 22 urtez aritu zen lanean Errenteriako isolagailuen fabrika batean, autoen baterientzako estalkiekin egiten zuen lan; baina ez ziren plastiko hutsak, amianto zuntzez egindako artefaktu arriskutsuak baizik, eta berak egunero-egunero lixatzen zuen estalki bat bestearen atzetik, printzak kentzen zituen nola eskuarekin edo putz eginez. Lana utzi eta hiru hamarkada geroago sortu zitzaion asbestosia, eta orain, enpresa hura erosi zuen multinazionalak laneko gaixotasunagatik jasotzen duen prestazioaren %30 ordaindu beharko dio EAEko Auzitegi Nagusiaren epai baten aginduz. Baina epaia ez da irmoa, eta seguruenik emakumeak berriz ere egin beharko du auzitegirako bidea birikak lehertzear, azken bost urteetan egin izan duen bezala.

Maiz iristen zaizkigu halako berriak, baita larriagoak ere. Lerro hauek idazten ari garela, Twitterreko denbora lerroan sartu zaigu mezu labur bat: amiantoagatik aurtengo seigarren laguna hil da, Tafallako Victorio Luzuriaga fundizioko –egun Fagor Ederlan kooperatibarena– langile artaxoarra, laneko gaixotasuna aitortzeke zuen. Irakurleak aldizkaria jasotzen duenerako zerrenda luzeagoa izango da, tantaka ari baita bustitzen epidemia honekin Euskal Herria. Soilik Hegoaldeko lau lurraldeetan 1993tik hona gutxienez 1.494 pertsona hil dira estatistika ofizialen arabera.

Mesotelioma edo pleurako minbizia zuzenean dago erlazionaturik mineral horren erabilerarekin, asbestosia eta biriketako minbizia ere sortzen du, eta azkenaldiko ikerketek diote laringeko, hestegorriko eta agian baita obarioetako minbizia kasuak ere lotuta egon daitezkeela amiantoari. Hain arriskutsua izanik, zergatik erabili izan da?

Amiantoa 3.000 produktu baino gehiagotan aurki daiteke, zenbait kasutan zuzenean eta gehienetan zementuarekin nahastuta. Etxe batean 25 tokitan egon daitekeela uste da: sukaldean, hodietan, lorontzietan, berogailu sisteman, termoetan eta hortzeko pasta urratzaileetan ere bai. Jadanik debekatuta dagoen arren, hor jarraitzen du, ez da atzoko arazoa.

Esan liteke oroimenaren alderantzizko kontakizun bat dela amiantoaren biktimena: lehenengo ahaztura eta azkenean drama. Azken batean Paco Puche adituak bere azkeneko liburuan dioen moduan “amiantoaren historiaren bide bazterretako areketan” geratu dira hauek ere.

Bere madarikazioa, erresistentziarako duen ezaugarri harrigarria da: kimikoki edo beroarekin desegitea oso zaila da eta malgutasun handia du. Amiantoak, greziarren adieran “iraungiezin” esan nahi du, eta mineral hori izendatzeko erabiltzen den beste hitza, asbestoa, “erregaitza” da jatorrizko latinean. Zuntz kristalizatu horizontal nimiñoak ez dira ikusten, ez usaintzen, ez sentitzen; hain dira txikiak, ezen airean esekita geratzen dira edo urak harrapatuta, eta horrela errazago sartzen zaizkigu gorputzean. Denboraren poderioz gainera, birrindu egiten da –ez desagertu– eta are gehiago zabaldu.

Isolagailu bezala material guztiz eraginkorra da, horregatik automozioan –garraio modu guztietan–, eraikinetan eta Euskal Herriko industria eta tailerretan milaka langileren eskuetatik pasa zen 70, 80 eta 90eko hamarkadetan. Hauts haietatik gaurko hildakoak, eritasuna hogeita hamar edo berrogei urteren buruan sortzen baita.

