Aho-bilorik gabe mintzatu ohi da Jordi Martí katalana hezkuntzari buruzko bere blogean. Irakasle-izarrak, berrikuntza pedagogiko magikoak, ikastetxeetan muturra sartu duten multinazionalak... ditu jomuga, eta orain Educative innovéision kaleratu du, doan deskargatu daitekeen liburua. 20 urte daramatza irakasle, gaur egun Valentziako ikastetxe publiko batean, DBHn.
Izenburu esanguratsua jarri diozu liburuaren lehenengo kapituluari: La innovación como acto de fe (Berrikuntza fede bihurtua).
Batzuetan badirudi behar dugula berrikuntza berrikuntzagatik, bai ala bai egin beharreko zerbait dela, baina kontzeptu huts samarra da; izan ere, zer ulertzen dugu berrikuntza diogunean? Lehen egiten zen zerbait egungo baliabideetara egokitu eta jada asmatuta dagoena errepikatzea teknologia berriak erabiliz? Teknologiaren kontua eskutatik joan baitzaigu; teknologiak zenbait gauza errazten dizkigu, baina sen ona erabili beharko genuke. Bestela berrikuntza perbertitzen ari gara, eta horregatik diot erlijio bihurtu dugula: pertsona jakin batzuk pulpitutik hitz egiten entzuteko ilara egiten dugu, eta pertsona horien meritua da liburu bat argitaratu izana kontatzeko zein ederra den ikasgela, baina ikasgela utzi egin dute hitzaldiak emateko, eta erakunderen bat dute atzean babesle. Beste gauza bat da ikasgelan gauza ezberdinak eta berriak egitea, eta horretan egunero saiatzen gara irakasleok, egunero inprobisatzen dugu.
Ez duzu metodologia pedagogiko definitiboetan sinesten.
Sortzen ari diren metodologia batzuk asko gustatzen zaizkit, gustatzen zait gauza berriak probatzea… baina testuinguru batean eta bere neurrian. Ez naute konbentzitzen etorkizuneko ez-dakit-zein metodologia miragarri gisa saltzen direnek, hasteko metodologia berak ezberdin funtzionatzen duelako hiri bateko edo besteko ikastetxean, auzo bateko edo bestekoan. Testuinguru soziokulturalak eragina du, adibidez. Ez dago ezer miragarria, ezta denentzako berdin balio duenik ere. Gazteek ikastea edo ez ikastea hainbat baldintzaren esku dago, nire ustez: batetik, zortea, ikasle taldearekin sintonia ona izatea; bigarrenik, une bakoitzean darabilzun metodologia egokitzea ikasle horiek dituzten beharretara; eta hirugarrenik, zein ikasle egokitu zaizkizun, badirelako ikasleak metodologiak metodologia berdin ikasiko dutenak eta beste batzuk gainean egotea gehiago behar dutenak. Horregatik, metodologia baino garrantzitsuagoa da ratioa (gelako ikasle kopurua), eta ezinbestekoa da gela bakoitzean bi irakasle izatea, dagoen aniztasuna kudeatu ahal izateko, baita ghettoak saihestea ere, ez dadila egon zentro-ghettorik, mundua eta kalea osatzen dugulako denetariko jendeak.
“Ez naute konbentzitzen etorkizuneko ez-dakit-zein metodologia miragarri gisa saltzen direnek, hasteko metodologia berak ezberdin funtzionatzen duelako auzo bateko edo besteko ikastetxean”
Zein da irakasleen funtzioa?
Irakasleak ikaslearen bidelagun izan behar du bere ikasketa prozesuan, ez gehiago ez gutxiago. Nahi duen metodoa erabiliz, ikasleek ahal dutena ikastea izan behar du helburua. Eta ikasi diodanean esan nahi dut denetik ikasi behar duela, baita ikasketa faltsifikatzen ere, adibidez medikua izan nahi duenak azterketak gainditzen ikasi beharko duelako helmugara iristeko. Norberak izan nahi duena lortzeko behar duen ikaskuntza izan dezala, eta bere gurasoak baino hobeto bizi dadila. Gure seme-alabak gu baino hobeto bizi daitezela, kritikoki pentsatu dezatela, gizartea aldatzeko gai izan daitezela. Erremintak eman behar dizkiegu egunerokoan biziraun dezaten, ahalik ongien bizi daitezen eta borrokarako denbora izan dezaten, soilik lanerako denbora duenak ez duelako borroka egingo, ez du iraultza egingo. Edukiak emango dizkiet, jakina, baina ikasleek esaterako politikaz galdetzen badidate, erantzun egingo diet, nire funtzioaren parte da, eta izan dezatela eurek nire iritzia, beste irakasleena, euren gurasoena, lagunena… eta inportanteena, euren iritzi propioa landu dezatela.
