Nabi Saleh herriko sarreran bada iragarki-taula handi bat. ‘There is a real Wonder Woman’ dioen pankarta paratu dute bertan alderik alde. Jim Fitzpatrick artista irlandarrak, Che Guevararen grabatu ezagunena marraztu zuen berberak, Ahed Tamimi 17 urteko neska palestinarraren omenez egindako irudia erabili dute.
Zisjordania erdiguneko Ramallah hiritik 30 minutu eskasera dagoen herrixka nazioarteko hedabideentzat interesgune bilakatu da hilabeteotan. 2009az geroztik “erresistentzia ez biolentoa” darabilte inguruan ugaritzen ari diren kolono auzoen hedapena geldiarazteko, polizien eta militarren jazarpena salatzeko eta, finean, okupazio israeldarraren errepresio forma guztien aurrean –“ikusgarriak eta ez ikusgarriak”– palestinarren oinarrizko giza eskubideak defendatzeko. Mugikorrak eta sare sozialak dituzte borroka-lagun eta, hain justu, urte hauetan guztietan iruditan dokumentatu dituzten eraso gehienei tinko erantzunez Tamimi familiako kideak ageri dira, bereziki emakumeak, tartean Ahed bera.
Iragan abenduaren 15ean grabatutako bideoa, ordea, inoizko biralena izan zen. Goitik behera babestutako eta armaz jositako soldadu israeldar bati bultzaka eta masailekoak nahiz ostikoak emanez ikusi genuen Ahed Tamimi gazte aktibista, armagabe. Bere etxera sar zitezen galarazi nahi zuen. Egun hartan bertan 14 urteko Mohammad lehengusuari buruan tiro egin eta larri zauritu zuten. Bost egun geroago atxilotu zuten Ahed. Orduz geroztik giltzapean dute, eta bere aurkako epaiketa militarraren bista 'itxia' igandean egin zuten. 12 delitu leporatu dizkiote.
Manal Tamimik (Nabi Saleh, 1973), Ahed-en izebak, hartuko gaitu etxean. Inguru honetan, baina, ezin jakin non eta noiz topatzen ahal duzun igarobide bat itxita edota ezusteko polizia kontrol bat. Hortaz, zuhur eta kasik bi ordu lehenago heldu gara 600 biztanleko herrira, mendi-muino baten gainera. Ostirala izanik, jaieguna islamiarrentzat, kaleak hutsik ageri dira gure aurrean... harik eta harri-horma baten gainetik, ustekabean, hiru mutikok ongietorria oihuka eman diguten arte: “Hi! What’s your name?”, galdetu digute. Israel maite ote dugun galdegin digute segidan, neurria hartu nahian-edo. Adiskidetzat jo gaituztela dirudi eta, zerurantz begira, herri gainean hegan dabilen zepelin moduko bat seinalatu digute: “Abenduaz geroztik 24 orduz grabatzen dabilen kamera darama zintzilik, eta drone bat ere badute guri argazkiak egiteko”.