“Amiantoa heriotzaren sinonimo da –esan digu irmo Juanjo Basterrak–, isiltasun sinonimo ere bada, besteen bizitzaren kontura negozio egitea, boterea duenaren intrantsigentzia... baina batez ere borroka da”. Gaiaz Euskal Herrian gehientsuen ikertu duen kazetariak Cuatro Lunas (Pepe Rei Kultur Elkartea, 2016) liburuan ahotsa jarri die amiantoaren biktimei: “Urtetan barrutik urratzen eta desegiten ari diren horiek, izuak eta sufrimenduak atea jo badie ere, aurpegia eman dute”. Esan liteke oroimenaren alderantzizko kontakizun bat dela amiantoaren biktimena: lehenengo ahaztura eta azkenean drama. Azken batean Paco Puche adituak bere azkeneko liburuan dioen moduan “amiantoaren historiaren bide bazterretako areketan” geratu dira hauek ere.

Gerra botina, esklabotza eta kapitalismoa

Puchek Amianto. Una epidemia oculta e impune (Catarata, 2017) argitalpenean laburbildu ditu bere ezagutza guztiak –erreportaje honen oinarrizko iturrietako bat da–, eta besteak beste amiantoaren industriaren jatorri zapaltzailea kapitalismoarekin lotu du. 1920an Schmidheiny familia suitzarrak fibrozementuaren patentea zuen enpresa erosi eta Eternit izena jarri zion –amiantoaren izaera eternala gogoratuz–. Hor hasi zen dena.

Amiantoaren industria herrialde ugaritara zabaldu zuten eta Eternit enpresari loturiko beste familia batzuekin batera oligopolio handi bat sortu zuten negozio horren inguruan. Munduko asbesto enpresa handienekin SAIAC kartela egin zuten, tartean ziren Turner & Newall britainiarra, Johns Manville iparramerikarra eta baita Roviralta enpresa espainola ere, azkeneko hau Uralita izenarekin March familiaren eskuetara igaroko zen gero. Kapital pilaketa itzela izan zen, zenbait momentutan %20ko etekinak ukan zituzten enpresa horiek.

Gironako 1932ko Industria, Merkataritza eta Nekazaritzako erakusketa ferian Uralita enpresaren standa. Josep Maria Roviraltak marka erregistratu eta urte batzuetara, gerra ondoren, March familiak hedatu zuen produktua. (Arg: Gironako udal artxiboa)

Baina diru hori guztia langileen zapalkuntzan oinarriturik zegoen, diktadura eta estatu totalitarioekin harremanetan. 1992an Stephan Schmidheinyk Hegoafrikako lantegi eta mehatzeak itxi zituen. Zergatik? Horixe galdetu zion Maria Roselli kazetariak sindikalista hegoafrikar bati: “Apartheidaren amaierarekin ezin zuelako beltzak esplotatzen segi”. Esklabotza kapitalismo modernoaren substratuetako bat izan zitekeela aspaldi ikasi zuten Kubako kanabera sailetan katalan zein euskaldun negozio gizonek.

Antzeko egoera probestu zuen Juan March Ordinas bankariak gerraosteko Espainia autarkikoan. 1936ko golpea finantzatu ondoren, asbestoaren inportazioaren monopolioa eskuratu zuen eta 1943an Cerdanyolako fibrozementu fabrika handiarekin egin zen, Uralita –Errusiako Uraletako asbestoarekin eginda baitzegoen– ezaguna produzitzeko. Francok “nazioaren defentsaren intereserako mineral” izendatu zuen amiantoa eta Andaluziako Ronda mendizerran urre zuria erauzteko negozioa jarri zuten martxan. Mijas, Ojén eta antzeko herrixketako ehunka nekazari txiro “kontratatu” zituzten destajuan aritzeko; astoz garraiatzen zuten hauts kantzerijenoa inongo babesik gabe. 