Zu nolakoa zara irakasle moduan?
Jo, ez daukat ideiarik, baina batzuetan gauzak ongi ateratzen zaizkit eta beste batzuetan okerrago. Asko inprobisatzen dut ikasgelan, ikusten noanaren arabera, eta zentzu horretan oso kaotikoa naiz, aurreikusita neukana goitik behera aldatzeko gai naizelako. Irakasle-robotaren antitesia naiz.
“Kezkatzen nau gurasoek diskurtso hutsalak dituzten pertsonaiak erreferente gisa hartzeak eta seme-alaben irakasleari baino kasu gehiago egiteak; sinestea hura dela ikasgela”
Irakasle-izarrak ez dituzu gustuko, baina batek baino gehiagok esango du hezkuntzaren teorikoak ere behar ditugula.
Bai, beharrezkoak dira, baita hezkuntzari buruzko ikerketak ere, eta ikerketa horien egileak zentrora etortzea ikustera zer egosten den, batzuen eta besteen artean iritziak eta esperientziak partekatzeko, baina ez ditugu behar esloganak botaz bizi direnak. Eta aizu, ez zait gaizki iruditzen, ez dut epaituko horrela bizi nahi duena, baina arriskutsua iruditzen zait jendeak pentsatzea pertsona horien diskurtso hutsalak inportanteagoak direla egunero ikasgelan dauden irakasleen esanak baino. Kezkatzen nau gurasoek eta gizarteak pertsonaia batzuk erreferente gisa hartzeak eta seme-alaben irakasleari baino kasu gehiago egiteak; sinestea hura dela ikasgela, baina hura ez da ikasgela. Hezkuntza espektakulu bihurtzen ari gara, enpresek eta banketxeek sustatutako ekitaldi eta sariekin nahasten. Niri ere esan izan didate, ez pentsa, ea zergatik ez dudan batean edo bestean parte hartzen, mediatizaturiko hainbat pertsonaiaren diskurtsoei aurre egiteko. Baina nire buruari galdetzen diot, zerk merezi du gehiago, hor esango dudanak ala denbora hori nire ikasgelari eskaintzeak? Azken finean, hedabideetan jende kritikoa ez egoteak ez nau bereziki kezkatzen, gehiago kezkatzen nau jende kritikoa ez egoteak hezkuntza batzordeetan, administrazioan… Erabaki-guneetan.
Enpresa eta banketxeak aipatu dituzu. Erakunde pribatuak gero eta sartuago daude hezkuntzaren merkatuan.
Makroerakunde pribatuek dirua irabaztea dute beti helburu eta beraz hezkuntzan negozioa dagoen bitartean hor jarraituko dute. Etekin handiko zein bi negozio gelditzen dira oraindik esplotatu gabe? Hezkuntza eta osasuna, eta ari gara ikusten zer ari den gertatzen bi sektore horietan: pribatizazioa, kanpo-agenteen parte-hartzea, zerbitzuen azpikontratatzea… PISA adibide bat baino ez da: azterketaren egileek datu ekonomikoak bakarrik dituzte buruan eta ez zaie batere inporta gure gazteen ikasketa. Eta gainera azterketa ilegalak dira, inongo araudik bermatu gabe eta diru publikoz ordainduta egiten baita PISA ikastetxeetan. Eta diru askoz ari gara, surrealista da. Enpresa pribatuak negozioa egin nahi izatea zilegi da, baina hezkuntza publikoak ongi babestuta behar luke, eragin neoliberal horien aurrean. Kontua da politikariei eskola publikoak molestatu egiten diela eta enpresei ateak irekitzen dizkietela. Imajinatu administrazioak esango balu, “hemendik aurrera argitaletxeen testu-liburuak alboratu eta guk geuk editatuko dugu materiala, eta urtero fotokopiatuta banatuko dugu ikasleen artean”. Horren ordez, testu-liburuentzako diru-laguntzak ematen dira; zeini interesatzen zaio hori?