Tokiko hiru gidariek herriko eskola, mezkita, Shrine santutegia eta hilerria erakutsi dizkigute, baita Manal Tamimiren etxaurreraino lagundu ere. Ez dira harritu elkarrizketa baterako gatozela kontatu diegunean; kazetari, argazkilari eta internazionalista taldeak eguneroko ogia dira haienean, antza. Kale nagusiko lehendabiziko eraikina da, gasolindegi parekoa, iragarki-taularen atzekoa. Ortua eta gas-granada bilduma sarreran; barruan, etxeko zorua garbitzen, Manal. “Sartu, sartu! 10 minututan bukatuko dut hau! Emakumeontzat ez dago atsedenik!”, dio irribarrez. Eta, egongelan eserita, ezinbestean, emakume palestinarren aparteko indarraz solasean hasi dugu elkarrizketa. “Egoerak eta bizitzen dugunak gogortzen gaituzte. Indartsu izatea ez dugu geuk aukeratu. Gizarte palestinarraren barruan ere, emakumeok gara familien euskarri nagusia eta, horrenbestez, erresistentzia palestinarra bera sustengatzen dugu. Gure bi semeak duela hilabete eta erdi atzeman zituzten, orain dela 10 egun atera dituzte galdeketa eta isolamendu alditik, oraindik ez diete bisitarik onartu, ezta etxetik bidalitako arropa garbia entregatu ere. Ongi dakit aste hauetan zer jasan duten, nik neuk ere neure azalean bizi izan ditudalako atxiloketa unea, lekualdaketak, galdeketak, tortura psikologikoa, indarkeria fisikoa... baina eurekin telefonoz hitz egiten dudanean ezin dut ahultasunik erakutsi; erruak, beldurrak, zalantzek eta halakoek edonor akaba dezaketelako espetxe barruan. Israelen aurrean ere indartsu azaldu behar dugu, semeak begirada galduta ikusi arren. Haien bizitzak zapuztuz gu geu zigortzea bilatzen dute, semeengan kulpa-zama bikoitza ezarriz eta, beraz, ezin diegu garaipen hori oparitu. Azkenik, nazioarteko komunitateari ere irmotasuna erakutsi behar diogu, gure borrokak bizirik jarraitzen duela ulertarazteko”.
Itxura makurgaitz horren atzeko egiaz galdetuta, bere burua etengabe hiltzen sentitzen duela dio, bere barrena kaos hutsa dela. “Hemen ez dago ezer planifikatzerik, amestea ere ukatzen digute, ziurgabetasuna erabatekoa da, justizia ez da existitzen atxilo hartzen gaituzten berberek epaitzen gaituztelako, egoera zuritik beltzera alda daiteke segundu bakar batean, burua altxatzea lortu bezain pronto iristen da hurrengo kolpea, eta estutasun horrek kutsatzen du guztia, beldur giroan itota bizitzera kondenatu nahi gaituzte, herri honetan bizitzea gorrotatzera iris gaitezen bilatzen dute. Okupazio estrategia ankerraren parte da”. Konferentzien aitzakiapean bidaiatu ahal izatea eta sufrimenduzko gurpil zoro honetatik tarte batez atera ahal izatea benetako oxigeno-bonbona omen da beretzat: “Batez ere lehenengo egunetan, izugarri gozatzen dut mugimendu askatasunaz. Baina, badakizu zer? Berehala sekulako zuloa somatzen hasten naiz. Mendebaldeko bizimodua hutsala iruditzen zait. Gehiengoaren helburu nagusia soldata hobea eta bizimodu erosoagoa dira. Guk, ordea, gure bizia arriskuan sentitzen dugu egunero. Beharbada horregatik, batzuetan, atzerrian gure ahalegina eta gu geu ere erromantizismoz koipeztatzeko joera antzematen dut, eta hori ertz oso labainkorra da. Neke emozionalari aurre egin beharra ez luke inork goraipatu beharko; beldurra, oinazea eta atsekabea sufritu beharra ez baita gauza ona, eta nik behintzat ez dut naturalizatu nahi. Gure seme txikiak jeansak jantzita hartzen du lo gauero, esaten du soldaduak bere bila etorriz gero ez duela astirik izango aldatzeko eta ez duela nahi pijama soinean duela atxilotzerik. Haur batek horrelako arrazoiketak egiteak ez du ezer heroikotik, beldurgarria da”.