Eta Euskal Herrian zer? Amiantoa produzitzeko negozio handirik ez zen egon, baina toki askotan oso presente zegoen Basterraren esanetan: “Egin kontu Espainiako Estatuan 800 enpresak inportatu zutela eta Hego Euskal Herrian 85 inguru izan ziren. Puntu beltza gara. Amiantoa gehien labeetan, ontzigintzan, eta trenetako eta autoetako balaztetan erabiltzen zen, hemengo sektore garrantzitsuenak”. Espainiako Lan Arriskuen Prebentziorako Fundazioak 2002an egindako ikerketa batean ikus dezakegu euskal industriako sinadura garrantzitsu guztiek inportatu zutela amiantoa: Patricio Echeverria, Altos Hornos de Vizcaya, CAF, Papelera Española, Michelin, Laminaciones Lesaca… Denek zuten loturarik erregimen frankistarekin, zenbaitek altxamenduan lagundu eta “gerra botina” deitu izan denean parte hartu zuten gainera.

Ordurako amiantoaren arriskuez ohartarazten zuten epidemiologia ikerketa franko zegoen egina. Lehen abisu serioa 1898an eman zuen Lucy Deane Streatfieldek. Erresuma Batuan laneko inspektore aritu zen lehen emakumeetako bat izan zen eta ehungintzako lantegi batean ikusi zuen amiantoa edozein kopurutan zela kaltegarria. 1930ean asbestosia sortzen zuela erabat frogatu zen, 1955ean biriketako minbizia eta 1960an mesotelioma.

"Amiantoa heriotz sinonimo da, isiltasun sinonimo, besteen bizitzaren kontura negozioa egitea da, boterea duenaren intrantsigentzia... baina batez ere, amiantoa borroka da”

                 Juanjo Basterra

Amiantoren industriako arduradunek bazekiten hori guztia, eta nahita ezkutatu zuten. Hain justu, mundu mailan sortu zen asbestoaren lehen kartelaren helburuetako bat zen informazio tekniko eta medikoa kontrolatzea, berrikitan desklasifikatutako barne dokumentu baten arabera. Gerora Asbestoaren Nazioarteko Elkartea (AIA) sortu zutenean ere helburu bera zuen: konferentziak (Londres, 1971) eta ikastaroak antolatu zituzten zuzendaritzako kideen artean, amiantoaren arriskuaz ugaritzen ari ziren ikerketen kontra modu kolektiboan erantzuteko estrategiarekin. Desinformazioa beti izan da gerra zikinaren arma efikaza.

Berrogei urte geroago, enpresek amnistia antzeko bat eskatzen dute ezjakintasuna argudiatuz: “Biktimek isiltasuna jasan dute mutuak eta gobernuak ez dituztelako ondoan izan –dio Basterrak–. Askotan enpresariak saiatzen dira amiantoarekin ez ditzatela erlazionatu, jakin baitakite amiantoarekin lan egin izana gaixotasunaren ‘loterian’ sartzea dela”. Gaur egungo jakintzatik iragana juzgatzea egozten diete biktimen elkarte eta militanteei. Baina argudio hori hankaz gora jarri zuen Espainiako Auzitegi Goreneko sententzia batek 2012an: enpresak langileen segurtasunaren zordun dira, garaian garaiko araudiek exijitzen dutenaren gainetik. Ezin zuten beste aldera begiratu.

10 milioi hildako

Kontra-informaziorako propagandak eta zentsurak kimatutako kontakizuna da amiantoarena. Agian horrela uler liteke Espainiako Estatuan amiantoagatik diagnostikatutako erien %97 aitortza eta babesik gabe geratzea. Pucheren esanetan “nukleo gogor ikusezin hori isiltasun konspirazioaren parte da”, Europako beste herrialde batzuekin –Frantziako Estatukoa kasu– zerikusi gutxi duena.