“Imajinatu administrazioak esango balu, ‘argitaletxeen testu-liburuak alboratu eta geuk editatuko dugu materiala’. Horren ordez, testu-liburuentzako diru-laguntzak ematen dira. Zeinen mesedetan?”
Berrikuntza aldarrikatzeko, “eskola tradizionala” kontzeptua asko erabiltzen dela eta egungo ikasgelekin bat ez datorren topikoz jositako ikuspegia ematen dela diozu liburuan.
Azken finean, ez dago hezkuntza eredu bakarra, irakasleak bezainbeste eredu baizik. Tradizio onak eta tradizio txarrak daude, eta adibidez klase magistrala hartzen da eskola tradizionalaren eredu negatibotzat, aldebakarrekoa eta pasiboa bailitzan, baina era askotara egin daiteke klase magistrala, eta mundu guztiak ez daki klase magistral on bat ematen, denen arreta harrapatzeko gai izango den, adibideak tartekatu eta ikasleen parte-hartzea bermatuko duen klase magistrala… Beste kontu bat da “klase magistrala” esaten denean zer saltzen diguten eta zer datorkigun burura. Nik batik bat garaiekin bat datozen irakasleak ikusten ditut inguruan, dinamikoak. Hori esanda, jakina praktika txarrak daudela, alboratu beharrekoak. Ate itxien politika adibidez (pentsatzea ikasgela zerbait propioa eta pertsonala dela), lan bileretan hezkuntza metodologiez ez hitz egitea, ikasgai isolatuen dinamika…
Beste topiko bat: ikasleak lehen diziplinatuagoak ziren.
Agian nik institutu anormal batean ikasiko nuen, baina nire sasoian bonba-mehatxuak ohikoak ziren, jolastorduan erretzea, komunetan pintaketak egitea… Gaur egun nik ez dut pintaketarik ikusten, komunak garbi-garbi daude eta irakasleok kontrolatzaile erabatekoak dirudigu, dena zelatatzen, ezertxo ere pasa ez dadin. Baina egungo gazteak ez dira lehengoak baino indiziplinatuagoak. Ados, lehen adin batetik aurrera eskola uzten zuten gazteak orain DBHko geletan dituzu, eta ez kalean, edo lehen segregatzen zituztenak orain gelan izan ditzakezu; baina nahiago ditut ikasgelan, kalean baino. Beldur den gizarte bat eratu dugula uste dut, errealitatea manipulatu dugula, baina datuek diote egungoa ez dela garai batekoa baino gizarte biolentoagoa. Pertzepzioa da aldatu dena, eta guztia kontrolatzeko beharra.
“Egungo gazteak ez dira lehengoak baino indiziplinatuagoak. Ados, lehen adin batetik aurrera eskola uzten zuten gazteak orain DBHko geletan dituzu, ez kalean, baina nahiago ditut ikasgelan”
Bloga daukazu, baina esan izan duzu interneten ez dagoela benetako eztabaida sakonik hezkuntzaren inguruan.
Internetek ez du ikasgelako egunerokoa islatzen; islatzen du “salgarria” dena, proiektu eder eta liluragarrien emaitza positiboa, baina bidean izandako zailtasun eta hutsegiteak albo batera utziz. Blogean saiatzen naiz eztabaida sustatzen, baina egia da eztabaida serioa falta dela. Dena den, sare sozialak ez dira eztabaida serioa egiteko lekua, arazoa da zentroetan ere askotan faltan botatzen ditudala eztabaida pedagogiko sakonak.
Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.
Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.
Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.
Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.
Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]
Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?
Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]
Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]
II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du... [+]
1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]
Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]
Ongi ezagutzen ditu eskola partikularretara doazen ikasleak Aitziber Ibarbiak. 25 urte inguru daramatza matematika, fisika eta kimikako partikularrak ematen, batez ere Batxilerrekoei. Irakasle on eta txarrez, ikasgelan sortzen diren erritmo ezberdinez, azterketak zuzentzeko... [+]
Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]