Kalean, jolasean, gure herrietako edozein ume inuzente dirudite. “Baina ikara gorputzean sartuta daramate. Israelek palestinar belaunaldi galdua nahi du; determinaziorik, autoestimurik eta espektatibarik gabekoa. Nerabeak unibertsitatera sartzekotan direnean atxilotzen dituzte maiz, eta ez da kasualitatea. 2015az geroztik, harriak jaurtitzea 20 urtetik gorako kartzela-zigorrarekin ordaintzen ari dira asko. Frustrazioak indarkeriaren muturrera eraman ditzan bilatzen dute, horrek errazago justifika ditzakeelako sionismoaren gehiegikeriak. Zorionez, gure herrian behintzat, errepresioari aurrea hartzen jakin dugu eta urteak daramatzagu gure seme-alabak prestatzen; psikologia saioak, mintegiak, hitzaldiak eta kanpaldiak antolatzen, etor dakiekeena kudeatzeko tresnak eman nahi dizkiegu. Kamerak erabiltzen ikasteko tailerrak eta komunikazio ikastaroak ere egiten ditugu. Borrokari eutsi diezaioten hezi ditugu, baina beti ere bizitzaren alde. Izan ere, Palestina askea ezagutuko duen palestinarrik geratuko ez bada, zer zentzu du erresistentziak?”
Gaur gu hartu gaituen egongela berberak mundu osoko parlamentariak, ministroak eta diplomatikoak jaso ditu urtetan. “Horrek izugarri urduritzen ditu israeldar agintariak; txio, post, prentsa ohar eta YouTube kolpez lortu dugulako geurea bezalako herri txiki bat nazioarteko mandatari garrantzitsu zenbaiten agendetan sartzea. Okupazio sistemari berari sartu diogu gola, hau ez da soldadu edo kolono jakin baten aurkako garaipen solte sorta”.
Hemen egoera segundu batetik bestera aldatzen ahal dela esana zigun, lasai zegoena bat-batean aldrebestu daitekeela; eta gertatu da. Arratsaldeko hirurak dira, tiro-hotsak entzuten dira kanpoan, eta sekulako kiratsa sartu da etxeko leihoetatik. “Etorri dira, herria gaseztatzen ari dira berriz”, dio Fadwah Tamimik (Nabi Saleh, 1943), Manalen amaginarrebak. Dirudienez, dronea erori da, eta bila dabiltza. “Ia egunero egiten dute –jarraitu du amonak–, eta gauez ere bai. Ordu txikitan sartzen dira herrira, arrazoirik gabe, zaratarekin denok beldurrez iratzartzen gaituzte eta bidean ehunka gas-ontzi jaurtitzen dituzte ibilgailu gainetik. Askotan kristalak hautsi eta etxe barruan lehertzen dira”. Fadwahk berak ongi aski daki zein diren gas negar-eragilearen ondorio lazgarriak: “Arnasketa zailtasunekin hasi nintzen, baina nire osasunak okerrera egin du eta giltzurrunek ez dute behar bezala lan egiten. Nirea bezalako kasu gehiago daude herrian, eta ume asko jaiotzen ari dira asma arazoekin, haurdunaldian amek gasa arnastu dutelako”. Fadwahk dialisia behar du astean hiru bider, odola fintzeko injekzioak, eta makina bat pilula ere bai. “Hala ere zorionekoa naiz beste batzuekin alderatuta”, dio. “Palestinako Aginte Nazionalerako lan egiten dugunok osasun aseguru ona dugu –argitu digu Manalek–, Fadwahk bere senarrarengandik heredatu zuen. Baina familia askok oso bestelako errealitateak bizi dituzte, eta jende pila bat hiltzen ari da etengabeko gaseztatzeen ondorioz. Inork ez daki zein osagai toxiko erabiltzen dituzten, baina barrutik kiskaltzen gaituzte eta ikerketa batek baino gehiagok frogatu du honek minbizi kasuen gorakadarekin duen lotura”.