Ikerlariak algoritmo berezi bat sortu du amiantoak zenbat jende hilko duen zenbatzeko. Horretarako kontuan izan ditu asbesto kontsumoaren eta minbiziaren arteko erlazioa –mesotelioma bat 130 tonako–, mineralaren 40 urteko bizitza baliagarria eta gaixotasuna agertzen den 40 urteko epea. Soilik hamarkada honetan 32.692 pertsona hilko dira urtero munduan mesoteliomaz, eta literatura zientifikoan oinarrituta biderkatu beharreko asbestosi eta biriketako minbizi kasuak kontuan hartuta, kalkulatu du XX. mendean amiantoarekin kontaktuan izan ziren hamar milioi lagun hilko direla. Munduko Osasun Erakundea ez dabil urrun zifra horretatik: urtero 107.000 lagun hilko ditu amiantoak.

Asviamie amiantoaren biktimen euskal elkarteak dio Hego Euskal Herrian gutxienez 25.000 langile izan direla iraganean kontaktuan gai kutsakorrarekin eta horien herena “behar baino lehen” hilko dela. Eusko Legebiltzarrak 2015ean konpentsazio funtsaren ponentziarako agindutako txosten baten arabera, berriz, 2019 eta 2023 artean urtero 507 pleurako minbizi eta 350 mesotelioma egon daitezke asbestoaren erruz EAEn. LABek amiantoaren inguruan kaleratutako gida batean irakur daiteke Euskal Herrian 6.000 eta 10.000 lagun artean hil daitezkeela mineralak gaixotuta, “zenbait neurketen arabera”.

Zer da hori genozidioa ez bada? Sufrimendu eta heriotza sistematikoa eraginaraztea ez ote da hori? Genozidioak intentzio eta estrategia bat du atzean, 1948an Nazio Batuen Erakundeak onartutako Konbentzioaren arabera. Eta amiantoaren industriaren atzean horrelako zerbait egon zela garbi ikusi zen 2014an Stephan Schmidheiny eta Eterniten kontra Turinen izandako epaiketan.

2017ko martxoan amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa sortzeko eskaria erregistratu zuten Eusko Legebiltzarreko ordezkariek Espainiako Kongresuan (Argazki Press /J. Danae)

Epaiketa garrantzitsu hartan jardun zuen Sara Panelli fiskalak eta bere ustez Eterniteko buruek “nahita” ezkutatu zuten amiantoari buruz zekitena: “Enpresaren goi zuzendaritzak erabateko axolagabetasuna izan zuen langileen segurtasunarekiko, amiantoak sor zitzakeen kalteak jakinik ere”. Hain zen begi-bistakoa jokabide hori, epaiketaren hirugarren egunean epaile batek Eterniten estrategia konparatu zuela naziek 1943an judutarrak Madagadaskarrera deportatzeko planarekin. Baina Turinen egun horietan botereak ederki erakutsi zuen noraino luzatzen duen itzala: enpresari milioiduna zigorrik gabe geratu zen –beregain zuen 18 urteko kartzela zigorra bertan behera utzita– delituak preskribitu egin omen zuelako. “Hildakoek ez dute preskribitzen!”, “Hau lotsagarria da!” entzun zen ozen kasazio-auzitegiko salan biktimak eserita zeuden aldetik.

Nolanahi ere epaiak bidea ematen du Eterniteko nagusia berriz ere auzibidean sartzeko, ez baitu esaten errugabea denik. 2015ean beste salaketa bat jarri zuten haren kontra 1989 eta 2014 artean hildako –eta preskribitu ez duten– 258 biktimen senideek. Zenbat jenderen heriotzaren erantzule ote dira gizonok? Puche zifrak esatera ausartu da bere liburuan: Eterniten jabeek 360.000 eta 450.000 hilotz izan ditzakete euren bizkar –Uralitaren jabeek berriz 23.785 eta 37.630 artean–. “Lasai asko epaitu ahal izango lirateke Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegian”, dio ikerlariak.

Beste askok bezala, Schmidheinyk filantrokapitalismoaren bidez estali nahi izan du bere iragana. 1994an AVINA sortu zuen, Hego Amerikan “garapen iraunkorra sustatzeko” fundazioa, eta hortik urte batzuetara 1.000 milioi dolarreko balioa zuten bere enpresen zati bat sozietate baten esku utzi zuen, fundazioa diruz hornitzeko. Ondo irakurri duzu: kapitalismoa jendartearen zerbitzura. Schmidheinyk Ashoka moduko proiektu erraldoiak babestu ditu –ekintzailetza soziala eta turbokapitalismoa batzen duen negozio ildo berria–, baita jesuiten unibertsitateak ere. Suitzarrak harreman zuzena izan du, adibidez, aita Luis Ugalde Olalde teologo bergararrarekin. Venezuelako Andrés Bello Unibertsitateko errektore ohia ezaguna da gurean eta Iñigo Urkullu lehendakariak berak hartu izan du Ajuria-Enean; baina ez da hain ezaguna euskal jesuitak bultzatutako Fe y Alegría misio pedagogikoa amiantoaren industriaren irabazietan oinarritu izan dela Schmidheinyrekin zuen adiskidetasuna baliatuz.

Biktimen mina

Turingo kasazio-auzitegia lepo betetzen zuten biktimen artetik asko Casale Monferratokoak ziren. Italiako Piamonteko herri hartan izan zuen Eternitek 1986. urtera arte bere lantegi nagusietako bat eta dozenaka urtez haur zein helduk irentsi zuten trenez garraiatu eta kamioiek iraulitakoan herriaren erdigunera zabaldutako “laino zuri eta arinak, laster oso familiarra bihurtu zena”, La lana della salamandra liburuan Giampiero Rossi kazetariak dioen moduan; fabrikako hondakinak kaleak eta errepideak betetzeko ere erabiltzen zituzten, agintarien politika arduragabearen ondorioz. 34.000 biztanleko herri hartan 2.000 baino gehiago hil dira amiantoaren ondorioz, ez alferrik deitzen diote “minaren munduko hiriburua”.

Liburuko protagonistetako bat da Romana Blassoti, egun amiantoaren kontrako sinbolo den ia 90 urteko emakumea. Eterniten lan egiten zuen senarra 61 urterekin hil zen mesotelioma baten ondorioz; sei urte geroago ahizpa hil zen, hauts hilgarria euren arropatan eramaten zutelako etxera haren senarrak eta semeak; gero lantegi ondoan bizi zen lehengusu bat; eta azkenik alaba ere hil zitzaion Romanari, amiantoarekin inoiz lanik egin ez zuen arren. Azken heriotza horrek haserrea piztu zuen herritarren artean: “Romana, minak akituta zegoen eta ez zuen negar askorik egin –dio Rossik liburuan–. Oraindik halako larritasuna sentitzen du gogoratzean. Baina orduan benetan inporta zuen bakarra zen sarraskiak herriko beste hainbat familiari sorturiko sufrimenduagatik justizia eskatzea”.

Hil aurreko azkeneko denboretan 400 morfina anpoila behar izaten zituen lau egunetarako, besoan zeraman bonba batekin ezartzen zioten hodi baten bidez

Baina biktimen eta haien senideen minaz jakiteko ez da Italiaraino joan beharrik. Euskal Herrian edozein herritan aurki ditzakegu testigantza gogorrak, Juanjo Basterrak Cuatro Lunas liburuan jasotzen dituenak bezalakoak. Begoña Vila da horietako bat, Marcos Albitre bere senarrak Renfe eta Wagons Lits-entzat egin zuen lan 25 urtez eta trenen kotxeetan barra-barra zegoen amiantoa arnastuz sortu zitzaion pleurako minbizia. Hil aurreko azkeneko denboretan 400 morfina anpoila behar izaten zituen lau egunetarako, besoan zeraman bonba batekin ezartzen zioten hodi baten bidez: “Malkoak  masailetan behera erortzen zitzaizkion minaren minez. Ohean ezin zuen lorik egin, salan egiten zuen”, dio Vilak liburuan.