Soldaduek pare bat orduz jarraitu dute gora eta behera bueltaka. Oinez doazenak Ahed Tamimiren etxe inguruan pilatu dira. Bassem al Tamimi (Nabi Saleh, 1967), neskatoaren aita, dago barruan. “Emaztea eta alaba eraman zituztenetik oso hutsik sentitzen dut hau dena. Semeak nahiago du izebarenean lo egin, eta ni, batzuetan, Aheden ohe gainean etzan egiten naiz. Hainbeste probokazioren aurrean, batzuetan besarkada bat behar izaten dut”. Alabari energia dariola dio harrotasunez, espazioa betetzen duela doan lekutik doala, eta barren-barreneko konbentzimenduek ematen diotela halako indarra. “Galdeketa ordu eta egun luzeak pasatu zituen, abokatuari minutu bakar batzutako grabaketa besterik ez diote eman, baina guztiok harrituta utzi gaitu irudi horietan Ahed hain lasai eta oso ikusteak, isilik mantentzeko eskubidea behin eta berriz aldarrikatuz”.
Preso politiko palestinarren babeserako eta giza eskubideen defentsarako Addameer gobernuz kanpoko erakundearen arabera, une honetan 330 adingabe daude espetxe palestinar nahiz israeldarretan barrena barreiatuta. Nabi Salehn bakarrik, 2009az geroztik, 215 lagun (adin txikiko nahiz heldu) atxilotu dituzte. Ahed Tamimiren antzeko kasuak eta larriagoak ere ehunka dira Palestina osoan, baina bakar batek ere ez du lortu honenbesteko oihartzun mediatikorik. Aitaren hitzetan, hainbat faktoreri zor zaio fenomeno hau. “Hasteko, bere pertseberantziak eta ausardiak ez dute parekorik. Ume bat besterik ez zenetik, beti altxatu izan du burua soldaduen aurrean. Bigarrenik, hiru borroka batean gorpuzten ditu: palestinar guztiona, umeena eta emakumeena; hortaz, Ahed ideia bilakatu da askoren begietan, norbanako izateari utzi eta balore multzo bat ordezkatzera pasatu da. Ilea estali ez arren eta moda mendebaldarra jantzi arren, mundu islamiarreko izen garrantzitsu askok, tartean Ahmad al Tayeb berak –Egiptoko al-Azhar Unibertsitateko Iman Handia–, goraipatu dute Aheden figura, bere aurkako epaiketa gaitzestearekin batera. Eta nazioarteari dagokionez... tira, ilehoria da eta begi urdinak ditu. Atzeman zutenetik elkartasun mezu asko jaso ditugu Europatik eta munduko beste bazter batzuetatik. Gehienek diote Ahedengan euren seme-alabak ikusten dituztela. Hurbiltasun hori, enpatia hori, alde batetik eskertzekoa da, baina amorragarria ere bai. Giza eskubideen defentsan sinesten duenak ume palestinar guzti-guztien alde egin beharko luke aldarri berbera. Bestea arrazakeria eta islamofobia da. Hiyaba daraman neska beltzaranak merezi al du ba halakorik?”
Diskriminazioan oinarritu arren Aheden kasuak atzerrian piztu duen erreakzio uholdeari etekina ateratzea zilegi ote den galdetuta, Bassem al Tamimik baiezko borobila bota du: “Espetxeratutako adingabe palestinarren auzia azaleratu du, Palestina bera hedabideetako goiburuetara eraman du berriz, Israelen zentzugabekeria utzi du agerian, epaiketa militarren aurreko babesgabetasuna, eta abarrak. Tira, aita gisa, nik ez dut Ahed telebistan, egunkarietan edo herriko sarrerako iragarki-taulan ikusi nahi; etxean nahi dut, nire alboan, emaztearekin batera. Baina ulertzen dut palestinar kausari mesede egin diezaiokeela eta aukera horri ezin diogula ihes egiten utzi. Tamimitarrok borrokalariak izan gara aspaldi-aspalditik, 1973az geroztik 22 kide galdu ditugu familian, eta Ahedek ederki ulertu du abizen hau eramateak dakarren ardura. Errelebo-lasterketa batean bezala, aurreko belaunaldiek guretzako etorkizun duinagoa bermatu nahian emandako guztiaren lekukoa hurrengoengana helaraztea dagokigu, ezin dugu ahanzturan lurperatu. Amore ematea, gure kasuan, ez da aukera bat. Eta Ahedek badaki.