Albitre 46 urterekin hil zen 2006an eta heriotzaren ondoren “Begoñak inpotentzia handiz bizi izan zuen enpresaren mesprezua”, azaldu digu Basterrak. Hala ere, borroka askoren ostean lortu zuen Bartzelonako ospitale batek frogatzea senarra mesoteliomaz hil zela eta auzitegietan bost urte eman ondoren aldeko epaia izan zuen, CCOOko Jesus Uzkudunen  laguntzaz (ikus ondorengo elkarrizketa). “Auziak luzeak dira, egia da –aitortu du kazetariak–. Hasi eta amaitu arte urte asko igarotzen dira eta kaltetutako askok ez dute amaiera ikusten”. Basterrak Asviamieko Nuria Busto eta Blanca Ruiz de Eguino abokatuen bulegoko datuak darabiltza: elkarteak tramitatuta 113 epai irmo egon dira orain arte, 80 aldekoak, 17 atzera botatakoak eta 16 kasutan akordiora iritsi dira.  

Harlauzekin estalitako historia ilunak

Amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsaren helburuetako bat da epaitegietako sufrikario hori ez igaro behar izatea. Eusko Legebiltzarreko ordezkariek Espainiako Kongresuan eskatuta, funtsa eratzea onartu zen 2017an baina eszeptizismorik ez da falta: “Ikusiko dugu zer pasatzen den, azarotik hona helegiteen aurkezpena atzeratzen ari baitira”, dio Basterrak. Funts horrek gutxieneko bat bermatuko lieke enpresa zehatzen kontra jo ezin duten biktimei, bai enpresa desagertu delako edo baita zeharka kutsatu zirelako ere.

Berrikitan Espainiako Auzitegi Gorenak sententzia esanguratsua eman du Uralitaren kontra, Kataluniako Cerdanyola herrian fabrikaren inguruko auzotarrak kutsatzeagatik. Col-lectiu abokatu elkarteak urteak zeramatzan frogatu nahian fabrikak ez zituela soilik bertako beharginak eta haien senideak kutsatu, baita inguruan bizi zirenak ere. Epaiak amianto konpainia zigortu du bi milioi euro ordaintzera 39 laguni.

Baina Cerdanyolaz gain, badira beste toki batzuk amiantoaren historia iluna harlauza batekin estalita dutenak. Euskal Herrian esaterako, Altza erdi-erdian –orain kiroldegi bat dagoen lekuan– jardun zuen frankismo betean Fibrocementos Vascos S.L lantegiak; makina bat buruhauste eta kezka sortu du iragan industrial hori berreskuratzeak. Barakaldoko Retuerto auzoan, bestalde, Montero Fibras y Elastomeros enpresaren lantegia zegoen, 50, 60 eta 70eko hamarkadetan Espainiako Estatuko hamabost amianto inportatzaile handienetakoa zena. Orain saltoki handiak eta etxebizitzak baino ez daude bertan, baina harlauza altxatuz gero ez da zaila minbiziaren mamua ikusi eta ahaztuen garrasia entzutea, egia eta justizia eske.
 


LARRUN
2018ko martxoaren 25
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amiantoa
“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


2024-11-13 | Gedar
Amiantoak eragindako minbiziak gora egin du Europar Batasunean

Eurostaten arabera, 2013tik 2021era bitartean, 13.530 kasu erregistratu zituzten Europar Batasunean. Teorian 2005ean debekatu zuten amiantoaren erabilera, baina mesoteliomaren sintomak ez dira agertzen hamarkada asko igaro arte. Amiantoagatik 700 pertsona baino gehiago hil dira... [+]


Amiantoagatik zigortu dituzte Pasaiako Portua eta Algeposa enpresa taldea

Pasaiako Portuko Agintaritza eta Algeposa taldea lan arriskuen babesa ez bermatzeagatik kondenatuak izan direla adierazi du Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarte ASVIAMEk. Osakidetzak laneko gaixotasunak ezkutatu izana salatu dute.