Israelek Gazarako su-etenaren urraketa ugari egin ditu urtarrilaz geroztik: zerrendako palestinarrak oinarrizko laguntzarik jaso gabe egon dira ia astebetez, eta Netanyahuk azken egunetan mehatxu egin ondoren, argindarrik gabe utzi ditu orain. Dohan ordezkari estatubatuarrekin... [+]
Asteburua baino lehen lau gatiburen gorpuak itzuliko ditu Hamasek. Horrela, Gazarako su-etenaren lehen faserako adostutako preso truke guztiak gauzatuko dituzte Israelek eta talde palestinarrak.
Yala Nafarroak deitutako manifestazioan 2.000 pertsona inguruk hartu dute parte eta Iruñeko hainbat kale zeharkatu ditu Gaztelu plazan amaitzeko. Azken irakurketan adierazi dutenez, "erokeria distopiko hori geldiarazi daiteke, askoz gehiago garelako kapital handiak... [+]
Jenin hiriaren aurkako oldarraldia duela hilabete bat baino gehiago abiatu zuen Israelek, geroztik 26 palestinar hil ditu gutxienez, eta milaka beren etxeetatik kanporatu. Israelgo armada Zisjordania iparraldean pasabideak eraiki nahian ari dela salatu dute, kanporatutako... [+]
Baldintzapeko askatasunaren alde agertu bada ere Parisko dei auzitegia, ekainaren 19ra atzeratu du epaia, Georges Ibrahim Abdallahk ez dizkielako kalte-galerak ordaindu AEBei. Baldintzapeko askatasunaren alde agertu zen azaroaren 15ean Frantziako Zigorrak Aplikatzeko Epaitegia,... [+]
Berlinale zine jaialdian gertatu da joan den asteburuan. Jun Li zuzendariak, Queerpanorama lan berria aurkeztu zuenean, printzipio ideologikoengatik Alemaniara ez joatea erabaki zuen Erfan Shekarriz aktore irandarraren testu bat irakurri zuen oholtza gainean: "Ibaitik... [+]
Palestinan genozidioa, Europan gerra eta potentzia nuklearren artean tentsioa. Ez daukagu berri on askorik emateko, baina bada bat, hondamendi orokorretik eratorria, aipatzea merezi duena: aldeko baldintzak sortzen ari dira kontrainformaziorako, informazio independenterako,... [+]
Yala Nafarroak bat egiten du Israelek nazioarteko zuzenbidea sistematikoki urratzen duela salatzeko mundu osoan zehar egiten ari diren mobilizazioekin, eta iragarri dute mobilizazioei eutsiko dietela Mendebaldeko gobernuek Israelgo erregimenarekin duten konplizitatearekin amaitu... [+]
Su-etena hitzartu eta hilabete bete denean, lehen faserako adostutako 33 bahituetatik 25 askatu ditu Hamasek. Israelek, berriz, 985 preso utzi ditu aske. Bigarren fasea martxoaren 2an da indarrean sartzekoa, baina bi aldeek jarraitu beharreko urratsak zehazteko daude... [+]
Kulturatik elkarteak antolatuta, Musika eta dantza Palestinarekin ekitaldia egin dute Alderdi Ederren gaur eguerdian. Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta jasaten ari diren genozidioaren bukaera eskatzea izan da helburua. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza... [+]
Su-etena hausteko arriskua erreala izan bada ere aste guztian zehar, adostasun batera iristeko bidean dira bi aldeak: bahitu gehiago askatuko lituzke Hamasek, laguntza Gazara sarrarazteko bidea ez oztopatzeko "promesa" egin duelako Israelek. Arabiar Ligako herriek... [+]
"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]
Erakunde islamistak Israelek urratu dituen neurrien artean aipatu ditu Gaza bonbardatzen jarraitzea eta aske utzitako preso palestinarren egoera. Trumpek mehatxatu du, preso trukea egin ezean, Gaza "infernu" bihurtuko duela.