Amiantoaren biktimentzako funtsa “behingoz” martxan jartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari

Bi urte igaro dira Espainiako Estatuan funtsa sortzeko legea onartu zutela, baina Pedro Sánchezen gobernuak oraindik ez du araudirik garatu eta ez du aurrekonturik funtsa diruz hornitzeko. Espainiako Kongresuan talde politiko guztiek aho batez eskatu diote, berriz ere,... [+]


Amiantoan suspentso

Irailarekin batera badator ikasturte berriaren hasiera eta milaka haur eta nerabek ikastetxeetarako bidea hartuko dute berriz ere, batzuk pozik, beste batzuk ez hainbeste, baina denek euren azterketak eta lezioak motxilan dituztela. Beste hainbeste espero zitekeen euskal... [+]


Tubos Reunidos enpresako sindikatuek salatu dute amiantoa agertu dela labe batean eta zenbait egunez lana ez zela gelditu

Enpresa batzordeak salatu du otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitartean amiantoa agertu zela labe kalibratzailean egindako obretan eta egun horietan lanak ez zirela eten. Enpresak azaldu du ohartu bezain pronto hartu zituela neurriak.


2024-01-10 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
“Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da”

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


“CAFeko zuzendaritzak produkzioa jarri zuen langilearen osasunaren gainetik”

Beasaingo tren lantokiko hiru nabe amiantoz kutsatuta zeudela jakin eta berrogei egunetara agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean langileen eta erakundeen ordezkariek. Enpresa Batzordeko kideek salatu dute zuzendaritzak informazio "erabat eskasa" eman diela. Eusko... [+]


CAF lantegiko hiru nabetan lana eten egin dute amianto kutsaduragatik

Laugarren dibisioko zortzigarren nabean egin diren desmuntaia lanen ondoren gertatu da amianto kutsatzea eta legez onartuta dagoena baino altuagoa izan da neurketaren emaitza. Langileei hartutako sei laginetatik lauk positibo eman dute.


Zer da hauts zuri hori? Badator amiantoaren laugarren olatua…

Europar Batasuneko erakundeek adostuta, amiantoaren inguruko zuzentaraua aldatu eta minbizia sortzen duen mineralarekiko gehienezko esposizio-maila murriztu dute ekainean. Horretarako, funtsezkoa izan da Nantesen Tripode izeneko eraikinean frantziar administrazioko langileek... [+]


Europar Batasunak onartu du ez dagoela amiantoarekiko esposizio-maila segururik

Europar Parlamentuak eta Europako Kontseiluak akordioa lortu dute amiantoaren inguruko araudia aldatzeko. Langileek mineral kantzerijenoarekiko izan dezaketen gehienezko esposizioa hamar bider jaitsiko dute. Europar Batasunaren arabera eraikuntzaren arloan 7 milioi langile daude... [+]


Amiantoagatik gaixotutako langile baten osasun arazoengatik Petronor eta Iberdrola zigortu dituzte

Legazpiko Patricio Echeverria enpresako langile ohi baten alargunari ere pentsioa onartu diote, senarra amiantoak eragindako gaixotasun batengatik hil zela onartuta.


Udal eraikinetatik amiantoa kentzeko eskatuz mozioak aurkeztu ditu sei udalerritan biktimen elkarteak

Euskal Herriko amiantoaren biktimen elkarteak, Asviamiek, mozioa aurkeztu du gai kutsagarri horrek gehien kalteturiko Gipuzkoako eta Bizkaiko sei udalerritan. Egin gabe dagoen eta "beharrezkoa" den lan bat dela dio, "ingurumen-kutsaduragatik amiantoaren biktima... [+]


Eguneraketa berriak daude